Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Zuzenbidea > Nazioarteko arbitraje auzitegia

Nazioarteko arbitraje auzitegia

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Nazioarteko arbitraje auzitegien kasuan, kapitalismoaren munduratze-prozesuaren pareko bilakaera gertatu da: hasieran estatuen arteko edo Zuzenbide Pribatu nazional nahiz nazioartekoaren alorreko partikularren arteko gatazkak ebazteko sortu baziren ere, estatuen eta partikularren arteko gatazketara hedatu ziren. Lehenengo, kontratuak interpretatu eta aplikatzen sortutako eztabaidez arduratu ziren, baina, gero, Zuzenbide Pribatuaren kontratuz kanpoko erantzukizunera hedatuz joan ziren, Zuzenbide Publikora iristeraino.

Nazioarteko Zuzenbideko subjektu deribatu gisa, partikularrek (pertsona fisiko nahiz juridikoek) ez dute, printzipioz, beren ustez eskubideak urratu dizkien estatuaren aurka erreklamatzeko nazioarteko mekanismoetara zuzenean iristerik. Pertsona fisikoek eskualdeko erakunde jurisdikzional batzuen aurrean (adibidez, Europako Gortearen eta Giza Eskubideen Gorte Interamerikarraren aurrean) eta giza eskubideak babesten dituzten nazioarteko erakundeen aurrean (giza eskubideen nazioarteko itunetako batzordeetan, kasu) aurkez ditzaketen errekurtsoak dira salbuespena. Gainerakoan, hauxe da Nazioarteko Zuzenbidean aspalditik aitortutako printzipio nagusia: partikularrek eskubideak urratu zaizkien estatuko nazio-auzitegietan aurkeztu behar dituzte errekurtsoak, eta, azken buruan, beren nazionalitateko estatuaren babes diplomatikoa eskatu behar dute.

Bilakaera horren atzean, bada funtsezko arrazoi bat: enpresek estatuekin kontratuak sinatzea ezin eutsizkoa da. Enpresa batek bere egoitzari ez dagokion estatu batekin egiten duenean kontratua, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuak arautzen du: sozietate transnazionala pertsona pribatua da eta estatua Zuzenbide Pribatuaren alorrean diharduen pertsona publikoa; hortaz, estatuarena izango da aplikatu beharreko legea, baldin eta hark bere prerrogatibak lagatzen ez baditu eta enpresak egoitza duen estatuko legea onartzen ez badu.

Nazioarteko hainbat arbitraje auzitegi daude

Hagan egoitza duen Arbitraje Auzitegi Iraunkorra (AAI) 1899ko eztabaidak modu baketsuan konpontzeko sortu zuen konbentzioak, eta estatuen arteko gatazkak ebazteaz arduratu zen hasiera batean. Baina, hirurogeiko hamarkadan, estatuen eta partikularren arteko gatazkak arbitratzeko arautegiak onetsi zituen, eta, 1993an, aldeetako bat estatua duten aldebiko eztabaidak arbitratzeko aukerako erregelamendua.

Nazioarteko Merkataritza Ganberak —1919an fundatu zen eta planetako enpresarik garrantzitsuenak biltzen ditu— enpresen arteko gatazkak konpontzeko arbitraje-auzitegiak antolatzeaz arduratzen den nazioarteko arbitraje-gorte bat du. Munduko Merkataritza Antolakundearen Gatazkak Konpontzeko Sistema dugu beste arbitraje-jurisdikzioetako bat. Jurisprudentziaren bidetik nazioarteko arautegi bat ari da sortzen, estatuen kontrolari ihes eginez eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen funtsezko arauei entzungor eginez.

Estatuen eta atzerriko inbertitzaileen arteko eztabaida-arbitrajeari men egitea atzerriko inbertsioak babestu eta sustatzeko itunetan, merkataritza askeko itunetan eta beste antzeko itun batzuetan estatuek onartutako betebeharren artean dago. Horrela, subiranotasunaren funtsezko prerrogatiba bati egiten dioten uko estatuek: auzitegi nazionalen lurralde-eskuduntzari.

Estatuen eta beste estatu batzuetako nazionalen arteko Inbertsioen inguruko Desadostasunak Konpontzeari buruzko Hitzarmena (“Washingtongo Hitzarmena” deritzona), Inbertsioen inguruko Desadostasunak Konpontzeko Nazioarteko Zentroa (CIADI) sortu zuena, Munduko Bankuak egin zuen, 1965eko martxoaren 18an. Eztabaidetan zehar, estatu latinoamerikarrek kontra egin zioten, aho batez, estatuen eta atzerriko inbertitzaileen arteko gatazkak konpontzeko nazioarteko arbitraje-auzitegia sortzeari, zeren eta, sasoi horretan, "Calvo doktrina" zeritzonaren alde baitzeuden; doktrina horren arabera, beste estatu batzuengandiko interferentzia oro saihesteko eskubidea dute estatu subiranoek, hala atzerritarrek nola nazionalek, eta, auzi edo erreklamazioren bat badago, tokiko auzitegien baliabide legal guztiak agortu beharko dituzte, jatorrizko herrialdearen babes edo esku-hartze diplomatikoa eskatu gabe. CIADI Munduko Bankuaren taldeko partaidea da, eta haren presidentea erakunde aldeaniztun horretako presidentea ere bada, ex officio. 2011n 142 estatu kide zituen CIADIk, Munduko Bankuak berezkoa duen objektibotasun eta inpartzialtasun faltarekin, transnazionalen eta estatuen arteko eztabaidak ebazteko nazioarteko arbitraje-auzitegiak eratzen laguntzen du.

Inbertitzailearen pribilejioak arbitraje-auzitegietan

Nazioarteko arbitraje-auzitegien aurrean, inbertitzaile partikularrek (interes pribatuak ordezkatzen dituzten Zuzenbide Pribatuko pertsonak) parez pare jarduten dira, auzitan, estatuekin (interes orokorra ordezkatzen duten Zuzenbide Publikoko pertsonekin). Baina berdintasun hori itxurazkoa da soilik, inbertitzaile partikularrek pribilegio handiak dituzte eta. Zalantzarik gabe, hauxe da garrantzitsuena: itun batzuen arabera, inbertitzaile partikularrek soilik dute estatua auzitara eramateko aukera; kontrakoa, demandatzailea estatua izatea alegia, ez dago aurreikusita. Inbertitzailearen beste pribilejio bat: berak hautatzen du jurisdikzioa. Argentinaren eta Estatu Batuen arteko Inbertsioak Sustatu eta Babesteko Itunaren (ISBIren) VII. artikuluko 2 eta 3.a.i tartekien arabera, inbertitzailearen eta estatuaren artean gatazkaren bat sortzen bada eta adiskidetasunezko konponketarik ez badago, enpresak edo nazionalak aukeratuko du jurisdikzioa, ez estatuak. Xedapen berbera dago jasota, Argentinaren eta Frantziaren arteko ISBIaren VIII. artikuluko 2 eta 3 tartekietan ere.

Gainera, horren ondorioz, inbertitzaileak ez du zertan barne-baliabide, administratibo eta judizialak agortu, nazioarteko instantzietara (giza eskubideetako nazioarteko itunetako batzordeetara, Gorte Interamerikarrera, Giza Eskubideen Europako Auzitegira…) jotzeko ohikoa denez. Gerta liteke, halaber, inbertitzaileak nazioarteko arbitraje-auzitegira jotzea, estatu hartzaileko justiziaren epai baten aurka apelatzeko.

Esan beharra dago, CIADI hitzarmeneko kide izateak ez dituela estatuak behartzen, atzerriko inbertitzaileekin sortutako gatazkak arbitraje-auzitegien esanetara jartzera. Estatuen betebeharra, lehen esan dugunez, atzerriko inbertsioak babesteko itunetan, merkataritza askeko itunetan eta beste antzeko itun batzuetan gaiari buruz xedatutakoa betetzea da. Baina estatuak, itun batek behartu ez arren, ezin dio CIADIri uko egin, kasu batean arbitraje-lanak egiteko harengana jo badu.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (2010): “La feudalización del derecho corporativo transnacional. La nueva lex mercatoria en Bolivia”, en GONZÁLEZ, E. Y GANDARILLAS, M. (coords.) (2010), Las multinacionales en Bolivia. De la desnacionalización al proceso de cambio, Icaria, Barcelona.
  • TEITELBAUM, A. (2005): “El ALCA está entre nosotros: Los tratados bilaterales de libre comercio”, en FLÓREZ, M.; MONCAYO, H. Y HERREÑO, L. (eds.), Juicio al libre comercio, Instituto Latinoamericano de Servicios Legales Alternativos (ILSA), Bogotá.
  • TEITELBAUM, A. (2008): Sociedades transnacionales, tratados comerciales bilaterales y el CIADI, Red Birregional Europa, América Latina y Caribe ‘Enlazando Alternativas’.