Portada del sitio > Sala de prensa > En los medios > Popocatépetl sumendiko gasbidea: Mexikotik Europara, erantzukizun eta (...)

Popocatépetl sumendiko gasbidea: Mexikotik Europara, erantzukizun eta elkartasun bila

Urko Apaolaza (Argia, 2020ko martxoaren 10a)

Viernes 20 de marzo de 2020

JPEG - 107.7 KB

Urtebete joan da ezezagun batzuek Samir Floresi tiro egin eta lider ekologista lurrean zerraldo utzi zutenetik. Haren heriotza mundu osora zabaldu zen berehala, Popocatépetl sumendian, Mexikoko Morelos estatuan, eraiki nahi duten gasbide eta abarren kontrako aurpegi ezagunena baitzen.

Baina Floresen heriotzak ez du eten inguruko komunitate eta herritarren borroka eta Europan barrena bisitan etorri dira orain, Atlantikoaren alde honetan proiektu suntsitzaile hori diruz elikatzen daukagun erantzukizunaz ohartarazteko.

“Erantzuleak izango gara”

Proyecto Integral Morelos-ek barnebiltzen ditu 160 kilometroko gasbideaz gain bi zentral termoelektriko, linea elektrikoa eta ubide bat. Munduko sumendirik aktiboenetakoaren magalean ari dira hori guztia eraiki nahian, eskualde bolkaniko horretan bizi den jendearen lurrak arpilatzeaz gain, haien bizitza bera ere arriskuan jarriaz. Atzean Espainiako Estatuko diru publikoa dago gainera, Enpresaren Nazioartekotzerako Espainiar Funtsa baitarabilte Enagas, Elecnor eta Abengoak lurralde hartan inbertitzeko.

“Popocatépetl sumendiari eta biztanleei lotutako hondamendi bat gertatuz gero, Espainiako Estatua eta enpresak arrisku –eta hondamendi– maila areagotzearen erantzuleak izango dira”, adierazi dute Mexikoko ekintzaileak gurera gonbidatu dituzten elkarteek.

Morelos, Puebla eta Tlaxcalako Lurra eta Uraren Defentsarako Herri Fronteko (FPDTA-MPT) kideek bira hasi dute Europan barrena, eta hainbat hitzaldi eskainiko dituzte Euskal Herrian, OMAL, Tradener, Lumaltik, Ekologistak Martxan, TxiapasEkin, Berdinak Gara eta Paz y Solidaridad erakundeek gonbidatuta. Zehazki, asteazkenean Bilboko Zirika! gunean izango dira 18:30ean; hurrengo egunean, martxoak 12, Donostian Txoko Internazionalistan arituko dira 19:30ean, eta martxoaren 13an Zallan hitz egingo dute 19:00etan.

Hiru hizlari, hiru defendatzaile, hiru bala haien izenekin

Teresa Castellanos nahua indigenaren komunitatetik apenas kilometro erdira eraiki dute zentral termoelektriko bat. Hori dela-eta, buru-belarri sartu zen proiektuaren kontrako borrokan eta asanbladak antolatzen aritu izan da, baita karabanen bidez informazioa zabaltzen ere. Hainbat sari jaso dituzte lan horrengatik. Castellanos birritan mehatxatu dute krimen organizatuetako kideek.

Samantha Cesar, berriz, Amilcingokoa da, Samir Floresen herri berekoa, eta harekin irratsaio bat partekatzen zuen. Flores hil zutenean beste sei pertsonaren kontrako mehatxuak ere zabaldu zituzten komunitatean, haietako bat zen bera. Aurretik ere bortxaketa-mehatxuak eta jazarpen handia izan ditu Cesarrek eta gaur egun ezin izan du bere komunitatean guztiz gizarteratu. Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko irakaslea da, eta besteak beste aholkulari eta begirale lanak egiten ditu giza eskubideen arloan.

FPDTA-MPTko sortzaileetako bat ere izango da Euskal Herrian, Juan Carlos Flores abokatua hain zuzen. Puebla estatuko hainbat komunitateren ondasun naturalak eta lurrak defendatzen egiten du lan, eta Proyecto Integral Morelos-en aurrean, informazioa eskaini eta herriek bat egin dezaten saiatzen da. 2014an atxilotu eta preso sartu zuten hamar hilabetez, gasbidearen kontra egiteagatik, eta prozesu judizial gogor bat jasan zuen hainbat urtez. Bere abokatu lanari esker lortu dute, besteak beste, ibaietako kutsadura eten eta ubide baten lanak gelditzea. Hainbat sari jaso ditu jardun horrengatik, baina hala ere Samir Flores hil zutenean bere izena Amilcingoko zerrenda beltzean agertu zen eta etxetik ihes egin behar izan zuen.

Kapitalismo berberak eragiten digu

Historia eta borroka horien berri emanez azaldu nahi dute halako megaproiektuek jatorrizko herritarrak desjabetu eta naturguneak suntsitzen dituztela gobernuen konplizitatearekin, eta alferrikakoak direla, soilik enpresa handiei etekinak handitzeko balio dutelako.

Europako herri-mugimendu anitzekin harremanak izatea da biraren helburuetako bat, “haiei eragiten dien kapitalismo berberak eragiten digulako guri ere”, baina baita gobernuetako eta Europar Parlamentuko kideekin biltzea ere, hitz egiteko atzerriko inbertsioen lurraldez kanpoko erantzukizunaz eta sustatzen ari diren energia eredu suntsitzaileaz.

Ver en línea : Argia, 2020ko martxoaren 10a


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB