Finantzarizazioa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Ekonomiaren finantzarizazioak hauxe esan nahi du: esfera finantzarioa esfera errealetik, produktibotik, bereizi eta askoz ere azkarrago hazten dela, funtsean jarduera espekulatiboek osatzen dutelako. Horixe da kapitalismo neoliberalaren ezaugarri nagusietako bat. Finantzen desarauketak eta liberalizazioak bultzatuta sortzen da, eta azken hamarkadetan batzuetan atzeraldi ekonomikoa ekarri duten krisi finantzarioen jatorrian dago.

Jatorria eta irismena

Lehen urratsa dibisen MERKATUetan eman zen, hainbat herrialdetako monetak elkartrukatzen baitira. Herrialdeetako moneten artean kanbio-tasa finkoak erabiltzen baziren ere —Bigarren Mundu Gerraren amaieratik 1971ra arte Nazioarteko Moneta Fondoak administratuta—, sistema hori erori zenean, finantzarizazioa hedatzen hasi zen azkar, eta ziurgabetasun handia sortu zuen, moneten balio erlatiboaren bilakaerari dagokionez. Kanbio-tasa aldakorren testuinguru horretan, dibisa-merkatuaren jardueraren izaera aldatu egin zen errotik. Lehen, ekonomia errealeko eragiketetarako —inportazio bat, atzerrirako bidaia bat… ordaintzea— kontrapartida gisa erabiltzen ziren atzerriko monetako salerosketak, ez baitzegoen hurrengo egunetan, hiletan edo urteetan haien prezioei buruz espekulatzeko arrazoirik. Une horretatik aurrera, ordea, transakzio gehienek jite espekulatibo hutsa hartu zuten. Horrela, bada, hirurogeita hamarreko urteetan egunean 10.000 eta 20.000 milioi dolar artean negoziatzen baziren ere MERKATU horietan, 2007an, 3,2 bilioira zegoen eguneroko kopurua iritsita.

Laurogeiko hamarkadatik aurrera, politika neoliberalen nagusitasunaren ondorioz, MERKATU finantzarioak liberalizatu eta desarautu egin ziren pixkanaka, mundukotu egin ziren, eta ez zegoen haien jarduera kontrolatuko zuen nazioz gaindiko erakunde arautzailerik. Egungo krisira arte, ekonomia erreala baino askoz agudoago hazi dira. Horrela, ekonomia produktiboa, munduko BPGak ordezkatzen duena, 6 aldiz handitu zen 1980a eta 2007a bitartean. Epealdi horretan bertan, MERKATU finantzarioetako aktiboak 16,2 aldiz hazi ziren, Mckinseyren datuen arabera, 1980ko 12 bilioi dolarrak 194 bilioi bihurtu zirelako, 2007an. Kopuru horretan ez daude produktu deribatuak sartuta. Eta, estimazioen arabera, deribatuekin egindako eragiketak 700 bilioi dolarretik gorakoak izan ziren 2007an.

Alabaina, MERKATU finantzarioen globalizazioa ez da batere homogeneoa. Hazkunde handia izan arren, goraka ari diren ekonomiek munduko kapital-MERKATUen % 17 baino ez dute osatzen, eta Iparraldeko herrialdeetan jarraitzen dute pilatuta. Eta Iparraldean aktibo finantzarioek 2008ko BPGaren % 350etik gora osatzen bazuten ere, goraka ari diren ekonomietan % 160koa zen batez bestekoa.

Ondorioak

Finantzek produkzioaren gainean duten nagusitasuna finantzarioak ez diren enpresa nagusien kudeaketan islatzen da, kapital-MERKATUak zuzentzen dituzten inbertitzaile instituzionalen kanpoko kontrolaren bidez, batez ere. Enpresaren burtsako kotizazioa nola edo hala handituz akziodunarentzat balioa maximizatzea da helburua. Sarritan, zorpetzea erabiltzen da, funtsean espekulatiboa den enpresen eskurapen eta bat-egiteen joko gero eta erabiliagoan parte hartzeko. Laurogeiko hamarkadaren hasieratik politika neoliberalei esker hazi ziren enpresa-mozkinak MERKATU finantzarioetan kokatzen dira, funtsean, eta hori bat dator aurreko ideiarekin. Ekonomiaren finantzarizazioa berrelikatzen du horrek, baina ekoizpen-jarduera txikiagoa sortzeaz gain, enplegu gutxiago sortzen du, eta ekonomiari atzerako noranzkoa ematen dio.

Ez da komeni politika neoliberalen benetako helburua ahaztea: hirurogeita hamarreko azken urteetan erortzen hasi zen enpresen mozkin-tasa berreskuratzea, edo, bestela, klase-boterea berrezartzea. Eta lortu egin dute. Hain zuzen ere, Iparraldeko ekonomietan, errenta nazionalean soldaten errentei dagokien zatia txikitu egin da hiru hamarralditan zehar, eta, ondorioz, eskariaren hazkundea eta, bide batez, ekonomiarena moteldu egin da. Geldialdirako joera horri aurre egiteko, familiak zorpetu egin dira, haien kontsumo-mailari eusteko eta are handitzeko ere. Hori dela eta, nahiz eta aitortzen ez den, neoliberalek biztanleen % 1 aberatsaren alde egin dute apustu, gainerako % 99a alde batera utzita. Horren eraginez, errentaren banaketako desberdintasuna hazi egin da izugarri, ekonomiaren hazkundea moteldu egin da eta zorrak orokortu egin dira. Izan ere, ekonomiaren alderdi errealean ez bezala, alderdi finantzarioan ez da aberastasunik sortzen, birbanatu egiten da. Eta oso azkar, neurriz gabe hazten denean.

Gainera, zirkuitu ekonomiko finantzarizatu horrek burbuila espekulatiboak sortzen ditu behin eta berriro, eta horietako bakoitzaren eztandak krisi finantzarioa sortzen du, eta, batzuetan, atzeraldi handia ere bai. Horixe izan zen Japoniako higiezinen eta burtsaren burbuilarekin gertatu zena: laurogeita hamarreko lehen urteetan lehertu zen, eta Japoniako ekonomia atzeraldi sakonean murgildu zuen, bi hamarralditan zehar. Beste horrenbeste gertatu zen, 2001ean, informazioaren eta telekomunikazioen teknologien “ekonomia berria” deritzonaren eztandarekin ere. Baina, batez ere, horixe izan zen 2007an subprime hipoteken krisia lehenengo eta, 2008tik aurrera, ”atzeraldi handia” ekarri zuena. 2010ean, gainera, Europako zor publikoaren krisia okerreko izendapena eman zitzaiona lotu zitzaion.

Gobernuek, hala eskuinekoek nola ezkerrekoek, krisi finantzarioari emandako erantzunak argi utzi du finantzak zuzentzen dituzten eragileekin (banku, inbertsio-fondo, KALIFIKAZIO AGENTZIA eta abarrekin) elkar hartuta daudela, krisia sortu dutenei milioikako erreskateak eman baitizkiete. Eta benetako arrazoiei aurre egin beharrean, MERKATU finantzarioak arautuz, PARADISU FISKALAK deuseztatuz eta enpresen errentaren, ondarearen eta mozkinen gainean egindako ezarpena gutxinaka berreskuratuz, egoeraz baliatu eta ongizate-estatua eta lan-eskubideak eraso dituzte bortizki. Galerak sozializatu eta mozkinak pribatizatu, horixe egin da.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ÁLVAREZ, N. Y MEDIALDEA B. (2010): “La influencia de la financiarización sobre el gobierno corporativo de la empresa: el papel de los inversores institucionales”, Revista de Economía Mundial, nº 24.
  • HARVEY, D. (2007): Breve historia del neoliberalismo, Akal, Madrid.
  • HUSSON, M. (2009): Capitalismo puro, Maia ediciones, Madrid.
  • MCKINSEY GLOBAL INSTITUTE (2009): Global capital markets: Entering a new era.
  • OCDE (2011): Divided we stand. Why inequality keeps rising, París.