Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Ekonomia > Zuzeneko inbertsio atzerritarrak

Zuzeneko inbertsio atzerritarrak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Zuzeneko inbertsio atzerritarra (ZIA) pertsona natural batek edo pertsona juridiko batek (erakunde eta enpresa publikoak, pribatuak, etab.) atzerriko herrialde batean egiten duen kapital-inbertsioa da. Helmuga-herrialdean, produkzio-lantegi berriak sortuz edo dagoeneko bertan diren enpresetan parte hartu eta konpainia inbertitzailearen filiala eratuz gauzatu daiteke kapitalen sarrera. ELGAren arabera, erositako edo parte hartutako enpresa epe luzera kontrolatzea du xede ZIAk, eta horretarako finkatuta dagoen irizpideari jarraiki, enpresa nagusiak filialaren % 10 bereganatu behar du gutxienez.

Paradigma kapitalistaren arabera, ZIA garapenerako eragileetako bat da, batez ere ekonomia hartzaileentzat. Laurogeiko hamarkadaren amaieran hasi zen nabarmentzen, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak WASHINGTONGO AKORDIOAN jasotako neurriak herrialde periferikoetan aplikatzea bultzatu zutenean: PRIBATIZATZEAK, sektore publikoaren inbertsioa murriztea, eta merkataritza- eta finantza-liberalizazioa. Ordutik aurrera, ZIA pobretutako herrialdeen finantzaketa-iturri nagusietakoa bilakatu zen. Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoaren (CEPAL) arabera, 1996tik 2001era bitartean eskualde horretara sartu ziren ZIAren fluxuak BPGaren % 4tik gorakoak izan ziren, eta 2007an, berriz, zenbateko hori % 8 igo zen batez beste; 2011n, finantza- eta ekonomia-krisialdi betean, ZIA % 5,8ra jaitsi zen.

ENPRESA TRANSNAZIONALAK, ZIAren arduradun nagusiak

Gaur egun, ENPRESA TRANSNAZIONALAK dira ZIAren eragile nagusiak, mugaz gaindiko bat-egiteen eta erosketen bitartez, eta ez produkzio-ehun berria eraikitzeko inbertsioaren bidez. Izan ere, inbertsio-modu horiek ZIAren % 88 izatera iritsi dira, eta gehienetan enpresa handien bat-egiteak dira; ondorioz, kapitala gero eta kontzentratuago dago.

Korporazio horiek hainbat arrazoigatik inbertitzen dute beste herrialde batzuetan, besteak beste, natur baliabideak eskuratzeko, lanesku merkea lortzeko, eta merkatu handiagoetara edo hazten ari direnetara sartzeko. Azken finean, enpresaren irabaziak areagotzeko xedea da ZIAren eragilea. Beraz, ez dago koherentziarik diskurtso neoliberalak ZIAri egozten dizkion bertuteen eta korporazio transnazionalek euren atzerriko inbertsioetan dituzten interesen artean; izan ere, UNCTADek dio ZIAk enplegua sortzeko, produktibitatea areagotzeko, eta ezagutza espezializatua eta teknologia transmititzeko ahalmena duela. Esperientziak erakutsi du ez dela ezinbestean produkzio-ehunik edo enplegurik sortzen: Telefónicak Peruko telefonia-enpresa publikoan aurrera eraman zuen berregituraketaren ondorioz 9.000 langile kaleratu zituzten 1994 eta 2001. urteen artean, sindikatu perutarrek adierazi dutenez. Eta teknologiaren transferentziari eta produktibitatea areagotzeari dagokienez, ENPRESA TRANSNAZIONALAREN irabaziak gehitzeko lagungarri badira bakarrik ematen dira: begien bistakoa da eta dokumentatua dago, adibidez, agindu hori ez dutela bete Bolivian hidrokarburoen ESPAINIAKO MULTINAZIONALEK, ez eta sektore elektrikokoek Nikaraguan eta Kolonbian.

