Portada del sitio > Publicaciones > Artículos > Gertatzear dagoena: kapitalismo (are) basatiago bat

Mugarik Gabeko Ekonomilariak - Dossierrak

Gertatzear dagoena: kapitalismo (are) basatiago bat

Gonzalo Fernández Ortiz de Zárate

Lunes 25 de septiembre de 2017

Kapitalismoaren inguruan eraikitako proiektu zibilizatorioaren krisi sakonak agerian uzten du sistemak gero eta zailtasun handiagoak dituela autoerreproduzitzeko, biziaren aurkako ofentsiba ari dela garatzen eta haren iraunkortasuna arriskuan jartzen duela. Kapitala-bizia gatazka horretatik abiatuta, ugaritzen ari dira biziaren erreprodukzio zabalduaren aldeko burujabetzaren agendak eta une kritiko honetan kapitalismoa salbatu eta birdefinitzeko helburua duten agendak, nahiz eta gizarte-amildegira eta kolapso ekologikora eramango gaituen. Zorigaiztoko amaiera hori ez izateko, kapitalaren aldeko apustu horiek eta haien etorkizuneko aukera ezagutu behar dira, aurrea hartzeko eta baliogabetzeko, logika alternatiboak erabiliz.

Hori da, hain zuzen ere, artikulu honen helburua: gaur egun hazkunde mugagabearen balio zibilizatorio hegemonikoen, merkatuen nagusitasunaren, kapitalaren erreprodukzio zabalduaren eta klaseko, generoko eta arraza/etniako asimetriak areagotzearen aldeko apustua zer proposamenek osatzen duten jakitea. Horren haritik, alde batetik, ustezko ikuspegi aurrerakoi batetik merkatu unibertsal autorregulatu baten aldekoak direnen, eta bestetik, eskualdeetako blokeen arteko gerra ekonomikoa eta geopolitikoaren premisaren pean kapital nazionalen ahalik irabazi handienaren aldekoak direnen arteko gaur egungo norgehiagoka nabarmendu behar da.

Ezarriko den agenda bata ala bestea izan —edo bien sintesia izateko aukera asko ditu—, badirudi eredu globalaren bertsio are antidemokratiko, baztertzaile eta biolentoagoa finkatuko dela. Artikuluaren amaieran, enpresa transnazional handien inguruan ehundutako botere korporatiboak protagonismo handia hartzen duen modernitate kapitalistaren proiektu zibilizatorio zaharraren bertsio berria definitzen duten gakoak, gure ustez, zein izan behar duten adieraziko dugu.

Kapitala-bizia gatazka areagotu egin da, baina kapitalen arteko borroka ere bai

Ziurgabetasun sistemiko handiko une batean gaude, eta horren jatorria indarrean dagoen sistemak konpondu ezin dituen bi korapilo handitan dago funtsean. Batetik, kapitalismoak muga nabarmenak ditu produktibitate, errentagarritasun, inbertsio, enplegu eta kontsumoak osatutako zirkulu bertutetsu bat sortuko duen hazkunde ekonomikoko zabalpen-fase berri bati ekiteko. Horri dagokionez, ELGEk berak ekonomia globalaren jarduera ahula iragartzen du 2060. urtera arte, [1] eta horrek sistema finantzarizatu, gainkonplexu eta erregulatu gabeak sortutako soberakin izugarriaren fluxua erreproduzitzea gero eta zailagoa denaren ideia indartzen du, austeritateko eta desberdintasun estruktural handiak dituen esparru batean, gainera.

