Militarizazioa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Gobernu batzuek parekatu egiten dituzte interes publikoa eta ENPRESA TRANSNAZIONALena, hainbesteraino ezen estatuaren sistema errepresiogilea erabiltzera hel daitezkeen, gizarteak multinazional baten aurka egiten duenean bortizkeria erabiliz erasotzeko. Lurraldeak, azpiegiturak eta ustiapenak militartzea logika horren ondorio da, bai eta salaketa-ekintza publikoak polizia bidez erreprimitzea eta gizarteko buruak kriminalizatzea ere. Paramilitarismoaren jarduera ere multzo berean sar dezakegu; izan ere, estatuarekin elkar harturik (Kolonbian, Guatemalan eta Mexikon, esaterako), indarkeriaz zapaltzen ditu gizarte-erakundeak.

Militartzea hauxe da: interes estrategikoengatik, hala baliabide naturalengatik —petrolioa, gasa, mineralak, ura...— edo bide-, energia-, komunikazio-azpiegiturengatik, garrantzitsua den lurralde bat armadaren edo poliziaren bidez kontrolatzea. Baliabide horiek ustiatzea eta azpiegiturok eraikitzea, sarri askotan, ENPRESA TRANSNAZIONALen esku egoten da. Konpainia horiek beste herrialdeotako baliabideak inolako oztoporik gabe ustiatzen dituztela bermatze aldera, jatorrizko herrialdeko kontingente militarrak zonalde horietara bidaltzera iristen dira estatuak. Estatu Batuek, Frantziak eta Erresuma Batuak Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako eskualde estrategikoetan dituzten base militarrak dira erakuslerik garbiena.

Korporazio transnazionalak oso presente egon dira, XX. eta XXI. mendeetan zehar baliabide naturalak (hidrokarburoak, bereziki) kontrolatzearren sortu diren gatazka belikoetan. Horixe gertatu zen Boliviaren eta Paraguayren arteko gudan (1932-1935). Gas eta petrolio ugari dituen Chaco eskualdea zen helburua, eta bi transnazionalen interesak zeuden lehian: Standard Oil Companyrenak (gaur egungo Chevron-Texaco eta ExxonMobil konpainienak) eta Royal Dutch Shellenak. Angolaren kasua ere aipagarria da. Bertan, Human Rights Watch erakundearen arabera, BP, ExxonMobil eta Total petrolio-multinazionalen mozkinekin armak erosten ziren, gerra zibil bete-betean (1975-2002). Ezin ahaztu, halaber, Ekialde Ertaineko gerrak, hala “Golkoko gerra” (1990-1991) nola Irakeko okupazioa (2003tik gaur artekoa), AEBk munduko petrolio-erreserbarik handienak dituen zonalde hori kontrolatzeko bultzatutakoak.

Armada transnazionalen interesen zerbitzura

Nazioko edo nazioarteko istiluetara iritsi gabe, atzerriko inbertsio estrategikoak dauden lurraldeak militartzen ari dira gero eta gehiago, eta, hori, jakina, gizarte-bizitzara eta politikara ere hedatzen da. “Negozioen segurtasuna” da argudioa. Horrela, bada, inbertsio askok eta askok lurraldean narriadura handiak, herritarrak kanporatzea, tokiko ekonomia suntsitzea eta gizarte- eta lan-eskubideak urratzea eragin arren, bertako jendeak eta gizarte-erakundeek transnazionalen jardueren aurka ekiten dituzten jarduerak erreprimitu egiten dituzte kontrol militarraren bidez, eta, horrela, enpresa-interesei zuzendutako mehatxu oro saihestu egiten da. Nahiz eta horretarako bortizkeria erabili behar izan sistematikoki eta, muturreko kasu batzuetan, lurralde batzuk jendez hustera iritsi. Horrenbestez, inguru militartu horietan giza eskubideak urratzen dira: herritar zibilen artean hildakoak egoteaz gain, inbertsioa hartzen duen herrialdearen subiranotasunean kalte larriak sortzen dira.

Hauek ditugu errealitate horren erakusleetako batzuk: petrolio-enpresek (Shellek, adibidez) Nigerreko (Nigeriako) deltan sortutako gatazkak; Ekuadorreko eremu hidrokarburiferoak militartzea, armada ekuadortarraren Petrolio Segurtasunerako Talde Bereziaren bidez; eta meatzaritzako transnazionalek Latinoamerika osoan, Newmont korporazio estatubatuarrak Cajamarkan (Perun), Suitzako Holcim zementu-fabrikak San Juan Sacatepéquezen (Guatemalan), Vale multinazional brasildarrak Rio de Janeiron (Bralisen) eta Xstrata eta Goldcorp meatzaritza-enpresek La Alumbreran (Argentinan) sortutako gatazkak.

Kolonbia konplexutasun bereziko kasua dugu: berrogeita hamar urtetik gora daramatza barneko gatazka armatuarekin. Gatazka horren ondorioz, egiturazko indarkeria-testuinguru bat sortu da, eta, bertan, ENPRESA TRANSNAZIONALAk tartean izan dira, zuzenean edo zeharka. Gizarteak konpainia horien aurka abiatutako edozein ekintza kriminalizatzeko, Kolonbiako armadaren nahiz poliziaren jarduera erabiltzen dute edo, bestela, talde paramilitarrekin egiten dute zuzenean bat. Edonola ere, etengabe giza eskubideak urratzea da emaitza, eta aktibista indigena eta jatorri afrikarrekoak, giza eskubideen defendatzaileak, eta buru sindikalak kriminalizatu, jazarri eta are erailtzea ere. 2011n, Kolonbia izan zen sindikalista erail gehien egon zen munduko herrialdea.

Militartzea ez da armadaren presentzia hutsez moldatzen; militarren premia ez ezik, gizarte-oposizioa kriminalizatzea ere justifikatzen duten legeen bidez ere eraikitzen da. Horra hor terrorismoaren aurkako legeak eman eta mantentzearen arrazoia. Horren guztiaren ondorioz, Ana Esther Ceceñak dionez, «egoera paradoxiko bat sortzen da, etengabe salbuespen-egoeran dagoen estatuarenaren parekoa, non herritar guztiak zorrozki zelatatzen dituzten, guztiak susmagarri direlako, nahiz eta oraindik zergatik ere jakin ez». Horrela, beldurraren kultura irakasten da, gizarte-oposizioari aurre egiteko modu gisa. Horren adibide dugu, gaur egun, Txileko estatuak Pinocheten diktaduran onetsi ziren terrorismoaren aurkako legeei ematen dien erabilpena: herri maputxeetako buruei aplikatzen die. Kriminalizazio horren bidez, eutsi egin nahi zaio erakunde indigena horiek besteak beste Bio Bio eskualdeko Ralco presa hidroelektrikoa (Endesa multinazionalarena) eraikitzearen aurka emandako erantzun gogorrari.

Paramilitarismoa eta enpresen interesak

Kolonbian, Guatemalan eta Mexikon kasu, zenbait lurralde eta bertako bizilagunak legetik at diharduten talde paramilitarrek kontrolatzen dituzte. Hasiera batean, paramilitarismoa AEBk bultzatu zuen horietako herrialde batzuetan, Gerra Hotzaren garaian nekazariek gerrilla marxistei aurre egin ziezaien. Laurogeita hamarreko hamarraldian, baina, lur-jabeen eta industriako enpresarien interes ekonomikoei jarraiki hasi ziren esku hartzen, eta legez kanpoko beste negozio batzuetan ere sartu ziren: narkotikoen trafikoan edo emigrazio-ibilbideak kontrolatzen, adibidez. Erakunde armatu horiek, bortxakeria handiz jardunez, gizateriaren aurkako delituak egiten dituzte, gehientsuenetan. Horretarako, armadarekin elkar hartuta egoten dira sarritan, biek helburu bera dute eta. Militarrek, errepresio-prozesu gogorren bidez, giza eskubideak urratzen dituzte. Talde paramilitarrek, bestalde, bereizketarik gabeko izua erabiltzen dute, lurraldea eta herritarrak kontrolatzeko. Zeregin hori armadak egin beharko balu, deslegitimazio-arrisku handia izango luke.

Paramilitarismoak politikarako eta gizarterako eredu berria (autoritarioa, lurraren eta kapitalaren jabetza kontzentratuan oinarritua) inposatu du, eta, kasu batzuetan, eskualdean edo nazioan estatua ordezkatzera edo bortxatzera ere iritsi da. Ondorioz, zenbait kasutan, “paraestatua” esan diezaiokeguna sortu da, eta gai politiko eta militarretan lurraldea kontrolatzera heltzen da.

Ez dira gutxi ere Latinoamerikan paramilitarismoaren eta konpainia multinazionalen artean erlazioa egon daitekeela erakusten duten adibideak: Kolonbian, urrunago joan gabe, ENPRESA TRANSNAZIONALen eta talde paramilitarren arteko loturaren hainbat kasu frogatu dira; horien artean, itunak egin izan dira, diru edo arma truke lurraldeak “aseguratzeko”. Horixe izan da Chiquita Brands eta Drummond enpresen kasua. Lehena, AEBko Columbia barrutiko epaitegiak errunduntzat jo du, erakunde terroristekin negozioak egiteagatik, bereziki Kolonbiako Autodefentsa Batuetako paramilitarrei 1,7 milioi dolar emateagatik, eta, bigarrena (Ipar Amerikako meatzaritzako enpresa transnazionala) hainbat prozesu judizialetan sartuta dago, paramilitarismora jotzeagatik, lider sindikalak hiltzeko eta tokiko komunitateei beraien lurrak kentzeko. Beste enpresa batzuek, ostera, gurago izan dute biktimekin ados jarri, demanda judizialak saihestu eta, horrela, beren ospe korporatiboari kalterik ez egitea.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CECEÑA, A.E. (2011): “Los peligros de la militarización en América Latina”, La Jiribilla, año X.
  • GANDARILLAS, M.; TAHBUB, M. Y RODRÍGUEZ, G. (2008): La nacionalización de los hidrocarburos en Bolivia. La lucha de un pueblos por sus recursos naturales, Icaria, Barcelona.
  • GIORDANO, E. (2002): Las guerras del petróleo, Icaria, Barcelona.
  • MONDRAGÓN, H. (2007): “Los gamonales en armas (o el fascismo criollo)”, ALAI-América Latina en Movimiento, 19 de abril.
  • RAMIRO, P.; GONZÁLEZ, E. Y PULIDO, A. (2007): La energía que apaga Colombia. Los impactos de las inversiones de Repsol y Unión Fenosa, Icaria, Barcelona.
  • TRIBUNAL PERMANENTE DE LOS PUEBLOS (2008): Empresas transnacionales y derechos de los pueblos en Colombia, 2006-2008, sesión final del TPP–Capítulo Colombia, Bogotá, 21-23 de julio.