Aktibismo akzionariala

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

GGKE-en ekintza-, kontzientziazio- eta erresistentzia-tresna. Konpainia transnazionaletan infiltratzen dira giza, gizarte- eta ingurumen-eskubideen urraketak salatzeko. Gizarte-mugimenduen eta GGKE-en artean eztabaida piztu da, tresna horrek oinarrizko eskubideak betearazteko duen baliagarritasunaren inguruan.

Konpainietan sartzeko modua Akziodunen Batzar Nagusian parte hartzea da. Urtean behin egiten da, lege-aginduz, eta administrazio-kontseiluak eta zuzendaritzak akziodunei (enpresaren jabeei) kontuen berri ematen diete. Enpresetako akziodunek batzarretan hitz egiteko eta botoa emateko eta akzioak beste ordezkari batzuen esku uzteko eskubidea dute, besteak beste. GGKE-ek, zuzenean erositako eta beste akziodun batzuek utzitako akzioen bidez, enpresen baitan beren ahotsa eta kritikak entzunaraztea lortzen dute. Gainera, transnazionaletako lehendakariek interpelazioei erantzuteko betebehar formala dute.

Aktibismo akzionarialaren azken helburua enpresak giza, gizarte- eta ingurumen-eskubideak urratzeari uztea da. Helburu zehatzak, ordea, hainbat izan daitezke: adibidez, enpresen jarduera arduragabeak iritzi publikoaren aurrean agerian uztea, oihartzun negatibo horren ondorioz, akziodunek konpainiaren politikak aldatzeko erabakia har dezaten. Enpresak GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOAREN (GEK) saila sortzera eta jokabide-kode etikoa ezartzera bultzatzeko modu bat ere izan daiteke. Enpresen jarduera kaltegarriak erantzuleen aurrean zuzenean salatzeko eta azalpenak eskatzeko ere erabili ohi da, okerreko jarduerak zuzentzeko eta gainerakoak eta gestioa hobetzeko.

Adibide batzuk

Aktibismo akzionarialari hirurogeita hamarreko hamarkadan ekin zioten mundu anglosaxoian, baina askoz ere lehenago sortu zen, 1933an, Ameriketako Estatu Batuetan. Estatu Espainoleko aitzindaria Setem GGKEa izan zen, tresna hori 2001ean erabili baitzuen estreinakoz. Setem, gainera, aktibismo akzionarialaz gehien baliatu den GGKEa da. 2005etik, Inditex eta Adolfo Domínguez enpresetako akzioak ditu, eta azken hamarkadan Inditexeko akziodunen urteko batzar guztietan hartu du parte konpainia gizarte-konpromisoa handitzera bultzatzeko. Arropa Garbia kanpainaren bidez, Zara, Oysho, Massimo Dutti, Pull & Bear eta Inditex taldeko beste marka batzuen arropak egiten dituzten azpikontraten lan-esplotazioa salatu dute akziodunen batzarren aurrean. Bi urtetan ekin eta ekin aritu ondoren, multinazionalak Bangladesheko azpikontrataren lantegiko sutean hil ziren 64 langileen familiei ordaintzea lortu du. Era berean, Setemen etengabeko eskarien ondorioz, Inditex taldeak Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren Saila sortu du. Inditexeko GEK Sailak Ethical Trade Initiative erakunde independentearekin bat egin du, ekoizpen-kateetan jokabide-kodeak sustatzeko eta hobetzeko asmoari atxikiz. Dena den, GEK Saila sortzea itxuraz ez da izan konponbide biribila, 2012an Inditex taldeak Marokon azpikontratatuta dituen enpresetako langileen giza eta lan-eskubidek ez dituela bermatzen kontuan hartuta.

Aktibismo akzionarialaren beste bi adibide “BBVA armarik gabe” eta “Banco Santander armarik gabe” kanpainak dira, Centre Delàs de Justícia i Pau erakundeak, Globalizazioaren Zorraren Behategiak eta Setemek elkarlanean gauzatuak. Bi kanpainen bidez, 2012ko Akziodunen Batzar Nagusian BBVA eta Santander bankuak armen negozioan dabiltzala salatu zuten, arma-enpresetan parte hartzeaz gain, kredituak, maileguak eta bestelako finantza-tresnak ematea leporatuz. Gainera, bi bankuek gizarte- eta ingurumen-kalte larriak sorrarazten dituzten proiektuetan egindako inbertsioak utzi dituzte agerian: arma nuklearrak eta luku-bonbak finantzatzen dituzte, batetik, eta gizarte- eta ingurumen-inpaktu handiko presak, bestetik. Bi banku-entitateen erantzunak oso laburrak izan dira, eta Santanderrek ukatu egin du dena.

Intermón Oxfam GGKEa ere aktibismo akzionarialaren bidean murgildu da. Urteak daramatza Repsol enpresa presionatzen, petrolio-putzuak dituen tokietako, bereziki Boliviako eta Peruko, HERRI INDIGENEN eskubideak errespeta ditzan. Repsolek nazioarteko aitorpena duten HERRI INDIGENEN eskubideen errespetua bermatzeko jokabide-arauak onartzea da helburua. 2008ko urteko batzarrean, Repsolek HERRI INDIGENEN printzipio eta eskubideei buruzko aitorpena Intermón Oxfamekin batera bideratzeko konpromisoa hartu zuen, baina emaitza, 2011ko azaroan onartutako testua, iluna eta zehaztugabea iruditu zitzaion GGKEari. Repsol konpainia 39. blokea ari da ustiatzen Perun, eta bertako komunitate batzuk borondatez isolaturik daude. Arazoak arazo, Intermón Oxfamek bere ekimenen eraginkortasunarekin pozik dagoela azpimarratu du, jakinarazpen ofizialen bidez.

Eraginkortasuna

GGKE-en artean era guztietako iritziak daude aktibismo funtzionalaren inguruan. Tresna horretaz baliatzen diren erakunde batzuek eraginkortzat jotzen dute, epe luzean korporazio handien gizarte- eta ingurumen-konpromisoa handitzen laguntzen duelako. Beste batzuen ustez, transnazionalek nahitaez bete beharreko nazioz gaindiko arauak ezartzen eta betearazpena bermatzeko tresnak finkatzen ez badira, oso zaila izango da GGKE-ek konpainia handien gizarte-erantzukizunean aurrerapen garrantzitsuak lortzea. Gainera, enpresekiko elkarrizketa soziala GGKE-en interesentzat arriskutsua iruditzen zaie, kontrako helburua sorraraz daitekeelako: enpresa handiek, GGKE-en partaidetzari esker, itxura hobea ematea eta iritzi publikoari ideia eta diskurtso jakin batzuk sinetsi araztea, gizarte zibilaren balizko salaketei aurre egiteko edo arreta enpresei komeni zaizkien beste gai batzuetara desbideratzeko. Ondorioz, aktibismo sozialak helburu duen elkarrizketa sozialaz baliaturik, interes-taldeak presionatzen eta eztabaidagaiak manipulatzen saia daitezke, etorkizuneko arriskuak atzeman eta gai kritikoei buruzko ezagutzak berengana ditzakete, salaketak atzeratzeko aitzakia izan dezakete, eta, azkenik, negozioak sortzeko ahalmenak mugatzen dituzten egiturazko aldaketak saihestu ditzakete. Arrisku horien iturburua elkarrizketaren asimetria da, bi aldeek ez baitute negoziazio-botere berbera.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CARRIÓN, J. Y LLISTAR, D. (2007): La Responsabilidad Social Corporativa (RSC), ¿oportunidad o trampa para la cooperación catalana?, Observatorio de la Deuda en la Globalización, Barcelona.
  • FERNÁNDEZ CASTRO, E.M., PUCHETTA MOYA, A.M. Y GARCÍA, M.P. (2011): "Activismo accionarial", III Congreso Internacional de Casos Docentes en Marketing Público y No Lucrativo. Responsabilidad Social: ¿Mito o realidad?, 16 de diciembre.
  • SÁNCHEZ, J.L. (2011): “Comprar acciones para poder decirle lo que piensas al BBVA, Inditex, Repsol…”, Periodismo humano, 16 de marzo.
  • SETEM (2011): “Una sindicalista del Sur interviene junto a la Campaña Ropa Limpia ante la junta de accionistas de Inditex”, Setem Hego Haizea, 18 de julio.