Portada del sitio > Publicaciones > Artículos > Transnazionalei aurre egiten

Transnazionalei aurre egiten

Erika González (Diagonal, 209 zk, 2013ko azaroa)

Martes 26 de noviembre de 2013

Perun, Newmont meatzaritzako transnazionalak Cajamarcan gauzatu nahi duen Conga proiektuaren aurkako gizarte-mobilizazioak erreprimitzearen ondorioz, 2012ko uztailean 5 lagun hil ziren, poliziak tirokatuta. Hilabete geroago, Hegoafrikan Marikanako Lonmin meategian greba egiten ari ziren 34 langile tiroz josi zituzten polizia-indarrek. Enpresen inguruko iturrien arabera, kasu bakanak dira oso.

Bangladeshen, Rana Plaza eraikina behera etorri zen urte horretako apirilean. El Corte Inglés, Mango, Bennetton eta Primarkeko hornitzaileak eta azpikontratatuak zeuden ostatu hartuta. Guztira, 1.100 hildakotik gora (emakumeak gehienak) eta 2.400 zauritu utzi zituen gertakariak. 2012.aren amaieran, C&A, Carrefour eta Wal-Mart enpresentzat ekoizten zuen Fashions Tazreen ehungintzako lantegiaren sutean, 100 langile baino gehiago hil ziren. Herrialde garatuetako gobernuek diotenez, enpresen «jardun desegokiak» suntsitzeko ahaleginak ari dira egiten.

Duela hiru urte, Herrien Auzitegi Iraunkorrak hirugarren auzialdia egin zuen, Madrilen; Latinoamerikan ezarrita dauden enpresa transnazional europarrak sinbolikoki epaitzeaz arduratzen da. Giza eskubideen aurkako 30etik gora kasu aurkeztu ziren bertan. Guztiak ere, Auzitegi Goreneko magistratu Perfecto Andrés Ibáñezek zuzentzen zuen epaimahaiaren azken epaiaren arabera, «ezin dira banaka hartu, bortxaketa eta erantzukizun sorta oso handiaren adibide gisa baizik. Jarduera sistematikoak direnez, oso garbi erakusten dute Europako transnazionalek, Europar Batasunak, herrialde kideek eta estatu latinoamerikarrek zer rol betetzen duten benetan».

Hedadura eta eragina

Aberastasuna erauzteko, eskuratzeko eta metatzeko mekanismoak (kapitalismoaren oinarriak) krisi sistemikoaren eta krak globalaren ondoren ahuldu beharrean, are oldarkortasun handiagoz ari dira hedatzen. Enpresa-zorrak sozializatuz, soldatak jaitsiz, enplegua prekarizatuz, zerbitzu publikoak pribatizatuz, baliabide naturalak eta ondasun komunak indarrez ebatsiz…, korporazio transnazionalek irabaziak handitzen jarraitu gura dute, kosta ahala kosta, kostuak zorrozki murriztearen eta bizitzaren gero eta arlo gehiago merkaturatzearen bidez. Testuinguru horretan, gatazka sozioekologikoak eta eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoak ugaltzen ari dira, planeta osoan zehar.

Horren aurrean, ikasketa-zentroak, gobernuz kanpoko erakundeak, elkartasun-sareak, mugimendu sozial eta sindikalak eta akademiako zenbait sektore dokumentazio- eta sistematizazio-lana egiten aritu dira, korporazio handiak egungo eredu sozioekonomikoan hedatzearen ondorioei buruz. Ikerketa horiei esker, ondorio hauek atera dira: enpresa transnazionalek ez dute enpleguaren kopurua eta kalitatea hobetu, ezta eskaintzen duten zerbitzua bera ere; mantentzearen alorrean ez dute ia inbertsiorik egin eta teknologia transferitzeko prozesuak ere ez dituzte apenas sustatu. Eta arlo ekonomikoan ez ezik, alderdi sozial, politiko, ingurumeneko eta kulturaletan ere ondorio larriak ari dira hedatzen, konpainia horien negozioak nazioartean zabaldu ahala.

Bárcenas kasuak, gidari ditugun politikari eta enpresariek nola diharduten erakusteaz gain –FCC, OHL eta Sacyr eraikuntza-enpresek herri-lanetarako kontratuak eskuratzen dituzte, gobernuko alderdiak legez kanpo finantzatzearen truke–, transnazionalek eremu ekonomikoan izan dezaketen inpaktua ere nabarmentzen du: iruzurra, ustelkeria, eroskeria, espekulazioa, ihes fiskala… Aldi berean, politikarekin –defizit demokratikoa, lobbyak– eta ingurumenarekin –lurraldearen suntsipena eta dibertsitate biologikoaren galera– zerikusia duten beste eragin batzuk ere baditu kasuak.

Adibide asko aipa daitezke, hala espainiar multinazionalen artean, nola beste herrialde batzuetan ezarrita dauden konpainia transnazionalen artean. Enpresa horien jarduna hainbat eta hainbat ondorio kaltegarrirekin lotzen da: lan-baldintzen eta eskubide sindikalen narriadurarekin; genero-desberdintasunarekin; tokiko ekoizpen-ehunaren eta herri indigenen eskubideen suntsipenarekin; haien jardueren aurka egiten duten gizarte-erakundeen errepresioarekin; airearen, uraren eta lurraren kutsadurarekin… Konpainia espainiarrak soilik aipatuz, sektore askotako transnazionalak ditugu: turismokoak (Sol Meliá, Barceló), hidrokarburoen alorrekoak (Repsol, Gas Natural Fenosa), elektrizitatekoak (Iberdrola, Endesa), ehungintzakoak (Inditex, Mango), finantzetakoak (Santander, BBVA), telekomunikazioetakoak (Telefónica), uraren ingurukoak (Agbar, Canal Isabel II), komunikabideetakoak (Prisa, Planeta)…

Erresistentziak globalizatuz

Horrela, bada, korporazio handiek eragindako gatazkak hazi ahala, erraldoi ekonomiko horien botereari aurre egiten dioten kanpaina eta mobilizazio sozialak ere ugarituz doaz mundu osoan. Erabiltzaileek, kontsumitzaileek, sindikalistek, feministek, ekologistek, indigenek, ekintzaileek eta, bereziki, enpresa horien eragina zuzen-zuzenean jasaten duten pertsonek funtsezko eginkizuna dute enpresa horiei egiten zaizkien errebindikazioetan, pobrezia eta desberdintasuna garatzeko eredua direla leporatzen baitiete konpainia multinazionalei.

Beste herrialde batzuetan funtsezko eskubideak urratu dizkieten pertsonen borroka eta erresistentziak, transnazionalen jatorrizko herrialdeetako salaketak, sentsibilizazioa eta mobilizazioak uztartzea hegemoniaren aurkako sareen lana globalizatzeko modu bat da. Helburu bi lortu nahi dira: enpresa transnazionalek gure gizarteetan duten garrantzia zalantzan jartzea, batetik, eta enpresen interesen aurrean gizarte-gehiengoen eskubideak lehenesten dituzten eredu sozioekonomikoak eraikitzea, bestetik.


Espainiako multinazionalen aurkako kanpainak

  • 2001 Inditex konpainian emakumeen eskubideak eta laneko eskubideak urratzearen aurka.
  • 2006 Repsolek ukitutakoen kontrabatzarra.
  • 2007 Unión Penosaren erantzukizun falta: Nikaragua ilunetan.
  • 2007 BBVAren aurkako plataforma.
  • 2007 BBVA armarik gabe; Santander armarik gabe; Caixabank armarik gabe.
  • 2008 ENCE Uruguaytik kanpora.
  • 2009 Hipotekak eragindakoen plataforma.
  • 2012 Gose-greba Telefónican; Marcos berriro onartu; Bai, errentagarria naiz.
  • 2012 Kanariar uharteek ezetz esan diote Repsoli.

Erika González, Latinoamerikako multinazionalen behatokiko (OMALeko) ikertzailea – Bakea ta Duintasuna.

Ver en línea : Diagonal, 209 zk, 2013ko azaroa.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB