Herrien auzitegi iraunkorra
Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]
Herrien Auzitegi Iraunkorra nazioarteko auzitegi etikoa da, gobernuz kanpokoa, erakunde ofizialen aldetik erantzunik jaso ez duten gizateriaren oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoak antzematea eta ezagutzera ematea xede duena. Konpainia multinazionalen kasua paradigmatikoa da: eskubideak urratzen dituzte ordainean zigorrik jaso gabe, eta aldi berean, enpresa horien ekintzek kaltetutakoentzako justizia bilatzeko tresna bilakatu da Herrien Auzitegi Iraunkorra.
Jatorria eta historia
Herrien Auzitegi Iraunkorra (HAI) Russell Auzitegien jarraipena da. Auzitegi horiek ere etikoak ziren, eta Estatu Batuek Vietnamen eragindako gizateriaren aurkako krimenak (1966-1967) eta Latinoamerikako diktaduretan izan zirenak (1974-1976) epaitu zituzten. HAIren sorrera, hain zuzen, ordezkari latinoamerikarrek bideratutako gizarte-eskaria izan zen, herriek topagunea eta oinarrizko eskubideen urraketak aurkezteko gune iraunkorra behar zutela aldarrikatu baitzuten. Lelio Basso Herrien Eskubideen eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Fundazioak eskaria jaso eta auzitegia eratu zuen Bolognan 1979an.
HAIren jarduera Herrien Eskubideen Adierazpen Unibertsalean (Aljerreko Adierazpena, 1976) jasota dauden printzipioetan oinarrituta dago, eta herrien eskubideak urratzea dakarten zio historiko, politiko eta ekonomikoak aztertzen ditu. Horrela, egin beharreko azterketak burutu eta lekukoen esatekoak entzun ondoren, epaimahaiak —Lelio Basso Fundazioko kontseiluak izendatutako kideez osatuta dagoenak— epaia ematen du, izaera juridikoa duena, salatutako urraketen erantzule diren eragileen aurka. HAI eta ildo bereko iritzi-auzitegiek aldarrikatzen dute estatuak ez direla arauen benetako ordezkari eta interprete bakarrak, ez dagokiela beraiei bakarrik arauok abian jartzea eta betearaztea. Ideia hori bera nabarmendu zuen Lelio Bassik, eta ondorioztatu zuen «kontzientzia publikoaren beharra eskubide-iturri izatera iritsi» daitekeela.
HAIk hogeita hamar saio baino gehiago antolatu ditu, eta bertan jorratu dituen gaiak ez zeuden aurretik finkatuta, gizarteko, sindikatuetako eta politikako mugimenduek eta erakundeek egindako eskariak hartu baititu kontuan. Horrenbestez, herrialde askotan oinarrizko eskubideen alde egin diren herri-borroketan lagundu du auzitegiak, eta sinbolikoki epaitu ditu NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEAK, hala nola, Munduko Bankua edota Nazioarteko Diru Funtsa, eta baita ere genozidio-egoerak, autodeterminazio-ukazioa, atzerriko inbasioak eta ingurumena suntsitzea, esaterako.
Transnazionalak akusatuen aulkian
Korporazio multinazionalak hedatuz joan diren heinean giza eskubideak urratu dira eta ingurumena degradatu da, batez ere Hegoaldeko herrialdeetan. Ondorioz, hainbat saiotan epaitu dituzte enpresa horiek —adibidez, “Bhopaleko hondamendia eta arduragabekeria korporatiboa” (Bhopal, 1991 eta Londres, 1994); “NDFren eta Munduko Bankuaren politikak" (Berlin, 1988 eta Madril, 1994); “Korporazio transnazionalak ehungintzaren, jantzien eta kiroletako arroparen industrietan, eta lan-eskubideetan eta ingurumenean duten eragina” (Brusela, 1998)—. Multinazionalak epaitzeko HAIren saioetako asko Latinoamerikan egin dira. Kolonbian, esaterako, bi dozenatik gora ENPRESA TRANSNAZIONAL epaitu zituzten 2006tik 2008ra, horien artean Repsol, Coca-Cola, BP, Anglogold, Drummond, Nestlé eta Aguas de Barcelona, euren ekintzekin ingurumenari, HERRI INDIGENEI eta giza eskubideei eragindako kalteengatik. Era berean, 2007an saio oso bat egin zen Nikaraguan Espainiako Unión Fenosa enpresaren jarduna epaitzeko. Azken sententzian jaso zenez, «transnazionalak esparru juridiko instituzionala, konstituzionala eta nazioarteko araudia urratu ditu berarekin aritu diren eragile nazionalekin batera, eta azken horiek ere erantzule dira».
