Herri indigenak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Sentsazionalismo alderdikoietan erori gabe eta huts egiteko arriskurik gabe badugu esatea, herri indigenak izan direla, eta oraindik ere badirela, beren kulturan, bizimoduan eta biziraupenean kalterik gehien jasan dituztenak, enpresen jardueren eta eskubideak ukatzen dizkieten eredu ekonomikoen ondorioz. Halere, bizirauteko eta aurrera egiteko duten gaitasunari eskerrak, munduko herri indigenek —NAZIO BATUen arabera 300 eta 400 milioi lagun inguru— inposatutako ereduen logika suntsitzaileak deuseztatu dituzte, eta antolatu egin dira, babesa lortzeko eta duintasuna, eskubideak eta justizia exijitzeko arau multzo berezi bat garatu ahal izateko.

Eutsi eta antolatu

Herri indigenen historian, jazarpena, arrazakeria eta akulturazio- eta deuseztapen-saiakerak izan dira beti nagusi, eta, gaur egun ere, hala jarraitzen dute, munduko hainbat lekutan. Azken mendeak bereziki izan dira dramatikoak, erakundeen errepresio-aparatuen aurka borrokatzeaz gain, haien lurraldeetako baliabide naturaletan soilik interesatutako muga eta eskrupulu txikiagoko eragile berriei egin behar izan baitiete aurre. Orotariko enpresek, enkomiendarenak eta zuzenbide indianoarenak gehiago diren sistema politiko eta juridikoen babespean, lurralde indigenetara iristen, edozelako astakeriak onartzen eta egiten, eta errentagarritasuna kezka bakartzat hartuta baliabide guztiak esplotatzen ikasi zuten.

Batik bat XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera orokortu zen egoera horretan, herri indigenak hainbat mailatan antolatzen hasi ziren, erakundeetan erreakzioak eragitearren. Lehenengo, kasuan kasuko nazioetan saiatu ziren —arrakasta gutxirekin—, eta, gero, nazioartean. Eremu horretan, arrakasta batzuk lortzen hasi ziren, hirurogeita hamarreko urteez geroztik NAZIO BATUen sisteman egin zuten presioa zela eta. Mugimendu indigena, antolatzeko batez ere caucusa erabiliz, NAZIO BATUetako eragin handieneko taldeetako bat da, eta, azken berrogei urteetan egin duen ahalegin handiari esker, giza eskubideen alorrean (zigorgabetasunean eta urratzeetan) aurrerapausoak eman dira. Herri Indigenei buruzko Lan Taldea, Gai Indigenei buruzko Foro Iraunkorra, indigenen eskubideei buruzko errelatore berezia eta Adituen Mekanismoa dira herri indigenen presioari esker NBEren sistemaren baitan sortu diren tresnak, haien eskubideak zaindu eta bizi-baldintzak hobetzeko.

Arauen garapena

Erakundeetan presio egiteaz gain, ahalegin handiak egin dituzte herri indigenek, beren berezitasunak aitortu, babestu eta sustatuko dituzten arau-esparruak lortzearren. Esparru berriak, eboluzionatuak, eskubideen dotrina klasikoetatik urrun. Herri indigenen talde eskubideak, haien autodeterminazio-eskubidea, lurralde-eskubideak eta kultura-eskubideak aitortzea oinarri duten esparruak. Laurogeiko hamarkadaren amaieratik herri indigenen eskubideen alorrean sustatzen diren konstituzio-aitorpenak dira emaitza nagusia. Baina, batez ere, nazioarteko bi tresna funtsezko:LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEaren (LNEren) 1989ko 169. hitzarmena, herrialde independenteetako herri indigena eta tribalen eskubideei buruzkoa, eta NAZIO BATUek herri indigenen eskubideei buruz emandako adierazpena, 2007koa.

LNEren 169. hitzarmena, hasiera batean mugimendu indigenak atzera bota bazuen ere indigenen partaidetzarik izan ez zuelako, denborarekin ezinbesteko dokumentu bilakatu da, herri indigenen eskubideen bilakaera ulertu nahi bada. Herri indigenen eskubideak aitortzen dituen nazioarteko itun bakarra da, eta aurrerapauso handia izan zen herri indigenentzat, horiek biztanleria orokorraren barruan sartzeko helburua zuen LNEren 107. hitzarmena ordezkatzeko asmoz sortu baitzen. Lehen aldiz, herri indigena eta tribal guztien duintasunean eta eskubidean oinarritutako hainbat eskubide ezarri ziren, eta haien erakunde politikoen eta eskubide-sistemen bidez beraien kulturak eta bizimoduak zaintzea eta garatzea zuten helburu. Gainera, eskubide garrantzitsuak (lurralde-eskubideak, esaterako) aitortu ziren, eta bi berme ezarri: kontsultarako eta parte hartzeko eskubideak, herri indigenentzat estatuekin, enpresekin eta beste eragile pribatu batzuekin harremanak izateko giltzarriak —169. hitzarmena berretsi duten estatuen ahulgune bilakatu dira gerora—. Kontsultarako eta parte hartzeko eskubideak ezinbestekoak dira herri indigenentzat, harreman berriak egiteko, nahiz eta harremanok behartuak izan. Alabaina, erakundeen arduragabekeria dela eta, gatazka-arrazoi nagusia ere badira; izan ere, erakundeek ez dute haien eskubideak bermatuko dituzten arautegiak garatzeko borondate politikorik.

Adierazpenean, herri indigenei errespetatu eta bermatu behar zaizkien gutxieneko eskubideak jaso dira, ia hogei urteko negoziazio-prozesuaren ondoren. Prozesu horretan, zorigaizto mota guztiak gainditu behar izan zituzten herri indigenek. NBEko estatuen gehiengo handi batek onetsi zuen Batzar Nagusian. Benetako aurrerapausoa izan zen 169. hitzarmenean aitortutako eskubideei zegokienez, hala edukiagatik, nola sasoi berrira eta herri indigenen eta beste eragile batzuen arteko harremanetarako logika berrietara egokitzen delako. Agiri horretan, bi eskubideren gaineko eztabaida ixtea lortzen da; autodeterminazio-eskubidea eta lurralde-eskubidea dira horiek: lehena 3. artikuluan aitortu zen eta, bigarrenari dagokionez, lurpeko nahiz gainazaleko baliabide natural berriztagarri nahiz berriztaezinen gaineko jabetza aitortzen da. Bestalde, kontsultarako eta parte hartzeko eskubideen bermeak handitzen ditu eta 169. hitzarmenean aipatu zen eskubide bati (aurretiazko adostasun aske eta informaturako eskubideari) protagonismo handiagoa eman. Esan beharra dago, eskubide hori gobernu eta enpresen amesgaizto nagusia dela, eskubide, berme eta babes-mekanismoetan erkidego eta/edo erakunde sendoagoekin egiten baitute topo. Munduko herri indigenak adierazpenaren irrikaz daude, batez ere estatuak berretsi ez duelako LANEren 169. hitzarmenean sartu ezin den gehiengo hura. Herri indigenen eskubideetan parametro berriak ezartzen ditu: eskubideon —autodeterminazioa, lurraldea eta kultura— ardatza sendotu eta horiek bermatzeko mekanismoak sustatzen ditu, aurretiazko adostasun aske eta informaturako eskubideari lehen zituenak baino argitasun eta hedadura handiagoa emanez.

Duintasuna, justizia eta eskubideak

Araugintzan aurrera egin ahala, herri indigenak eskubide-urratzeak judizializatzen hasi ziren, beren eskubideak defendatu eta bermatzeko estrategia moduan. Judizializatze hori estatuen jarrera salatzera mugatu zen hasieran, baina, denborarekin, zuzenbideko zirriztu urriez baliatuz, enpresetan eragitera ere iritsi da. Bide horretatik, aurrerapauso handiak eman dira, arautegietan aitortutako eskubideak sendotzeko eta zigorgabetasun-eremuak murrizteko. Enpresak, bestalde, indarkeria eta eskubide-urratzeen historietan bigarren mailako aktore izatetik, estatuekin batera erantzule izatera eta ekintzen ardura beren gain hartzera pasatu dira. Judizializazio-prozesuei eskerrak, finkatu egin dira eskubide kolektiboak, autonomia- eta autogobernu-eskubideak eta lurralde-eskubideak, eta urritu enpresentzako zigorgabetasun-eremuak. Dagoeneko badira kasu ospetsu batzuk, adibidez: ogoni herriarena (Shellen kontra) eta Ekuadorreko Amazonia defendatzeko frontearena (Texacoren aurka). Horietan, egindakoaren erantzukizuna zuzenean onartu behar izan dute enpresek edo zuzeneko kondena jaso dute giza eskubideak urratzeagatik.

Judizializazioaren bideak kontrapuntu interesgarria eskaintzen du giza eskubideak eta SEKTORE PRIBATUA uztartzeko ezarritako nazioarteko esparru berrien aurrean. NAZIO BATUetatik ari dira bultzatzen, enpresari eta giza eskubideei buruz NBEko idazkari nagusiaren ordezkari berezi izan zen John Ruggieren lanean oinarrituta. NAZIO BATUek SEKTORE PRIBATUrako politiken oinarritzat erabili nahi duten «Babestu, Errespetatu, Erremediatu» kontsignak ez du, hasieran behintzat —eta azkenaldiko historia ikusita—, herri indigenen eskubideak bermatzeko aproposena ematen, izan ere, gai polemiko bat azpimarratzen du behin eta berriro: enpresek autorregulazio-esparruen menpe jartzeko duten borondatea. Zoritxarrez, enpresa kontziente eta sentibera gutxi dago (gehienek errentagarritasunetik gertuago dauden planteamenduak hartzen dituzte gidatzat), eta, halako korporazioen aurrean, judizializazioa aukera bakarra izan daiteke nolabaiteko arrakasta lortzeko. Gutxi haiekin ikus dezagun “Ruggieren printzipioek” balio duten eta herri indigenek beren eskubideak errespetaraztea eta bermatzea lortzen duten, nahiz eta konpainiok haien lurraldeetan jardun nahi izan edo jarduten ari diren. Oreka zaila da, inondik ere. Enpresen autorregulazio-esparruak sekula ez dira enpresei herri indigenen eskubideak betearazteko bezalako eraginkorrak izan, eta, jakina, ezin da aurreko hamarraldietan ezer gertatu izan ez balitz moduan abiatu, eragileen fede onarekin fidatuz. Bizkitartean, herri indigenen giza eskubideak sistematikoki urratzen dira oraindik, izan badirela eta eskubideak dituztela ezkutarazten saiatzen diren itun eta akordio publiko-pribatuen aitzakiapean.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ANAYA J. (2012): “Informe del Relator Especial sobre los Derechos de los Pueblos Indígenas”, A/HRC/21/47, Naciones Unidas, 6 de julio.
  • BERRAONDO, M. (coord.) (2006): Pueblos indígenas y derechos humanos, Universidad de Deusto, Bilbao.
  • BERRAONDO, M. Y ROMERO, A. (2012): Pueblos indígenas frente a empresas que operan en competencia por los recursos: buscando formas de coexistencia, Ecodes, Zaragoza.
  • CHARTERS, C. Y STAVENHAGEN, R. (2010): El desafio de la Declaración. Historia y futuro de la declaración de la ONU sobre los pueblos indígenas, IWGIA, Copenhague.