ZIAren bilakaera: bolumena, herrialdeak eta sektoreak

ZIAk hazkunde esponentziala izan du XX. mendean, batez ere hirurogeita hamarreko hamarkadako energia- eta finantza-krisiaren ondoren. Merkataritzari eta finantza-transakzioei mugak ireki zaizkie, eta munduko ekonomiaren FINANTZARIZAZIOA gero eta handiagoa da. Horren guztiaren ondorioz inbertsiook izugarri hedatu dira eta 2007an ZIAk 1970ean izan zuen balioa 137 aldiz gainditu zuen. Haatik, egungo krisialdi ekonomikoaren eta finantzarioaren panoraman nolabaiteko uzkurtzea izan du munduko ZIAk, batez ere 2009an, izan ere, urte horretan % 43 inguru gutxitu baitziren beste herrialde batzuetara bideratutako inbertsioak orokorrean. Baina apur bat oneratu da 2010etik aurrera, eta 2011n ZIA % 17 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta. Halere, ez dago argi datozen ekitaldietan zer nolako bilakaera izango duen.

Espainiako ZIAri dagokionez, bilakaera azkarra izan du laurogeita hamarreko hamarkadatik hona: 1990ean BPGaren % 3koa zen, 2000n % 20tik gorakoa, eta 2010ean, berriz, % 47koa. Mundu mailan, Espainia seigarren herrialde inbertitzailea izan zen 1999an, eta urte horretan inbertsioen % 66 Latinoamerikara bideratu zituen. Espainiako ZIA erruz sartu zen eskualdean herrialde latinoamerikarretako estatu-enpresak PRIBATIZATZEAN, laurogeita hamarreko hamarkadan. Ordutik ez da maila horretara iritsi, konpainia publikoak behin bakarrik pribatizatu daitezkeelako. Dena den, ESPAINIAKO MULTINAZIONALEK eskualdean duten egoera sendotu egin da azken hamarkadan, eta 2011ko datuen arabera, Espainia bigarren herrialde inbertitzailea da zonaldean (fluxuaren % 14), Estatu Batuak bakarrik ditu aurretik (% 18).

Iparralde globalean kokatutako ekonomiek jaulki eta jaso izan ohi dituzte ZIAren fluxuok. 2000. urtean, herrialde horietan munduko ZIAren % 90 inguru sortu zen, eta horren % 70 bertan jaso zuten. Haatik, 2007an hasi zen ekonomia- eta finantza-krisiaren ondorioz, joera berria nagusitu da ZIAren norabideetan, eta horrenbestez, nabarmen egin du gora ekonomia periferikoen partaidetza-kuotak, bai munduko ZIAren emaile modura eta baita hartzaile gisa ere. Ildo horretan, Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeek 43.000 milioi dolarreko inbertsioak egin zituzten atzerrian 2010. urtean, eskualdearentzat errekor historikoa dena. Enpresa translatinoek gero eta botere handiagoa dutela erakusten du horrek. Era berean, eskualdera iristen den ZIAk ere goranzko joera erakutsi du, 2010ean % 40 eta 2011n % 31 egin baitzuen gora aurreko urteekin alderatuta.

ZIAn produkzio sektoreek duten parte-hartzeari dagokionez, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan zerbitzuen sektoreko inbertsioa izan zen nagusi. Latinoamerikako kasuan, Europako eta batez ere Espainiako kapitalen sarrerarekin batera, transnazionalek estatuko zerbitzu-enpresak erosi zituzten eta baldintza oso onuragarrietan eta balio errealaren azpitik zeuden prezioetan pribatizatu ziren. Gaur egun, oraindik ere zerbitzuen arloan bat-egite eta erosketa garrantzitsuak egiten diren arren, gora egin du baliabide naturalen ustiaketara bideratutako inbertsioak, batez ere Hego Amerikako eskualdean, non sektoreak ZIAren sarrera osoaren % 43 bereganatu zuen 2010ean eta % 57 2011n, Brasil alde batera utzita. Esportaziorako lehengaiak ustiatzeko inbertsioak dira, batez ere meatzaritza metalikoa, hidrokarburoak eta elikagaiak, commoditie horiek nazioarteko merkatuan dituzten prezio garestiek bultzatutako inbertsioak, alegia. Erdialdeko Amerikan eta Karibean, berriz, inbertsioak manufaktura sektorera (% 54) eta zerbitzuetakora (% 41) bideratu dira batez ere, 2011ko datuen arabera.

Inbertsio atzerritarra eta garapena

Doktrina neoliberalaren arabera, nazioarteko inbertsioen fluxu askea garapenaren lokomotorra da ekonomia hartzaileentzat. Halere, azken 25 urteotako esperientziak erakusten du inbertsio atzerritarrek ondorio larriak eragiten dituztela giza garapenean.

ZIA sartzean, biztanleriaren bizimodu duinerako funtsezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak PRIBATIZATZEKO eta merkantzia bilakatzeko prozesuak bultzatu eta erabili dira. Horren zuzeneko ondorioa da baliabideok ez direla eskuragarri gehiengo sozialentzat, eta eskubide unibertsalak merkantzia bilakatu direla. Latinoamerika horren adibide garbia da: Kapital transnazionalaren sarrera ondasunen (ura) eta zerbitzuen (argindarraren hornidura) merkataritza-ustiaketara lotuta dagoenez, tarifa-igoera handiak eta larriak eragiten ditu, eta horniduran akatsak eta estaldura eskasa izaten dira. Beste adibide bat pentsio-sistema da; inbertsio pribatuaren eskuetan denean gizarte-segurantzatik kanpo uzten ditu gizarteko sektore zabalak, errentagarriak ez direlakoan.

Erauzketa-jardueretara bideratutako inbertsioak ondorio larriak eragiten ditu tokian tokiko komunitateen kulturan, ekonomian, ingurumenean eta gizartean. Gainera, ez du ondorio positiborik ikuspegi makroekonomikoari erreparatuta ere, aberastasuna ekonomia zentraletarantz aldatzea baitakar, lehengaiak ustiatuz eta irabaziak aberriratuz.

Azkenik, kanpoko inbertitzaileak erakartzeko neurriek eta akordioek babesgabe eta bigarren mailan utzi ohi dituzte tokian tokiko biztanleen giza eskubideak, korporazioen interesen eta boterearen aurrean, eta herriei euren subiranotasuna ebasten diete. Hogeita hamar urtez ZIAren sarrera areagotuz joan denez, planetan desberdintasun gehien dituen eskualdea bilakatu da Latinoamerika, eta horrela iraunarazi dute.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ARAHUETES GARCÍA, A. Y GARCÍA DOMONTE, A. (2007): “¿Qué ha sucedido con la Inversión Extranjera Directa (IED) de las empresas españolas en América Latina tras el boom de los años noventa y la incertidumbre de los primeros años 2000?”, Real Instituto Elcano, Madrid.
  • CASILDA BÉJAR, R. (2002): La década dorada. Economía e inversiones españolas en América Latina, Servicio de Publicaciones de la Universidad de Alcalá, Madrid.
  • CEPAL (2012 y anteriores): La inversión extranjera en América Latina y el Caribe, 2011, Naciones Unidas, Santiago de Chile.
  • GÓMEZ CARRASQUEL, R. (2012): “Una mirada a la IED de España en América Latina (1993-2010): México, Brasil, Argentina, Chile y Perú”, Informes OMAL, nº 6, Universidad Complutense de Madrid y OMAL.
  • GONZÁLEZ, E. Y GANDARILLAS, M. (2010): Las multinacionales en Bolivia. De la desnacionalización al proceso de cambio, Icaria, Barcelona.
  • UNCTAD (2012 y anteriores): Informe sobre las inversiones en el mundo 2011, Naciones Unidas, Nueva York.