Nazio Batuak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Nazio Batuen adierazpenak, gutunak eta itunek giza eskubideak babesteko hainbat arlo politiko, ekonomiko, sozial eta kultural arautzen dituzte. Hala ere, ENPRESA TRANSNAZIONALek funtsezko eskubideak sistematikoki urratzen dituztela egiaztatu arren, Nazio Batuek ez dute korporazio horiek giza eskubideen alorrean kontrolatu eta zehatzeko erregulazio-sistema eraginkorrik sortu.

Egungo egoerara ez gara debaterik gabe iritsi. Hauxe izan da arrazoia: NBEk ezarri nahi izan ditu, giza eskubideen alorrean, potentzia ekonomikoek eta transnazional handiek nahitaez bete beharreko arauak, baina horiek blokeatu egin dituzte.

1972an, enpresa multinazionalek duten botere ikaragarriaz eta horien gaineko kontrol publikorik ezaz ohartarazi zuen orduan Txileko presidente zen Salvador Allendek Nazio Batuen Batzar Nagusia. Hirurogeita hamarreko hamarraldian, hain zuzen ere, noranzko horretan aurreratzeko hainbat prozesu jarri ziren abian: Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak (ECOSOCek) Enpresa Transnazionalen Batzordea, batetik, eta Zentroa, bestetik, sortu zituen, multinazionalen jarduerak giza eskubideen ikuspegitik arautuko zituen jokabide-kode loteslea osatzeko. Hala eta guztiz ere, kode hori ez zuten sekula ere onetsi, herrialde nagusiek eta botere ekonomiko transnazionalaren LOBBYAk aurka egin zutelako. Hurrengo bi hamarkadetan zehar, aurkaritza indartsu horren ondorioz, NBEren baitan nazioarteko arau lotesleak egotea ahalbidetuko zuen prozesu oro blokeatu egin zen. Gauzak horrela, jatorrizko zereginarekin zerikusirik ez zuten organo bihurtu ziren Enpresa Transnazionalen Batzordea eta Zentroa.

Arau lotesleen formulazioa desaktibatzeaz gainera, borondatezko jokabide-kodeak sortzea proposatzen zuten negozio-eskolek eta konpainia handiek. Eta, azkenerako, pisu handia lortu zutenez horiek, GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOAren (GEKren) diskurtsoa hedatu zuten munduan.

Mundu Ituna

Mundu Ituna (Global Compact) sortu zenean —Kofi Annanek aurkeztu zuen Davosen 1999an eta urtebete beranduago sinatu zen New Yorken—, Nazio Batuek nazioarteko komunitatearen behin betiko babesa eman zien borondatezko jokabide-kodeei eta GEKren paradigmari. Harrezkero, giza eskubideen alde egindako apustua egiaztatzeko konpainia multinazionalek gehien aipatzen duten erreferentzia da Mundu Ituna, nahiz eta ez duen inolako mekanismo eraginkorrik eskaintzen, hartutako konpromisoak zaindu eta jarraitzeko.

Mundu Ituna 44 ENPRESA TRANSNAZIONALek sinatu zuten. Horien artean ziren giza eskubideak larriki urratzeagatik salatutako hainbat korporazio (BP, Nike eta Shell, besteak beste) eta sindikatu eta gobernuz kanpoko erakunde (GKE) batzuk. Borondatezko akordioa denez, hari atxikitzen zaizkion konpainiek giza eskubideei, ingurumenari, lan-eskubideei eta ustelkeriari buruzko hamar printzipio orokor izenpetu behar dituzte. Betebehar bakarra dute itunaren sinatzaileek: aurrerabidearen txostena eguneratuta izatea. Eta borondatezko eta aldebakarreko txostenok gainbegiratzeko mekanismorik eta informazioa argitaratzeko gutxieneko parametrorik ez dagoenez, txostena nahikotzat jotzen da, enpresa horiek giza eskubideak errespetatzen dituztela ziurta dezan NBEk.

Hamarkada batetik gora iragan da, Mundu Ituna sinatu zenetik, eta, egia esateko, ENPRESA TRANSNAZIONALek giza eskubideak urratzen eta gizartean eta ingurumenean kalteak eragiten jarraitzen dute, zuzenean edo zeharka, azken urteotan HERRIEN AUZITEGI IRAUNKORRAk egin dituen saioetan zehaztasunez jaso izan denez.

Arauetatik printzipio gidarietara

2003. urtean, «ENPRESA TRANSNAZIONALen eta beste merkataritza-enpresa batzuen erantzukizunari buruzko arauak» proiektua onetsi zuen NBEko Giza Eskubideak Sustatzeko eta Babesteko Azpibatzordeak, eta, kontrol-sistema oso perfekzionatua ez bazen ere, aurrerapauso handia ekarri zuen. Alabaina, berriz ere, sozietate transnazionalek gogor egin zioten proiektuari aurka, eta, azkenean, onetsi beharrean, bertan behera utzi zuen Giza Eskubideen Batzordeak. Bide hori ixteaz batera, giza eskubideen eta ENPRESA TRANSNAZIONALen alorreko ordezkari bereziaren irudia sortzea onetsi zuen, 2005ean, Batzordeak. Ordezkari berezi horren agintaldia aldi baterakoa izango zen —2011n amaitu zen, hain zuzen—, eta Mundu Ituneko aholkulari John Ruggie, borondatezko jokabide-kodeen defendatzaile nagusietako bat, izan zen hautatua.

Ordura arteko ildoari jarraiki, ordezkari bereziak atzera bota zuen bere agintaldian egindako txosten guztietan nahitaezko arauak ezartzeko proposamena. Jarrera bera erakutsi zuen, halaber, bere zeregina amaitzeko eman zituen printzipio gidarietan —«Enpresei eta giza eskubideei buruzko printzipio gidariak: ‘babestu, errespetatu eta erremediatzeko’ Nazio Batuen esparrua praktikan jartzea». Bestalde, Ruggieren lanean zehar sozietate zibilak benetan parte hartu ez izana kritikatu izan dute gizartearen eta giza eskubideen eremuko hainbat erakundek. Zentzu horretan, multinazionalek eragindako erkidegoei kontsultatzeko bitarteko formal eta sistematikoak finkatzea proposatu izan dute, sarritan, baina errelatoreak entzungor egin izan die proposamenoi, eta, horren ordez, enpresa handiak hautatu ditu solaskide.

Babestu, errespetatu eta erremediatu?

Printzipio gidariek helburu zehatzak dituzte: estatuak biktimak babesteko duen betebeharra sustatzea, enpresei giza eskubideak errespetaraztea eta biktimei kaltea ordaintzeko mekanismoetara iristeko bideak hobetzea. Halere, hiru helburuei ez zaie garrantzi bera ematen; pisu askoz handiagoa ematen zaio gobernu nazionalek duten erantzukizunari, nahiz eta printzipio horrek, gizarte-mugimenduen eskarietako batzuk jasotzen baditu ere, eraginkorra ote den zalantza ugari sortzen dituen.

Ez dago zalantzarik: gobernuek, espainiarrak kasu, giza eskubideen errespetua lehenetsi behar dute, bertako MULTINAZIONALen interesak beharrean. Baina, beste alde batetik, eztabaidagarria da multinazionalen kontrola gobernuen esku uztea egokia den ala ez, zeren eta gobernuek korporazioon interes berberak baitituzte eta haien politikak nazioarteko merkataritza-akordioen menpe baitaude. Hortaz, hauek dira zalantzak: erreala da Europar Batasuneko herrialdeetako gobernuek giza eskubideak lehenago defendatzea, egoitza nagusia beren herrialdean duten transnazionalen interesak baino? eta, posible da aurrekontuetarako hein handi batean atzerriko inbertsioaren menpe dauden gobernuek funtsezko eskubideak lehenestea multinazionalen jardueren aurrean? Ezetz ari da errealitatea erakusten. Hori dela eta, gizarteak eskatzen jarraitzen du, nazioartean nahitaez betetzeko arauak onar daitezela, horiek gainbegiratzeko eta norbaitek bete ezean zigortzeko bitartekoak ezar daitezela eta Nazio Batuak erakunde independentea izan dadila, transnazionalen boteretik eta presiopetik askatuta.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CARRIÓN, J.; LLISTAR, D.; GONZÁLEZ, E.; HERNÁNDEZ, J.; KUCHARZ, T.; BRENNAN, B.; LANG, K. Y MARTONE, F. (2009): Beneficios a costa de los pueblos y de los derechos humanos. Corporaciones transnacionales europeas en América Latina y el Caribe, Red Birregional Europa, América Latina y Caribe ‘Enlazando Alternativas’, Ginebra, octubre.
  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. Y RAMIRO, P. (2009): El negocio de la responsabilidad. Crítica de la Responsabilidad Social Corporativa de las empresas transnacionales, Icaria, Barcelona.
  • TEITELBAUM, A. Y ÖZDEN, M. (2011): Sociedades transnacionales. Actores mayores en las violaciones de los derechos humanos, Cuaderno crítico, n° 10, Centro Europa–Tercer Mundo (CETIM), Ginebra.
  • VV.AA. (2012): “Capital transnacional vs Resistencia de los pueblos”, ALAI-América Latina en Movimiento, nº 476.