Internazionalizazioa
Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]
Espainiako enpresa eta banku nagusiei internazionalizatzeak ekarri dizkie mozkinik gehienak, batez ere garatzeko bidean dauden eta merkatu berriak eskaintzen dituzten herrialdeetako negozioei esker. Espainiako gobernuak aktiboki sustatu du internazionalizazioa, eta tresna ugari diseinatu ditu helburu hori diru publikoen bidez laguntzeko, besteak beste: Enpresa Internazionalizatzeko Fondoa (EIF), esportaziorako kreditu-aseguruak estatuaren kontura, Kreditu Ofizialeko Institutuaren (KOIren) finantzaketa korporatiboa eta Compañía Española de Financiación del Desarrollo, SA (COFIDES).
Internazionalizazioaren aldeko politika justifikatzeko, Espainiako ekonomiarako eta, funtsean, lanpostuak sortzeko dituen ustezko onurak aipatzen dira. Dena den, ez dago argi Espainiako enpresak atzerriratzeak DESLOKALIZAZIOA eta bertako lanpostuak galtzea eragiten ez duenik, kostu txikiagoko laneskua bilatzearen ondorioz.
Enpresa espainiarrei nazioartean zabaltzen laguntzeko tresna publiko mordoa badago ere, gardentasuna eta partaidetza publikoa sustatzeko nahikoa mekanismo ez dago. Sarritan, herritarrek arazoak izaten dituzte finantzatutako proiektuei eta horiek gizartean eta ingurumenean dituzten inpaktuei buruzko informazioa lortzeko. Esportaziorako Kreditu Aseguruen Espainiako Konpainiaren (CESCEren) kasuan, atzerriko zorra sortzea ez ezik, giza eskubideak, HERRI INDIGENen eskubideak eta ingurumena kaltetzen dituzten inbertsioak finantzatzen parte hartzea ere leporatu izan dio, aspalditik, sozietate zibilak. Informazioa (mugatua bada ere) eskuragarri duten proiektu bermatu bakarrak “A eta B kategoria” eman zaienak dira, ingurumen-inpaktu handikoak, alegia. Halere, atzerriko inbertsio eta proiektuak publikoki laguntzea onetsi aurretik, orain artean ez da ikerkuntza zorrotzik —landa-lan eta guzti— egin, ezta jarraipenik ere, finantzaketa onetsi ostean. Proiektuak urrunetik ebaluatzen dira, enpresa sustatzaileek eurek eskatutako ingurumen-inpaktuaren azterlanetan oinarrituz. Ukitutako biztanleei (Hegoaldeko herrialdeetakoei, batik bat) kontsultarik egin zaienik ere ez dago jasota. Aitzitik, inbertsio espainiar orok, berez, herrialde horiei garatzen laguntzen diela uste da.
Enpresa Internazionalizatzeko Fondoa
Enpresari internazionalizatzen laguntzeko hartu den neurri garrantzitsuenetako bat Enpresa Internazionalizatzeko Fondoa da, enpresa espainiar pribatuen inbertsio-proiektuak finantzatzen baititu. Haren aurrerakinak Zorraren Kudeaketa Arautzeko 38/2006 Legean daude, eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren Merkataritzako eta Inbertsioko Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen du. 2010ean, deuseztatu egin zen Garapenerako Laguntza Fondoa (GLF). Une horretara arte, enpresa espainiarren ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko kredituak ematen zituen, eta, horrela, nazioartean zabaltzen laguntzen zien. Gainera, LANKIDETZA FINANTZARIOAren erreminta nagusia zen. Haren ordez, Garapena Sustatzeko Fondoa (FONPRODE), laguntza loturako krediturik aintzat hartzen ez duena eta garapenaren laguntza ofizialaren barruan dagoena, eta Enpresa Internazionalizatzeko Fondoa (EIF) sortu zituzten.
Azken hori enpresa espainiarrari internazionalizatzen laguntzeko diseinatu zen, eta Espainiako enpresa egoiliarrei; Espainiako enpresa egoiliarrek kontrolatutako filial, sukurtsal edo partaidetu ez-egoiliarrei; eta konpainia espainiarren baten partaidetza duten enpresa-partzuergoei kredituak ematea du helburu. Oro har, Iparraldeko nahiz Hegoaldeko herrialdeetako korporazio publiko zein pribatuetako enpresa, elkarte eta partzuergoei ematen zaizkie kredituak; baina, kreditu-eragiketak bermatu egin beharko dituzte beti.
EIF elikatzeko, Estatuko aurrekontu orokorren legeetan esleitzen diren zuzkidurak erabiltzen dira. Zuzkidura horri, baina, emandako mailegu eta kredituen kostu bidezko errenboltso edo lagapenetatik datozen baliabideak gehitu behar zaizkio, bai eta finantza-aktibo horiek gauzatzearen ondorioz sortutako eta kobratutako komisio eta interesetatik etorritako fluxu ekonomikoak ere. 2011ko urtean, 316 milioi eurokoa izan zen EIFrako zuzkidura. Fondo horretara bideratzen den aurrekontu publikoa gorabehera, ez du gardentasun-mekanismo berezirik, ezta informaziora heltzeko, fondoak kontrolatzeko, sozietate zibilak eta ukitutako inguruek parte hartzeko, inpaktuak neurtzeko eta legezko zehapen-mekanismoen bidez kontuak emateko ere.
Deigarria da zelako proportzionaltasun eza dagoen, estatu espainiarrean osasun publikoan, hezkuntzan eta lankidetzan egindako murrizketen eta lan-erreformen, eta enpresa espainiarrari internazionalizatzen laguntzeko erabiltzen diren fondoen artean. Esate baterako, 2011 eta 2012 artean, EIFn % 17,4ko murrizketa egin da; lankidetzarako aurrekontua, ordea, % 71,2 txikitu du gobernuak, 2012an. Azken kontu-sail horretan egindako murrizketen ondorioak nabarmenak dira, dagoeneko: herrialde pobretuenekiko elkartasun-sistema desegin egin da.
Beste herrialde batzuetako aurrerapena sustatzen? Cabo Verderen kasua
Enpresa espainiarrek Cabo Verden aurkitu dute hedatzeko eta mozkinak bilatzeko lurralde berria, eta EIFk 12,8 milioi euro eman ditu proiektu baterako. San Bizente uhartean, Mindelo portuan, arrantzako produktuak eta gai galkorrak tratatu, izoztu eta kontserbatzeko azpiegitura bat diseinatzea, hornitzea eta eraikitzea du xede. Kreditu hori Malagako Ubago Taldeak jaso dezake, 2008an eskuratu zuen Frescomar kontserba-industriaren bidez baitago uharte horretan. Orain artean, arrantza tradizionala egin izan da, batez ere, Cabo Verden. Baina Frescomarrek hazten jarraitzen du, eta, etorkizunean, arrantza tradizionala ez da nahikoa izango hazkunde horri erantzuteko. Horrenbestez, arrantza tradizionala alde batera utzi eta eskala handiagoko arrantzaren alde egiteko arriskua dago. Horrek ekonomian eta ingurumenean ez ezik, gizartean ere inpaktu larriak izango lituzke, ez baita herrialdeko lan-esplotazioaren gaineko inpaktu-azterketarik egin. Arrisku horri, gainera, inpaktu soziala, ekonomikoa eta ingurumenaren gainekoa erantsi behar zaizkio; izan ere, batetik, Frescomarrek herrialdetik lehengaia hartu eta bertako lanesku merkeenarekin soilik ontziratzen ditu kontserbak eta, bestetik, uhartea eta bertako azpiegiturak berregituratu egingo dira goitik behera.
Ondorioak
Enpresa espainiarra internazionalizatzen laguntzeko fondo publikoak erabiltzean oinarritzen diren mekanismoen ezaugarri nagusia hauxe da: inbertsio espainiarrek Hegoaldeko herrialdeetan batez ere sor ditzaketen inpaktu ekonomiko, sozial eta anbiental negatiboak ez dituzte aintzat hartzen. Inpaktu horiek saihestu egin daitezke, hala estatu espainiarrean nola inbertsioen hartzaileetan herritarrek parte hartzeko eta zaintzeko guneak egonez gero. Gainera, koherentzia falta dago internazionalizazio-politiken eta Espainiako gobernuak giza eskubideak, HERRI INDIGENen eskubideak, eta ingurumena babesteko sinatu eta berretsi dituen itun eta hitzarmenen artean. Esan beharra dago, itun eta hitzarmen horiek Espainiako ekonomiak atzerrian duen erantzukizuna zaintzea exijitu beharko luketela.
BIBLIOGRAFIA:
- LLISTAR, D. (2009): Anticooperación. Interferencias globales Norte-Sur, Icaria, Barcelona.
- LLISTAR, D. Y VARGAS, M. (coords.) (2012): “Las interferencias Unión Europea - América Latina y el Caribe: ¿Asociación birregional o anticooperación?”, Informes ODG, nº 5, Observatorio de la Deuda en la Globalización, Barcelona.
- ORTEGA, M. (2007): ¿Debe el Estado ayudar a las transnacionales españolas? Impactos ambientales y sociales del apoyo público a la internacionalización, Muñoz Moya, Brenes.