Sektore pribatua

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Sektore pribatua izendapenaren barruan, askotariko enpresak sartzen dira: mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak, kooperatiba-sozietateak, gizarte-ekonomiako erakundeak, sozietate anonimoak edo erantzukizun mugatukoak, korporazio multinazionalak… Gainera, sektore pribatuaren baitan, egitura juridiko ugari har daitezke, eta gerta liteke enpresa-jarduera pertsona bakarrak gauzatzea edo hainbat herrialdetan ezarritako merkataritza-sozietateak erabiltzea. Kontua da, garapenerako lankidetzaren ohiko hizkuntzan, korporazio handiez aritzeko erabili ohi dela sektore pribatuaren terminoa.

Enpresek garapen-agendan izan beharko luketen eginkizunari buruz eztabaidatzeko azken urteotan egin izan diren topaketa eta eztabaida gehienetan, galdera bera sortu da sarritan: zertaz ari gara sektore pribatuaz dihardugunean? Izan ere, hauxe esaten da: «enpresak asko eta askotarikoak daude». Eta, esan berri dugunez, halaxe da hain zuzen. Hala ere, nazioarteko lankidetzaren egungo egoeraren berri ematea bada xedea, baieztapen horrek ez du errealitatea behar bezala islatzen: sektore pribatuak garapenerako lankidetzako politika eta estrategietan parte hartzeko sustatzen ari diren ALIANTZA PUBLIKO-PRIBATU, ENPRESA LANKIDETZAko ekimen eta NEGOZIO INKLUSIBOen proiektu gehienak ENPRESA TRANSNAZIONALek sortu dituzte beraientzat.

Antzerako zerbait gertatzen da GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOArekin ere: GEK baino gehiago Enpresaren Gizarte Erantzukizuna (EGE) entzuten da, eta, termino horretan, enpresa guztiak sartzen dira, ez korporazio handiak bakarrik. UGE (unibertsitateena), OGE (organizazioena)… ere aipatzen dira. Egia esan, eztabaidaezina dirudien zerbait ahaztaraztea da xedea, alegia, GEK konpainia multinazionalek eta multinazionalentzat abiarazitako enpresa-kudeaketarako paradigma dela. Ikusi baino ez dago Global Compact delakoa nork sustatu zuen, GEK sailik indartsuenak zer enpresak dituzten eta garapenerako lankidetzan “enpresa arduratsua”ren eredua ezartzeko interesik handiena nork izan duen.

Sektore pribatua nazioarteko lankidetza-agendan

«Sasoi honetan, konstelazio berria behar dugu nazioarteko lankidetzan: gobernuek, sozietate zibilak eta sektore pribatuak elkarren ondoan egin behar dute lan, mundu osoari mesede egitekotan». 2009an, Mundu Itunaren hamargarren urteurrenean, NAZIO BATUetako idazkari nagusia Davoseko (Suitzako) Munduko Foro Ekonomikoaren aurrean aurkeztu zen, eta "kapitalismo inklusiboa"ren filosofia «giza aurpegidun globalizazio»rantz jotzeko egokiena zela esan zuen, bere aurretik kargu hori izan zuen Kofi Annanek hamar urte lehenago aipatu zuen terminoa erabiliz. Horrela, bada, hirualdeko ikuspegi hori balioztatu ondoren, sektore pribatua lankidetzarako eragile gisa finkatu zen, erakunde publikoekin eta GGKE-ekin batera. Gerora berretsi ahal izan denez, hain zuzen ere, sektore pribatua lankidetzaren gidari bihurtu da, hau da, beste guztiek jarraitu beharreko estrategia finkatzen duena.

Egungo egoerara iristeko, hamarraldi batean zehar enpresa-LOBBYak lan handia egin du, nazioarteko lankidetzaren agendan «enpresen ahalmena pobreen zerbitzura» ideia ager dadin. Horrela, erakunde multilateral batzuek (NBEk, Munduko Bankuak eta Garapenerako Banku Inter-amerikarrak, kasu) bere egin dute diskurtso hau: «Enpresak indar boteretsua dira pobreziaren aurkako borrokan». Ban Ki-moonek, bestalde, hauxe baieztatu zuen: «Negozioek aurrera egin ahal izateko ingurune egokia nola sortu bilatzea izan daiteke NAZIO BATUen lana». Garapenerako Laguntza Ofizial (GLO) gehien ematen dituzten lankidetza-agentziek ibilbide bera egin dute: USAID agentzia estatubatuarrak, esaterako, "garapenerako aliantza globalak” egiten ditu korporazio transnazionalekin, besteak beste: Coca-Colarekin, Wal-Martekin, Starbucksekin, Chevronekin, IBMrekin eta Kraftekin. Agentzia horrek duela hamar urte baino gehiago aliantza publiko-pribatuen programa abiarazi zuenetik, erakunde publikoetatik sektore pribatua sustatzeko tresna hori lankidetzarako estrategia nagusia bihurtu da, eta, gaur egun, 1.000 aliantza ditu sinatuta 3.000tik gora enpresarekin.

Sektore pribatua garapen-agenda globalean oldean sartzea justifikatzeko erabiltzen den argudioa hauxe da, Kofi Annanek 2003an esan zuenez: «sektore pribatuak jarduera egokiaren bidez gizarte bidezkoagoa eta oparoagoa lortzeko enpleguak eta sarrerak sor ditzan oinarriak prestatzea». Enplegua, pobreziaren aurkako borroka, ongizatea eta garapena agertzen dira, berriro ere, korporazio transnazionalen negozioak nazioartean hedatzeko diseinatutako diskurtsoaren elementu nagusi moduan. Nazio Batuen Garapen Programaren (NBGPren) arabera, «sektore pribatuko eragileek, merkatuaren pizgarrien bultzadarekin, garapen-helburu handiak lortzeko gaitasun frogatua dute». Dena den, 2008an hasi zen crash globalaz geroztik garbi geratu da, ekonomiak eta finantzak merkatuaren eta kapital transnazionalaren esku uzten direnean, garapen-xedeak atzera geratzen direla eta dena sektore pribatuaren negozioaren eta mozkin handienaren menpe jartzen dela.

Sektore pribatua Espainiako lankidetzan

«Garapenerako lankidetzaren sisteman ezinbestez sartu beharreko eragileetako bat, garapen-eragile moduan duen potentziala aintzat hartuta erronka handia dena, enpresaren sektore pribatua da», jartzen du Espainiako Lankidetzaren Gida Planean (2009-2012). Izan ere, Aznarren gobernuaren azken etapan abiatu eta Rodriguez Zapateroren bi legealdietan osatutako prozesu baten ondorioz etorri zen plan hori, lankidetza publikoa atzerrian dauden enpresa espainiar handien interesen zerbitzura jartzeko asmoz. Ibilbide horretan zehar, merkataritzako balio eta printzipioak finkatu dira, hainbesteraino ezen, gida-plan horretan hauxe agertzen den helburuetako batean: «sektore pribatuari garapen bideko herrialdeetan hedatzen laguntzea».

Sektore pribatuak garapenerako lankidetza publikoan parte hartzeko, ALIANTZA PUBLIKO-PRIBATUAK dira funtsezko tresnak. Espainiako lankidetzan, II. Gida Planean (2005-2008) jada, «sektore publikoaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetza-ekimenak» aipatzen ziren. Azaltzen zenez, helburu hau izango zuten: «enpresa pribatuaren eta estatuaren ahaleginak bateratzea, herrialde bazkideetan garapen-helburuak lortzeko». Eta III. Gida Planean, amaitzeko, ildo estrategiko hau zehaztu zen: «sektore pribatuaren, sektore publikoaren eta gizarte zibileko erakundeen artean elkarrizketa, koordinazioa eta baterako ekintza sustatzea». Horrela, bada, Telefónica, BBVA, PRISA, Aguas de Barcelona, Santander, Repsol eta halako multinazionalak dira garapen-erakundeak eta sektore pribatua elkartzearen lehen kasuak. Halaber, Espainiako enpresarik handienak daude, sektore pribatua garapen-agendan txertatzeko ahaleginean erakunderik aktiboena den Carolina Fundazioaren patronatuan. Hau da, arlo honetako diskurtso ofiziala taxutzen eta egin beharreko bidea finkatzen konpainia horiexek daude, ez kooperatiba txikiak, ez gizarte-ekonomiako enpresak.

Berriz ere, pobreziaren aurkako borrokaren gakoa «sektore pribatuaren enpresa-jardueran euskarritutako» hazkunde ekonomikoa dela ikusten da orientabide horren oinarrian. Eta horrek, ororen gainetik, enpresa-mozkina handitzea esan gura du: «Espainiako enpresen INTERNAZIONALIZAZIOA funtsezkoa da ekonomia suspertzeko», esan zuen, 2010ean, kanpo-merkataritzako estatu-idazkaria zen Alfredo Bonetek. Hark ziurtzat jotzen zuen, multinazional handien irabaziak handituz gero, egoera sozioekonomikoa hobetu egingo dela, nahiz eta kapitalismoaren krisiak garbi erakutsi duen ez dagoela bi arlo horien artean inolako korrelaziorik.

Denboratxoa da erakundeek eta botere publikoek garapenerako POLITIKETAN KOHERENTZIA behar dutela esaten hasi zenetik. Baina asmo on horiek ez dira sekula santan neurri zehatzetan mamitu, eta, dagoeneko, ez dute balio sinbolikorik ere. «Espainiako hirugarren merkataritza-agentea naiz, Erregearen eta gobernuko presidentearen ondoren», esan zuen Kanpo Arazoetako egungo ministroak, ministerioaren aurrean bere lehen ekintza garrantzitsu gisa proposatu zuena deitu aurretik, hau da, atzerrian “Espainia marka” sustatzeko estatuko enpresari handienekin bilera deitu baino lehen. Horretan datza, gaur egun, POLITIKEN benetako KOHERENTZIA: enpresa handiak nazioarteko lankidetza-sisteman txertatzea, haien negozioei hedatzen laguntzeko. Nahiz eta, horrela, sektore pribatuaren interesak herritar gehienen eskubideen aurretik jarri.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • FERNÁNDEZ ORTIZ DE ZÁRATE, G.; PIRIS, S. Y RAMIRO, P. (2013): Cooperación internacional y movimientos sociales emancipadores: Bases para un encuentro necesario, Hegoa, Universidad del País Vasco, Bilbao.
  • NIETO, L. (coord.) (2002): La ética de las ONGD y la lógica mercantil, Icaria, Barcelona.
  • ROMERO, M. (2009): “Partenariados tóxicos: La función de la RSC en la subordinación de las ONG al ‘sector privado’”, en HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. Y RAMIRO, P. (eds.), El negocio de la responsabilidad, Icaria, Barcelona.
  • ROMERO, M. Y RAMIRO, P. (2012): Pobreza 2.0. Empresas, estados y ONGD ante la privatización de la cooperación al desarrollo, Icaria, Barcelona.