Genero desberdintasuna

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Korporazio handiak NAZIOARTEKOTZEAren eta nazioarteko sistemako benetako agintari global gisa finkatzearen eraginez, ordena politiko eta ekonomiko globalaren paradigma aldatzeaz gain, irazi handienak eman dizkieten gizarteak eraldatu egin dituzte. Sistema neoliberalaren babespean —gogora dezagun kapitala pilatzean funtsatzen dela eta egituran desberdintasunak sortzen dituela—, transnazionalek berebiziko eragina izan dute ezartzen diren herrialdeetako genero-harremanetan.

Aurreko mendeko laurogeita hamarreko urteetan, multinazionaletako langileen % 60 eta % 80 bitartean emakumeak ziren, Williamsen kalkuluen arabera. Izan ere, multinazionalak herrialde periferikoetara iritsi badira, laneskuan emakumeak nagusitzearen ondorioz gertatu da kasu askotan, industria esportatzaile intentsiboetan bereziki, hala nola: ehungintzan, lorezaintzan eta nekazaritzako industrian. Ekonomia feministatik azpimarratzen denez, emakumea ageriko lan-munduan erruz sartzearen ondorioz ez da, egia esan, berdintasun mailan aurrera egin. Aitzitik, enpresa handi horien baldintza soziolaboral prekarioak direla eta, soldata-arraila, lana sexuaren arabera banatzea eta zaintza- eta ugalketa-zereginak ezkutatzea, gutxiestea eta desplazatzea —horien ondorio eta guzti— betikotu egin dira, eta, horrela, korporazio handiak internazionalizatu diren gizarteetan bidezkoa ez den “garapena” hedatu da. Hain zuzen, desberdintasun hori erakargarria zaie, oso, inbertitzaileei. Soledad Salvadorren hitzetan, «genero-desberdintasuna izan daiteke nazioarteko merkataritza sustatzen duen hazkundearen oinarria, eta hori, onuragarria barik, kaltegarria da garapen bidean dauden herrialdeentzat».

Inpaktu soziolaboralez gain, transnazionalek badituzte emakumeen bizitzari eragiten dieten eta garapen desberdina areagotzen duten beste inpaktu batzuk. Alegia, errentagarritasun handiko ZUZENEKO INBERTSIO ATZERRITARRA (ZIA) bermatzearren botere korporatiboetatik bultzatzen den desarauketak ondorio larriak ditu emakumeen osasunean eta gaixotze-tasan; oinarrizko zerbitzuak PRIBATIZATZEAk bereziki ukitzen ditu emakumeak; eta petrolioaren eta elektrizitatearen alorreko azpiegitura handietan eta zona frankoetan, genero-indarkeriaren eta prostituzioaren indizeak oso handiak dira.

Latinoamerikaren kasua

Latinoamerika, berdintasunari dagokionez planetako eremurik desorekatuena, izan da, eta izaten jarraitzen du, enpresa DESLOKALIZAZIOAren helmugarik gustukoenetako bat. Laurogeiko hamarkadan, ekoizpen-prozesuaren zatiketa bultzatu zuten transnazionaletan, eta, ondorioz, prozesuaren zatiak hainbat lurraldetan kokatzeko aukera sortu zen. Horrekin batera, eskualdeko ekonomiak desarautzeko prozesuei esker —enpresa handiei kostu soziolaboral eta anbiental txikiak ordaintzea ahalbidetzen baitizkie— eta herrialdeok esportazio-ereduaren alde apustu egiteari esker, korporazio handien transnazionalizazio-eredu berria sortu da. Ordura arte, generoaren ordena ordena sozioekonomiko patriarkal kapitalistaren menpe zegoen, funtsean. Familia nuklearraren eredua zen nagusi, eta, bertan, gizonezkoa zen hornitzaile nagusia, hau da, emakumeak ekonomia orokorrari egindako ekarpenak ikusezinak ziren. Hamarkada horretan, ekoizpen-paradigman gertatutako aldaketak tarteko, emakumeei zuzendutako lan-eskaintzak gora egin zuen, eta familiako soldatan “hornitzaile” bihurtu ziren. Esan beharra dago, dena den, lan-eskaintzak behin-behinekotasuna eta kolokatasuna zituela ezaugarri.

Laurogeita hamarreko urteetan, Latinoamerikako ZIAren (zuzeneko inbertsio atzerritarraren) “urrezko hamarraldia”n, lan-merkatuek formaltasuna galdu zuten gero eta gehiago, eta gizarte-babesa murriztuz joan zen. Orduan, laneko kostuak ahalik eta gehien txikitzen ahalegindu ziren transnazionalak, eta, horretarako, emakumeen laneskura jo zuten, batik bat. Lan-indarraren zatirik handiena mihiztatzearen eta manufakturaren sektoreak (ehungintzako eta elektronikako produktuen “maquilek”) eta esportazioko nekazaritzako industriak erakarri zuten orduan.

“Maquilak”

Mihiztatzen eta manufakturan diharduten eta “maquila” izenez ezagutzen diren transnazionalek soldata-kostuak aurreztean oinarritzen dute, funtsean, beraien produktuen lehiakortasuna. Ekoizpen mota horretan emakumeek egiten dute batik bat lan, eta Txinan eta AEBtik gertuen dauden herrialde latinoamerikarretan (Mexikon, Erdialdeko Amerikan eta Dominikar Errepublikan) hedatu da gehien. Sistema horrek, emakumeengan ikaragarri eragiteaz gain, sindikatuko kide izatea zigortzen du eta lan-jardunaldi nekagarriak, informaltasuna eta gizarte-desegituratzea sustatzen ditu. Hori oso errentagarria da enpresentzat.

“Maquila” horietako langilearen profila hauxe da: emakume gaztea, 15 eta 25 urte bitartekoa, prestakuntzarik gabea, landa-eremukoa, familia-kargarik gabea (hobeto) eta lantegian lan egingo duena. Familia-kargak dituzten emakumeei etxean bertan lan egiteko aukera ematen diete enpresa horiek, baina prozesu osoan gaizkien ordaindutako lanak egiten dituzte. Horrela, sarri askotan sistema formaletik kanpo dauden lan-egoerak sortzen dira.

Mexiko da ekoizpen-prozesu mota horren adibide paradigmatikoetako bat. Bertan izan du “maquilen” ezarpenak genero-desberdintasunean eraginik handiena. Mexikoko Estatistika Institutu Nazionalaren estatistika orokorren arabera, gaur egun, herrialde horretako “maquiletan” gizonezkoak gehiago dira emakumezkoak baino (% 51 eta % 49, hurrenez hurren). Alabaina, emakumeek zuzeneko lanpostuen % 60tik gora betetzen dituzte, eta gizonak postu tekniko eta administratiboetan ari dira. Horra hor laneko genero-arrailaren erakusle garbia. Lan-eskubideak kaltetzeaz gain, emakumeen aurkako sexu- eta genero-indarkeriaren kasuak ugaritu egin dituzte Mexikoren eta Estatu Batuen arteko mugan dauden “maquilek”. Paradigmatikoa da, zoritxarrez, Ciudad Juárezen adibidea.

Erresistentzia, salaketa eta agerian jartzea

Urteotan zehar, emakumeak antolatu egin dira, eta Latinoamerikako “maquilak” eta beste transnazional batzuk agerian jarri eta horien inpaktuak salatu dituzte. Langile horien borrokak, baina, arriskuak ditu, kasu askotan debekatuta baitute sindikatuko kide izatea eta lanpostuak galtzera arriskatzen baitira. Hainbat mugimenduri —Emakumeen Mundu Martxa, adibidez— eta akademiari —ekonomia feministan edo EKOFEMINISMOAn oinarritutako ikerketen bidez— eskerrak, agerian jarri da, bai eta salatu ere, desberdintasuna sortzen duen eta maila txikian (emakumeen bizitzako eta generoen arteko harremanetako zuzeneko eraginetan), ertainean (eragin horiek euskarritzen dituzten lege- eta estatu-kontuetan) eta handian (horiek ahalbidetzen dituzten ekonomia globalaren dinamiketan) jasanezina den errealitate bat.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • DE LA O, M.E. (2006): “El trabajo de las mujeres en la industria maquiladora de México”, AIBR, vol. 1, nº 3.
  • GIRÓN, A. (coord.) (2009): Género y globalización, CLACSO, Buenos Aires.
  • ESQUIVEL, V. (ed.) (2012): La economía feminista desde América Latina. Una hoja de ruta sobre los debates actuales en la región, ONU-Mujeres, República Dominicana.
  • VILLOTA, P. (ed.) (2003): Economía y género. Macroeconomía, política fiscal y liberalización. Análisis de su impacto sobre las mujeres, Icaria, Barcelona.
  • WILLIAMS, M. (2003): Gender mainstreaming in the multilateral trading system: A handbook for policy-makers and other stakeholders, New Gender Mainstreaming Series on Development Issues, Commonwealth Secretariat.