Pribatizazioa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Estatuaren jabetza diren enpresak edo jarduera publikoak SEKTORE PRIBATURA transferitzeari esaten zaio formalki pribatizazioa. Doktrina neoliberalaren zutabeetako bat da, eta funtsean, ekonomia merkatu-logikaren esku uztea eta Estatuari gutxieneko izaera ematea ditu printzipiotzat. Horrela, poliki-poliki, pertsonen bizitzaren alderdi guztiak salgai bilakatzen dira, enpresa pribatuaren etekinak areagotzeko.

Pribatizazioa hainbat politikatatik abia daiteke: aktibo publikoen jabetza SEKTORE PRIBATUari salduz; ondasunak eta zerbitzuak hornitzeko emakiden eta kontrata publikoen bidez: eta MERKATUen estatu-monopolioa liberalizatuz. Neurri horiek zabaldu egin direnez, gaur egun, neurri handi batean, ENPRESA TRANSNAZIONALek kontrolatzen dituzte biztanleriarentzat beharrezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak, betiere globalizazio neoliberalaren arauen arabera: energia, garraioa, elikadura, industria, telekomunikazioak, finantzak… Baina ez da beti horrela izan: XX. mendean zehar aldatu egin da Estatuak ekonomian duen egitekoa, eta korporazio pribatu handien boterea hazten joan da.

Pribatizazioen historia

Joan den mendeko 20ko hamarkadako krisira arte, liberalismo ekonomikoak hainbat politika diseinatu zituen konpainia pribatuek ekonomian zuten pisua areagotzeko, eta ENPRESA TRANSNAZIONAL handien sorrera bultzatu zuen. Haatik, 30eko hamarkadan, 1929ko krisiari eta Sobiet Batasunaren sorrerari erantzunez, Estatuak ekonomian zuen eragina nabarmen handitu zen sektore estrategikoen NAZIONALIZAZIOA medio, izan ere, besteak beste, energia, finantzak eta garraioak nazionalizatu baitzituzten. Eta orduan ekin zitzaien, paradigma keynesiarraren pean, ekonomia nazionalen protekzionismo sendoari eta inportazioak ordezkatzeko industrializazioari, azken hori Latinoamerikako hainbat herrialdetan, besteak beste, Argentinan, Txilen edota Brasilen, eta horrela, enpresa publiko handiak sortu ziren.

Berriro ere krisialdia erabakigarria izan zen Estatuak ekonomian beteko zuen tokia finkatzeko orduan: Friederich Hayek eta Milton Friedman buru zituzten eskola neoliberalek euren paradigma inposatzeko erabili zituzten, batetik, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran erdialdeko herrialdeetan izan zen irabazi-tasaren gutxitzea, eta bestetik, laurogeiko hamarkadan gertatutako herrialde periferikoen zorraren krisia. Paradigma neoliberalaren neurri nagusiak WASHINGTONEKO KONTSENTSUan bildu zituzten. Neurri horietako bat pribatizazioak dira, «jabetza kentzeagatiko metatze-tresna nagusia», David Harveyren arabera. Izan ere, krisialdiek aukera paregabeak ekarri dituzte pribatizazioak aurrera eramateko, “shock-doktrina” aplikatzean neurriok gizartearen gaitzespen handirik gabe gauzatzen baitira. Ildo horretako adibidea da troikak —Europako Batzordeak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak— Greziari inposatu dion pribatizazio-programa, zeinaren ondorioz herrialde horrek bere BPGaren % 34,3 pribatizatuta izango duen 2015erako.

Enpresa pribatuen eskura jartzen diren sektoreen arabera, jarraian eman diren hainbat pribatizazio-garai bereizten dira. Lehenik eta behin, pribatizazio handiak industri sektorean burutu ziren; ondoren, batez ere laurogeita hamarreko hamarkadan, ZERBITZU PUBLIKOetako enpresak eraman zituzten SEKTORE PRIBATUra, telekomunikazioetakoak, argindar sektorekoak edota garraiokoak, kasu; pribatizazioen hirugarren uholdea aurrera doa oinarrizko zerbitzuak merkantilizatzearekin batera, besteak beste, osasuna eta hezkuntza; azken urteotan, berriz, areagotu egin da ONDASUN KOMUNen pribatizazioa, hala nola, urarena, lurrarena, biodibertsitatearena, ezagutzarena…

Pribatizazioen promesak eta errealitatea

Gobernuek hainbat argumentu erabili ohi dituzte pribatizazio-politikak legitimatzen saiatzeko, tartean honako hauek: zerbitzuaren kudeaketaren eraginkortasuna eta kalitatea teorian hobetu egiten dira, enpresen arteko lehia librea medio; irregulartasunak eta ustelkeria gutxitu egiten dira; Estatuaren aldetik gastu publikoa murriztu egiten da. Baina pribatizazioen ondorioek erakutsi dutenez, hitzemandakoa ez da bete, ez erdialdeko herrialdeetan ez periferikoetan ere.

Kudeaketa pribatuak ez du zuzentasuna bermatzen jardun ekonomikoan, EKONOMI DELITU larrien salaketen ondorioz sarritan ikusi denez. Ildo horretan hainbat adibide daude, horien artean Argentinako YPF (Yacimientos Petrolíferos Fiscales) petrolio-konpainiaren pribatizazioan izandako irregulartasunak, Menemen gobernuarekin. Kasu horretan biztanleria argentinarrak 10.000 milioi dolar galdu zituen. Gogoratzekoak dira, baita ere, Pinocheten diktaduraren lehen urteetan Txilen egin zituzten iruzurrezko pribatizazioak, Estatuko diru-kutxetan 6.500 milioi dolarreko galera eragin zutenak. Enpresa-jardueren gaineko kontrol publikoa galtzea DELITU EKONOMIKOak zigor gabe uzten laguntzen duen faktoreetako bat da, beste askoren artean.

Pribatizazioarekin aldatu egin da ondasunen eta zerbitzuen horniduraren inguruan Estatuak eta herritarrek duten harremana, eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman bilakatu da, alde batera utzita ondasunak eta zerbitzuak unibertsaltasun- eta ekitate-irizpideekin kudeatu behar direla, irabazi pribatuei lehentasunik eman gabe. Telefónicak Empresa de Comunicaciones de Colombia erosi ondoren kaleratua izan zen langile batek horrela azaldu zuen pribatizazioa zer den: «Lehen enpresaren jabeak 45 milioi kolonbiar ziren, eta orain, berriz, Kolonbiara inoiz etorriko ez den aberats-taldetxoaren esku dago; horregatik, enpresaren izateko arrazoia dagoeneko ez da jendeari komunikazioa eskaintzea, baizik eta haren kontura ahalik eta diru gehien egitea». Testuinguru horretan, pribatizazioek zuzenean eragiten diete giza eskubideei eta pertsonen duintasunari.

Gainera, sarritan, batez ere ZERBITZU PUBLIKOEN arloan, enpresa bakar batek kontrolatutako merkatuak sortzen dira (monopolioa), edo bestela enpresa talde batek kontrolatutakoak (oligopolioa). Monopolioaren adibide da 1999 eta 2001. urteen artean Bolivian gertatutakoa, non BBVA erakunde pribatuak kudeatu zituen pentsioak. Sektore elektrikoan, berriz, oligopolioa nagusitu da munduan, eta EDF eta GDF Suez transnazional frantziarren, EON alemaniarraren, Enel italiarraren eta State Grid txinatarraren esku dago ia erabat. Azkenean, MERKATUak manipulatu egiten dituzte irabazi-marjinak areagotzeko. Ez da harritzekoa testuinguru horretan Latinoamerikako biztanleriaren % 36 bakarrik azaltzea pozik ZERBITZU PUBLIKOen pribatizazioarekin, 2011ko Latinobarometro azterketaren arabera. Bertan jasotzen denez, Txileko herritarrak dira gai horren inguruan nahigabetuenak, herrialdea pribatizazioen arrakastaren eredutzat aurkeztu ohi duten arren.

Kudeaketa publikoaren inguruko eztabaidak

Erdialdeko eta periferiako herrialde askotan pribatizazioaren aurka gogor azaldu da gizartea, eta bestalde, kudeaketa pribatuan porrot entzutetsuak gertatu dira, aurrekontu publikoen injekzioarekin konpondu direnak. Ondorioz,ENPRESA TRANSNAZIONALek estrategia aldatu dute: orain, ALIANTZA PUBLIKO-PRIBATUak eta kapital mistodun konpainiak dira pribatizazioak birbultzatzeko proposatzen den konponbidea. Horrela, Estatuak kudeatzaile gisa aurkezten du bere burua jendaurrean, konpainia pribatuak sor litezkeen gatazkak saiheste aldera, eta Estatua bera da, baita ere, finantzaketa ziurtatzearen arduraduna, nahiz eta irabazien banaketan alderdi pribatua den onuraduna, berriro ere. Formula hori konponbidea da korporazio handientzat, noski, deslegitimazioa saihesteaz gain euren eragiketen errentagarritasuna areagotzen baitute. Azkenik, gobernuek ere aplikatzen dute logika neoliberala kudeaketa publikoan —bai neoliberalek eta baita sozialdemokratek ere—, eta horregatik aldatu egin da enpresa publikoaren izateko arrazoia: lehen, zerbitzu bat eskaintzean edo ondasun bat ekoiztean interes publikoa bermatzea zen gakoa, eta orain, berriz, irabaziak lortzea da enpresa horien lehentasunezko helburua. Horrela gertatu da Sinopec petrolio-konpainia txinatarrarekin edo Petrobras brasildarrarekin; biek ala biek munduko merkatura bideratu dute jarduera eta oso erasokorrak dira inbertsio globaletan; bitartean, euren herrialdeetan bidegabekeria izugarria ematen da bizimodu duina bermatuko duen oinarrizko energia eskuratzeko orduan.

Jabetzak, berez, ez du bermatzen enpresa edo zerbitzu baten funtzio publikoa: askotan, jabetza publikoko enpresek kapital pribatuen interesen arabera jarduten dute. ISA, esaterako, Estatu kolonbiarraren jabetza da nagusiki, eta inbertsio handiak egiten ditu Latinoamerikako beste herrialde batzuetako garraio elektrikoko sareetan; horrek erregio mailako merkatu elektrikoaren oinarriak finkatu ditu, eta ondorioz, onuradunak energia sortzen duten edota merkaturatzen duten konpainia batzuk dira, horien artean Gas Natural Fenosa eta Iberdrola; baina Kolonbian elektrizitate-zerbitzua kalitate eskasekoa da eta ia ez da heltzen herrialdeko nekazaritzaguneen erdietara ere. Horregatik, kudeaketa publikoaren errebindikazioa jabetzatik haratago doa eta unibertsaltasuna, ekitatea eta justizia bermatzearen aldekoa da.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • BENSAID, D. (2003): “El dominio público contra la privatización del mundo”, Viento Sur, nº 70.
  • FERNÁNDEZ DURÁN, R. (2011): La quiebra del capitalismo global: 2000-2030, Libros en Acción, Virus y Baladre.
  • HARVEY, D. (2004): El nuevo imperialismo, Akal, Madrid.
  • KLEIN, N. (2007): La doctrina del shock. El auge del capitalismo del desastre, Paidós, Barcelona.
  • PAZ, M.J.; GONZÁLEZ, S. Y SANABRIA, A. (2005): Centroamérica encendida. Transnacionales españolas y reformas en el sector eléctrico, Icaria, Barcelona.
  • VALDIVIELSO DEL REAL, R. (2008): “Término: Privatizaciones (Política de)”, en ROMÁN REYES (dir.), Diccionario crítico de Ciencias Sociales, Plaza y Valdés, Universidad Complutense de Madrid, México-Madrid.