Nazionalizazioa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Nazionalizazioa jabetzaren nozio berri baten ondorio da. Nozio berri horren arabera, jite jainkotiar, absolutu, esklusibo eta betierekoa alde batera utzi, jabearen eta ondasunaren arteko harremana gainditu eta “zeregin soziala” eransten zaio, eta, horren aurrean, jabearen eskubideak bigarren mailan geratzen dira. Hortaz, enpresei, jarduerei eta ondasun materialei aplikatzen zaie, baina ekimen pribatuari kendu ondoren, ezin baitira jabetza pribatukoak izan, hau da, estatuarenak edo herriarenak izan behar baitute.

Desjabetzeetan ez bezala, nazionalizazioan ez dira gorputz-ondasunak, higiezinak edo erremintak bakarrik aintzat hartzen, jarduera ekonomiko osoari erreparatzen zaio, interes publiko gorenari mesede egitea bilatuz. Gainera, estatua, Zuzenbide Publikoko pertsona morala den aldetik, bereizi egiten da enpresa nazionalizatuetatik, haien jardueratik eta are haien ondaretik ere, eta pertsona juridikoen edo “estatuaren enpresen” esku uzten ditu.

Nazionalizazioen historia

Jabetzaren kontzeptuak goitik beherako aldaketa bizi izan zuen I. eta II. Mundu Gerren artean, eta, epealdi horretan, Sobietar Batasunaren eta Mexikoren ekarpenak garrantzitsuak izan ziren oso.

Mexikoko 1917ko konstituzioan, jabetzak “zeregin soziala” duela jaso zen, nahiz eta terminoa bera ez erabili. 27. artikuluan dionez, nazioak eskubidea izango du, uneoro, jabetza pribatuari interes publikoaren araberako modalitateak inposatzeko. Alabaina, oraindik ez zen nazionalizazioa praktikan jarri, ideiak eta helburuak finkatzera mugatu ziren. Lehen urratsak Villaren eta Zapataren jarraitzaileen ordezkaritza txikiaren eraginez eman ziren.

SESBren kasuan, ekoizpen-tresna eta -bitartekoetara hedatu zen nazionalizazioa, eta Batasunaren oinarri ekonomikotzat hartu ziren (ekoizpen pertsonalean erabilitakoak salbu). Jabetza pribatua nork bere lanarekin eta aurrezkiekin lortutako ondasunetara mugatu zen eta kapitalismoa garatzeko aukera oztopatu egin zen, lege bidez. Prozesu horren baitan gertatu zen lurraren nazionalizazioa, jabegoa irizpide bidezko samarrez banatzea xedetzat zuena. Kontzeptu hori garatuago dago nekazaritza-erreformena baino. Nazionalizazio horren bidez, lurraren jabetza pribatua jabetza kolektibo edo estatal bihurtzen da. Alderdirik objektiboenean, SESBn gertatu zen moduan, estatuak nekazaritza-ekoizpenaren arau eta helburuetan esku hartzea ekartzen du.

Aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadarako, jabetzaren kontzeptu hori konstituzio ugaritan eta nazioarteko zenbait aktatan zegoen jasota. Ildo horretatik, adibidez, Anglo Iranian Oil Company enpresa (gobernu britainiarraren kapitala zuena) 1951n Iranen nazionalizatzeak oihartzun handia izan zuen nazioartean. Politika horren aurrean, Erresuma Batuko gobernuak demandak aurkeztu zituen, eta Hagako gorteraino iritsi ziren. Hark urte hartan bertan eman zuen epaia: «estatu subiranoa instantzia gorena da zuzenbide-gaietan, interes publikoak ez beste ezerk ez baitu haren existentzia justifikatzen». Horrela, bada, estatuak atzerriko ondasunak nazionalizatzeko eskubidea duela onartu zen nazioartean. Estatu subiranoak eskuduntza osoa du, jabegoaren, antolamendu ekonomikoaren eta inbertsio-sistemaren gainean komenigarriak iruditzen zaizkion barruko legeak emateko, eta lege horiek bere lurraldean dauden atzerriko ondasunengan ere badute eragina. Zuzenbide Publikoaren esparruan ari gara, argi eta garbi. Novoa Monrealen esanetan, nazionalizazioa Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren esparruan kokatzen du NAZIO BATUetako estatuen Eskubide eta Betebehar Ekonomikoen Gutunaren 3281 ebazpenak (1974ko abenduaren 12koak); izan ere, estatuen arteko jardunbidea arautzeko tresna da, berez. Dena den, badira baieztapen hori babesten duten beste ebazpen batzuk ere.

Bi estaturen edo gehiagoren arteko itunen aurrean NBEren ebazpenek zer nolako balioa duten gai eztabaidagarria da. Itunak nazioetako legegileek onesten dituztenez, zuzenbidea sortzen dute; ebazpenak, ordea, exekutiboek onartzen dituzte. Halarik ere, ebazpenek zuzenbidea sortu ez arren, aldeen arteko harremanak arautzen dituzte, akordio guztiek bezalaxe, eta bete egin behar dira. Hortaz, ez du zentzurik horiei balioa kentzea edo garrantzi nahiz ondorio juridikoak murriztea, kontuan harturik, gainera, Novoak dionez gehiengo handiek onesten dituztela. Horien artean dago NAZIO BATUEN Gutuna, ebazpena izanik, garrantzi handia duena.

Baliabide naturalen nazionalizazioa: petrolioa

NBEren 1803 ebazpenaren arabera, baliabide naturalak ustiatu, garatu eta erabiltzekotan, bai eta horietarako atzerriko kapitala esportatzekotan ere, «jarduerok baimendu, mugatu edo debekatzearren herri eta nazio horiek libreki beharrezkotzat edo desiragarritzat jotzen dituzten arau eta baldintzak bete beharko dira». Bestalde, onura publikoa (nazionalizazioa funtsatzen duten segurtasunaren edo interes nazionalaren alorretakoa), desjabetzea eta konfiskazioa nazioko nahiz atzerriko interes partikular pribatu hutsa baino goragoko ekintzak dira. Kontu hori, baina, ez da baliabide naturaletara mugatzen, estatuek ekonomia nazional osoaren gainean erabakitzeko duten subiranotasunean oinarritzen baita. Beste aldean, elkarren inbertsioak sustatu eta babesteko aldebiko itunak finkatu ziren, laurogeita hamarreko urteetan neoliberalismoa inposatu ostean. Itun kolonialak dira, estatuek bere buruaren gainean erabakitzeko duten subiranotasuna eta ahalmena larriki mugatzen baitute. Eta, gainera, jabetza pribatuaren kontuan aurreratutakoa leheneratu egin nahi dute, eta, berriro, inbertitzaileena ez beste edozein interesen aurretik jarri.

Hasieran ikusi dugunez, helburuak bereizten du, batez ere, nazionalizazioa, eta politika ekonomiko nazionalarekin du zerikusia. Ikuspegi horretatik, energia-iturriak (petrolioa, batik bat) nazionalizatzeak garrantzi estrategiko handia izan du, energiak gizarte modernoan betetzen duen funtsezko zeregina dela eta. Nazionalizatzeak, ekintza bera baino haratago joanez, petrolio-enpresa estatalak sortzea ekarri du. Ondorioz, hidrokarburoen estatu-jabetza erabiltzearen eta energia-politika subiranoa exekutatu izanaren funtsezko tresna bilakatu dira horiek. Esan beharra dago, petrolioa estrategikoa denez, energia-politika horrek industria eta ekonomia nazionalaren eraketan eragina izan dezakeela. Aurrekariek, ostera, Mexikora garamatzate bueltan. Herrialde horretan, 1901ean eman zen petrolioaren lehen legea. Haren arabera, lurzoruaren jabea zen lurpeko baliabideen jabea ere, eta petrolio-enpresen eta lur-jabe handien arteko hitzarmenak kontu pribatuak ziren. Jabe uzkurren aurkako indarkeria-bolada bat ekarri zuen horrek. Xedapen hori deuseztatu egin zuen 1917ko konstituzioak, eta, jabetza pribatua badela aitortu arren, gizartearen komenentzia aintzat hartuz, jatorrian jabetza nazio mexikarrarena dela dio, eta hark eskubidea duela jabetza pribatuari interes publikorako beharrezkoak iruditzen zaizkion modalitateak inposatzeko. Hidrokarburoen gainean, zehazki, lurpeko aberastasuna nazioarena dela dio, eta besterenezina eta preskribaezina dela. Printzipio horren pean nazionalizatu zen, 1938an, Mexikoko petrolioa. Esan beharra dago, baina, prozesu hori ez zela bakarra izan Latinoamerikan.

Petrolioa nazionalizatzearen kontzeptua Enrique Mosconik, Yacimientos Petrolíferos Fiscales (YPF) enpresaren lehen zuzendariak, garatu zuen, batez ere. Enpresa hori izan zen Latinoamerikako lehen petrolio-enpresa estatala; Argentinan eratu zen, atzerriko petrolio-enpresen aurka gogor borrokatu ostean, horien interesak, Moconiren ustetan, bere herriaren segurtasunaren, garapenaren eta independentziaren aurkakoak baitziren. Mosconiren pentsamenduak bilakaera handia izan zuen. Hasieran, monopolioan oinarritutako enpresa bultzatzen zuen —kapitalaren zatirik handiena estatuarena izango zen eta gainerakoa Argentinako kapital pribatua—. Aurrerago, baina, partaidetza pribaturik gabeko enpresaren alde egin zuen, petrolioaren jarduera ustiapenetik merkaturatzera bitartean monopolizatuko ez zuen enpresaren alde, alegia. Horretarako, funtsezkoa da erregaien erreserbak, ekoizpena eta barne-merkatua monopolizatzea, eta, horretarako, estatuaren enpresa autarkiko bat behar da. Halako enpresen eragiketak petrolioaren negozioko irabazi handiekin eta petrolio-jarduera osoa kontrolatuz finantzatzen dira. Prezio-politika estatuak finkatzen du, enpresak funtzionatzeko eta garatzeko behar duen irabazia ez ezik, erregaiak herrialdea garatzeko sargai moduan erabiltzea ere helburutzat harturik. Mosconiren iritzian, petrolioak kanpo-politikaren funtsezko osagai izan behar zuen, eta nazionalizazioaren aldeko borrokari ukitu latinoamerikarra eman behar zitzaion; izan ere, petrolio-enpresek lurralde eremu itzelak kontrolatzen zituzten hainbat herrialdetan; gobernuak, erakundeak eta gizartea galbideratzen zituzten eta herrialde eta eskualde auzoen artean istiluak sortzeko adinako eragina lortzen zuten.

Estatu-kolpe bat tarteko, Mosconik ez zuen Argentinan nazionalizatzea lortu, baina eginkizun garrantzitsua izan zuen Latinoamerikan. Bolivian sortu zen petrolio-enpresa estatala haren lanaren eta YPFko jarraitzaileen lankidetzaren ondorio da; horregatik du YPFB izena. Boliviak egin zuen munduko lehen nazionalizazio ez-sozialista, 1937an hain zuzen ere, eta, urtebete geroago, Mexikok. Horien ostean, beste herrialde latinoamerikar batzuetan hainbat enpresa estatal sortu ziren.

Gaur egun, hidrokarburoak nazionalizatzearen gaia puri-purian dago, berriro ere, Latinoamerikan. Lurralde horretako zenbait gobernuk neurriak dekretatu dituzte —Bolivian “nazionalizazio” izenarekin eta Argentinan “desjabetze” izenarekin—, estatuak petrolio-konpainietan presentzia handiagoa izateko. Alabaina, horietan ez da Mosconik ulertzen zuena moduko nazionalizaziorik egin, ez baita erregaien erreserben, ekoizpenaren eta barne-merkatuaren monopolioa izango duen enpresa estatalik sortu.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • GANDARILLAS, M.; TAHBUB, M. Y RODRÍGUEZ, G. (2008): Nacionalización de los hidrocarburos en Bolivia. La lucha de un pueblo por sus recursos naturales, Icaria, Barcelona.
  • HERTZOG, S.J. (1958): México y su petróleo. Una lección para América, Universidad de Buenos Aires.
  • KATZAROV, K. (1963): Teoría de la nacionalización (El Estado y la propiedad), Instituto de Derecho Comparado, UNAM, México.
  • MARIACA, E. (1966): Mito y realidad del petróleo en Bolivia, Amigos del Libro, La Paz.
  • NOVOA MONREAL, E. (1976): Defensa de las nacionalizaciones ante tribunales extranjeros. Caso de los productos exportados, Instituto de Investigaciones Jurídicas, UNAM, México.
  • VILLEGAS N. P. (2010): “Lo que está en el fondo. Los Tratados coloniales de protección a la inversiones”, Petropress, nº 22.