Portada del sitio > Publicaciones > Artículos > Zigorgabetasunaren arkitektura juridikoa

Zigorgabetasunaren arkitektura juridikoa

Juan Hernández Zubizarreta (Diagonal, 209 zk, 2013ko azaroa)

Domingo 24 de noviembre de 2013

Nazioarteko sistemak ez daude prest enpresen jarduerak salatzeko

Enpresa transnazionalek zigorgabetasun maila handiarekin jokatzen dute, beraien eskubideak kontratuen, merkataritza-arauen, inbertsioen –estatuarenak, multilateralak, eskualdekoak eta aldebikoak– eta arbitraje-auzitegien bidez baitaude babestuta. Horiek guztiak bete egin behar dira, zigor larriak jaso nahi ezean.

Horien betebeharrak, ordea, nazioetako legediek arautzen dituzte, eta horiek politika publikoak desarautzeko, pribatizatzeko eta murrizteko politika neoliberalen menpe daude. Hau da, legeak ad hoc egiten dira, transnazionalen interesak defendatzeko. El Corte Inglések, Mangok eta Inditexek, esate baterako, Bangladesheko legeak errespetatuz mozkin mamitsuak lortzen dituzte. Halere, aldi berean, azken urteotan eroritako eraikinetan eta lan-istripuetan hil diren 2.000tik gora langileri ezikusi egiten diete, izan ere, formalki, beraien hornitzaileen edo azpikontratzaileen enplegatuak dira.

Beste alde batetik, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak eta lanaren nazioarteko zuzenbideak hauskortasun handia dute gizarte-gehiengoen eskubidea babesteari dagokionez. Sistema unibertsalak eta haien jurisdikzio eskudunak ez dira zigorgabetasunaren arkitekturari eusten dioten xedapen eta epaiak neutralizatzeko gauza. Hauek dira arkitektura horren oinarriak: enpresa transnazionalek sinatutako kontratuak; MMAren, NDFren eta Mundu Bankuaren arauak, doikuntza-politikak, baldintzapeko maileguak eta xedapenak; merkataritzako eta inbertsioetako akordio eta itunak; eta nazioarteko arbitraje-auzitegiak, hala nola: CIADI (Mundu Bankuaren menpean jardunez inbertsioei buruzko gatazkak konpontzen dituen nazioarteko zentroa).


Jiangyin. Txina ehungintzako "fabrika globalak" dituen herrialde nagusiena da.

Ez dago mekanismo eta instantzia egokirik, enpresa transnazionalei nazioartean dituzten erantzukizunak galdatzeko. Izan ere, nazioarteko eta eskualdeko sistemak ez daude enpresen aurkako salaketak jasotzeko diseinatuta, eta, gainera, eskualde- eta nazioarte-organoen erabakiak ez dira ez betetzen ez betearazten. Gainera, baliabide finantzario, humano eta teknikoen gabezia oztopo handia da biktimentzat, ezinezkoa gertatzen baitzaie babes-mekanismoetara iristea.

Horrenbestez, korporazio transnazionalek eskubide gero eta gehiago dituzte, eta haientzako arautegi-kontrolak gero eta eskasagoak dira. Eta estatu hartzaileetako legediak eta sistema unibertsalak ez dira zuzenbide korporatibo globalaren parean garatu.

Nazioarteko kanpo-kodeak diseinatu eta onesteko prozesuan hiru fase egon ziren. Lehenengoan, ikuskera klasikoa jarri zen zalantzan, hau da, konpainia multinazionalak eta garapenaren gaineko eragin positiboak besterik gabe uztartzen dituena, eta enpresa horiek arauen bidez kontrolatzeko ideia hedatuz joan zen nazioartean. Bigarrenean, herrialde aberatsen eta korporazio handien erreakzioa etorri zen. Kode lotesle ororen aurka egin zuten. 70eko hamarkadako proiektuei baimena kendu zien Nazioarteko Merkataritza Ganberak, eta ekimen publiko guztiak neutralizatu egin zituen. Bestalde, barne-kode aldebakar eta borondatezkoak sortu zituen (ELGANn, LANEn eta NBEn), transnazionalen jardueren aurreko herritar-protestak isilarazteko. Hirugarren fasean, bere aldetik, Nazio Batuen Global Compact mundu-itunak –hamar printzipio oso orokor, inolako arau-eraginkortasunik gabe– Ruggie txostenei eta printzipio gidariei ireki die ateak. Estatu espainiarrean, adibidez, une honetan ari dira Enpresei eta Giza Eskubideei buruzko Nazio Plana egiten.

Borondatearen erasoa sofistikatu egin da arlo juridikoan, baina transnazionalen jarduerak zigorrik gabe geratzea da, oraindik ere, azken helburua.

Aipatu ditugun errealitate juridiko horien inguruan, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa (GEK) eta jokabide-kodeak sortu ziren, enpresa transnazionalen botereari eusteko zuzenbide-formula bigun (soft-law) gisa. Hauek dira Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren oinarriak: borondatezkotasuna, aldebakarrekotasuna, autorregulazioa eta galdagarritasunik eza. Guztiak ere klase-borrokaren ordez enpresarien, langileen eta gizarte zibilaren arteko erantzukidetasuna lehenesten duen eredu bati daude lotuta.

Bestalde, Herrien Auzitegi Iraunkorrak, adituek eta gizarte-ekintzaileek enpresa transnazionalen jarduna kontrolatzeko proposamen zehatzak egin dituzte. Proposamen horiek une honetan gizarte-mugimenduen baitan eztabaidatzen ari diren proiektuan daude bilduta. Herrien Nazioarteko Ituna da proiektu hori, eta enpresa transnazionalen betebeharrak eta horiek epaitzeko nahiz zehatzeko mundu-gortea arautzen ditu.


Juan Hernández Zubizarreta, EHUko irakaslea eta Hegoa-Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuko kidea.

Ver en línea : Diagonal, 209 zk, 2013ko azaroa.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB