Portada del sitio > Sala de prensa > Notas de prensa > Enpresak nazioartekotzeko politiketan giza garapen iraunkorreko irizpideak (...)

Ikerketaren aurkezpena

Enpresak nazioartekotzeko politiketan giza garapen iraunkorreko irizpideak jaso ditzatela eskatzen diete Garapeneko GKE-ek Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei

Euskadiko GGKEen Koordinakundea (2021eko abenduak 13)

Miércoles 13 de enero de 2021

Vitoria-Gasteiz, 2021ko urtarrilaren 13a. Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan diharduten Euskadiko 79 GKEak biltzen dituen sareak, Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiarekin (Bakea eta Duintasuna-OMAL) batera egin du honako ikerlan hau: Giza garapen jasangarrirako politiken koherentzia. Euskadiko enpresak nazioartekotzeko politikaren bereizgarriak.

Lan honen helburua 2017-2019 urteak aztertzea da, euskal erakundeek (Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak) enpresak nazioartekotzeko bultzatutako politiketan esku hartzen duten ikuspegiak, eragileak eta tresnak zein diren jakiteko eta giza garapen iraunkorreko ikuspegiarekin zenbateraino bat datozen ebaluatzeko. “Aztertu nahi dugu ea enpresak nazioartekotzeko politikak lagungarri diren guztion ongizatea, berdintasuna, iraunkortasuna, parte-hartzea eta giza eskubideak bideratzeko, bai Euskadin bertan eta bai euskal enpresek lan egiten duten herrialdeetan, Urkullu lehendakariak 2016an Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Politiken Koherentziarako Erreferentzia Esparrua dokumentua aurkeztu zuenean adierazitako konpromisoarekin bat etorriz”, adierazten dute GKEen kolektiboko kideek.

Garapenerako lankidetza-politikak lagungarri dira herrialde pobretuetan pobrezia eta desorekak desagerrarazteko hainbat esparrutan: hezkuntzan, osasunean, gosearen aurkako borrokan, berdintasunaren arloan, erakundeak sendotzeko esparruan edota azpiegituretan, besteak beste. Alabaina, gogorarazten dute politika horren eragina hobetuko bada, ezinbestekoa dela gobernu baten ekintza guztiak bat etortzea giza garapen ekitatibo eta iraunkorreko helburuekin eta pobreziaren eta desoreken aurkako borrokarekin, “esku hartze bakar batek ere ez ditzan geldiarazi edo indargabetu lankidetzatik lortutako aurrerapenak, Lankidetzaren Garapenari buruzko 2007ko Legeak adierazitakoari jarraituz”, nabarmentzen dute.

Ondorioak

1.- Ikerlanak erakusten du Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek balioak, helburuak eta lehentasunak partekatzen dituztela enpresen nazioartekotze-politikari dagokionean, eta politika hori ekinbide eta tresna jakinekin osatzen dutela, haien gaitasun eta testuinguru espezifikoen arabera, eta, azken batean herrialde mailako politikatzat hartzen dutela. Horrenbestez, lehen mailako lehentasun politikotzat jotzen da, eta, hauek dira oinarriak: euskal enpresentzat lehiakortasuna eta errentagarritasuna bilatzea, merkatu berriak lortzea, inbertsioak erakartzea eta enplegua sortzea. “Helburu horiek dira, eta ez giza garapen iraunkorra, politika horren sostengua”, azpimarratzen dute. “Giza garapen iraunkorra garrantzi gutxiagoko erreferentzia gisa agertzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren jardun-eremura soilik mugatua, aurrez aipatutako helburu nagusien osagarri. Giza garapen iraunkorreko parametroak betetzea, beraz, politika horretan parte hartzen duten enpresa-erakunde bakoitzaren borondatearen baitan geratzen da”, ohartarazten dute.

2.- Eusko Jaurlaritzan, 2014-2016 urteekin alderatuta, giza garapen iraunkorraren ikuspegian “aurrera egin dela egiaztatzen dugu, baina ez nahikoa”. Beste lan honetan aztertu zen aldi hori: Eusko Jaurlaritzaren enpresa-nazioartekotzerako politiken analisia: garapenerako politiken koherentzia .

3.- Enpresak nazioartekotzeko euskal politikak apenas hartzen ditu aintzat Urkullu lehendakariak aurkeztutako Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Politiken Koherentziarako Erreferentzia Esparruaren lau zutabeak:

3.1.- Giza garapena eta iraunkortasuna ez ditu erreferentziatzat hartzen enpresak nazioartekotzeko politikaren diseinuan, gauzatzean eta ebaluazioan; aitzitik, euskal enpresen lehiakortasuna eta errentagarritasuna hartzen ditu ardatz nagusi.

3.2.- Euskadiren kanpo ekintzaren marka edo bereizgarria ez da giza garapen iraunkorra; izan ere, enpresak nazioartekotzeko politika da, garapenerako lankidetzarekin batera, nazioarteko politika garrantzitsuena. Gainera, ez dago koherentziarik kanpora begirako bi politika nagusien artean, eta, “horren ondorioz, enpresen nazioartekotzeak geldiarazi edo indargabetu egiten ditu garapenerako lankidetzak pobreziaren eta desoreken aurkako borrokan lortutako aurrerapausoak”, ohartarazten dute.

3.3.-·Enpresen nazioartekotze-politikak “alde batera uzten du euskal enpresek diharduten herrialdeetako beharrizanak asebetetzeko helburua”, salatzen dute.

3.4.- “Lehiakortasunaren aldeko apustua ez da eraginkortasun sozial eta ekologikoaren ikuspegitik egiten, merkatuetan nagusitzeko ikuspegitik baizik”, ondorioztatzen du sareak.

Gomendioak

Ikerlana sustatu duen kolektiboaren arabera, “politika publikoek etikaren, interes orokorraren eta iraunkortasunaren printzipioetan oinarritu behar dute, eta giza eskubideen eta pertsonen ongizatearen defentsa lehenetsi behar dute. Eredua emanez soilik lor daiteke erakunde pribatuen ekintzan eragina izatea, onura ekonomikoa ez dadin edozein preziotan eta edonola lortu”. Eraikitzeko espirituarekin, baina giza eskubideak errespetatu nahi dituen gobernu orok onartu beharreko minimoak direla kontuan hartuta, proposamen hauek helarazten dizkio Eusko Jaurlaritzari:

1.- Enpresa eta Giza Eskubideen Euskal Zentro bat sortzea, misio hauekin: euskal enpresen nazioartekotze-politika osoa aztertzea, ebaluatzea eta horren kontuak ematea, eta, orobat, salaketak aztertzea eta ikertzea eta nazioartekotzerako politika publikoen proposamenak egitea. “Euskal enpresen kanpo jardueraren jarraipen berezia egin beharko litzateke giza garapen iraunkorraren eta giza eskubideen nazioarteko esparruaren ikuspegitik”, iradokitzen dute.

Gainera, Bizkaiaren kasuan, apustu horren osagarri, ombudsman edo giza eskubideen eta enpresen defentsa bulegoa sortu liteke; izan ere, lurralde horretan enpresen nazioartekotze-politikak garrantzi nabarmena du hala politikan nola aurrekontuetan. Defentsa-bulego horrek misio hau izango luke bere gain: lurralde horretako enpresen nazioarteko jarduera aztertzea eta jarraipena egitea, giza eskubideen errespetuaren prismatik.

2.- Basque Consortium (lankidetza publiko-pribaturako plataforma, enpresen nazioartekotzea sustatzen duten eragileen helburuak, lehentasunak, ekintzak eta beharrak koordinatzen dituena) osatzen duten partaideen esparrua zabaltzea, eta “GGKEak, sindikatuak eta ekonomia solidarioko erakundeak ere, haien ordezkaritzaren arabera, plataforma horretara bildu ahal izan daitezen”, planteatzen dute.

3.- Enpresen nazioartekotzerako politikaren ikuspegia berriro definitzea, giza garapen iraunkorraren ikuspegirantz bidea egiteko. “Giza garapen iraunkorrean eta giza eskubideen nazioarteko esparruan oinarrituta dauden arauzko irizpideak ezarri behar direla azaltzen dute (laguntzak jasotzeko edo ekimenetan parte hartzeko baztertzaileak, beraz)”.

Hori guztia dela eta, Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak eskaera hau egin die Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei: “Egin dezatela ahal duten guztia gobernu-ekintza, oro har, eta, kanpo-ekintzako bi politika nagusiak, bereziki, (enpresa-nazioartekotzea eta garapenerako lankidetza) bat etor daitezen, Euskadiren eta euskal enpresek jarduten duten herrialdeen garapena iraunkorra eta bidezkoa izan dadin”, azpimarratzen dute.

Azkenik, gogora ekarri nahi dute funtsezkoa dela maila guztietan eta, bereziki, kanpora begira, identitate komun bat proiektatzea, koherentea mundu globalizatu honetan ditugun erronka globalekin. “Badakigu ez dela erronka erraza, baina uste dugu lor daitekeela. Hori dela eta, Euskadiko garapenerako GKE-en esperientzia, ezagutza eta laguntza eskaintzen ditugu”. Gainera, “aipatutako gomendioak aintzat hartuz gero, aukera izan dezakegu modu positiboan nabarmentzeko. Hori lortuko bagenu, Euskadi aitzindaria izango litzateke justiziaren eta gizarteerantzukizunaren printzipioetan, azken batean gobernuarenekintzaren oinarria giza eskubideen defentsa izango litzateke eta”, amaitzen dute.

Ver en línea : Euskadiko GGKEen Koordinakundea, 2021eko abenduak 13.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB