Ordainsariak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Sistema kapitalistaren funtsa etengabe irabazia bilatzea da. Enpresen munduan, ahalik eta mozkinik handiena lortzea da eragile nagusia, eta mozkin hori goi-zuzendaritzako kideei eta akziodun handiei ordaintzeko erabiltzen da, hein handian. Ordainketek hainbat izendapen izan ditzakete: soldatak, bonuak, stock options deritzenak, aseguru-sariak, pentsio-fondoak… Oro har, ordainketa aldakorraren zatia soldata finkoarena baino askoz handiagoa izan ohi da.

Italiako, Frantziako, Alemaniako, Erresuma Batuko, Suitzako eta Estatu Batuetako (Eurotop 100) enpresetako buruzagi nagusien batez besteko ordainketei erreparatuta hauxe ikusten da: goi-zuzendaritzako kideen soldata finkoak oso zati txikia betetzen du sarreretan, hau da, ordainketa aldakorrak gero eta garrantzitsuagoak dira. Frantzian, Erresuma Batuan, Suitzan eta AEBn, soldata bost aldiz handitzen dute akzioek eta stock options direlakoek.

Hona hemen Steve O’Nealen adibidea. Merrill Lynch inbertsio-bankua porrotera eraman zuen kontseiluko presidentearen sarrerak honela daude banatuta: soldata finkoa 700.000 dolarrekoa da; bonoetan 141,1 milioi dolar irabazten ditu; stock optionsetan 7,5 milioi; jatorriko bonoa 161 milioi dolarrekoa da; eta, bukatzeko, lanpostua utzi ondoren bost urtez 51,2 milioiko soldata jasoko duela bermatu zaio.

Enpresa-mozkinak

Enpresa multinazionalen mozkinek hazkunde esponentziala izan zuten 2007ra arte (subprime hipoteken finantza-krisiak eztanda egin arte), eta gehienak egoitza nagusiaren herrialdetik at lortu zituzten. 2001ean, adibidez, Standard & Poor’s indizea osatzen duten lehen 500 sozietate estatubatuarren sarreren % 32 kanpotik zetorren; 2008an, berriz, % 48koa zen kopurua. Ibex-35 indizea osatzen duten enpresa espainiarrak ez ziren atzera geratu: 2003an haien salmenten % 65 estatu espainiarrean egin bazen ere, 2011. urtean, % 40ra jaitsi zen zenbatekoa. Telefónicak, esaterako, inoiz ez bezalako mozkinak lortu zituen Latinoamerikan, nahiz eta Espainian haren irabaziak % 60tik gora murriztu. Frantzian, CAC 40 burtsa-indizea osatzen duten enpresek milioi askoko mozkinak lortu dituzte, krisia gorabehera: 2008 eta 2011 bitartean, aparteko talde horretako berrogei enpresetako akziodunek 150.000 milioi euroren dibidenduak sortu dituzte.

Krisiak multinazional batzuk erasan egin baditu ere, finantza-sisteman bereziki, beste batzuek, petrolioaren munduko “bost handi”ek —Exxon, Shell, BP, Chevron eta Total—, esaterako, gorakada itzela izan dute mozkinetan: 2006an 115.000 milioi dolarreko mozkinak 124.000 milioiko mozkin bihurtu ziren 2011n, petrolio-upelaren prezioak gora egitearen ondorioz.

Pastelaren banaketa

Nora bideratzen dira mozkin horiek? Dibidendua akziodunek urtean jasotzen duten ordainketa da, eta lortutako irabazien eta bakoitzak duen akzio motaren eta kopuruaren arabera egiten da. Akzio-kategorien barruan, “lehentasunezkoak” dira ezagunenak. Boto-eskubidea ematen dute, eta nazioarteko merkatuan kotiza daitezke. Akzio “mugatuak” dira beste etsenplu bat, Appleko lehendakari zuzendari berri Tim Cookek jaso zituenak modukoak. Milioi bat akzio mugatu eskuratu zituen, baldintza batekin: enpresan jarraitzea; beraz, erdia 2016an bihurtu ahal izango du diru eta gainerakoa 2021ean. Kontratua hautsiz gero “lehiarik ez egiteko hitzarmena” baldintzatzat duten akzioak edo “sariak” jasotzen dituzte goi-zuzendaritzako kide ugarik; hartara, urte batzuetan lehiakide batek bere ezagupenak ez erabiltzea bermatzen du enpresak. Pierre-Henri Gourgeonek, Air France-KLM konpainiako presidenteak, 400.000 euro jaso zituen helburu horrekin.

Bonuak dira enpresek beren mozkinetako batzuk goi-zuzendaritzako kideei helarazteko beste modu bat. Alabaina, finantza-desarauketaren eta kapital handiaren interesen aldeko estatu-politiken ondorioz, enpresa handietako zuzendariek (banketxeetakoek, batez ere) milioi askoko bonuak banatzen dituzte, nahiz eta enpresak galerak izan. Lehman Brothers bankuarena da kasurik ezagunena: 2008an, porrot eginda egon arren, 20 milioi inguru dolar banatu zizkien hiru exekutibori, eta zuzendariak 300 milioi dolar bereganatu zituen. Urte horretan bertan, sekulako galerak izan zituen Merrill Lynchek; halere, 3.600 milioi dolarreko bonuak banatu zituen langileen artean, Bank of Americak erosi aurretik. Bonuak banatzeko ohitura aspaldian hedatu zen enpresaren mundura, eta gobernuek ere erabiltzen dute, jarraitzaileak lortzeko erreminta gisa, “elementurik onenak saritzeko” —jokabide-bonuak—, inori konturik eman beharrik gabe.

Finantza-krisian erantzule izan arren enpresari askok eta askok urrezko erretiroa bermatu nahi izan dutelako azaleratutako eskandaluak direla eta, jardunbideok sistemarentzat “arriskugarriak” direla esan dute hainbat buruzagi politikok. Nazioarteko Moneta Fondoaren egungo zuzendari Christine Lagardek, esaterako, bonu garantizatuen kultura «erabateko lotsagarrikeria» dela esan zuen, Frantzian ekonomia-ministro zelarik (2009an). G20a ere ez da halako adierazpenetan atzera geratu; baina, jardunbide horrek sekula baino biziago jarraitzen du.

Ordainketen alorrean dagoen arauketa eskasean eta administrazio-kontseiluek akziodunen batzarren ordez nagusitasuna izatean oinarrituz, goi-zuzendaritzako kide ugarik “kontratu blindatu"ez baliatzen dira. Kaleratzea gertatuz gero jasoko dituzten ordainketei buruzko hitzarmenak dira, eta epe luzerako aurrezki-planak, bizi-aseguruetako sariak eta gauzazko ordainketak har ditzakete barne. 2011n, berme-klausulak edo sarrerak blindatuta dituzten goi-zuzendaritzako kideen 250 kasu erregistratu ziren Espainian.

Nazioartean halako jardunbideak mugatzeko bederen balioko duen legerik ez dagoenez, estatuak baliabiderik gabe daude esateko. Batzuk ordainketa horiei aparteko zergaren bat ezarrita konformatzen dira, edo, besterik gabe, begiak ixten dituzte. Nazioarteko MERKATUetan duten nagusitasunari esker, enpresa multinazionalek erruz jotzen dute halako jardunbideetara, nahiz eta, kasu askotan, finkatuta dauden herrialdeetan giza eta gizarte-eskubideak urratzen dituzten filialen arduradunak izan “sarituak”, meatzaritzako eta petroliogintzako enpresen kasuan, bereziki.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • BELL, B. Y VAN REENEN, J. (2010): Bankers’ Pay and Extreme Wage Inequality in the UK, Center for Economic Perfomance.
  • BOOTLE, R. (2009): The Trouble With Markets: Saving Capitalism from Itself, Nicholas Brealey Publishing.
  • CODELUCK, S. Y ESCANDE, P. (2008): Les Pirates du Capitalisme, Albain Michel, París.
  • ROCHE, M. (2011): Le capitalisme hors la loi, Albin Michel, París.