Testuinguru horretan, aurrez aipatutako zirkulu bertutetsua bultzatzeko ahalmena izango duen iraultza teknologiko bat abian jartzeko gai ez den sistema baten kontraesanak argiago ikusten dira. Zentzu horretan, apustua automatizazioaren eta robotikaren aldekoa bada, ehun ekonomiko globalaren produktibitatean eragin orokor bat izango duen inolako segurtasunik ez dago. Gainera, zalantzan jartzen da prozesu horretan enpleguen saldo hipotetikoa negatiboa edo positiboa izango litzatekeen, eta enplegua sortu baino galduko ez ote zen, UNCTADek adierazi zuen moduan. [2] klima-aldaketak eta bigarren mundu-gerraz geroztik garapenaren patroia osatu duten hiru energia-iturri fosilen, petrolioaren, gasaren eta ikatzaren, agortzeak eragindako hondamendi isila da. Petrolioa jadanik iritsi da tontorrera, eta ikatza eta gasa hurrengo hamarkadetan iritsiko dira, eta ezin dira baliabide berriztagarriez edo ez-berriztagarriez ordezkatu —petrolioa, batik bat—, garraiatzeko, biltegiratzeko, erabilera ugaritarako eta dentsitate energetiko paregabeko baliabideak direlako. Beraz, gure gizarte globalak operatzeko erabiltzen duen oinarrizko materiala murriztu egingo da seguru, eta horren ondorioz, ekoizpen, kontsumo eta antolaketa sozialaren formula hegemonikoak sakonki transformatu beharko dira. Bi prozesuak lotuta —kapitalismoaren mugak eta kolapso ekologikoa—, gaur egungo unearen larritasuna argi eta garbi adierazten da, lehen prozesuaren gainditze hipotetikoak hondamendi ekologikoa areagotuko lukeelako, eta bigarrenari zehatz-mehatz aurre egiteko, kapitalak eta merkatuek balio nagusiak izateari utzi beharko liokete, eta beraz, kapitalismoaren inguruan artikulatutako eredu zibilizatorioa erabat gainditu.

Zorua mugitzen ari zaigu guztioi, eta nahi eta nahi ez, aldaketa handiak etorriko dira, zentzu batean edo bestean. Beraz, fase historiko bereziki kritiko batean gaude, kapitalaren krisiak eta kapitalak biziarekin berarekin duen gatazkak markatua, agenden eta subjektuen liskarra gogortzea dakarrena. Eta ez gara hitz egiten ari bizia defendatzen dutenen eta kapitalak garamatzan atakaren arteko konfrontazioa soilik, baizik status quo kapitalista, baina orain arte nagusiak izan diren parametroen bestelakoak dituena, defendatzen dutenena ere bai.

Horren haritik, bertsio kapitalista erreakzionario garbi bat sortu da, Trump buru duena, baina beste fenomeno batzuk ere hor sartzen dira; adibidez, Europako eskuin muturraren gorakada, Brexita edo Putin. Gaurkotasuneko proposamen politiko berri hori erreproduzitzen ari da kapitalaren gaur arteko agenda hegemonikoaren deslegitimazio gero eta handiagoaren aurrean, kapitalismo unibertsalista deritzogunean. Horren euskarriak oinarrizko bi zutabe izan dira: lehenik, merkatu bakar, global eta autorregulatu baten aldeko apustua —edo gutxienez kapital desberdinen arteko itunak eginez elkarrekin lankidetzan jarduten duten bloke ekonomiko handiek osatua, alde anitzeko tratatuen eta akordioen bidez—, mundu-mailako merkataritza eta segurtasuna bermatzeko; bigarrenik, demokrazia formalean, giza eskubideen errespetuan, eta aniztasunaren eta kultura-aniztasunean oinarritutako gobernantza politikoko eredu bat, horretarako sortutako alde anitzeko gitura baten gainean eraikia. Proiekzio unibertsaleko merkatu hori bermatzeko, merkataritzako eta inbertsioko tratatu eta akordio globalen eta eskualdekoen aldeko apustua egiten da nagusiki. Horiek gobernantza korporatibo berri bat osatu nahi dute, eskualdeen arteko konbergentzia arautzaileko egitura berriak instituzionalizatzeko —gizartearen eta ingurumenaren babesa azpitik harmonitzatzeko—, eta arbitraje pribatuko auzitegietan sostengatuko den lex mercatoria [3] bat ezar dezan, non korporazioek erakunde publikoak salatzeko gaitasuna izango duten haiek korporazioen etekinak mehatxatzen badituzte.

