Portada del sitio > Sala de prensa > En los medios > Kontsumo merkea, garesti

Kontsumo merkea, garesti

Olatz Silva Rodrigo (Berria, 2022ko azaroak 24)

Jueves 24 de noviembre de 2022

JPEG - 198.5 KB

Bilboko Kale Nagusiko dendak black friday egunarekin lotutako mezuz beteta ageri dira egunotan: «Ulanka zapata dendan, %20ko beherapena black friday egunaren aurretik». «Let’s go! Black asteak Mediamarkt dendan». Bihar izango da black friday eguna, baina, ostiral bakarra izateari utzi, eta hilabete osoa da azken urteetan. AEBetatik iritsitako ohitura da black friday. Han, Thanksgiving edo Eskerrak Emateko Egunaren osteko egunean ospatzen dute, eta Eguberrietako kanpainaren hasieratzat hartzen da. Dendek prezioak jaisten dituzte garai horretan, eta Euskal Herrian gero eta errotuago dagoen ohitura hori.

«Hasieran oso baliagarria zen, gutxi kontsumitzen zen hilabete batean kontsumoa handitzeko modua ematen zuelako», zehaztu du Rafael Gardeazabal Bilbo Dendak elkarteko presidenteak. Orain, ordea, «enpresa handiak sartu», eta hilabete osora hedatu dute, eta ohartarazi du horrek mesede baino gehiago kalte egiten diela merkatari txikiei. «Tokiko merkataritza ezin da multinazional handiekin lehiatu».

Horixe bera uste du Gorka Martija Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformako kideak. Azaldu duenez, tokiko merkataritzak «atzean ez geratzeko» hartzen du parte black friday-ren gisako kanpainetan: «Bizirik iraute hutsa da; izan ere, garai horretan enpresek publizitate baliabide, denda fisiko, estruktura logistiko eta komunikabideetan agertzeko aukera gehiago dituzte, eta horretaz baliatzen dira txikiak ere».

Gardezabalek azaldu duenez, teknologiaren arloa da black friday egunaren jatorria, eta, oraindik ere, egun horretan gehien saltzen diren produktuak sektore horretakoak dira. Hala ere, gaur egun sektore «ia guztietako» dendetan ikus daitezke «gantxo komertzial horri lotutako beherapenak».

MULTINAZIONALEI MESEDE

Merkatarien elkarteko presidentearen arabera, Bilbon, black friday gerturatzen denean, El Corte Ingles eta Zubiarte merkataritza gunea izaten dira onuradun nagusiak: «Data horiek noiz iritsi zain egoten dira». Hain zuzen, Bilboko Kale Nagusiko saltokiak ordutegia ordu erdi luzatu du azaroaren 24an, 25ean eta 26an, black friday dela eta.

Merkataritza gune horiez gain, online enpresek ere, hala nola Amazonek, Alibabak eta Aliexpressek «izugarrizko etekina» ateratzen diote: «Eskaintza basatiak egiten dituzte, eta produktuak egun horretarako gordetzen dituzte. Mundu osoan saltzen duten plataformak dira; beste maila batean daude».

Online denda handien etekinak, ordea, tokian tokiko enpresa txikien kalterako izaten direla ohartarazi dute merkataritza elkarteek. Hala egin dute Comercio Vitoriak eta Arabadendak-ek; Gasteizko Udalari eskatu diote I nternet bidezko saltoki handiei tasa berezi bat ezartzeko. Egitasmo horrekin, halaber, online saltoki handien eragin negatiboak salatu nahi dituzte; besteak beste, enpresa horiek ingurumenari sortzen dizkioten kalteak, hiriari egiten dioten ekarpen ekonomikorik eza eta kontsumitzailearenganako «arreta hutsala».

Bizkaidendak-ek ez du black friday babesten, baina azaldu du berak ezin duela erabaki dendek bat egitea ala ez. «Bakoitza libre da nahi duena egiteko; ni, bereziki, kontra nago», nabarmendu du Jose Andres Cebrecosek, elkarteko presidenteak. Gehitu du gaur egun arazo handia dagoela «ezkutuko» beherapenekin, batez ere halako egunetan: «Lehen, merkealdiak urtarrilean eta uztailean ziren, baina orain badaramagu hilabete osoa ezkutuko beherapenekin, black friday dela eta; beti gaude merkealdian».

Martijaren arabera, black friday-ren moduko kanpainek «kontsumismo eredu jakin bat» bultzatzen dute. Joan den urtean, Kapitalari Planto plataformako kideek Bilboko Kale Nagusiko Primark eta Zara denden aurrean ekintza bat egin zuten, beste kontsumo eredu batzuk badaudela azalarazteko.

Martijak salatu duenez, instituzioak «krisiaren aurreko kontsumoa eredua areagotzen» ari dira: «Black friday egunean hasi eta Gabonetako merkealdia heldu arte, testuinguru jarraitu bat dugu non jendeak gero eta gehiago kontsumitzen duen». Haren iritzian, «ulergarria» da «batez ere errekurtso ekonomiko gutxiago dituztenak» horrelako aukerez baliatzea, baina ohartarazi du hori ez dela «beharrizan sozialak» konpontzeko bide bakarra.

ONUREN ATZEKO KALTEAK

Arrazoiak arrazoi, egun horietako erosketekin kontuz ibili behar dela ohartarazi du Jose Andres Cebrecosek, Bizkaidendak-eko presidenteak. «Egun batzuk lehenago, denda batzuek prezioak igotzen dituzte, egun horretan berriro jaisteko; hori kudeaketaren edo funtzionamenduaren praxi txarra da».

Nabarmendu du kontsumoa ez dagoela «egoera onenean», eta, deskontu txikiekin bada ere, «jendeak aprobetxatu» egiten dituela halako egitasmoak. Gardeazabalen ustez, prezioekin gertatzen diren arazoak erakundeek kontrolatu beharko lituzkete. Azaldu duenez, dendek ezin dute nahi dutenean prezioa aldatu: «Denbora tarte jakin batean mantendu behar dute prezioa, eta dendek ez dute hori betetzen».

Online dendetan gerta daitezkeen iruzurrez ere ohartarazi du Bilbo Dendak-eko eledunak: «Ziberdelinkuentzia handia dago egun hauetan; hacker edo pirata informatikoek ustez egiazkoak diren eta faltsuak diren orrialdeen estekak bidaltzen dituzte». Horren guztiaren kontra, kontsumitzaileek salaketa jartzea «ezinbestekoa» dela uste du.

Martijak, berriz, beste «kalte» batez ohartarazi du: halako kanpainek ingurumenean duten eragina nabarmendu du: «Nazioarteko merkataritza kateetan oinarritutako eguna da, eta horrek nazioarteko merkantzia garraioa sustatzen du, eta CO2 emisioak areagotu». Era berean, erosten diren produktu nagusien atzean «etengabe» plastikoa erabiltzen duten industriak daudela azaldu du. Adibidez, gogoratu du ehungintzan biodibertsitateak degradatu ezin ditzakeen osagai toxikoak erabiltzen direla.

LAN PREKARIOAK

Badago beste arazo bat: black friday egunean gero eta ohikoagoa da erosketak online egitea. «Online merkataritzak enpleguak suntsitzen ditu, eta lan baldintzak prekarizatzen ditu», salatu du Kapitalari Planto-ko bozeramaileak. Ohartarazi duenez, hala jokatzen dute multinazional handiek, Amazonek adibidez: «Langileak plataformen bitartez kontratatzen dituzte, kasu gehienetan autonomo faltsu gisa, beren beharretara egokitzeko». Kapitalari Planto-k 2019an kanpaina bat hasi zuen Amazonen aurka, bere plataformetan autonomo faltsuak kontratatzeko eskaintzak agertzen zirela salatzeko.

Halako egunetan, halaber, kontratazioak areagotzen dira. Randstad giza baliabideen enpresaren arabera, Hego Euskal Herrian bi mila lanpostu baino gehiago sortuko dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.680 inguru; joan den urtean baino %18,8 gutxiago. Eta Nafarroan, 400 inguru, 2021ean baino %15 gutxiago. «Logikoa da kontratazioek gora egitea, lan pikoak agertzen direnean jendeak gehiago erosten baitu. Baina langileen malgutasunean oinarritutako negozio ereduak langileen eskubideen murrizketa eta prekaritatea dakartza, eta behin-behinekotasuna muturrera darama», salatu du Martijak.

Langileak kontratatzea «aldi berean ona eta txarra» da, Cebrecosen iritzian: «Ona da jende gehiagorentzako lana dagoelako, baina txarra da kontratazio mota hori ez delako denboran fidagarria». Haren ustez, bereziki kate handietako dendek kontratatzen dute jendea egun horietan. Denda txikiek, berriz, ez. «Gustatuko litzaidake jakitea nork kontratatzen dituen egun horietan langileak. Trapagaranen (Bizkaia) dagoen Amazon baldin bada, kontratazioa ez da kalitatezkoa izango», azpimarratu du Bilbo Dendak elkarteko presidenteak.

Zalantzan jarri du tokiko merkataritzak egun horietan langileak kontratatzen dituztela: «Black friday kanpainak berez ez du horrenbesteko eraginik langileak kontratatu behar izateko; agian Gabonetan edo merkealdietan, bai. Baliteke El Corte Inglesek norbait kontratatzea, baina biltegian lan egiteko, eta ziur aski urtarrilera arte eutsiko diete, Gabonetan eta merkealdietan ere lan egiteko, baina hortik aurrera ez».

Ver en línea : BERRIA, AZAROAK 24.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB