Espainiako multinazionalak
Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]
Egoitza nagusia estatu espainiarrean duten ENPRESA TRANSNAZIONALAk dira. Haraxe bideratzen dituzte beren mozkinak, eta gobernu espainiarra arduratzen da, politika ekonomiko, nazioarteko, diplomatiko eta juridikoak erabiliz haien interesak zaintzeaz, errentagarritasun maila handiarekin nazioartean hedatzen laguntzearren. Gobernarien eta komunikabideen ahotan “gure enpresak” badira ere, akziodunenak dira benetan, hau da, Espainiako eta atzerriko beste inbertsio-fondo eta enpresa batzuenak, gehienbat. Hortaz, konpainia horien mozkin handiak ez dira Espainiako biztanleengana iristen, ezta ia-ia estatura ere. Funtsean, bertako goi-mailako zuzendariei eta akziodun nagusiei ORDAINTZEKO erabiltzen dira.
Espainiako enpresen INTERNAZIONALIZAZIOA funtsean XX. mendearen azken hamarraldian gertatu bazen ere, badugu XIX. mendearen amaieran garatu ziren kapital espainiarreko enpresa batzuen berri ere; batzuk Mexikora eta Argentinara emigratutako espainiarrek jarri zituzten abian, beste batzuk inportazioan eta esportazioan ziharduten eta zenbaitzuek negozioak hainbat herrialde latinoamerikarretara zabaltzea lortu zuten. Espainiaren kolonia ohiak hautatu zituzten korporazio horiek hedatzeko, penintsulako emigratzaileak baitzeuden haietan, eta esportazio- eta inportazio-negozioen ondoriozko industria-ekoizpenari eta zerbitzuei lotutako jardueretan aritu ziren, batik bat. Esan dugunez aurrekari horiek ez badute ere, ez forman ez egituran, inolako parekotasunik gero multinazional espainiarrek bizi izan zuten garapenarekin, badira gaur egungo ENPRESA TRANSNAZIONALEkin nolabaiteko antza duten jatorrizko bi patroi: batetik, konpainia horiek estatu espainiarraren babes instituzional eta ekonomikoa lortu zuten, merkataritza-ganberen bidez eta Espainiak atzerrian zituen interesak defendatu eta babesteko Espainian ziharduten LOBBY instituzionalen bidez; eta, bestetik, Latinoamerikan kokatu ziren, batez ere.
Enpresa espainiarraren benetako INTERNAZIONALIZAZIOA —ENPRESA TRANSNAZIONALAren definizioari zehazki erantzuten ez dioten aurrekari horiek albora utzita— oraintsu gertatu den fenomenoa da: multinazional espainiarrak aurreko mendeko laurogeita hamarreko hamarraldiaren amaieraz geroztik sortu, hazi eta hedatu dira nazioartean. Nola uler liteke espainiar korporazio handien osaera eta hedapen bizkor hori? Paradigma neoliberaletan oinarrituz Europar Batasuna eratzea eta eskualde latinoamerikarrean WASHINGTONEKO KONTSENTSUA aplikatzea funtsezko gertakariak izan ziren, enpresa horiek estatuaz gaindi jauzi egiteko: gaur egun, zortzi enpresa espainiar daude Fortune aldizkariak urtean behin argitaratu ohi duen munduko 500 enpresa boteretsuenen zerrenda entzutetsuan.
Egia da sarritan zaila ematen duela ENPRESA TRANSNAZIONALak zer nazionalitate duten zehaztea, oso jabetza-sare korapilatsua baitute, hainbat herrialdetan dauden taldeen kapital ugariz osatua. Alabaina, gure ustetan, badago zehazterik: akziodunen artean kapital espainiar ugari duena, egoitza nagusia Espainian duena eta ikuspegi soziopolitikotik estatu espainiarraren babesa jasotzen duena (atzerriko eragiketetan haren laguntza eta defentsa jasotzen duena) da multinazional espainiarra.
Enpresa espainiarrak multinazional bihurtzen dira
Espainia 1992an Europako Agiri Bakunari atxikitzea erabakigarria izan zen. EBn sartzearen ondorioz eta hurrengo itunetan aurreikusitako politika ekonomiko neoliberalak aplikatzearen ondorioz, merkataritza- eta finantza-fluxuak liberalizatu egin ziren, ekonomia desarautu egin zen, bat-egite eta eskurapenen bidez konpainia handiak sortu ziren eta enpresa publikoak PRIBATIZATU egin ziren. 1996an, “Enpresa-sektore publikoa modernizatzeko programa” sustatu zuten. Aterki horren pean, Espainiako ekonomiarako estrategikoak ziren hainbat sektoretako —elektrizitatea, gasa, petrolioa, aireko eta itsasoko garraioa, telekomunikazioak, finantzak...— berrogeita hamarren bat estatuko konpainia pribatizatu egin zituzten. Konpainia horiek bihurtu ziren, hain zuzen, ziztu bizian eta jabe berrientzako oso baldintza onetan, Espainiako multinazional handiak: Telefónica, Repsol, Gas Natural, Endesa, Argentaria, Iberia, Red Eléctrica, ENCE, Aceralia... Sektore ekonomikoen artean lehiakortasuna areagotuz zihoalarik, enpresa espainiarrek hazten eta mozkinak ugaltzen jarraitzea erabaki zuten, beste konpainia europar batzuek eskura ez zitzaten. Negozioak INTERNAZIONALIZATZEA izan zen hautatutako bidea. Prozesu horretan zehar, Espainiako ondoz ondoko gobernuek erabilitako DIPLOMAZIA EKONOMIKOA erabakigarria izan da, ekonomia latinoamerikarretan lortu duen posizio pribilegiatua finkatzeko.
Beste alde batetik, non ezarri erabakitzeko, funtsezkoak izan ziren Latinoamerikan egindako egiturazko doikuntzak eta eskualde hori, erraztasun mota guztiez, ZUZENEKO INBERTSIO ATZERRITARrera (ZIAra) ireki izana. Laburbilduz, ia lehiakiderik gabeko merkatuetan sartzeko aukera zutelako hedatu ziren multinazional espainiarrak Latinoamerikara, horietan baliabideak eskurago zeudelako eta lan- eta ingurumen-kostuak txikiagoak zirelako inbertsioa erakartzearren. 1980an, Espainiak BPGaren % 1eko ZIA zuen atzerrian; 2006an, berriz, % 41,4ra iritsi zen. Gaur egun ere, krisi betean egon arren, Latinoamerikako inbertitzaile europar nagusia da Espainia: inbertsio guztien % 14 osatzen dute han Espainiako inbertsioek.
1999an izan zen une garrantzitsuenetako bat: Espainia munduko ZIA handieneko seigarren herrialde bihurtu zen, eta inbertsioaren zatirik handiena (% 66) Latinoamerikara bideratuta zegoen. Gauzak horrela, esateko moduan gaude, XX. mendeko laurogeita hamarreko azken urteen eta XXI. mendearen hasieraren artean, enpresa espainiarrak “bigarrenez lehorreratu” zirela eskualde latinoamerikarrean.
Bigarren lehorreratzea
Gaur egun ehunka enpresa espainiar badaude ere Latinoamerikan, zazpi baino ez dira iritsi eskualde horretako ekonomian funtsezko posizioa lortzera: Telefónica, Repsol, BBVA, Santander, Iberdrola, Endesa eta Gas Natural Fenosa. Izan ere, horien guztien inbertsioekin, Espainiako ZIAren lau bostena baino gehiago osatu da, zenbait unetan.
