Azpikontratazioa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Lanaren azpikontratazioa enpresan erabiltzen den teknika bat da. Horren bidez, langileak lanekoa ez den harreman juridiko batez uztartzen zaizkio haien lanaren azken onuradunari. Lan-kontratua ez den bete kontratu mota baten bidez lanindarraren azken onuradunarekiko mendekotasun ekonomikoa ezartzen duten lan-harremanak dira, funtsean. Kontratazioa egiteko hainbat figura erabil daitezke: aldi baterako laneko enpresak, langile autonomoak, beste enpresa batzuk, lan elkartuko kooperatibak, mendekotasun ekonomikoko harremana duten telelangileak eta are langile informalak ere, azpikontratazio produktiboko sareetako azken katebegiak.

Nazioarteko edozein esparrutan (akademikoan, sozialean, legegilean…) lanaren azpikontratazioa gauzatzerakoan aurkitu izan den zailtasunik handiena fenomeno horretarako erabiltzen diren terminoen eta horien inplikazio kontzeptualen ugaritasuna da: beti ez da termino bera erabiltzen eta beti ez da problematika bera aipatzen. Herrialde batzuetan lanaren azpikontratazioaren fenomenoari egiten zaio erreferentzia; beste batzuetan, berriz, lana hirugarreneratzeaz, outsourcingaz edo kanporatzeaz hitz egiten da. Era berean, herrialdeen errealitate sozioekonomiko askotarikoen ondorioz, fenomenoari ematen zaizkion esangurak ere aldatu egiten dira, nahiz eta izendapen bera erabili. Alegia, horixe izan da gai honetan nazioz gaindiko neurriak hartzea eragotzi duten arrazoi esplizituetako bat. Terminoaren gaineko eztabaidetan, hiru elementu nagusitu dira: ekoizpen-bitartekoen jabetza, langileak bere ekoizpen-lana antolatu eta zuzentzeko duen ahalmena edo autonomia eta mendekotasun ekonomikoa.

Fenomenoa aztertzen hasitakoan, egia da lan-doktrinak deszentralizazio produktiboa aipatzeko joera duela, lanaren azpikontratazioaren oinarri gisa. Wilfredo Sanguinetiren esanetan, lanaren azpikontratazioa «ekoizpen-prozesua antolatzeko modu berria da; horren bidez, produkzioaren ardura duen enpresak beste enpresa espezializatu edo kanpoko kolaboratzaile batzuetara jotzen du, prozesuko jardueren faseren bat, eta batzuetan denak edo gehienak, egin ditzan, bere kabuz egin beharrean, mendekotasun-egoera bati atxikitako langileak kontratatzearen bidez».

ENPRESA TRANSNAZIONALAren erantzukizuna eta ondorioak

Lanaren azpikontratazioa “enpresa sare" esan izan zaionaren erpinean dago, eta mundu osoko langileen arazorik larrienetako bat da, langilearen babesaren alorrean dituen ondorio kaltegarriak direla eta. Ekoizpen-ereduaren krisia, informazioaren eta komunikazioaren teknologien eragina eta ingurunearen ziurgabetasuna dira kontratu mota horretara jotzearen alde gehien erabilitako argudio kapitalak. Oro har, argudiook arrazoi hauek dituzte oinarrian: malgutasuna, espezializazioa eta efizientzia tekniko eta produktiboa —enpresa txiki eta ertainek aldaketa ekonomiko eta teknologikoei erantzuteko gaitasun handiagoa dutelako, core competenceetan, enpresaren funtsezko gaitasunetan, finkatzeko— eta, hein txikiagoan, arrazoi ekonomikoak, kostu finkoak kostu aldakorrez ordezkatzen direlako eta laneskuaren prezioa murriztu egiten delako, merkeago eskaintzen dioten merkatuetara eramanez.

Halere, bistakoa da azpikontratatzearen abantailek lanaren alorrean zelako eginkizun erabakigarria duten. Izan ere, enplegu prekario eta merkeagoetan oinarritutako enpresa txikien eta autonomoen merkatuak arriskuak eskualdatzea eta kostuak murriztea ahalbidetzen dute. Lanarekiko erantzukizun falta ikaragarriko lorpena da, eta, gainera, enpresari mozkinak handitzeko (edo, behintzat, ez arriskatzeko) aukera ematen dio. Erantzukizun falta hori juridikoa da, batetik, lan-arautegien esparru “ezeroso”tik ihes egiteko beta ematen duelako, eta propagandistikoa, bestetik, PUBLIZITATE negatibo beldurgarria saihesten laguntzen duelako, hornitzaileenganaino eta azpikontratatutako sektoreenganaino iristen ez diren (edo oso bigun iristen diren) GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOko politiken bidez. Rivero Lamasen hitzetan, «produktibitatea arriskutan jarri gabe lanaren kostu finkoak murriztea» da kontua.

Langile-klasearen hondamendia da ondorioa, eta pixkanaka enplegu arautua suntsitzetik sindikalismoa ezerezteraino iristen da. Lehenago ere esan dugunez, azpikontratatutako langileek prekariotasun handiz egiten dute lan, hala soldatei, nola segurtasunari, osasunari eta egonkortasunari dagokienez. Lan-zuzenbidearen babes-eremutik kanpo ere geratzen dira zuzenean; horixe da langile independenteen edo azpikontratazio-kate luzeen ondorioz ekonomia informalean dihardutenen kasua. Enpresa txikiek eskaintzen duten enpleguaren ezaugarriengatik eta enplegatzailearen zatiketa juridikoagatik gertatzen da hori. Antolaketa- eta zuzendaritza-gaietako eskumenak ezkutatzen ditu, bai eta lan-arauak eta laneko segurtasun- eta osasun-arauak ez betetzearen ondoriozko erantzukizunak egoztea eragotzi ere.

Laneko prekariotasuna aztertzerakoan, ezin ahaztu lanaren azpikontratazioak ekintza sindikalean eta negoziazio kolektiboan izan duen eragina. Fenomenoaren ezaugarriek (enpresa-zatiketa eta langileria zatitzea eta sakabanatzea) horien jarduera-eremua eta eraginkortasuna murrizten dute kasurik onenean; izan ere, haien gaitasuna enpresaren tamainarekiko proportzionala da. Jakina denez, enpresa txikietan ez da sindikatuen ordezkaritza eta antolamendua sustatzen, eta, sindikaturen bat egon dagoenean ere, zailtasun handiak izaten ditu negoziazio kolektiboaren alorrean. Negoziazio kolektiboa ezohikoagoa, lasaiagoa eta edukiz mugatuagoa da halako enpresetan. Baina, gainera, azpikontratatutako enpresak enpresa nagusiarekiko duen ahultasun- eta mendekotasun-posizioak indarren korrelazioan eragiten du, eta, beraz, baita negoziazio orekatu samar bat egiteko aukeran ere.

Egoera horrek lan-merkatuaren teoria dualista jartzen du agerian. Horren arabera, bada langile multzo egonkor, babestu eta lan-baldintza txukuneko bat, eta, horren aurrean, "bigarren mailako merkatua”, langileen prekariotasunak bereizten duena. Beraz, bai lan-baldintzen negoziazioari bai lan-baldintzei eurei dagokienez, mugimendu sindikala ahultzeko eta lan-harremanak indibidualizatzeko prozesu handi bat ari gara bizitzen. Langileak isolatuta garatzen dira (langile autonomoak, telelangileak eta plantilla txikiak), lan-eremu ezberdinetan, eta, lantokian batera egon arren, banaka negoziatutako ezaugarriak izaten dituzte. Langile-kontzientzia haustearen bidez indar sindikala ahultzea larriagotu egiten da azken kasu horretan. Lantoki berean bi langile mota dihardutenean lan bera egiten baina soldata eta baldintza oso ezberdinekin, interes-gatazka handia sortzen da: plantillakoek "arrotz” gisa hartzen dituzte kanpoko langileak eta mehatxatuta sentitzen dira; kanpoko langileek, berriz, insolidariotzat eta pribilegiatutzat jotzen dituzte bertakoak.

Laburbilduz, garbi dago lana azpikontratatzea dela langileen babesgabetasunaren arazorik garrantzitsuenetakoa. Azaldu dugunez, azpikontratatutako langileek babesgabetasun-egoera larrian egiten dute lan; baina, gainerako langileek ere jasaten dituzte fenomeno horren ondorioak, noranzko bikoitzean jasan ere: batetik, negoziazio kolektibo nahiz indibidualerako ahalmenean presio handia eragiten du eta, bestetik, lanpostuak kanporatuko ote dizkien mehatxupean bizi dira.

Azpikontratazioa eta Espainiako transnazionalak

Azken urteotan, korporazio transnazionalen erreminta gustukoena bihurtu da lanaren azpikontratazioa. Jar dezagun adibide bat: konpainiak berak emandako datuetan ziurtatzen denez, 2008an Movistarrek «257.000 zuzeneko langile eta zeharkako 330.000 gehiago zituen lanean. Zeharkako lanpostuak erabilera publikoko telefonia-plantak sortu eta mantentzen, eta telekomunikazioetako produktu nahiz zerbitzuak hornitu eta mantentzen diharduten enpresei dagozkie». Teknika ugari baliatu izan dira kontratatze-formula hori erabiltzeko, esaterako: “zero kilometro”ko enpresa estatalak erostea (lan-kosturik gabe), "pantaila” enpresak sortzea eta lan elkartuko kooperatiba itxurarekin “birkontratatzeko” agintzapean kaleratze kolektiboak edo borondatezko erretiroak negoziatzea.

Eskola Nazional Sindikalak eta Kolonbiako Kimika, Energia, Meatzaritza eta Askotariko Industrien Nazioarteko Federazioak hauxe azaldu zuten: «Electricaribe eta EPSA PRIBATIZATZEko prozesuen eta Unión Fenosa Kolonbiara etortzearen ondorioz, langileak hainbeste murriztu ziren ezen, egia larregi puzteko beldurrik gabe esan daitekeen, "lan-sarraski” bat izan zela; enpresek 2.300 bat langile bota zituzten, langileriaren erdia inguru, 1998-2000 urteetan zehar borondatezko erretirorako planak eskaintzearen bidez». Izan ere, 2007az geroztik, 9.500 inguru langiletik 7.000, lan elkartuko kooperatibek eta enplegu-zerbitzuko agentziek azpikontratatu zituzten.

Ukitutako langile kopurua hirutik batekoa bada ere (Iparraldean bostetik batekoa), kontratu mota horrek ozeanoaren bi aldeetan hazten jarraitzen duela segurtatzen dute sindikatuek. Zenbait azterlanen arabera, estatu espainiarreko lan-istripuen eragile nagusia da lanaren azpikontratazioa.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ECHEVERRÍA TORTELLO, M. (2010): La historia inconclusa de la subcontratación y el relato de los trabajadores, Dirección del Trabajo, Santiago de Chile.
  • ERMIDA URIARTE, O. Y COLOTUZZO, N. (2009): Descentralización, tercerización, subcontratación, Organización Internacional del Trabajo, Lima.
  • MENÉNDEZ CALVO, R. (2009): Negociación colectiva y descentralización productiva, Consejo Económico y Social, Madrid.
  • SANGUINETI, W. (2006): “Descentralización productiva, subcontratación y calidad del empleo: ¿términos incompatibles?”, Revista de Derecho Social, nº 36.
  • VV.AA. (2000): Descentralización productiva y nuevas formas organizativas del trabajo. X Congreso Nacional del Derecho del Trabajo y de la Seguridad Social, ministerio de Trabajo y Asuntos Sociales, Madrid.