Ildo berekoak dira kontinente mailan egindako hiru audientzia ere, Europar Batasuneko, Latinoamerikako eta Karibeko lehendakariek eta estatuburuek Vienan (2006), Liman (2008) eta Madrilen (2010) izan zituzten goi-bileren parean egin zirenak. Audientziok “Enlazando Alternativas” sareak antolatu zituen, Latinoamerikako eta Europako gizarte, sindikatu, ingurumen, indigena eta emakume arloetako erakundeak biltzen dituenak. Horietan guztietan, politika neoliberalek eta Europako transnazionalek Latinoamerikan izan duten eragina aztertu zuten, eta dozenaka lekukok eta adituk azaldu zuten auzitegiaren aurrean korporazio handiak eskualdean nola sartu ziren eta zein ondorio eragin zituzten tokiko biztanlerian eta ekosistemetan.
Bestelako justizia-tresna
Latinoamerikan diharduten Europako ENPRESA TRANSNAZIONALEI buruz HAIren saioetara eramandako kasuetan ikusi denez, sorrarazitako gizarte- eta ingurumen-inpaktuen izaera egiturazkoa da, hau da, giza eskubideen urraketa sistematikoa egungo eredu ekonomiko neoliberalaren logikaren ondorio da. Madrilen egindako HAIren irizpenean adierazten denez, kasu horiek guztiak «kontuan hartu behar dira ez bakarrik bakoitzaren berezko osagaiengatik, baita ere ekintzen izaera sistematikoa ezaugarri duen egoera erakusten dutelako».
Era berean, Herrien Auzitegiari esker agerian gelditu da Europar Batasuneko gobernuek eta Latinoamerikako gehienek sortutako politikak eta legeak baliagarriak direla ENPRESA TRANSNAZIONALEN interesentzat, giza eskubideei buruzko hitzarmenak ez betetzea badakarte ere. Gainera, mota horretako irizpen sinbolikoak presio politikorako eta juridikorako tresna bilaka daitezke kalteak onartu eta ENPRESA TRANSNAZIONALAK kontrolatzeko neurriak abian jartze aldera, kaltetutako komunitateak babesteko xedearekin. Ildo horretan, aurrerapausoak eman dira multinazionalak modu eraginkorrean kontrolatzea ahalbideratuko duen bestelako araudia finkatzeko, borondatezko mekanismoetatik eta GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOTIK haratago joango dena.
Giza eskubideen era guztietako urraketak pairatu dituzten herrialdeetako ordezkarientzat HAI euren eskariak adierazteko gunea baino gehiago da, izan ere, justizia-eragile bilakatu baitira. Ez dituzte sari ekonomikoak helburu, baizik eta duintasuna berreskuratzea eta egia, justizia eta ordaina onartuak izatea.
BIBLIOGRAFIA:
- GONZÁLEZ, E. Y RAMIRO, P. (2012): “Resistir a las transnacionales. Los movimientos sociales frente a las grandes corporaciones en Europa y América Latina”, en DE LA FUENTE, M. Y HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (eds.), Acción sindical transnacional, Hegoa, Universidad del País Vasco, Bilbao.
- RAMIRO, P. Y CARRIÓN, J. (2010): “Las relaciones Unión Europea-América Latina: De la cumbre oficial a la cumbre de los pueblos”, Boletín de recursos de información, nº 23, Centro de Documentación de Hegoa.
- TOGNONI, G. (2008): “La storia del Tribunale Permanente dei Popoli”, en BIMBI, L. Y TOGNONI, G., Speranze e inquietudini di ieri e di oggi. I trent’anni della Dichiarazione Universale del Diritto dei Popoli, Epup, Roma.
- TRIBUNAL PERMANENTE DE LOS PUEBLOS (2010): “La Unión Europea y las empresas transnacionales en América Latina : Políticas, instrumentos y actores cómplices de las violaciones de los derechos de los pueblos”, Sesión deliberante, Madrid, 14-17 de mayo.