Nazioarteko jarduerak oso emaitza onak eman dizkie akziodun nagusiei eta goi-mailako zuzendariei, eta sekulako mozkinak lortu dituzte. Hiru urte eskasean, 2004 eta 2007 bitartean, zazpi multinazional espainiar handienen irabaziak % 150 hazi ziren, batez beste, eta gehienak Latinoamerikako jarduerari eskerrak lortu ziren. 2011n, Banco Santanderrek mozkinen % 52 lortu zuen lurralde horretan; BBVAk sarreren % 47 eta Telefonikak mozkin osoen % 46,5. Estatu espainiarrak XXI. mendearen lehen hamarkadaz geroztik bizi duen krisi ekonomikoan, hain justu, Latinoamerikan dituzten jarduerei esker lortu dute konpainia horiek beren mozkinei eustea. Ondorioz, are estrategikoagoa bihurtu da haiek han egotea.
Espainiaren inbertsioaren zatirik handiena zerbitzuen sektorean (banku-jardueran, telekomunikazioetan, elektrizitatean, garraioan, ur-horniduran, aseguruetan, turismoan) egin da, eta, beraz, barne-merkatura zuzendutako negozioak dira. Eskaria goraka doanez eta oso lehiakide gutxi dituztenez, produktuen prezioek ez dituzte lehengaiak erauzten diharduten enpresetakoen pareko gorabeherak. Horrenbestez, errentagarritasuna bermatuta dago.
Latinoamerikan metatutako kapitalarekin, azken urteotan dibertsifikatu eta gehitu egin dituzte multinazional espainiarrek beren inbertsioak. Horrela, beste merkatu batzuetara egin dute jauzi, hala nola: Estatu Batuetara, Txinara, Europara eta Afrikara. Halere, Latinoamerikak jarraitzen du haien negozioen ardatz nagusi izaten, eremu horretan lortzen dituzten mozkinen ehunekoak erakusten duenez.
Nazioarteko jarduerarekin sarrera itzelak lortzeaz gain, inpaktu anbiental, sozial, laboral eta kultural larriak ere eragin dituzte multinazional espainiarrek Latinoamerikan. Halaxe jaso da haien “curriculum ezkutu”an. Ukitutako biztanleek eta gizarte-erakunde frankok gaitz ugari leporatu dizkiete konpainia horiei, besteak beste: ZERBITZU PUBLIKOAK PRIBATIZATZEA, baliabide naturalak arpilatzea, lan-merkatua desarautzea, komunitate indigenak higiaraztea eta ingurumena narriatzea. Hain zuzen ere, horietako salaketa asko eta asko HERRIEN AUZITEGI IRAUNKORRAri aurkeztu zaizkio. Hantxe epaitu dira, besteak beste: Repsolek Ekuadorreko Yasuni parke nazionalean, Argentinako lurralde maputxean eta Kolonbiako giza eskubideen gainean sortutako inpaktuak. Salatu egin da, halaber, Gas Natural Fenosak Nikaraguan, Guatemalan eta Kolonbian zerbitzu elektriko kaskarra eman duela eta Bio Bio eta Aysen eskualdeetan makrozentral hidroelektrikoak eraikitzeko Txileko Patagonia suntsitu duela.
BIBLIOGRAFIA:
- CASILDA BÉJAR, R. (ed.) (2008): La gran apuesta. Globalización y multinacionales españolas en América Latina. Análisis de los protagonistas, Granica, Barcelona.
- GONZÁLEZ, E. Y RAMIRO, P. (2009): “Las consecuencias de las inversiones de las multinacionales españolas en América Latina. El caso de las empresas de la energía en Colombia”, en BARCENA, I.; LAGO, R. Y VILLALBA, U. (coords.), Energía y deuda ecológica, Icaria, Barcelona.
- GUILLÉN, M.F. (2006): El auge de la empresa multinacional española, Fundación Rafael del Pino y Marcial Pons, Madrid.
- RAMIRO, P. (2011): “El segundo desembarco: los impactos de las multinacionales españolas en América Latina”, en ÁLVAREZ CANTALAPIEDRA, S. (coord.), Convivir para perdurar. Conflictos ecosociales y sabidurías ecológicas, Icaria, Barcelona.
- VIDAL OLIVARES, J. (2008): “Antes de la ‘reconquista’: las empresas y los empresarios españoles en América Latina, 1870-1980”, Comunicación para el IX Congreso Internacional de la Asociación Española de Historia Económica, Murcia.