OMAL

Pobrezia-kontuak eta emaitza-kontuak

Ane Garay (Diagonal, 209 zk, 2013ko azaroa)

Sábado 23 de noviembre de 2013

Transnazionalen irabaziak igotzen diren bitartean marketing solidarioa hedatzen da

«Bazen behin gure herrialdeko ume asko eta askoren pobretasun-egoera aldatu nahi zuen proiektu bat». Banku batena zen proiektua, herrialdeko handienetako batena, urtean ehunka milioi euro irabazten zuen batena. Bertako presidenteak, berak bakarrik, bi milioitik gora kobratu zituen, krisiaren unerik latzenetako batean. Hain zuzen ere, inguruko pertsona mordoa pobretu eta eskubideez gabetu zuten unean. Finantza-erakunde horrek kalean, etxebizitzarik gabe, utzi zituen familia ugari, umeak ere bai kasu batzuetan. Armak egiten zituzten enpresei dirua uzten zien, eta petrolio-konpainia handi baten ugazabetako bat zen. Konpainia horrek salaketak jaso zituen jarduera gauzatzen zuen lekuetako komunitateetatik, beraien lurraldeak okupatu eta kutsatzeagatik eta haien osasuna kaltetzeagatik. Hala eta guztiz ere, larri zebiltzan neska-mutilei lagundu nahi ziela zioen bankuak.

Zoritxarrez, kontakizun hori ez da ipuina. «Cuenta conmigo contra la pobreza» La Caixaren Gizarte Ekintzak nazioarteko GKE ezagun batekin batera bultzatzen duen proiektua da, eta urrakortasun-egoeran dauden haurren oinarrizko beharrak finantzatzeko dirua biltzea du xede. Horrela, bada, banakako edo sare sozialen bidezko dohaintzekin solidario izateko aukera ematen digu La Caixak, eta, norbaitek zerbait ematen duen bakoitzeko, bide batez, entitateko bezero egiteko aukera du. Publizitate-kanpaina horretan, baina, ez da agertzen banku horrek berak etxea utzarazi dielako etxerik gabe geratutako adingabeen historiarik. Ezta ikastetxeetako aurrekontuen murrizketengatik berokuntzarik gabe geratu direlako neguan berriro gelan hotzak egongo direnen historiarik ere.

Adibide horretan garbi ikusten da, enpresa handiek, erreforma neoliberal andanari etekina ateratzeaz batera, giza egoera larriei ipinkiak jartzen dietela, hiritarren errukiaz baliatuz. Eta, horretarako, diseinu zainduko «marketin solidarioko» kanpainetara jotzen dute, beren irudia garbitzen saiatzeko, bankuen eta beste korporazio batzuen aurkako gorrotoa aparra bezala hazten den garai hauetan.

Izan ere, multinazional espainiarrak negozio biribilak ari dira egiten, krisi-garaian. Egunez egun, korporazio transnazional batzuen irabazi itzelei buruzko berriak ikusten ditugu, komunikabide handien titularretan, gehiengoa pobretzearen inguruko kroniken alboan nabarmenduta. 2013ko lehen seihilekoan, aurreko urteko emaitza-kontua bikoiztu egin zuen BBVAk. Emilio Botínek harro esan zuen joan den uztailean, Banco Santanderren mozkinak hazi egingo direla datozen urteetan. Eta beste multinazional handi batzuk ere, energiaren alorrekoak adibidez, aurrera doaz: Repsolek 1.054 milioi euro irabazi zituen urtearen lehen sei hiletan (2012an baino % 2,6 gehiago), eta Iberdrolak ia 10 milioi euro.

Mozkinen ehuneko handi bat nazioarteko negozioak eman die enpresa horiei, Latinoamerikakoak bereziki. «Diplomazia ekonomikoak», hau da, erakunde publikoek multinazionalei atzerrian hedatzeko ematen dien trabarik gabeko laguntzak, fruituak eman ditu. Baina, estatu espainiarrean eredu neoliberalean sakondu izana ere lagungarria izan da. Gero eta gertuago gaude pentsioen eredu pribatutik. Eta, lanaren erreformari esker, samurragoa da kontratatzea eta merke-merke kaleratzea, langileei jarduna murriztea eta prestakuntzarako kontratuak 30 urterainoko gazteei luzatzea. Hezkuntza eta osasun publikoak narriatzen ari dira apropos, pribatuaren mesedetan, eta gizarte-laguntzek, desagertuz joateaz gain, gero eta lotura estuagoa dute enplegu-politikekin. Horrela, kolokatasuna instituzionalizatzea eta herritar-sektore ugari (emakumeak, pentsiodunak eta gazteak bereziki) pobretzea lortzen ari dira Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak (CEOEk) eta beste enpresa lobby batzuek marjinak handitzeko eskatzen dituzten neurriekin.

Gizarte-eskubideen murrizketa-olde horretan, korporazio handiek «kausadun marketin»ez jantzitako kanpainak egiten dituzte, herritarren amorrua arindu, bihotzak beratu eta arreta desbideratzeko. Modu horretara, enpresa transnazionalak irtenbide gisa agertzen dira, ez arazo gisa, eta gure subjektibotasun politikoa, gure herritar-identitatea, hondatu egin gura dute, kostu txikiko elkartasunaren kontsumitzaile huts bihurtuz. Ez diegu lagunduko, ez horixe!


Ane Garay, Latinoamerikako multinazionalen behatokiko (OMALeko) ikertzailea – Bakea ta Duintasuna.


Ver en línea : Diagonal, 209 zk, 2013ko azaroa