Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Zuzenbidea > Kontrolerako bestelako proposamenak

Kontrolerako bestelako proposamenak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Gizarte mugimenduek, HERRIEN AUZITEGI IRAUNKORRAK, adituek eta gizarte-ekintzaileek ENPRESA TRANSNAZIONALEN jarduna kontrolatzeko proposamen zehatzak egin dituzte. Kode loteslea onartzea, ENPRESA TRANSNAZIONALAK epaituko dituen nazioarteko auzitegia sortzea eta konpainia horiei buruzko informazio-zentroa abian jartzea dira gizarte zibilaren bestelako proposamenen oinarrian dauden indar-ideietako batzuk.

Kanpoko kode loteslea

Arau-proposamenaren ardatza kanpoko kode loteslea da, arauon borondatezko izaera baztertzea xede izango duena. LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEaren (LANE), EKONOMIA LANKIDETZA ETA GARAPENERAKO ANTOLAKUNDEaren (ELGA) eta NAZIO BATUen ad hoc arauen ildokoa izan daiteke kodearen eduki materiala eta formala, eta baita ere hirurogeita hamarreko hamarkadan NBEn landutako derrigorrezko kodeen proiektuen harikoa. Dena den, gutxieneko eduki batzuk jaso beharko ditu, hala nola, enpresa nagusiaren erantzukizuna filialetara, hornitzaileetara eta azpikontratatuetara zabaltzea; teknologia transferitzea; estatu hartzaileen subiranotasunak multinazionalen gainetik egon behar du, garapenerako eta “ondo bizitzeko” eskubidearekin bat; giza eskubideen arloan aplika daitezkeen arauen interdependentziaren, zatiezintasunaren eta iragazkortasunaren nozioa; zuzendarien erantzukizun zibila eta penala; korporazio transnazionalek Nazioarteko Zuzenbidea zuzenean betetzeko beharra eta pertsona juridikoen erantzukizun penala eta egozpen bikoitza: ENPRESA TRANSNAZIONALak egindako delituen eta krimenen erantzule penalak dira, eta baita inkriminatutako erabakiak hartu dituzten zuzendariak ere.

Nazioarteko auzitegia eta segimendu-zentroa

Egitura juridiko berrian ENPRESA TRANSNAZIONALen nazioarteko auzitegia sortu beharko da, multinazionalen aurka jarritako salaketak onartu, ikertu eta epaituko dituena. Era berean, sententziak betetzen direla zaindu beharko du. Prozedura eta bestelako gai teknikoak, estatuetako auzitegiekiko eta nazioarteko kontrolerako erakundeekiko artikulazioa, kasu, ez dira gaindiezinezko arazo tekniko eta juridiko izan behar, are gehiago NAZIO BATUetako giza eskubideetarako eta torturaren aurkako errelatore diren Martin Scheinin-ek eta Manfred Nowak-ek egindako proposamenak kontuan hartuta, besteak beste. Proposamenok Ekimen Suitzarraren aginduz aurkeztu dituzte. Ekimena Mary Robinsonek zuzendutako egitasmoa da, Suitzako, Norvegiako eta Austriako gobernuek bultzatu dutena Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 60. urteurrenaren karietara. Osaera eta funtzionamendua Eskubide Estatuaren printzipioen araberakoak izango dira. Eta baztertu egin behar da Munduko Bankuari eta bestelakoei lotutako auzitegi ekonomikoen formula.

ENPRESA TRANSNAZIONALen jarduna aztertu, ikertu eta ikuskatuko duen enpresa multinazionalen zentroa sortzea da beste proposamen estrategikoetako bat. Zentroa NAZIO BATUEN ERAKUNDEari atxiki dakioke, eta garrantzitsuena dena, lau aldetatik kudeatu beharko da, hau da, enpresarien, gobernuen, gizarte-mugimenduen eta sindikatuen artean. Transnazionalen jarduerak kaltetutako kolektiboek eta erakundeek aurkeztutako salaketak ikertzea izango du zeregin nagusia, eta enpresek aurkeztutako GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOko memoriekin alderatuko ditu.

Ez da onargarria, esaterako, Espainiako enpresek Latinoamerikan duten egitekoari buruzko azterketaren txostenak ez jasotzea transnazionalen jardueraren gaineko kritikarik —boto partikular batetik haratago—, eta 21 agerralditik 19 enpresen izenean burutu izana. Ez zen kontuan hartu kaltetutako kolektiboen salaketa bakar bat bera ere. Espainiako Senatuan Iberoamerikako Gaietarako Batzordearen barruan landu zuten txosten hori eta 2010eko martxoaren 8ko Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Beste proposamen iragankor batzuk

Estatuekin lotutako proposamen iragankor batzuk gehitu daitezke. Izan ere, askotan estatuak dira arduradunak, herritarren eskubideak ez bermatzeagatik eta euren jardunarekin ENPRESA TRANSNAZIONALen alde egiteagatik. Estatu hartzaileak salatu daitezke beharrezko parte-hartzeagatik, ENPRESA TRANSNAZIONALek egindako giza eskubideen urraketen aurrean legez haien alde egiteagatik, ENPRESA TRANSNAZIONALen jarduerarentzat lagungarri diren merkataritza-itunak eta inbertsioak berresteagatik edo ondoriook ez galaraztean konplize izateagatik.

ENPRESA TRANSNAZIONALaren egoitza nagusia hartzen duten estatuei, berriz, hainbat mailatako parte-hartze kriminala egotzi dakieke, adibidez, merkataritza-itunak eta inbertsioak behartzeagatik edo transnazionalen presioaren aurrean herritarren eskubideak ez babesteagatik. Era berean, euren enpresa multinazionalei giza eskubideak betetzea exijitu behar diete, dauden tokian daudela, eta lurraldez kanpoko erantzukizunari buruzko proposamen bereziak onartu behar dituzte.

Bestalde, giza eskubideak babesteko nazioarteko eta eskualdetako sistemak hobetu egin behar dira, estatuek ezarritako zehapenak betearazleak eta nahitaez bete beharrekoak izan daitezen. MMAren Gatazkak Konpontzeko Sistemaren zehapenak edo ARBITRAJE AUZITEGIenak betetzen ez badira mekanismo hertsatzaileak jartzen dira abian, herrialde periferikoentzat eramanezinak diren ondorio ekonomikoak dakartzatenak. Oso bestelakoak dira, berriz, LANEren Askatasun Sindikaleko Batzordeak Kolonbiari ezarri dizkion errepresalia moralak, azken urteotan izandako milaka sindikalisten erailketak direla eta.

Gainera, ENPRESA TRANSNAZIONALak estatuaren lotura gainditzen duen jurisdikzio penal unibertsaletik kanpo daude. Pertsona juridikoen gaineko jurisdikzioa Nazioarteko Gorte Penalari emateko proposamena atzera bota zuten, eta horrekin batera beste proposamen batzuk ere bai, hala nola krimen ekologikoak, menderatze koloniala eta bestelako menderatze atzerritarra, kanpoko esku-hartzea eta krimen ekonomikoak ere kontuan hartzea; azken horren barruan eskubide ekonomiko eta sozialen bortxaketa larriak eta masiboak sartu nahi izan ziren. Ildo horretako aldaketak sustatu behar dira, eta iragankorki, ENPRESA TRANSNAZIONALetako zuzendariak Nazioarteko Gorte Penalaren aurrean salatu.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • GÓMEZ ISA, F. (2006): “Empresas transnacionales y derechos humanos: desarrollos recientes”, Lan Harremanak, nº especial, Universidad del País Vasco.
  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (2009): Las empresas transnacionales frente a los derechos humanos. Historia de una asimetría normativa, Hegoa y OMAL, Bilbao.
  • KALECK, W. Y SAAGE-MAAB, M. (2009): Empresas transnacionales ante los tribunales, Fundación Heinrich Böll, Berlín.
  • MARTÍN-ORTEGA, O. (2008): Empresas multinacionales y derechos humanos en Derecho Internacional, Bosch Internacional, Barcelona.