OMAL

Megaproiektuen kate osoan eragin beharraz

Maite Asensio Lozano (Berria, 2022ko urriak 5)

Domingo 9 de octubre de 2022

JPEG - 32.1 KB

Gero eta ezagunagoak dira klima larrialdiarekin edo ingurumena hondatzearekin lotutako migrazioak, baina horietako zenbat dira behartutako lekualdatzeak? Horri buruzko hausnarketa bat sustatu nahi du Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak, Deserrotuak kanpainaren bidez. «Enpresa multinazional handien ereduari begiratu behar zaio: bizitza iraunarazteko beharrezkoak diren gaiak erauzten dituzte, eta, hala, jatorrizko komunitateei bizibidea kentzen diete, sarri bortxa erabiliz», azaldu du Raquel Celis Zeharreko kide eta kanpainaren koordinatzaileak. Errealitate hori jorratzeko, Behartutako desplazamenduak, ingurumen degradazioa eta giza eskubideak biltzarra abiatu zuen atzo, Bilbon, eta arreta berezia jarri zieten enpresa handiek sustatzen dituzten egitasmo erraldoiei. «Munduan egoteko moduaren inguruko borroka dakarte megaproiektuek», adierazi zuen Miriam Garcia Torres ikertzaileak.

Hain justu, megaproiektuez jarduteko, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak eta Paz con Dignidad erakundeak eginiko ikerlan bat aurkeztu zuten. Askotariko adibideak bildu dituzte bertan: Kolonbiako Hidroituango eta Hondurasko Agua Zarca egitasmo hidroelektrikoak, Senegalgo zirkonio meatzea, Caceresko (Espainia) litio meatzea edota Caparrosoko (Nafarroa) makroetxaldea.

Izan ere, megaproiektuak gero eta hurbilago daude, Paz con Dignidadeko EAEko koordinatzaile Gonzalo Fernandezen arabera; eta egungo krisiei begira, horiek areagotzeko arriskuaz ohartarazi du: «Kapitalismo berde eta digitala da eliteen diskurtso berria, baliabide gutxiagorekin hazten jarraitzea posible delakoan. Gezurra da, baina horren aterkipean hainbat egitasmo sustatuko dituzte, hemen zein kanpoan». Hidrogenoaren Euskal Korridorea aipatu du: «Guk hemen energia izateko, beste leku batzuetan jasango dituzte inpaktuak».

Egitasmo handi horiek ondorio lazgarriagoak baitituzte herrialde pobretuetan gauzatzen direnean. «Praktika patriarkal eta kolonialistak» hedatzen dituztela berretsi du Garcia Torresek: «Adibidez, ekonomiaren alorrean, nekazarien edota indigenen eremuetan, tokiko ekonomiak berrantolatzea eragiten dute, sarri megaproiektuei lotuta: nekazaritza jardunaren ordez, soldatapeko ekonomiarekiko mendekotasuna areagotzen da. Oro har, megaproiektuei lotutako enplegua maskulinizatuta dago; beraz, emakumeak bizibiderik gabe geratzen dira, eta, gainera, gizonen soldataren menpe».

Indarkeria estrategiak

Arlo politikoan, opakutasuna eta ustelkeria eragin ohi dute, baita hertsatze eta bortizkeria estrategiak ere. «Enplegu promesen bidez saltzen dituzte megaproiektuak, eta hezkuntza edo osasun egitasmoen bidez saiatzen dira tokikoen babesa bereganatzen, baina ez badute lortzen, protestak kriminalizatzera eta indarkeria erabiltzera jotzen dute», esplikatu du Fernandezek. Garcia Torresek gaineratu du andreen aurka molde bereiziak baliatzen dituztela: «Indarkeria sexualaz gain, estigmatizazio gogorra jasaten dute: emakumeei prestigioa kentzeko kanpainetan, haien bizitza pribatua epaitzen dute, etxea abandonatzea egozten diete, emakume maltzurraren iruditeria aktibatzen dute».

Ikerlariaren arabera, megaproiektu horiek «lekualdatze behartuen oinarrian» daude: «Eragiten dituzten inpaktuez harago doaz: eremuak garbitzeko estrategiak dira». Gonzalezek gogora ekarri du «enpresen zigorgabetasuna» sendotu egin dutela nazioarteko merkataritza itunek, eta multinazionalei erraza zaiela «erantzukizunei ihes egitea». Ildo horretan, salatu du enpresa askori nazioarteko jardueretarako diru laguntzak ematen zaizkiela «inolako klausula sozial, ekologiko edo laboralik ezarri gabe».

Megaproiektuei aurre egiteko eta haiek eragindako lekualdatzeak saihesteko, hainbat proposamen egin ditu txostenak: diskurtso alternatiboak garatzea, ikerketa sustatzea, giza eskubideen defendatzaileak babesteko estrategiak bultzatzea... Hala, egitasmook kaltetutako guneetan ez ezik, enpresen sorterrietan ere jardun beharraz mintzatu da Garcia Torres: «Megaproiektuen kate osoan artikulatu behar da aurkakotasuna: finantzatu duten lekuetan, enpresen jatorrizko herrietan edota emaitza kontsumituko duten tokietan».


Ver en línea : Berria, 2022ko urriak 5.