Banku publikoak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Banku publikoak herri-administrazio batek edo estatuak kontrolatzen eta kudeatzen dituen kreditu-erakundeak dira. Finantza- eta ekonomia-krisi betean gaudela, kontzeptu horrek garrantzi handiagoa hartu du, kreditua lortzeko arazoen konponbidea izan daitekeelako. Banku pribatuek gainerako ekonomia-arloei kredituak emateari utzi diote eta arlo estrategiko hori beren esku dago egun.

Finantza-krisiak agerian utzi du kapitalismoaren metaketa-prozesuaren ardatza kreditua dela eta ardatz hori lantzeko eta kudeatzeko eskumena duten bakarrak banku pribatuak direla. Aipatutako erakundeak jaun eta jabe izan dira kredituen arloan, aurrezteko ahalmena zuten ekonomia-eragileek aurreztutako dirua finantzaketa-beharrak zituztenen esku utziz, ekoizpen-prozesuetarako edo kontsumorako erabil zezaten. Beraz, metaketa-prozesuan berebiziko eragina dute, erabakigarriak dira, dinamikaren olioa (dirua) behar den tokian isurtzeko ahalmena dutelako.

Jakinekoa denez, krisiaren ondorioak jasaten ari diren herrialdeetako moneta-agintarien arazorik larrienetako bat banku pribatuek gainerako ekonomia-arloei kredituak ematen jarraitzeko moduak bilatzea izan da. Dirutza publiko izugarriak erabili dituzte banku pribatuak birkapitalizatzeko. Banku zentralek fondoak eman dizkiete, interes-tasak ia hutsaren parekoak izanik, kredituak SEKTORE PRIBATURA iritsi zitezen. Baina alferrikakoa izan da, banku pribatuek, kredituak eman beharrean, gordailu horien bidez eskuratutako baliabideak banku zentralera birbideratu dituztelako.

Aipatutako jokabideak bi ezaugarri esanguratsu azaleratu ditu. Batetik, finantza-sistema ekonomia kapitalistaren sektore estrategikoa dela: dirua arintasunez mugitzen ez denean, ekoizpenen metaketa eta zirkulazioa bertan behera geratzen dira. Bestetik, aipatutako sektorea pizgarrien bidez suspertzeko ahaleginek porrot egin dute, banku pribatuek ekonomia-erantzukizunak alde batera utzi eta beren interesak besterik ez dituztelako kontuan hartu.

Banku publikoak sortzeko beharra

Gertatutako guztiaren ondorioz, banku publikoak sortzeko beharrari buruzko eztabaida, oso aspaldikoa, puri-purian dago berriz. Zenbait negozio-sektoretan banku pribatuekin lehiatzeaz gain, ekonomia pribatuei eguneroko jardueretarako kredituak ematen jarraitzea litzateke helburua.

Laurogeiko eta laurogeita hamarreko neoliberalismo sutsuaren ondorioz, ia herrialde guztietan, baita Espainian ere, banku publikoak pribatizatu egin ziren. Ordutik, kredituaren zirkuitua SEKTORE PRIBATUAREN esku dago. Sektore pribatuak, kredituen arloa bere interesen mende jartzeaz gain, nazioarteko finantza-MERKATUETAN espekulatzeari ekin zion, finantzak desarautzeko prozesuei esker.

Krisiak, beraz, finantza-sistemaren gehiegikeriak agerian uzteaz gain, botere publikoek erakutsi dute beren ekonomietako sektore estrategiko hori kontrolatzeko gai ez direla, ezbairik gabe. Botere publikoen gainbegiratze-ahalmenak gainezka egin du, bankuek eta gainerako finantza-eragileek garatutako BERRIKUNTZA-dinamika finantzarioen ondorioz, eta ohiko kreditu-jarduerak, laguntza gehienen oinarriak, suspertzeko beharra bigarren mailan geratu da, espekulazioetan egindako gehiegikeriek beren balantzeetan izan duten eragina konpontzeari eman zaiolako lehentasuna.

Gauzak horrela, banku publikoak berreskuratzea premiazkoa da, krisiak enpresen eta familien kredituetan izandako eragin suntsigarriari aurre egiteko neurri koiunturalak eta etorkizunean berriz ez gertatzeko neurri estrukturalak hartzeko aukera emango luketelako. Banku publikoek, indar nabarmena duten herrialdeetako esperientziak egiaztatu duenez, ekonomia-garapena eta finantza-egonkortasuna suspertzen laguntzen dute. Adibidez, BRIC (Brasil, Errusia, India eta Txina) herrialdeetan, potentzia emergente berrietan, banku publikoen eragina erabakigarria da. Indiako banku-sistemaren % 75 publikoa da, eta Txinako, Brasilgo eta Errusiako portzentajeak % 69, % 45 eta % 60koak dira, hurrenez hurren. Lau herrialdeetako bankurik garrantzitsuenak estatuaren esku daude. Banku publikoen presentzia handiari esker, 2000tik 2010ra bitartean lau herrialde horietako BPGa % 92,7 hazi zen, munduko BPGaren hazkundea % 32koa izan zen, eta ekonomia industrializatuen BPGarena % 15,5ekoa besterik ez.

Banku publikoak finantza-krisiari aurre egiteko

Hizpide ditugun lau herrialdeak, banku publikoen jarduerei esker, krisialdian zehar ekonomia garatuak baino askoz ere hobeto ari dira moldatzen, bigarren horietan sektorearen gaineko kontrol estrategikoen gabezia erabatekoa baita. Kreditu kontraziklikoak emanez eta kreditua lortzeko oztopoen kontrako bestelako baliabideak erabiliz, lau herrialdeetako banku publikoek krisiaren ekonomia-ondorioak leuntzea eta banku-sistema pribatuak baino lehiakorragoak izatea lortu dute. Gainera, herri-administrazioek banku publikoetara jo dute beren kontuei eusteko eta ohiko eragiketak gauzatzeko, eta, herri-administrazioen jokabidea eta kaudimena ikusita, SEKTORE PRIBATUAK konfiantza hartu du. Ondorioz, pasiboen estaldura hobetu eta mailegu-gaitasuna handitu egin dira. Dena den, emaitza on horiek ez dituzte erdietsi aipatutako lau herrialdeek eta azken urteotan egiturazko faktoreengatik ekonomian egoki moldatu diren beste batzuek soilik.

Berriki kaleratutako azterlan batek 120 herrialderen ibilbidea arakatu du 1995-2007 urteetan zehar. Emaitzen arabera, banku-sistema publikoak dituzten herrialdeetako ekonomia banku-sistema pribatua nagusi den herrialdeetakoa baino askoz ere azkarrago hazi da.

Ondorioa garbia da: estatuetan banku-sistema publikoak presentzia handia izatea funtsezkoa dela egiaztatzen duten froga enpiriko garaikideak eztabaidaezinak dira. Banku-sistema publikoak ekonomia-hazkunde egonkorragoa sustatzen du, batetik, eta finantza- eta banku-krisiek ekonomia errealean eragindako ondorioak leuntzen ditu, bestetik.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ANDRIANOVA, S., DEMETRIADES, P. Y SHORTLAND, A. (2009): “Is government ownership of banks really harmful to growth”, Working Paper, University of Leicester.
  • LAPAVITSAS, C. (2009): “Systemic failure of private banking: A case for public banks”, Research on Money and Finance, Discussion Paper nº 13.
  • MICCO, A. Y PANIZZA, U. (2005): Public banks in Latin America, Banco Interamericano de Desarrollo, Washington.
  • PLATAFORMA POR LA NACIONALIZACIÓN DE LAS CAJAS DE AHORROS (2012): ¡Banca pública! Rescatemos nuestro futuro, Icaria, Barcelona.
  • THE ECONOMIST (2010): “Mutually assured existence. Public and private banks have reached a modus vivendi”, Special report: Banking in emerging markets, 13 de mayo.