Aurrez adierazi dugun moduan, proiektu hori ospea galtzen ari da gaur egun, gero eta gehiago, eta kapitalismo unibertsalistaren balio sendoa —merkatu autorregulatua— bigarrenarekin —demokrazia eta eskubideak— bateraezina dela bistan geratu da; erretorika hutsa da, botere legegilearen eta judizialaren aurkako eraso horrek erakusten duen moduan. Hala, kapitalaren nagusitasuna egiaztatzen da, maskara demokratiko eta inklusiborik gabe, herritarren gehiengo handiak langabeziara, ezegonkortasunera, bazterkeriara, eta azken finean, menderatze-formula ugari eta denetarikoetara kondenatzen dituena. Beraz, erretorika-proiektu unibertsalista, aurrerakoi eta bakezaleak, merkatu global autorregulatu baten eraketatik abiatuta gainerako aldagai sozial, politiko eta kulturalen dimentsio ekonomikoa erauzteko nahian, langile-klase zabal eta anitza esplotatzen eta bitarteko demokratiko minimoak mozten amaitzen du merkatu horren aldarean. Karl Polanyik, duela zortzi hamarkada egin zuen zentzuzko analisian, ohartarazi zuen erauzteko saiakera horietaz, XX. mendearen lehen erdia hondatu zuten mundu-gerren eta faxismoen sorrerak urre-patroian eta kapitalaren bultzada unibertsalistan kokatuz. [4]

Baina kapitalismo unibertsalistaren deslegitimazio hori, arestian adierazi dugun bezala, ez da agerikoa biziaren defentsako burujabetzako proposamenetarako soilik. Status quoa berriro definitzearen aldekoentzat ere agerikoa da. Horiek adierazi zuten, batetik, eredu unibertsalista horrek kapitalaren eta lanaren arteko kontsentsuak edo itun nazionalak hautsi ditu, Ongizate Estatuaren formulazioak betez —batik bat Ipar Globalean, han baimendu zirelako, eta nolabaiteko egonkortasun sozial eta politikoa ekarri dutelako—, globalizazio neoliberalarekin lotutako deslokalizazioen, tertziarizazioaren, barne-desinbertsioen, langabeziaren eta ezezgonkortasunaren logikei inolako alternatibarik eman gabe. Eta, bestetik, uste dute subiranotasun nazionala organo supraestatalen esku uzteak, akordio eta tratatu globaletan eta eskualdekoetan bezala, ez duela uzten politika autonomoak garatzen eta kapital propioen gaitasun ekonomikoak mugatzen dituela, kanpokoekin prisma aldeaniztun batetik itunak egitera behartzen duelako, eta horrela, ezinbestean boterea galduz guztientzat nahikoa ez dagoen une batean.

Beraz, kapital guztiek ez dituzte itxaropen positiboak kapitalismo unibertsalistaren ereduan, ez eta hura sustengatzeko aukera emango duen behar adinako euskarri politikorik eta sozialik ere. Horregatik, haietako batzuk —batik bat jatorria Ipar Globalean dutenak, eta beraz, negoziazio-botere bikaina dutenak— beren tarta zatia handitzeko apustua egiten dute, besteenekin alderatuz, unibertsalismotik gerra ekonomikora pasatuz horrela. Kontakizun bat eta agenda bat bultzatzeko aukera planteatzen da, kapital nazionalak defendatuko dituena kapital orokorrarekiko; apustu globalaren kostua mugatuko duena erretorika aldeaniztunean; oinarri politikoan, kapital nazionalaz gain, inbertsioa eta enplegua berreskuratu nahi dituen eta globalizaziotik etekina atera duen eliteek mespretxatu duen langile-klasearen zati bat integratuko duena; eta azkenik, elite horien imajinario liberal eta progresistari erretorikoki bada ere aurre egin diezaiola, eztabaida politikoa pobreen arteko bestearen aurkako gerran kokatuz, migrazioan bideratuta bereziki, globalizazioarekin eta haren eraginekin zuzenean lotuta dagoen fenomenoa den aldetik.

