Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Ekonomia > Washingtoneko kontsentsua

Washingtoneko kontsentsua

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Washingtoneko Kontsentsua kontzeptuak laurogeiko hamarkadatik aurrera ezarri diren ekonomia-politikako neurri neoliberalak hartzen ditu barne. Bi helburu izan zituen: batetik, hirurogeita hamarreko hamarkadako ekonomia-krisiaren ondoren, Iparraldeko herrialdeen etekin-tasaren murrizketari aurre egitea; bestetik, Hegoaldeko herrialdeak Nazioarteko Moneta Fondoak (NMF) eta Mundu Bankuak (MB) ezarritako neurriak betetzera behartzea, kanpo-zorraren krisiari aurre egiteko. Horretan guztian, NMFak eta MBak emandako finantzaketen araberako baldintza makroekonomikoak izan dira nagusi.

Kontzeptua John Williamson ekonomialari britainiarrak erabili zuen estreinakoz 1989an argitaratutako artikulu batean. Ekonomiak egonkortzeko eta doitzeko zenbait neurri jaso zituen, Washingtoneko erakunde jakin batzuek (bereziki NMFak, MBak eta AEBko gobernuak eta Erreserba Federalak) beharrezkotzat jotzen omen zituztelako. Oro har, Williamsonen ideario berriak ekonomia-politikako hainbat neurri batera ezartzea proposatzen zuen: besteak beste, gastua txikitzea defizit publikoaren kontra borrokatzeko, zerga-gehikortasuna murrizteko erreformak egitea, enpresa publikoak PRIBATIZATZEA, nazioarteko merkataritza eta MERKATUAK liberalizatzea, zuzeneko kanpo-inbertsioei ahalik eta baldintza gutxien ezartzea eta herrialdeen barruko lan-merkatuak desarautzea.

Ekonomia-teorian eta -praktikan izandako eragina

Garapenari buruzko pentsaeraren eta pentsaera horren araberako neurrien ezarpenaren bilakaeran, Washingtoneko Kontsentsua erabakigarria izan zen, hurrengo hamarkadetako ekonomia-politiken norabidea bete-betean baldintzatu eta egun nagusi den globalizazio neoliberala sortzen eta errotzen lagundu zuelako. Hirurogeita hamarreko hamarkadan zehar, garapenari buruzko pentsamenduak ordura arteko obsesioak garaitzea lortu zuen: ekonomia-hazkundea kosta ahala kosta lortzeko grina eta azpiegituretan eta industrializazioan inbertitzeko helburu irmoa. Ondorioz, oinarrizko beharrak asetzeko eta pobreziaren, desberdintasunen zein langabeziaren kontra borrokatzeko asmoan oinarritutako logikari lehentasuna eman zitzaion. Laurogeiko hamarkadan, ordea, planteamenduak errotik aldatu eta garapenari buruzko lehengo ikuspegi murriztailea gailendu zen berriro, garapena bera eta garapena lortzeko bideak helburu bihurtuz.

Ekonomia-politikako neurri neoliberalek aipatutako ikuspegiaren ezaugarri bereizgarriak islatu zituzten. Horrela, ekonomia-baliabideak merkatuen bidez banatzeko sistema ezarri zen berriz, SEKTORE PRIBATUARI lehentasuna eman zitzaion ekonomia-eragile gisa, sektore publikoa bigarren mailan utziz, eta merkatuak liberalizatu eta mundu-ekonomian parte hartzeko ardatz bihurtu ziren. Era berean, garapen-ekonomia ahalbidetzeko aukerak zapuztu egin ziren, ekonomia guztientzat analisi bakarra erabiliz eta errezeta unibertsalistak ezarriz, tokian tokiko garapen-maila eta testuingurua kontuan hartu gabe.

Iparraldeko herrialdeetan, aipatutako joera-aldaketa hirurogeita hamarreko krisiaren ondorioa izan zen, inflazioaren eta defizit publikoaren kontra borrokatzeko politika murriztaileak ezarri baitziren, aurreko hamarkadetan herrialde horietako gehienetan nagusitu ziren politika keynesiarrak bertan behera utziz. Ildo horretan, Ameriketako Estatu Batuetako eta Britainia Handiko gobernuak alderdi kontserbatzaileen esku geratzea erabakigarria izan zen ekonomiak liberalizatzeko eta ongizate-estatua desegiteko prozesua abiarazteko, Ronald Reaganek eta Margaret Thatcherrek, hurrenez hurren, gogotik sustatu baitzuten.

NMFaren, MBaren eta beste nazioarteko erakunde batzuen erabakiek berebiziko eragina izan zuten Iparraldeko herrialdeetako ekonomia-politiketan, eta beren azterketa eta politikak Hegoaldeko herrialdeetara bideratu zituzten laurogeiko hamarkadaren hasieran, kanpo-zorraren krisia sortu zenean. Nazioarteko finantza-sistemaren kolapsoa saihesteko, nazioarteko bi erakunde horiek finantzaketa eskaini zieten kanpo-zorra ordaintzeko arazo handiak zituzten Hegoaldeko herrialdeei. Dena den, NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEEN finantzaketa eskuratzeko, ekonomia-politikako neurrien multzoa, egiturazko doikuntza-programa izenez ezagutua, ezartzea nahitaezko betebeharra zen. Hegoaldeko herrialde gehienek, lehenbizi latinoamerikarrek eta gero afrikarrek eta asiarrek, NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEEN kanpo-finantzaketara jo eta egiturazko erreforma eta austeritate-politika oso gogorrak ezarri behar izan zituzten, batik bat laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan zehar. Laurogeita hamarreko hamarkadan, Ekialdeko Europako eta sobietar errepublika ohietako ekonomien trantsizioaren ondorioz, irizpide neoliberalak munduko ia ekonomia guztietan finkatu ziren.

Azkenaldiko kritikak eta joerak

Neurri neoliberalen eta erakunde sustatzaileen kontrako kritika gogorrak egin izan dira, egoerarik txarrenean dauden biztanleria taldeengan ondorio sozial izugarri larriak eragiteaz gain, ustezko helburuetako bat, ekonomia-jarduera suspertzea, ez dutelako lortu. Washingtoneko Kontsentsuaren proposamenak hain zorrotz bete ez dituzten beste herrialde batzuek, adibidez Hego Koreak eta Txinak, ekonomia-emaitza hobeak lortu dituzte.

Akademia-alor anitzen, NAZIO BATUEN agentziak eta kaltetutako herrialdeetako gizarte zibileko eremu ugaritako kideen kritikek izandako oihartzunaren eta atxikipenen eraginez, laurogeita hamarreko hamarkadaren erdian beste bide bat urratzea erabaki zuten, Washingtoneko Kontsentsuaren ondoko faseari ekinez. Ikuspegi hari jarraituz, ideario neoliberalean eta bere errezeta unibertsalistetan ordura arte izandako fede itsua kritikatu eta kontzeptu berriak sortu ziren, adibidez “merkatuaren fundamentalismoa”, azken hogeita hamar urteotan mundu osoan horrenbeste hedatu den joera izendatzeko. Ildo horretan, akademikoen eragina oso handia izan da, eta guztien artean Joseph Stiglitz, MBko ekonomialari burua 1997tik 2000ra eta 2001eko Ekonomia Nobelaren irabazlea, nabarmendu da. Joseph Stiglitzek Errusia kapitalismo neoliberalera bideratzeko prozesuaren kudeaketaz, 1997an NMFak Asiako hego-ekialdeko finantza-krisia bideratzeko moduaz eta, oro har, egungo globalizazio-ereduaren kalteez egindako kritikak funtsezkoa izan dira Washingtoneko Kontsentsuaren ondoko gorputz teorikoa osatzeko.

Hori guztia ikusita, laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran MB bere diskurtsoa aldatzen hasi zen, planteamendu neoinstituzionalistetatik abiatuz; garapen-esparru integralaren proposamena da adibideetako bat. Milurteko Garapen Helburuak (MGH) lortzeko ahaleginetan parte hartzen ari diren erakunde ugarien artean NMF eta MB egoteak zer norabide hartu nahi den erakusten du. Pobreziaren kontrako borrokari lehentasuna emateko logikaren diskurtsoa nagusi da egun, baina hitzak eta ekintzak ez datoz bat, erakunde horien finantzaketa jasotzen duten Hegoaldeko eta Ekialdeko herrialdeetan baldintza makroekonomikoak, doikuntzak eta austeritate-politikak sendo finkaturik baitaude oraindik.

Ildo berean, 2008ko finantza-krisiak eta gobernuek eta NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEEK krisiari emandako erantzunak argi eta garbi erakutsi dute, zoritxarrez, Washingtoneko Kontsentsuaren printzipioak eta politika neoliberalak oso errotuta eta hedatuta daudela oraindik. Gobernu askoren hasierako erreakzioek, esku-hartze publikoek eta bankuak eta beste sektore pribatu batzuk erreskatatzeko erabakiek ordura arteko politiken desegokitasuna utzi zuten agerian, MERKATUEN desarauketak eta erabateko liberalizazioak porrot egin dutela frogatuz, ezbairik gabe. Porrota egiaztatu arren, teoria eta praktika neoliberalak ez dituzte bertan behera utzi, kontrakoa baizik. «Irabaziak PRIBATIZATZEKO eta galerak sozializatzeko» printzipioaren ezarpenak finantza-krisiari eman zion bidea lehenbizi, eta ekonomia-atzeraldiari gero. Azken urratsa krisi fiskala izan da, aipatutako printzipioaz baliatu diren Europako periferiako gobernu asko astindu baititu. Porrota gorabehera, Washingtoneko Kontsentsuaren diskurtso eta praktika neoliberalik gogorrenak berrezarri dituzte. Benetako paradoxa da. Besteak beste, gastuak murriztuz aurrekontuetan doikuntza gogorrak egiteko erabakiak hartu eta herrialdeen barruko lan-merkatuak are gehiago desarautzeko neurriak ezarri dituztela. Ondorioak denok ezagutzen ditugu: gizarte-babeseko sistema suntsitzen ari da eta egoerarik txarrenean dauden gizarte taldeen bizi-baldintzak gero eta larriagoak dira. Herritar gehienak horren guztiaren kontra daude.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • BUSTELO, P. (2003): “Desarrollo económico: del Consenso al Post-Consenso de Washington y más allá”, en VV.AA., Estudios de historia y de pensamiento económico (Homenaje al profesor F. Bustelo), Editorial Complutense, Madrid.
  • CHANG, H.J. (2004): Retirar la escalera. La estrategia del desarrollo en perspectiva histórica, Libros de la Catarata, Madrid.
  • STIGLITZ, J. (2002): El malestar en la globalización, Taurus, Madrid.
  • TOURAINE, A. (2010): Después de la crisis. Por un futuro sin marginación, Paidós, Barcelona.
  • WILLIAMSON, J. (2003): “No hay consenso. Reseña sobre el Consenso de Washington y sugerencias sobre los pasos a dar”, Finanzas y Desarrollo, Fondo Monetario Internacional, Washington.