Zor ekologikoa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Iparraldeko herrialde industrializatuek Hegoalde globaleko herrialdeen gainean metatutako zorrari esaten zaio zor ekologikoa. Zor hori lehenek bigarrenen baliabide naturalak lapurtzearen, bidegabeko merkataritzaren, ingurumen-kaltearen eta ingurua soilik hondakindegi moduan erabiltzearen ondorio da. Transnazionalek ekarpen itzela egin dute zor horretan, ingurumen-pasibo deritzenen bidez; besteak beste, hor ditugu: hidrokarburoen eta mineralen ustiapenetik sortutako substantzia toxikoez ura eta lurra kutsatzea eta presa hidroelektriko handiak eraikitzearen ondorioz balio ekologiko nabarmeneko ekosistemak deuseztatzea.

Oro har, beste pertsona bati zerbait ordaindu edo itzultzeko betebeharra edo norbaitekiko obligazio morala adierazten du zor hitzak. Iparralde globaleko herrialde aberastuek, gaur egun eta historian zehar ekologiaz egin duten erabilera bidegabea dela eta, betebehar bat dute Hegoaldeko herrialdeekin. Obligazio hori, morala ez ezik, fisikoa eta zehatza ere bada, eta, beraz, badago hainbat bide ekonomiko, politiko eta sozialen bidez ordaintzerik. Zordunez dihardugunean, ez gara Iparraldeko gizarte kontsumitzaileez, industria-ehunaz edo gobernuez soilik ari, herrialde horietan dauden eta beren herrialdeetan baino baldintza askoz onuragarriagoetan Hegoaldean inbertitzen duten edo erauzketak egiten dituzten ENPRESA TRANSNAZIONALez ere ari gara.

Zor ekologikoaren kontzeptua Hegoaldea deritzoneko hainbat talde eta elkartek —Jubileo Sur, Instituto de Ecología Política de Chile, Acción Ecológica de Ecuador eta Jubileo 2000— sortu zuten, kolonia zirenean hasi eta gaur egunera arte sendotuz joan den nazioarteko eskema bat salatzeko. Eskema horretan, herrialde pobretuak herrialde aberastuen despentsa eta zabortegia izan dira, eta, gainera, aberastuek askoz ere eragin handiagoa izan dute ingurumen-arazo globaletan. Hegoaldeko herrialdeetako kanpo-zorren bidegabekeria salatzeko kanpainekin batera sortu zen terminoa. Kanpo-zorren interes gero eta handiagoak ordaintzea ezinezkoa zenez, kiribila betikotu egin zen, eta mailegu gehiago; egiturazko erreformen paketeak; atzerriko inbertsioa, arpilatzea eta pobrezia; eta maileguen interesak ordaintzeko ezintasuna ekarri zituen. Gauzak horrela, herrialde aberastuek beraiekin duten zor ekologikoa salatzeari ekin zioten Hegoaldekoek, askoz handiagoa baita beraien kanpo-zorra baino.

Hegoaldekoekiko zor sozial, kultural eta politikoez ere mintza gaitezke, pertsonen laneko esplotazioa, mutilazio kulturala eta ezarpen arautzaileak direla medio. Edonola ere, beste alor batzuk ukitzen dituzten zeharkako hainbat kalte ere sartzen dira “ekologiko” izendapenaren barruan. Esate baterako, inpaktu ekologikoak aztertzen hasita, ezin ahaztu horiek biztanleengan dituzten ondorioak. Askotarikoak dira oso, eta osasunari, ELIKADURA SUBIRANOTASUNAri, tokiko ekonomiari edo kulturari eta estatuko ekonomiari edo subiranotasunari eragiten diete. Halarik ere, hasiera batean jite biofisikoko gaiei erantzuteko erabiltzen bada ere zor ekologikoaren kontzeptua, egokiagoa litzateke, agian, gizarte- eta ingurumen-zorraz mintzatzea.

Terminoa xehatuz

Hurrengo taulan ikus dezakegunez, herrialde aberastuek pobretuekin hartuta duten zor ekologikoak lau osagai dituela esan dezakegu zehazkiago. Hoyosen esanetan, 2005ean karbonoan metatutako mundu-zorra 13 bilioi eurokoa zen gutxienez —herrialde aberastuak ziren zordun nagusiak—; urte horretako munduko kanpo-zorra, ostera, 8,5 bilioi ingurukoa zen.