Kapitalismoaren bi bertsio horietatik —unibertsalista edo gerra ekonomikoa— ez dakigu zein aterako den nagusi gertatzear dagoen eztabaidan. Dena dela, apustu unibertsalistaren deslegitimazioak, alde batetik, eta azken hamarkadetan antolatutako eredua eta globalizazioa zalantzan jartzen duten eskuineko joera populistako proposamenei kapitalak ezartzen dizkion muga estuek, bestetik, pentsarazten digute seguruenik agenda hegemonikoa bien hibrido bat izango dela, eta eredu kapitalista are basatiagoa, diktatorialagoa, baztertzaileagoa eta bortitzagoa osatuko duela. Ikus dezagun zein izan daitezkeen ezaugarri nagusiak.

Datorkigun kapitalismoaren aukerak

Sistemaren erreprodukzioaren krisiaren testuinguru batean, pentsa daiteke sintesi-agenda zaurituta dagoen lehoi baten erantzunaren antzekoa izango dela. Beraz, odola darien arrakalak gero eta hobeto ikusten diren arren, erabat arriskutsua izaten jarraitzen du eta gizateria eta planeta bera amildegitik botatzeko adina indar pilatzen du. Lehoi zaurituak, egoera horretan, ,demokraziari, eskubideei eta inklusibitateari buruzko erretorika minimizatzen du, eta jarrera hartu eta fundamentalismoak, bazterkeriak eta asimetriak justifikatzen ditu, sakrifazio hori egiteko beharrezko eskaintza gisa. Premisa horren pean, hurrengo hamarkadetan, kapitalismoaren bertsio berri hori osatuko luketen gako batzuk, gure ustez, zein izan daitezkeen azalduko dugu labur-labur: [5]

1. Botere korporatiboa, bizia merkantilizatzeko azken erasoaren protagonista. Gaur egun arte, enpresa handiek ez dute inoiz globalizazio neoliberalean adina indar metatu, haien botere ekonomikoaren zerbitzurako agenda bat eta egitura kultural eta politiko bat konfiguratuz —gaur egun, munduko 100 entitate handienetatik 69 enpresak dira eta 31 soilik dira Estatuak [6]—. Botere itzel horrek prozesu politiko guztietako premisa bihurtzen ditu, kapitala etengabe ugaltzeko apustuaren protagonista eta onuradun nagusi. Horretarako, krisiari erantzuteko, bizimodu eta sektore guztiak behin betiko merkantilizatzearen aldeko apustuan sakondu nahi dute, kontratazio publikoan, zerbitzuetan, nekazaritzako ekonomietan eta abarretan eraginez bereziki, gure gorputz prekarioak —batik bat emakumeenak— haien estrategiaren lurreratzeko pista bihurtuz. Hartara, botere korporatiboak —enpresetara beraietara zabaltzen dena, Estatuen eta erakunde konplize aldeaniztunen sare zabal bat osatuz— gure bizitzaren espektro osoa barne hartzeko ahaleginak egiten ditu, eta gizarte enpresarial, pribatizatu, zentralizatu eta kontzentratua botere terminotan —nekazaritzako industriako sei enpresa handik berriki egindako fusioak frogatzen duen moduan [7]]]—.

2. Lex mercatoria demokrazia estuasunean jartzen duen gobernantza korporatiboaren oinarri gisa. Botere korporatiboak, nazioarteko eskubideen eta subiranotasun nazionalaren eta herritarraren esparruaren gainean kokatutako lex mercatoria bat inposatuz, inbertsioaren eta merkataritzaren segurtasunaren defentsan, transmititzen du bizia merkantilizatzeko asmoa. Tratatuen bolada berria (TTIP, TISA, CETA, etab.) logika horretan kokatzen da, eta instituzioek merkataritzaren eta inbertsioaren oztopoak arautzeko duten gaitasunaren aurkako eraso gisa ulertu behar da; zentzu horretan, gobernantza korporatiboko eredu berri bat posizionatzen du, konbergentzia erregulatzailea eta arbitraje pribatuko uzitegiak oinarri hartuta osatutako instituzionalitatea sortzen duena, arestian aipatu dugun moduan. Hartara, demokrazia —lehendik ere minimoa— oztopo bat da, behin betiko erasoa jasotzen du eta enpresa handientzako inpunitatearen arkitektura bat ezartzen da, kapitalismo unibertsalista eta gerra ekonomikoa elkartzen dituena, akordioak nork eta nola negoziatzen dituzten soilik jartzen dutelako zalantzan biek, ez haien existentzia ez eta edukia ere.

3. Tentsio geopolitikoa, baliabide urriek handitzen dutena. Krisi kapitalistak eta tarta ekonomikoa handitzen ez denaren sentsazioak —eta gainera, termino energetikotan agortu ere bai— hegemonen lekua hartzeko blokeen arteko konfrontazioa areagotzea elikatzen dute, bai eta biziaren funtsezko baliabide eskasak eskuratzeko ere. Badirudi bloke ekonomikoen eta haien kapitalen arteko gatazka gogortu egingo dela, enpresa handiak buru direla (AEB, EB eta Txina), eta aurrez sumatu ezinezko ondorioak izango dituela, bai eta termino militarretan ere. Aldi berean, egoera klimatikoak eta energetikoak sortutako gatazkak ere areagotu egingo dira, eta gerta daiteke baliabide urri horiek —energia, ura, lurra, etab.— pilatzea, bertsio berriztagarriak barne, kapitalismo berdearen aterkipean.

4. Ekonomia estrukturalki gainkonplexu, finantzarizatu eta espekulatibo bat. Hedatze-uhin luze batean oinarritutako hazkunde ekonomiko orokortuaren aukera eskasak ikusita, kapitala finantzen bidetik ugaltzeko egungo bilaketari eustea edo hartan sakontzea oso probablea da. Hala, produktibitatearen eta irabazi-tasaren gorakada orokortuak lortzeko aukera ematen duten oinarriak finkatzen ez diren artean, zor publikoaren eta pribatuaren gai erabakigarriak alderdi bereziki garrantzitsua izaten jarraituko du, eta finantzarizazioaren ezaugarriak eredu ekonomikoaren multzora eramaten jarraituko dira. Beraz, epe laburreko ikuspegia, gobernatzeko ezintasuna, irabazia eta espekulazioa agertokia definituko duten kontzeptuak izango dira etorkizun hurbilean ere, eta seguruenik ezegonkortasun estrukturala eta asimetria sozialak handitzea eragingo dute. 2008ko krisiaren ondoren Obamak ezarritako finantza-kontrol txikiak indargabetzeko Trumpek egindako apustuak eta TISAren negoziazioen edukiak badirudi ugariak direla zentzu horretan.

5. Gizarte-eredu global bat, baztertzaileagoa eta bortitzagoa, argi eta garbi. Krisi-une batean, biziaren aldeko apustua egin beharrean kapitalaren aldeko apustua egitearen korolarioa klasearekiko, generoarekiko eta arraza/etniarekiko proiektu zibilizatorioaren jatorri baztertzailean sakontzea da. Hartara, kapitalismo heteropatriarkal eta kolonialak erretorika guztia atzean uzten du pixkanaka, eta faxismo sozialaren logikak erakusten ditu, botere erlazio erabat desberdinen arteko erregimen bat ezartzen duena, alderik sendoenari biziaren gaineko beto-boterea eta alde ahulenaren euskarria emanez. Badirudi herritarren eskubideek eta berdintasunak balioa galduko dutela, eta agenda nagusiak sorrera baztertzaile eta bortitzaren gordintasun osoa eskainiko digula, pobreen arteko gerrari arnasa emanez —botere korporatiboaren erantzukizuna ezkutatzeko— eta mota guztietako indarkeria matxista, gorrotozkoa, enpresariala eta geopolitikoa askatuz.

Badirudi hori izango dela XXI. mendeko kapitalismoaren profila, krisi sistemiko eta zibilizatorioaren testuinguru batean: sua egur gehiago botata itzali nahi duela dirudien eredu piromano bat, demokraziaren eta biziaren iraunkortasunaren aurka jarduten duen botere korporatibo batek zuzenduta, kapitalaren fluxuari eusten ahalegintzeko, bazterkeria eta indarkeria areagotzeko zalantzarik egin gabe.

Beraz, biziaren eta ondasun erkidearen defentsan aurrera egin nahi duen edozein agenda alternatiboren lehentasun estrategikoak dira honako hauek: botere orporatiboa suntsitzea, tratatu global eta eskualdeko berriak geldiaraziz; lurralde eta ondasun erkideak defendatzea, publikoak zein komunitatearenak; finantza-sistema erregulatu gabe eta gainkonplexua desmuntatzea; mota guztietako bazterkeria eta bortizkeriari aurre egitea; eta demokraziaren buru izatea, funtsezko balioa den aldetik, besteak beste.


Gonzalo Fernández Ortiz de Zárate, Observatorio de Multinacionales en América Latina (OMAL) - Paz con Dignidad.

Ver en línea : Dossier EsF, nº 26, verano de 2017.


Notas

[1OCDE (2014): «Policy challenges for the next 50 years», OECC Economic Policy Papers, n.º 9, disponible en: <http://www.oecd-ilibrary.org/econom...>

[2UNCTAD (2016), «Robots and industrialization in developing countries», Policy Brief n.º 50, disponible en: <http://unctad.org/en/PublicationsLi...> Dena dela, muga sakonak dituen testuinguru batean kapitalismoa bere burua berriro asmatzeko gai den edo ez eztabaidatik harago, zorrotz esan dezakegu zailtasun handiei aurre egin behar diela epe labur, ertain eta luzean, eta horrek ezegonkortasun handiko hamarkadetara garamatzala.

Baina, bestetik, sistema ekonomikoak erreproduzitzeko duen arazoaz gain, ziurgabetasuna sortzen duen bigarren elementu bat ere badago, gertatzear dagoen kolapso ekologiko erabat larria. Tanurok dioenez,[[Tanuro, Daniel (2015), «Enfrentar la urgencia ecológica», Inprecor n.º 619-620, disponible en: <http://www.inprecor.fr/article-CLIM...>

[3Hernández, Juan, y Ramiro, Pedro (2015): Contra la lex mercatoria. Propuestas y alternativas para desmantelar el poder de las empresas transnacionales, Icaria, Barcelona.

[4Polanyi, K., (1944), La gran transformación, Siglo XXI, México.

[5Fernández, Gonzalo (2016): Alternativas para desmantelar el poder corporativo. Hegoa, Bilbao. Disponible en: <http://omal.info/spip.php?article8246>

[6Datos del Informe «10 biggest corporations make more money than most countries in the world combined», publicado en septiembre de 2016 por Global Justice Now.

[7ETC Group (2016): Campo Jurásico. Syngenta, DuPont, Monsanto: la guerra de los dinosaurios del agronegocio. Disponible en: <http://etcgroup.org/siteswww.etcgro...>


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB