Erresistentziak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

ENPRESA TRANSNAZIONALek ekonomia globalean duten rola aldatu ahala, gizarteak konpainia horien jarduerei erantzuteko erabilitako dinamikak ere mudatuz joan dira. Historian zehar langile-mugimenduak eta erakunde sindikalek eginkizun erabakigarria izan badute ere lan- eta gizarte-eskubide mordoa lortzeko, gaur egun, ez dira korporazio handiekiko errebindikazioetan funtsezko zeregina duten eragile bakarrak. Sarri askotan, talde-ekintzarako modu berri horiek erabiltzaileek, kontsumitzaileek, indigenek, aktibistek eta, bereziki, zuzenean enpresen eraginpean dauden pertsonek bultzatu dituzte.

Azken hamarkadetan ekoizpen-ereduetan eta lan-harremanetan gertatu diren aldaketen ondorioz, enpresa transnazionalek sortutako gatazkak ez dira fabrikara eta lantokira mugatzen. Horregatik, korporazioen eta gizartearen elkarreragina lan-arlora soilik mugatzen ez denez, konpainia horien jardueren eragin anbiental, kultural eta sozioekonomikoak nozitzen dituzten pertsonen salaketak garrantzia hartzen hasi dira duela gutxi. «Korporazioen aurkako militantzia areagotuz doa, gutako askok inoiz baino garbiago sentitzen dugulako munduan hedatzen den marken arteko konplizitate-sarea, eta, sentitzen badugu, gaur egun bezain “markatuta” inoiz egon ez garelako da», laburtu du Naomi Kleinek.

Transnazionalen aurkako erresistentzien jatorria

Kapitalismo industrialaren hastapenetatik, lan-esplotazioaren eta aberastasuna metatzearen ondorioz sortzen ari zen gizarte-bazterketa arintzeko, jarduera filantropikoak abiaraztea erabaki zuten enpresari handiek. Aurreko mendearen hasieran dagoeneko, zenbait handikik —Rockefeller, Ford eta Carnegie, esaterako— egintza onak hedatu zituzten eta karitatea eta asistentzialismoa xedetzat zituzten enpresa-fundazioak sortu. Izan ere, aurreko mendeko hogeita hamarreko urteetan hasi zen enpresa multinazionalen aurkako joera hedatzen. Adibide gisa nekazaritzako negozioko konpainien kontrakoa dugu, gaur egun Chiquita Brands deritzon United Fruit Companyren aurkakoa esaterako. Orduz geroztik salaketa ugari jaso ditu, lurrak bereganatzeagatik, lan-baldintza esklabistengatik eta batez ere Latinoamerikan gobernuak kontrolatzeko sistematikoki eroskeria eta ustelkeria praktikatzeagatik.

ENPRESA TRANSNAZIONALen kontrako nazioarteko erresistentzia-dinamiketan, hirurogeita hamarreko azken urteetan Nestléren aurka egin zen BOIKOT-kanpaina dugu lehen gertaera garrantzitsua, eta marka handien aurkako gaur egungo borrokaren aurretiko moduan har daiteke. Sasoi hartan hasi ziren enpresa handiei zuzendutako kritikak nabarmentzen. Rockefellerrek, petrolioaren munduko handikiaren ilobak eta Chase Manhattan Bankeko lehendakariak, hauxe baieztatu zuen orduan: «Ameriketako enpresariak 1930eko hamarraldiaz geroztik bizi izan duten aurkaritzarik zorrotzenari ari zaizkio aurre egiten. Langileak makurrarazteagatik, kontsumitzaileak engainatzeagatik, ingurumena suntsitzeagatik eta gazte-belaunaldiei itxaropena galarazteagatik erasotzen digute». Geroago, laurogeiko urteetan, beste hainbat kasu egin ziren ezagun: Union Carbide (gaur Dow Chemical) enpresarena —Bhopalen (indian) gas toxikoen isurpen masiboen erantzule izan zen eta hamar milaka eragindako utzi zituen— eta apartheidaren sasoian erregimen hegoafrikarrarekin merkataritza-harremanak izan zituzten multinazionalenak —besteak beste, Fujitsu, IBM, Ford, General Motors, Barclays eta UBS—.

Laurogeita hamarreko hamarkadan, ENPRESA TRANSNAZIONALen aurkako kanpaina orokor handien aldia etorri zen. Hiru konpainia multinazional kritika guztien helburu bihurtu ziren orduan. Bat, Nike, Asiaren hego-ekialdeko fabriketan lan-esplotazioa eta haurren lana sustatzeagatik salatu zuten. Beste bat, Shell, Ozeano Atlantikoan petrolio-plataforma bat urperatzen saiatzerakoan sortutako ingurumen-inpaktuengatik eta Ken Saro-Wiwa idazleari, petrolio-enpresaren aurkako protesta-mugimendu baketsuaren buruari, heriotza-zigorra ezarri ziotenenean eta beste zortzi ekintzailerekin batera hilarazi zutenean ezer egin ez zuelako salatu zuten. Eta bestea, McDonald’s, langileak esplotatzen zituela, animalien tratu txarretan konplize zela eta "zabor-janaria”ren adierazle nagusia zela zioten panfletoak banatzeagatik bi ekologista salatu zituenean, zazpi urte iraun zuen eta zentsura korporatiboa agerian utzi zuen prozesu judizial batean nahastu zen.

Hamarraldi horren amaieran eta mende honen hasieran, Hegoaldeko herrialdeetako ZERBITZU PUBLIKOetako enpresa gehienak PRIBATIZATZEAren ondorioz, uraren, elektrizitatearen, telefoniaren, osasunaren eta pentsioen kudeaketa merkataritzaren logikapean ezarri zen. Horrela, herritar gehienek kalte larriak jasan zituzten, baliabide ekonomikorik gabe bizitza duin bat izateko funtsezko zerbitzuak nola urruntzen zitzaizkien ikusi baitzuten. ESPAINIAKO MULTINAZIONALen kasuan, horrelaxe sortu ziren lehen herri-mobilizazioak: Union Fenosaren aurkakoa Kolonbian, Repsolen kontrakoa Argentinan eta Endesaren aurkakoa Txilen. Urte haietako gizarte-borroken artean, urarekin zerikusia zutenak dira ospetsuenetakoak. Mundu osoan ezaguna da 2000. urtean Cochabamban (Bolivian) gertatu zen “Uraren gerra”. Herritarrek, erresistentzia eta altxatze-prozesu bati eskerrak, Munduko Bankuaren babespean Bechtel multinazionala eta Abengoa korporazio espainiarra buru zituen partzuergo batek tokiko konpainia bereganatzea eta hiriaren ubide- eta estolderia-zerbitzua pribatizatzea eragotzi zuten azkenean.

Bizitza merkatu bihurtzearen aurrean, erresistentziak globalizatzea

Aldi berean, erdialdeko herrialdeetan NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEen eta estatuaz gaindiko erakundeen (Munduko Bankuaren, Nazioarteko Moneta Fondoaren, Europako Batasunaren eta G8aren) aurkako mobilizazioak lehenetsi ziren. “Globalizazioaren aurkako mugimendua” zeritzonaren baitan, korporazio handien jarduerak salatzen ziren, foro alternatiboetan eta kontragailurretan. Dena den, transnazionalen gaineko kanpaina horiek ez ziren finantza-erakundeen aurka egindakoen hedapen- eta antolamendu-maila izatera iritsi.

Estatu espainiarrari dagokionez, laurogeita hamarreko azken urteetan kritika-ekintza txiki batzuk gauzatzen baziren ere Endesak eta beste multinazional batzuek Latinoamerikan zuten presentziagatik, mende honen lehen hamarraldiaren erdira arte itxaron behar izan genuen, enpresa nagusia Espainian zuten ENPRESA TRANSNAZIONALen aurkako kanpainak abiatzen hasteko, Latinoamerikako gizartean eta ingurumenean dituzten inpaktuengatik. 2006an abiatu zen multinazional espainiar batek beste lurralde batzuetan egindako jardueren ondoriozko eraginen aurkako lehen kanpaina: “Repsolek eragindakoen kontrabatzarra”. Baterako ikerketei, salaketak sistematizatzeari eta sortu ziren elkartasun-erlazioei eskerrak, ukitutako herrialdeetan mobilizazioak koordinatu ahal izan ziren —kasu honetan, Repsolen erauzketa-jardueragatik—, eta transnazionalaren jatorriko herrialdean sentikortzea eta kritika bultzatu. Formula hori bera erabili da BBVAren, Santanderren eta Unión Fenosaren aurka ere. Bi lehenek armagintzaren sektoreko inbertsioak, eta gizartea eta ingurumena suntsitzen dituzten proiektuak finantzatu dituzte. Hirugarrenari, berriz, “gizarte-arduragabekeria”ko kanpaina bat abiarazi zioten Nikaraguan, konpainiak herrialde hartan elektrizitatea bere nahierara banatzen zuelako, oso elektrizitate-zerbitzu mugatua ematen zuelako —biztanleriaren ia erdia energiarik gabe zegoen— eta haren kudeaketa kaskarra zelako. Beste enpresa batzuk ere izan dira salaketa-ekintzen helburu: Iberdrola, ENCE, Endesa, Calvo eta Telefónica, kasu.

Azken urteotan, kontsumoa erortzearen, erregai fosilak ahituz joatearen eta erdialdeko herrialdeetan kapital transnazionalaren irabazi-tasak murriztearen ondorioz, kostuak txikitzeko estrategia zorrotza abiarazi dute korporazio handiek, eta, aldi berean, negozio eta merkatu-zoko berrietara iristeko erasoak biziagotu dituzte. Testuinguru erasokor horretan, gizarte- eta ingurumen-gatazkak eta giza eskubideen urratzeak ugaritu egin dira mundu osoan, eta, beraz, enpresa-inpaktuon aurkako gizarte-borrokak ere ugaldu egin dira. Nazioartean, hainbat erresistentzia-kanpaina gauzatu dira ehungintzaren, hidrokarburoen, meatzaritzaren, nekazaritzaren eta finantzen sektoreetan (ikusi 15. taula). Horietan guztietan, korporazio handien aurkako erresistentzia bultzatzeko elkartasunezko sare transnazionalak ehundu ahal izan dira, eta beste ekonomia- eta garapen-eredu batzuk eraikiz joateko proposamenak sortu.

ENPRESA TRANSNAZIONALen gehiegikeriak salatzen eta korporazio handien menpekotasunari ihes egiteko ALTERNATIBAk eraikitzea ahalbidetuko duten mobilizazio-prozesuetan eta erresistentzietan aurrera egiteari dagokionez, HERRIEN AUZITEGI IRAUNKORRAren inguruan giltzatu dena da esperientziarik interesgarrienetakoa. Egun, “Suntsi dezagun botere korporatiboa” mundu-kanpaina ari da osatzen. TPPren saio guztietan ordezkatu den indarren metaketa-prozesuak atzean utzitako ideia/indar nagusietako batetik sortu da ekimen hori, konpainia multinazionalak eraginkortasunez kontrolatzeko aukera emango duen ordezko arau-esparrua garatzeko proposamenetik, hain zuzen ere. ENPRESA TRANSNAZIONALAk salatzeko kanpainetan beste jarduera-ildo bat ere landu izan da: korporazio handiek giza eskubideak urratzen dituztenean edo hainbat delitu egiten dituztenean, demanda judizialak aurkeztea.

Halako kanpaina askotan, gizarte-mobilizazioa izan ohi da osagai nagusietako bat, izan ere, horien arabera konektatu eta giltzatu izan baitira herri-borroka ugari. Esan beharra dago, gizarte-eredu berriak zehaztea dutela borrokok helburu eta, zentzu horretan, ENPRESA TRANSNAZIONALAk direla antagonista nagusiak. Beste kanpaina batzuek, aldiz, salaketa-ukitu handiagoa izaten dute, eragin politiko nabarmenagoa, eta hiritarren gehiengoa sentikortzea nahiz prestatzea eta, bide batez, gizartea aldatzea izaten dira xedeak. Edonola ere, bi aukerok osagarriak dira, jakina. Eta bi bideok aldi berean jorratuz emango ditugu, soilik, enpresa-interesei beharrean planetako gizarte-gehiengoei lehentasuna emango dieten beste eredu sozioekonomiko batzuk eraikitzeko urratsak.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • DOMÍNGUEZ MARTÍN, R. (2008): “La Responsabilidad Social Global Empresarial (RSGE): el sector privado y la lucha contra la pobreza”, Revista del Ministerio de Trabajo e Inmigración, nº 76.
  • GONZÁLEZ, E. Y RAMIRO, P. (2012): “Resistir a las transnacionales. Los movimientos sociales frente a las grandes corporaciones en Europa y América Latina”, en DE LA FUENTE, M. Y HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (eds.), Acción sindical transnacional, Hegoa, Universidad del País Vasco, Bilbao.
  • KLEIN, N. (2001): No Logo. El poder de las marcas, Paidós, Barcelona.
  • WERNER, K. Y WEISS, H. (2004): El libro negro de las marcas. El lado oscuro de las empresas globales, Debate, Barcelona.