Sindikatu globala
Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]
Aurrez zehaztutako arloetan erabakitzeko eta hedadura globaleko, eraginkortasun orokorreko eta zuzeneko aplikazioko akordioak negoziatzeko ahalmen osoa duen erakundea da sindikatu globala. Horretarako, osatzen duten taldeek berariazko hitzarmen kontzientea sinatu behar dute eta beheragoko instantziek botereak eskuordetu behar dituzte. Sindikatu globala izateko, ez da nahikoa bere buruari kalifikazio hori ematen dion egitura sortzea; horixe da egungo nazioz gaindiko eta nazioarteko organo sindikalen kasua.
Erakunde gisa gaur egun ez dago sindikatu globalik, globalizazio-prozesua ekarri duen testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialean kontrabotereko erakunde moduan jarduteko ahala eta erabakimena duenik. Erakunde globalaren izaera ez ezik, ekintza sindikalerako kontzientzia globala ere izan behar du sindikatu horrek, nahitaez. Funtsezko osagaiei dagokienez, baina, helburu hori ez da oraindik lortu.
Enpresa multinazionalek beren ekoizpen- eta banaketa-kateen bidez munduko laneskuaren % 50 hartzen dutenez, munduko langileen baterako interesak zehaztu behar ditu, aurrena, sindikatu globalak. Nazioz gaindiko gizarte-klase edo talde moduan hartu behar ditu, eta, Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeen artean dauden aldeak baztertuz, nazioarteko lankidetza eta gizarte-eskubideen arteko mendekotasuna lehenetsi behar ditu. Sindikatu globalak denon interesa ulertu eta barneratu behar du, aurrena, nazioarteko lankidetzan hasi aurretik. Horregatik da hain zaila benetako sindikatu globalak eraikitzea.
Nazioartean eta nazioz gaindi antolatutako sindikalismoaren egungo egiturak ez dira oraindik gauza izan, denon interesak mundu osora hedatzeko; hori lortuz gero, sindikatu globalaren izaera hartuko lukete. Hainbat herrialde edo eskualdetako langileen interes bereziak koordinatzera mugatzen dira erakundeok. Benetako sindikatu globalik ez badago, nazioarteko arauak (LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEAren hitzarmenak, besteak beste) ez betetzeari zuzenean eta eraginkortasunez aurre egiteko gai den mundu osorako ordenamendu juridikorik ez dagoelako da, hein handian.
Nazioarteko eta nazioz gaindiko erakunde sindikalak
Indarreko nazioz gaindiko egitura sindikalak koordinazio-organoak dira funtsean, ez zuzendaritzakoak, eta eskualde-kuotetan oinarrituz osatzen dira. Gaur egun, Nazioarteko Konfederazio Sindikala (NKS) da halako erakunde esanguratsuena. Vienan sortu zen, 2006ko azaroaren 1ean, urte horretako urriaren 31n egin ziren biltzarretan deuseztatutako nazioarteko bi zentral sindikal —Erakunde Sindikal Askeen Nazioarteko Konfederazioa (ESANK) eta Munduko Lan Konfederazioa (MLK)— oinarritzat hartuta. NKSk, egoitza Bruselan izaki, aurretik ESANK eta MLK erakundeetan afiliatutako organizazio guztiak biltzen ditu, bai eta lehen aldiz munduko erakunde sindikal batean sartu diren beste federazio sindikal batzuk ere. NKSk 154 herrialdetako 307 zentral sindikal baino gehiagotan afiliatutako 160 milioi langile ordezkatzen ditu. Langileen eskubideak sustatu eta defendatzea izaki haren zeregin nagusia, sindikatuen arteko nazioarteko lankidetza, kanpaina globalak eta munduko erakundeekiko zuzeneko harremanak bultzatzen ditu.
Bestalde, 1945eko urriaren 3an Parisen eratu zen Munduko Federazio Sindikalak (MFSk) LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEA fundatu zuen. Klaseko nazioarteko erakunde demokratikoa da MFS, eta soldatapeko guztiei laguntzeko sortu zen, langile guztien eskubide eta errebindikazio independenteen bidez herrialde guztietako sindikatuen ekintza bultzatzen du eta lankidetza eta elkartasuna garatzen eta koordinatzen ditu. Hasiera batean, klaseko sasoiko erakunde sindikal nagusiak biltzea lortu zuen, eta munduko langileen lehen erakunde handia bihurtu zen. Gaur egun, bost kontinenteetako 110etik gora herrialdetako 125 sindikatu estatalek osatzen dute MFS, eta, orotara, 100 milioi inguru soldatapeko daude afiliatuta. Gainera, nazioarteko erakunde batera ere atxikita egon gabe beren afiliatuen errebindikazioak lortzeko borrokatzen diren Afrikako, Asiako, Amerikako eta Europako beste sindikatu batzuekin batera ere jarduten du MFSk.
Europara etorrita, Europako Sindikatuen Konfederazioa (ESK) da langileen interesak defendatu eta sustatzeko eta haiek Europako Batasuneko erakundeen aurrean ordezkatzeko nazioz gaindiko erakunde sindikalik garrantzitsuena; 1973an eratu zen. ESKren baitan, Europako 36 herrialdetako konfederazio sindikal nazionaletako 83 kidez gain, Europako beste 12 federazio industrial (guztira 60 milioi kidekoak) eta Bosnia eta Hertzegovinako, Mazedoniako eta Serbiako behaketa-erakundeak ere badaude. Bestalde, mugaz haraindiko lankidetza sindikala antolatzen duten eskualde arteko 44 kontseilu sindikalen jarduera ere koordinatzen du ESK-k.
Nazioz gaindiko negoziazioa
Egun, munduko eskualdeetako desberdintasuna eta lan-baldintzen arteko aldeak dira bereizgarririk argiena. Testuinguru horretan, indarreko nazioarteko egitura sindikalek ez dute lortu enpresa multinazionalarekiko nazioz gaindiko etengabeko negoziazio kolektiboa sustatzerik, lanaren oinarrizko eskubideak errespetatzea erreferentziatzat harturik, hitzartutakoa mundu osoan betetzen dela bermatzeko. Esparru juridiko globalik eza da oztoporik handiena. Gainera, nazioek sistema juridiko desberdinak dituzte; negoziazio kolektiborako ereduak ere oso ezberdinak dira, eraginkortasunari eta titulartasunari dagokienez.
Nazioz gaindiko esparruan, baina, negoziatu da zerbait: ehun bat nazioarteko esparru-akordio edo NEA (global), nazioarteko federazio sindikal baten (orain sindikatu global deritzenetako baten) eta konpainia multinazional baten artean. Hauek dira asmoak: bi aldeen artean harreman iraunkorra finkatzea eta enpresak (zuzenean edo filialen, kontratisten nahiz hornitzaileen bidez jarduten duen herrialde guztietan) lanerako arau edo gutxieneko estandar berak (LANEk zehaztutakoak, bereziki) errespetatzen dituela bermatzea. 2012an, 94 ENPRESA TRANSNAZIONALek zuten izenpetuta halako NEA bat, horien artean, Telefónicak, Inditexek eta Endesak. NEA horietan, transnazionalaren jatorriko herrialdeko adarreko sindikatuek ere hartzen dute parte, sindikatu “global”arekin batera. Hornidura-kate guztietan eta tokiko enpresetan esparru-akordio globala betearaztea ez da gauza erraza. Izan ere, nazioartean ez dago akordioa nahitaezko bihurtzeko eta bete ezean ondorio juridikoak (zehapenak) ezartzeko moduko tresna juridiko eraginkorrik. Hortaz, NEA “inposatzea” ” sindikatuen ahaleginaren eta presioaren menpe egoten da sarritan.
BIBLIOGRAFIA:
- BAYLOS, A. (2009): “Un instrumento de regulación: Empresas transnacionales y acuerdos marco globales”, Cuadernos de Relaciones Laborales, vol. 27, nº 1.
- BENITO, R. (coord.) (2012): Un sindicalismo para el futuro. Reflexiones sobre el trabajo y el cambio social, Fundación 1º de Mayo, Madrid.
- BOIX, I. (2007): “¿Es necesario el sindicato ‘global’?”, Gaceta sindical: reflexión y debate, nº 8.
- PENCAVEL, J.H. (2008): “Una mirada internacional al sindicalismo”, Estudios públicos, nº 110.
- TRENTIN, B. (1999): “Por una nueva solidaridad, redescubrir los derechos y volver a definir el sindicato”, Economía y sociología del trabajo, nº 10.