 

ERDIGUNEAN ETA PERIFERIAN ZOR EKOLOGIKOA SORTZEKO MEKANISMOAK
MEKANISMOA EZAUGARRIAK
Karbonoaren zorra Berotegi-efektuko gasak isurtzeagatik atmosfera neurrigabe kutsatzea
Biopirateria Indigenen arbasoen ezagutzez jabetzea
Ingurumen-pasiboak Baliabide naturalak esportatzeko erauztearen kostu ekologikoa
Hondakin toxikoak garraiatzea Hondakin toxikoak erdialdeko herrialdeetatik periferikoetara esportatzea

 

Bestalde, hiru zordun multzo handi bereiz daitezke, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura ekologikoan. Lehenik eta behin, transnazional handiak, hala nola: Chevron-Texaco estatubatuarra eta, estatuan, Repson, BBVA eta Iberdrola. Bai zuzeneko jardueran bai inbertsioetan, korporazio transnazionalak ingurumen-pasibo handiak ari dira Hegoaldean sortzen, eta horiek ez dituzte ez kontuetan islatzen ez ordaindu edo leheneratzen. 2011ko otsailean, Ekuadorreko auzitegi batek 8.600 milioi dolarreko isuna ezarri zion Chevron-Texakori, 18 urtean zehar Amazonia kutsatzeagatik. 2012ko urtarrilean, auzitegi hark berak bikoiztu egin zuen zigorra, baina petrolio-enpresak errekurritzen jarraitzen du, bere erantzukizunak ez onartzeko merkataritza-hitzarmenak lehenetsiz.

BBVAk jarduera ugari finantzatu ditu Latinoamerikan eta Asian, eta ingurumenean eta bertako gizarteetan inpaktu larriak eragin ditu. Hona hemen jarduerok: petrolio-erauzketa —Repsolekin eta beste konpainia batzuekin—, meatzaritza, urtegi handien eraikuntza, nekazaritzako negozioak… Beste adibide bat jartzearren, Iberdrola planetako presa hidroelektriko polemikoenetakoaren eraikuntzan ari da parte hartzen, Amazonas ibaiaren adar handienetakoa den Xingu errekako Belo Montekoan alegia. Eraikitzen bada, 50.000 indigenatik gora lekualdatzea eskatuko du.

Bigarren multzoan, Iparraldeko gobernuak ditugu, enpreson kanpo-jarduera babesteaz gain, horien proiektu eta inbertsioetarako lege-bidea libratzen baitute. Europar Batasunaren Lehengaien ekimena adibide argia dugu. Estrategia horren bidez, Europako ekonomiarako funtsezkoak diren mineraletarako bidea ireki nahi die konpainia europarrei, garapen-bidean dauden herrialdeetan. Europako Batzordeak dioenez, «nazioarteko merkatuko distortsioak, esportazio-tasak eta inbertsio-arau murriztaileak, kasu» deuseztatuz egingo da hori, nahiz eta “distortsio” horiek Hegoaldean garatzeko politikak izan.

Hirugarren taldean, prezio txikiko produktuak kontsumitzen dituztenak daude. Kontsumitzaileok, prezio txikiei ez ezik, Hegoaldeko langileen lana eta kutsatutakoa bidegabeki ordaintzeari etekina ateratzen diote. Kontsumitzen ditugun mineralen, arrainen eta gasolinaren erauzketak ondorio batzuk sortzen ditu hainbat lurraldetako (Boliviako, Indiako ozeanoko edo Nigeriako) ingurumenean, eta ez dira konpontzen.
Hegoaldean kutsatzea eta arpilatzea merkeagoa da Iparraldean baino; horixe da kontabilitate bakarra. Gizarte- eta ingurumen-inpaktu ugari eragiketa-kostuetan txertatu eta ordaindu beharko liratekeen arren —kanpo-eraginak barneratu—, batzuk oso zailak dira ekonomiari begira edo dirutan neurtzen. Adibidez, zenbat balio du oihan batek, edo giza bizitza batek? Baina zorrari hurbilpen kuantitatibo bat eginez gero, errazagoa da zordunak (Chevron-Texaco Ekuadorren, esaterako) epaitzea eta zigortzea, eta, hein batean, zor ekologikoa ordaintzea. Horrek guztiak, gainera, hausnarketarako bidea ematen du: Iparraldearen ustezko garapena zenbateraino funtsatu da Hegoaldeko baliabide natural eta humanoetan eta bide hori suntsitzeko moduak bilatzeko beharrean?

 


BIBLIOGRAFIA:

  • HOYOS, D. (2009): “Cambio climático y deuda ecológica. La deuda del carbono en la Comunidad Autónoma del País Vasco”, en BARCENA, I.; LAGO, R. Y VILLALBA, U. (eds.), Energía y deuda ecológica, Icaria, Barcelona.
  • MARTÍNEZ-ALIER, J. Y OLIVERAS, A. (2003): ¿Quién debe a quién? Deuda ecológica y Deuda Externa, Icaria, Barcelona.
  • ORTEGA CERDÁ, M. (coord.) (2005): La deuda ecológica española, Muñoz Moya, Universidad de Sevilla.
  • RUSSI, D.; PUIG, I.; RAMOS, J.; ORTEGA, M. Y UNGAR, P. (2003): Deuda ecológica. ¿Quién debe a quién?, Icaria, Barcelona.
  • URKIDI, L.; BARCENA, I.; LAGO, R. Y MANTXO, M. (2012): “Deuda energética vasca 2011: la energía que consumimos y lo que le debemos al mundo”, Ecología Política, nº 42.