Hiztegia

Zer dira enpresa transnazionalak? Zer multinazional daude Espainian? Zer da sektore pribatua? Zer dira finantzarizazioa, zuzeneko inbertsio atzerritarrak eta merkatuak? Zer dira arau-asimetria, segurtasun juridikoa eta lurraldez kanpoko betebeharrak? Zer dakarte berekin aliantza publiko-pribatuek, politiken koherentziak eta enpresa- eta finantza-lankidetzak? Nolako eragina dute lobbiek, ate birakariek edo diplomazia ekonomikoak? Korporazio handiek ba al dute zerikusirik soldata- eta genero-desberdintasunekin, zor ekologikoarekin eta eskubide kolektiboen urraketarekin? Zer erresistentzia-prozesu ari dira sortzen konpainia multinazionalen boterearen kontra? Ba al dago beste era bateko ekonomia- eta gizarte-ereduak ezartzeko bidean aurrerapausoak ematen laguntzeko proposamen alternatiborik?

Gure hiztegiaren bidez, horrelako galderei erantzuten saiatu gara, hainbat kontzepturi buruzko argibide zehatzak, ulerterrazak eta didaktikoak emanez. Hiztegian jorratutako kontzeptuak funtsezkoak dira globalizazioaren garaiko eragile nagusietako batzuen, enpresa multinazionalen, funtzionamenduaren nondik norakoak ulertzeko. Konpainia handien hedapena gero eta jarduera-arlo gehiagotan islatzen denez, konpainiek beraiek, pentsamendu-zentroek, negozio-eskolek eta masa-komunikabideek sortutako termino asko jadanik oso ezagunak dira hiritarrentzat. Beraz, konpainia transnazionalek mundu osoan egindako jardueren emaitzei erreparatzea eta, ondoren, diskurtso hegemonikoa aztertzea eta zalantzan jartzea beharrezkoa iruditzen zitzaigun.

Aipatutako ikuspegi kritikoari helduz, unibertsitate, GGKE, sindikatu eta gizarte-mugimenduetako egile batzuek funtsezko hainbat kontzepturen nondik norakoak arakatu dituzte, ekonomiaren, zuzenbidearen, lan-harremanen, nazioarteko politikaren eta garapen-lankidetzaren esparruetan oinarrituz, besteak beste. Guztien helburuak bat datoz: korporazio handien boterearen kontrako erresistentzia-prozesuei aurrera jarraitzen laguntzea, batetik, eta egun nagusi den garapen-ereduaz bestelako alternatibei lotutako proposamenak lantzeko eta gauzatzeko ekarpenak egitea, bestetik.

 

Hau da Enpresa transnazionalei buruzko hiztegi kritikoa. Korporazio handien botereari aurre egiteko gakoak liburaren bertsio elektronikoa. Juan Hernández Zubizarretak, Erika Gonzálezek eta Pedro Ramirok editatua eta Icaria Editorialak argitaratua izanda (2012). Paperezko edizioaren inguruan informazio gehiago hemen.