OMAL

Sarrera

Ostirala 2013(e)ko otsailaren 1.a

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]


- Korporazio handien boterea mundu garaikidean
- Diskurtso hegemonikoa kolokan jartzeko beharra
- Hiztegiaren egitura
- Esker onak
- Editoreen oharra. Enpresa transnazionalak edo multinazionalak


Zer dira enpresa transnazionalak? Zer multinazional daude Espainian? Zer da sektore pribatua? Zer dira finantzarizazioa, zuzeneko inbertsio atzerritarrak eta merkatuak? Zer dira arau-asimetria, segurtasun juridikoa eta lurraldez kanpoko betebeharrak? Zer dakarte berekin aliantza publiko-pribatuek, politiken koherentziak eta enpresa- eta finantza-lankidetzak? Nolako eragina dute lobbiek, ate birakariek edo diplomazia ekonomikoak? Korporazio handiek ba al dute zerikusirik soldata- eta genero-desberdintasunekin, zor ekologikoarekin eta eskubide kolektiboen urraketarekin? Zer erresistentzia-prozesu ari dira sortzen konpainia multinazionalen boterearen kontra? Ba al dago beste era bateko ekonomia- eta gizarte-ereduak ezartzeko bidean aurrerapausoak ematen laguntzeko proposamen alternatiborik?

Gure hiztegiaren bidez, horrelako galderei erantzuten saiatu gara, hainbat kontzepturi buruzko argibide zehatzak, ulerterrazak eta didaktikoak emanez. Hiztegian jorratutako kontzeptuak funtsezkoak dira globalizazioaren garaiko eragile nagusietako batzuen, enpresa multinazionalen, funtzionamenduaren nondik norakoak ulertzeko. Konpainia handien hedapena gero eta jarduera-arlo gehiagotan islatzen denez, konpainiek beraiek, pentsamendu-zentroek, negozio-eskolek eta masa-komunikabideek sortutako termino asko jadanik oso ezagunak dira hiritarrentzat. Beraz, konpainia transnazionalek mundu osoan egindako jardueren emaitzei erreparatzea eta, ondoren, diskurtso hegemonikoa aztertzea eta zalantzan jartzea beharrezkoa iruditzen zitzaigun.

Aipatutako ikuspegi kritikoari helduz, unibertsitate, GGKE, sindikatu eta gizarte-mugimenduetako egile batzuek funtsezko hainbat kontzepturen nondik norakoak arakatu dituzte, ekonomiaren, zuzenbidearen, lan-harremanen, nazioarteko politikaren eta garapen-lankidetzaren esparruetan oinarrituz, besteak beste. Guztien helburuak bat datoz: korporazio handien boterearen kontrako erresistentzia-prozesuei aurrera jarraitzen laguntzea, batetik, eta egun nagusi den garapen-ereduaz bestelako alternatibei lotutako proposamenak lantzeko eta gauzatzeko ekarpenak egitea, bestetik.

Gora


Korporazio handien boterea mundu garaikidean

Azken ehun urteotan, kapitalismo globala hedatu eta estatu-nazionek erabaki sozioekonomikoen gaineko subiranotasuna galtzen hasi ahala, enpresa transnazionalak sendo finkatzea eta munduko gero eta txoko gehiagotako bizimoduan eragina izatea lortu dute. Dirudienez, egungo multinazionalen lehen aitzindariak duela hainbat mende sortu ziren. Erdi Aroaren bukaeran, ba omen zeuden horrelako zenbait enpresa, hala nola, Medici sendiaren Bankua eta Indietako Konpainia, baina hizpide ditugun konpainien benetako abiapuntua XIX. mendearen bukaera edo XX.aren hasiera izan zen, General Electric, United Fruit, Ford eta Kodak enpresa estatubatuarrak beren negozioak sorterritik kanpo finkatzeari ekin baitzioten. Denboraren poderioz, korporazio handiek berebiziko garrantzia hartu dute nazioartean, batik bat joan zen mendeko azken hiru hamarkadetan eta XXI. mendearen hasieratik hona, ekonomiaren globalizazioari lotutako prozesuak erruz hedatu eta politika neoliberalak mundu osoan gailendu direlako. Horren guztiaren ondorioz osatu den bilbe politiko, ekonomiko, juridiko eta kultural globala enpresa transnazionalentzat bereziki onuragarria izan da.

Korporazio transnazionalen botere ekonomikoa bistakoa da. Adibidez, munduko enpresarik handiena Wal-Mart da, eta bere urteko salmenta-bolumenak Kolonbiako eta Ekuadorko Barne Produktu Gordinen batura gainditzen du. Era berean, Shell petrolio-konpainiaren diru-sarrerak Arabiar Emirerri Batuen BPGa baino handiagoak dira. Konpainia multinazionalen botere politikoa ere eztabaidaezina da. Gobernarien eta enpresarien arteko loturak oso estuak izan dira beti. Jakinekoa da politikari batzuk enpresa-munduan sartzen direla eta enpresari batzuek kontrako bidea egiten dutela. Adibidez, González, Aznar, Blair eta Schröder presidente ohiei Gas Natural Fenosa, Endesa, JP Morgan Chase eta Gazprom korporazioetan, hurrenez hurren, zuzendaritza-postuak eman dizkiete; aitzitik, Mario Draghik eta Mario Montik Goldman Sachs konpainia utzi zuten Europako Banku Zentraleko eta Italiako gobernuko lehendakari izendatu zituztenean, hurrenez hurren. Gaur egun, enpresa transnazionalek izugarrizko eragina dute gizartean, nola kulturaren eremuan hala arlo juridikoan, besteak beste. Kulturaren eremuari dagokionez, konpainia handiak publizitateaz eta marketin-teknikez baliatzen dira beren komunikazio-gaitasun handia eta kontsumo-gizartea konbentzitzeko ahalmen izugarria are sendoago errotzeko. Arlo juridikoan, hitzarmen-, tratatu- eta akordio-sare trinkoa osatu da multinazionalen kontratuak eta inbertsioak babesteko. Aipatutako sarea Korporazio Zuzenbide Global berria edo lex mercatoria delakoaren oinarria da, eta, horri esker, korporazio handien eskubideak zeharo babesteaz gain, ez dago gizartean, lan-arloan, kulturan eta ingurumenean eragindako ondorioak neurtzeko benetako mekanismorik, ezta aurre egiteko modurik ere.

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik, enpresa transnazionalen boterea asko eta azkar handitu da. Milton Friedmanek eta Chicagoko Eskolak sustatutako ekonomia-neurriak ezarri ondoren, neoliberalismoaren ideologia mundu osoan nagusitu eta finkatu zen, kolpe militarrei, gerrei, natura-hondamendiei eta ondoz ondoko ekonomia-krisiei esker. Arian-arian, “shockaren doktrinaren” araberako erreforma gogorrak ezarri zituzten, hiritarren artean ia inolako kontrako jarrerarik sorrarazi gabe. Nazioarteko finantzak amildu eta behea jo ondoren, azken lau urteotan Europako gobernuak laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan herrialde periferikoetan erabilitako politika berberak ari zaizkigu ezartzen, «irabaziak pribatizatzea eta galerak sozializatzea» aldarrikatzen duen printzipioarekin bat. Langileen oinarrizko eskubideen kontrako lan-erreformak onartu dituzte, erretiro-sistema aldatu egin dute pentsio-plan pribatuak bultzatzeko, lan-errenten zeharkako zergak eta fiskaltasuna igo eta enpresa eta fortuna handien zergak jaitsi, oraindik pribatizatu gabeko zerbitzu publikoak merkantilizatzeari ekin diote, hezkuntzan, osasunean, lankidetzan, mendekotasunetan eta beste hainbat arlotan inbertsio publikoak bertan behera ari dira geratzen…

Azken urteotan ekonomia- eta finantza-sistemaren erregularizazio ezari esker gogotik aberastu diren enpresa horiei dirulaguntzen bidez milioika euro emateaz gain, krisiaren aitzakiaz baliatuta, ongizate-estatua zapuzteko, ondasun komunak pribatizatzeko eta kapital transnazionalari ate guztiak irekitzeko bidean aurrerapauso handiak eta irmoak ari dira ematen. Kapital transnazionalari ateak irekitzeko ahaleginaren helburu bakarra honako hau da: hiritarren oinarrizko eskubideekin zerikusia duten gero eta eremu gehiago kontrolatzea. Konpainia multinazionalak jaun eta jabe dira mundu-ekonomiaren sektore estrategiko guztietan: energian, finantzetan, telekomunikazioetan, osasunean, nekazaritzan, azpiegituretan, uraren esparruan, komunikabideetan eta arma- eta elikadura-industrietan. Gainera, egungo krisi kapitalistak korporazio handien botere ekonomikoa eta eragin politikoa are gehiago indartu ditu, eta edozein arlotan egin ditzakete negozioak, hala nola, natura-baliabideetan, zerbitzu publikoetan, higiezinen espekulazioan, energiaren eta elikagaien etorkizun-merkatuetan, lur-pilaketetan... Esanak esan, argi dago egungo krisia sistemikoa dela, ekonomia, ekologia, gizartea eta zainketak hartu baititu mende, besteak beste, eta munduko biztanle gehienen bizi-baldintzak errotik ari da suntsitzen, gorriak ikusi araziz.

Gora


Diskurtso hegemonikoa kolokan jartzeko beharra

Egungo testuinguru konplexuan, ezinbestekoa da enpresa transnazionalak mundu osoan egiten ari diren neurrigabekeriak ikertzea, aztertzea, salatzea eta kontrako mobilizazioak abiaraztea. Ekonomia- eta finantza-krisia aukera bikaina ari da izaten korporazio handientzat, ahuldu beharrean, gero eta botere eta indar handiagoa ari baitira hartzen gure gizarteetan, korporazio-estrategiak berrituz eta negozio-eredu berriak etengabe ezarriz. Gizarte-desberdintasunak sakontzen eta gehiengoaren eskubideak zokoratzen ari dira; konpainia multinazionalen merkataritza-interesak eta kontratuak, aldiz, zeharo babesturik daude. Beraz, enpresa transnazionalen kontrako borroka eta erresistentzia indartzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Era berean, kapitalismoa baino haratago begiratzen duten alternatiba sozioekonomikoei buruzko hausnarketetan aurrerapausoak eman behar ditugu, balizko beste eredu edo errealitate horiei leihoak irekitzeko, gizarte-jarduerak korporazio handien mende egon ez daitezen. Egungoaren kontrako egituraketa finkatzea da kontua, hau da, korporazio handien interesak alde batera uztea eta gizarte-jarduera guztiak gizakiengan eta planetako bizitza ahalbidetzen duten prozesuetan oinarritzea.

Gure hiztegiaren iturburua ideia hori izan zen, hain zuzen. Konpainia handiek beren pentsamendua inposatzeko eta alternatibarik ez dagoela sinetsi arazteko gaitasun izugarria dute, eta nahi adina baliabide ere bai. Ahalmen hori kontuan hartuta, diskurtso hegemonikoaren kontrako diskurtsoak sortu behar ditugu, kapital transnazionalak munduko ekonomian eta, oro har, gizakion bizitzan duen nagusitasun osoa berraztertzea eta berrantolatzea ezinbestekoa eta lorgarria dela jakinarazteko. Ildo horretan, zeharo hedatutako uste orokor bat okertzat jotzea izango litzateke lehen urratsa: ekonomiari, zuzenbideari, nazioarteko harremanei eta garapen-lankidetzari lotutako gaiak teknikari ofizialek edo adituek besterik ezin ditzaketela jorratu. Eskola neoliberalek argudio hori eta beste hainbat inposatzen dituzte beren aginduen kontrako gizarte-mobilizazioen zilegitasuna zapuzteko. Argudioaren arabera, kapitalismoaren aurrerabideari buruzko eztabaida orok teknikoa behar du izan, eta adituen ezagutza espezializatuek berezkoa duten hizkuntza ofizial bereziaren ondorioz, ezinezkoa da informazioa hiritarren gehiengoaren artean hedatzea. Beraz, hiritarrek ez lukete inolako partaidetzarik izango.

Europako unibertsitateetako testu ofizialetan, unibertsitateko ezagutzak enpresa-mundura eramateko beharra etengabe errepikatzen da; adibidez, EBak sustatutako Lisboako Estrategiaren ardatz nagusia ezagutza-transferentzia da. Dena dela, hizpide dugun transferentzia merkatu-balioari loturik ulertzen da beti. Bikaintasunaren logika ere horrekin guztiarekin bat dator, unibertsitate-zentrorik eta ikertzailerik lehiakorrenak saritzen eta bultzatzen baititu, inolako kontrol demokratikorik gabeko merkataritza-irizpideen arabera finkatzen diren indize eta ebaluazio-sistema pribatu edo sasi-publikoen emaitzetan oinarritutako kalifikazioak emanez. Gainera, kanpo-baliabideen eskurapena promozio ekonomiko eta profesionalerako meritutzat hartzen denez, irakasle eta ikertzaileek enpresa handiekin kontratuak sinatzen dituzte, etorkizuneko lan eta ikerketetarako finantzaketa lortzeko. Gizarte-gehiengoaren interes eta beharrekin bat datozen ikerlanei ez zaie bikaintasunik aitortzen; industria militarrari eta giza eskubideak edo ingurumen-legeak urratzen dituzten multinazionalei laguntzeko ikerlanei bai, ordea. Kapitalaren ikuspegitik, aberastasun ekonomikoa sortzen duen oro ona da, besterik gabe.

Enpresa transnazionalei egungo eredu sozioekonomiko globalean dagokien rola zehazteko eta aztertzeko, ezinbestekoa da eremu teknikoaren eta politikoaren arteko eztabaidari heltzea. Hona hemen abiapuntua: fenomeno horren ezaugarriak argitzea eta multinazionalen kontrolaz bestelako proposamen alternatiboak finkatzea hiritarren zeregina da gehienbat, eta ezin dugu utzi abokatu-bulegoen, ekonomialari ospetsuen edo nazioarteko gaietako adituen esku soilik. Izan ere, zuzenbideko eta ekonomiako pentsamolde nagusia menderapen-egitura hegemonikoari atxikita baldin badago, baliabide kontrahegemoniko bihurtzeko modu bakarra ekintza politikoarekin bat egitea izango da.

Gure lana errealitateari buruzko ikuspegi kritikotik abiatuz idatzi dugu, unibertsitateetako irakasle eta ikasleentzat, gizarte-mugimenduentzat, antolakunde politiko eta sindikalentzat eta iazko udaberritik horrenbeste hiritako kaleak eta plazak betetzen ari diren milaka lagunentzat. Guztiek zer gertatzen ari den jakin nahi dute, gero, ekinaren ekinez, egoera aldatzeko. Hiztegiko testuak hogeita hamar bat egilek idatzi dituzte, nork bere akademia, gizarte-erakunde edo mugimendu sindikalean egindako lanaren araberako alderdiak jorratuz. Jatorri anitzetakoak izanagatik, denak bat datoz honetan: globaltasuna, diziplinartekotasuna eta zehaztasuna funtsezko helburuak diren arren, egun nagusi den sistemaren alternatiben formulazioetan aurrera egiteko moduak bilatzea ere ezinbestekoa da. Liburuaren ardatz bateratzailea globalizazio kapitalistaren kontrako ikuspegi kritikoa da. Dena den, ekonomia-hazkundeari, garapen-ereduari, kapitalismoaren alternatibak benetan finkatzeko aukerei eta beste zenbait kontzepturi buruzko ñabarduretan ikuspegi anitzak islatzen dira. Aniztasun hori aberasgarria iruditzen zaigu, eztabaida dialektikoei bidea emateko eta, ondorioz, sistema hegemonikoaren kontrako proposamenak gauzatzen lagunduko duten esparru teorikoak finkatzeko.

Horrelako tresnen bidez, unibertsitatearen eta gizarte-mugimenduen arteko zubiak eraikitzen jarraitu nahi genuke, diskurtsoa ekintza politikoaren euskarria eta ekintza politikoa diskurtsoaren euskarria izan dadin. Azken xedea eredu alternatiboak ahalbidetzeko urratsak ematea litzateke, mende hartu gaituen pentsamendu garailea zapuzteko.

Gora


Hiztegiaren egitura

Ekonomiarekin, nazioarteko harremanekin, zuzenbidearekin, soziologiarekin edo garapen-lankidetzarekin zerikusia duten hirurogei kontzeptu dira guztira, eta ardatzak, noski, enpresa transnazionalak. Hirurogei kontzeptu aukeratu ditugu, egungo korporazioen berezitasunak zehatz-mehatz azaltzeko. Horrek ez du esan nahi beste hurbilketa batzuk desegokiak direnik; aitzitik, gaia genero-harremanen, gizarte-desberdintasunen edo migrazio-mugimenduen ikuspegitik ere aztertzea komeniko litzatekeela uste dugu. Beharbada, gure hiztegian termino baliagarri bat edo batzuk falta direla irudituko zaizue, baina liburua idazteko denbora- eta espazio-mugak zirela eta, azken emaitza esku artean duzuena izan da.

Terminoak ordena alfabetikoan daude antolatuta. Termino bakoitzari buruzko edukietan kasuan kasuko kontzeptuaren azterketa kritikoa egiten da, azalpen laburrak eta ulergarriak emanez, adituez bestelako irakurleentzat atseginak izan daitezen. Lehenbizi, hasierako sarreratxoan, terminoaren definizio laburra egiten da ideia nagusia adierazteko. Gero, ideia nagusia lantzen da eta kontzeptuaren jatorriak eta historia aipatzen dira. Azkenik, gaiaren inguruko eztabaiden, arazoen eta egungo egoeraren berri ematen da, kasu zehatzetan oinarrituz, azterketa didaktikoagoa izan dadin. Kasu zehatz gehienetan kontzeptuarekin zerikusia duten enpresa transnazionalen izena eta benetako datuak aipatzen dira. Bukaeran, kontzeptuarekin nolabaiteko lotura duten hitzen edo termino erlazionatuen epigrafea dator. Azkenik, aztertutako kontzeptuaren inguruko erreferentziarik interesgarrienen bibliografia laburra duzue. Termino bakoitzaren testuan aipatzen diren hiztegiko gainerako terminoak VERSALITAS letra motarekin idatzi ditugu, nabarmentzeko.

Aurkibide alfabetikoaz gain, aurkibide tematikoa osatu dugu, terminoak gaien eta diziplinen arabera sailkatuz. Bestalde, aurkibide analitikoak beste kontzeptu, izen eta erreferentzia interesgarri batzuk bilatzen laguntzen du. Era berean, siglen zerrendan hauek guztiak jaso dira: zenbait kontzeptu interesgarriren argibide zehatzak, liburuan zehar aipatutako bibliografia-erreferentzia guztiak eta terminoei buruzko testuak idatzi dituzten egileen deskribapen laburra.

Azkenik, hiztegiaren argitalpen inprimatuaz gain, webeko bertsioa ere aukeran dagoela gogorarazi nahi dugu. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsio elektronikoak OMALen (www.omal.info/diccionario) eta Hegoaren (www.hegoa.ehu.es) web-orrietan daude.

Gora


Esker onak

Lan hau OMALek eta HEGOAk koordinatu dute, elkarlanean. OMAL (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia) Bakea eta Duintasuna Elkarteak bultzatutako ikerketa-proiektua da. HEGOA, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutua, Euskal Herriko Unibertsitateari atxikita dago. Hiztegi hau, hain zuzen, UPV-EHUk, Lan Harremanen Unibertsitate Eskolaren bidez, eta Bakea eta Duintasuna Elkarteak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza izan da. Beraz, gure esker ona adierazi nahi diegu erakunde horiei eta hiztegian parte hartu duten egile guztiei, beraien partaidetzari esker gauzatu eta burutu ahal izan dugulako. Azkenik, emaitza irakurleentzat baliagarria izatea espero dugu.

Juan Hernández Zubizarreta, Erika González y Pedro Ramiro
Bilbao y Madrid, septiembre de 2012

Gora


Editoreen oharra

Enpresa transnazionalak edo multinazionalak

Jatorrizko egoitzaren herrialdetik kanpo kokatutako enpresa baten edo hainbaten jabetza osoa edo partziala duten enpresak izendatzeko, transnazional eta multinazional erabili ditugu hiztegian. Bi hitzen bidez, kontzeptu bera adierazi dugu. ENPRESA TRANSNAZIONAL edo multinazionalen sozietate nagusia jatorrizko herrialdean egoten da finkatuta, bertako legeekin bat, baina beste herrialde batzuetan ere hedatzen dira, bi modutan: ZUZENEKO INBERTSIO ATZERRITARREN bidez, toki-enpresarik sortu gabe, edo filialen bidez, herrialde bakoitzeko legeen araberako toki-sozietateak eratuz.

Enpresa-antolakunde konplexu horiek edo, Joel Bakanen hitzetan, «egungo erakunderik garrantzitsuenak» izendatzeko terminorik egokienari buruzko eztabaidak, neurriz kanpoko garrantzirik ez izan arren, literatura oparoa sorrarazi du, nola doktrina juridikoan, hala ekonomiaren esparruan. Ahaleginak ahalegin, ez da adostasunik lortu. Egia esan, hitzik egokienari buruzko ika-mikek enpresa mota horien izaera juridiko konplexua eta etengabe aldatzeko gaitasuna islatzen dituzte, aukerako kontzeptuak enpresa-errealitate berrietara egokitzeko zailtasunak agerian uzteaz gain. Izan ere, enpresa transnazional edo multinazionalen forma juridikoen mugak zehaztea eta sailkapenak egitea oso korapilatsua da, bai teorian bai praktikan. Sailkapenei dagokienez, hainbat ezaugarriri errepara dakieke: irizpide jakin batzuei, jarduerei, erantzukizun-kateei, barne-antolamenduari, enpresen barne-harremanei, kapital sozialaren jabetzari, ezagutza-arloen arteko loturei… Egileen terminologiak isla ditzakeen teoria edo ñabardura kontzeptualak alde batera utzita, argi utzi behar dugu gure hiztegian transnazional eta multinazional terminoak sinonimoak direla.

Enpresa multinazional kontzeptua hirurogeiko hamarkadaren hasieran sortua da. David E. Lilienthalek erabili zuen estreinakoz 1960ko txosten batean. Horra zer definizio eman zuen: «egoitza herrialde batean izan arren, beste herrialde batzuetan ere jarduten eta funtzionatzen duena, tokian tokiko legeak betez». 1962ko apirilaren 20an, Businnes Week aldizkariak multinazional hitza erabili zuen txosten batean. Aldizkariaren iritziz, enpresa multinazionalek hiru ezaugarri bereizgarri dituzte: zuzeneko inbertsio motaren bat atzerriko herrialde batean edo batzuetan egitea, atzerriko eragiketen erantzukizuna enpresako zuzendaritzaren gain egotea, eta munduko edozein tokitan aurreikusitako aukeren araberako erabakiak hartzea.

Denboraren poderioz, izen ugari hasi ziren erabiltzen, hala nola, ENPRESA TRANSNAZIONAL, enpresa global, korporazio, firma, enpresa plurinazional, internazional... Ildo horretan, Dimitri Uzunidisen iritzia nabarmentzen da, transnazional terminoa nazioz gaindiko arau eta sistema judizialei loturik dagoela eta enpresentzat desegokia zela aldarrikatu baitzuen, arrazoi batean oinarrituz: ikuspegi juridikotik, enpresa guztiek dute aberria, tokian tokiko arauak bete behar dituztelako. Hau da, enpresa orok, bere egoitza nagusiaren estatuko arauak ez ezik, filial edo subsidiario bakoitzaren estatukoak ere bete behar ditu. Dimitri Uzunidisen ustez, enpresen izaera juridikoa nazionala dela kontuan hartuta, terminorik egokiena global hitza izango litzateke. «Nazioarteko ekonomia-harremanetan pisu handia duten herrialdeetan sortutako enpresa nazionalak dira. Munduko ekonomia-hierarkiaren gailurrean dagoen herrialde batekoak izanik jatorriz, muga politikoak eta ekonomikoak gainditu eta sorterriaz bestelako lurraldeetan jarduera bertikalak eta horizontalak gauzatzen dituzte», Uzunidisen hitzetan.

Raymond Vernonen arabera, ENPRESA TRANSNAZIONALAK «nazioartean jarduten saiatzen dira, muga nazionalik ez balego bezala, korporazio-zentroak zuzendutako estrategia komunean oinarrituz». AEBko Merkataritza Departamentuak ere sozietate transnazionalen definizioa egin zuen: «Filial guztiak prozesu bateratu baten bidez zuzentzen dira, eta politikak korporazio-zentroak finkatzen ditu, produkzioari, lantegien kokapenari, produktu motei, salmentei eta finantzaketari buruzko erabakien bidez». Hiztegi honetan, geroago, ENPRESA TRANSNAZIONAL terminoari buruzko atalean, bi definizioak azaltzen dira, Alejandro Teitelbaumek korporazio mota horien ezaugarriei buruz idatzitako testuan. Dena den, egile horren azalpenak laburbilduz, ENPRESA TRANSNAZIONALEI buruzko berezitasun bat azpimarratuko dugu: «juridikoki sozietate ugariz osatutako taldeak diren arren, erabakitze-zentro bakar batek zuzendutako batasun ekonomikoak dira benetan».

Ekonomiaren ikuspegitik, ENPRESA TRANSNAZIONAL edo multinazionalen definizioak zentzu zorrotzean ez du zerikusirik urteko diru-sarrera edo irabaziekin, ezta langile edo akzionista kopuruarekin ere. Akzionisten kopuruari dagokionez, enpresa transnazionala edo multinazionala izateko ez dago zertan BURTSAN kotizatu. Halaber, zenbat herrialdeetan diharduen ere ez da kontuan hartzen. Baldintza bakarra bete behar da: atzerriko filial baten kapitalaren % 10 kontrolatzea, gutxienez. Irizpide horretan oinarrituz, 2007an 79.000 ENPRESA TRANSNAZIONAL zeuden eta 790.000 konpainia filial kontrolatzen zituzten. Merkatu globalean milaka transnazional dabiltzala iruditu arren, lehia horren benetako kopurua askoz ere txikiagoa da, munduko konpainia handi guztien akzioen balioaren % 80 737 multinazionalen esku baitago. Gainera, konpainia handi horien % 40 147 multinazionalek kontrolatzen dute.

Hiztegiko terminoak jorratzerakoan ENPRESA TRANSNAZIONAL edo multinazionalekiko loturak hartu dira kontuan, betiere azken definizioan oinarrituz. Metodologiari dagokionez, egileek konpainia mota horien jarduerak deskribatu, ekonomia-ezaugarriak azaldu eta egitura juridikoaren xehetasunak argitu dituzte, kontzeptu guztien definizioak argi eta garbi mugatzeko eta finkatzeko. LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEA metodologia berbera erabili zuen Enpresa Multinazionalen eta Politika Sozialen Printzipioei buruzko Hirualdeko Adierazpenean; izan ere, seigarren atalak berariaz jasotzen du «adierazpenaren helburuarentzat ez dela beharrezkoa enpresa multinazionalei buruzko definizio juridiko zehatza finkatzea». EKONOMIA LANKIDETZA ETA GARAPENERAKO ANTOLAKUNDEAK beste horrenbeste egin zuen Enpresa Multinazionalen Jarraibide Ildoen dokumentuan, «jarraibideak ezartzeko ez baitago zertan enpresa multinazionalen definizio zehatzik egin».