OMAL

Zerbitzu publikoak

Astelehena 2013(e)ko otsailaren 4a

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Kapitalaren jardun-eremua etengabe handitzearen ondorioz, hau da, mundializazio edo globalizazio deritzon prozesuaren ondorioz, zerbitzu publikoak merkatuan sartzeko eta pribatizatzeko presioa areagotu egiten da. Horiek, definizioz, jabetza pribatuaren aurkakoak dira, estatuak kudeatzen baititu eta biztanleriaren interes orokorrei erantzuteko helburua baitute. Gaur egun, zerbitzu publiko gisa jarraituko duten ala ez puri-purian dagoen eztabaidagaia da.

Etengabe aldatzen den kontzeptua

Zerbitzu publikoa izateak ekimen pribatua kanpo uzten dela esan nahi du. Era berean, zerbitzu publikoak etengabe eta erregulartasunez jardun behar du, herritarren beharretara egokitu behar du eta berdintasunaren printzipioan oinarritu behar du. Izan ere, “publikoa” denak ez du inor baztertuta utziko. Ezaugarri hori funtsezkoa da, zerbitzuaren kudeaketan errentagarritasuna interes publikoaren menpe jarri behar baita, bizitza duinerako hain garrantzitsuak diren zerbitzuetan: prestakuntzan, hezkuntzan, osasun- eta gizarte-babesean, garraioan, ur-horniduran… Horrela, bada, ezinbestekoa da, gizarte-, ekonomia- eta lurralde-kohesioa lortzeko.

Zerbitzu publikoaren eta denon onuraren kontzeptuak aldatuz joan dira denboraren poderioz. Justinianok, Bizantzioko enperadoreak, «gizateriaren berezko gauzak» aipatzen zituen, uraz eta lurraz aritzeko. Erromatar inperioaren garaian, res comun esaten zitzaion onartutako hiru jabetza motetako bati. Kapitalismoaren aurreko Ingalaterran, berriz, nekazariak antolatzeko moduetako bat izan zen commonsena. Ondasunak eta zerbitzuak denonak edo publikoak direla esaten badugu, gizarte-borroka eta ERRESISTENTZIen eraginez da, hein batean. Horiek agerian jarri dituzte merkatuaren mugak “gizarte-oreka”ren ustezko erdigune gisa edo merkatuari galarazi egin diote ondasun eta zerbitzu publikoez jabetu eta horien erabilera eta kontsumoa murriztea.

Aurreko mendeko laurogeiko hamarraldiaz geroztik, neoliberalismo gisa ezagutzen dugun kontrairaultza kontserbadorea orokortzearen ondorioz, ekoizpen kapitalista globalizatu egin zen, eta esparru kolektiboa murrizteko eta zerbitzu publikoak erasotzeko presioa areagotu.

“Interes kolektiboa” mehatxatuz

Diskurtso itxuraz unibertsalista batean —eskuratzeko eskubidea orokortzea— oinarrituz, ondasun eta zerbitzu publikoen —ura, osasuna, lurra— PRIBATIZAZIOA sustatzen dute etengabe, gobernuen laguntzarekin eta zenbait erakunderen (Munduko Bankuaren, Nazioarteko Moneta Fondoaren eta Munduko Merkataritza Antolakundearen) konplizitatearekin. 1990 eta 1995 bitartean, Munduko Bankuak 21 mailegu eman zituen, ura PRIBATIZATZEko baldintzapean; 1996 eta 2002 artean, 66 izan ziren.

2000. urtean, Cochabamban (Bolivian) ura PRIBATIZATU eta Aguas del Tunari enpresaren (Bechtel estatubatuarraren eta Abengoa espainiarraren filialaren) esku utzi zenean, “Uraren gerra” ezaguna sortu zen, XXI. mende bete-betean. Bi urte geroago, Argentinako Santa Fen “urre urdina” Lyonnaise des Eaux enpresa frantziarraren alde PRIBATIZATU izanak mobilizazio masiboa sortu zuen nazioan. Kasu horietan, munduan ura PRIBATIZATZEko gainerako prozesuetan bezalaxe, hainbat argudio errepikatzen dira: ondasuna kudeatzeaz arduratzen den zerbitzu publikoaren “eraginkortasun falta”, “hornidura bermatzea”, “bidezko prezioa” eta abar. Ura merkaturatzearen ondorioz irabazi eskergak eskuratzen dituzten transnazionalen artean, Veolia (Frantzia) da nagusi; RWE (Alemania) eta United Utilities (Erresuma Batua) ere uraren mundu-merkatua kontrolatzen duten korporazio nagusien artean daude.

Europar Batasunak (EBk), Estatu Batuek eta, besteak beste, Mexikoko, Kolonbiako eta Txileko gobernuek sustatzen dituzten merkataritza askeko akordioak plataforma garrantzitsuak dira, zerbitzu publikoak desarautzea eta PRIBATIZATZEA bultzatzeko. Horixe da osasunaren kasua, eta are hezkuntzarena ere, salgai mamitsu bihurtu baitira. Lisboako Itunak —Europar Batasunaren Itunak, oinarrizko eskubideen gutunak, beste itun batzuek eta hamarka protokolo eta eranskinek osatzen dute— «lehia askea eta faltsutu gabea» proposatzen du, behin eta berriro, Europako bloke ekonomikoaren barne-politiken gidari gisa. Beren eremuan zerbitzu publikoen PRIBATIZAZIOA sustatzeko aukera ematen die printzipio horrek Europako Batzordeari eta gobernu liberalei.

Pribatizazioa vs. estatizazioa. Zerbitzu publikoen kudeaketa

Zerbitzu publikoen PRIBATIZAZIOAren aurkako borroka gizarte-prozesu bat da, eta atzera-aurrera ugari izan ditu. Transnazionalak eta hainbat erakunde (Nazioarteko Moneta Fondoa eta Europako Batzordea, adibidez) Europako krisiaz baliatu dira, ondasunak eta zerbitzuak (posta, elektrizitatea, ospitaleak eta ur-hornidura eta -saneamendua, besteak beste) pribatizatzeko. Prozesu horren aurrean, zenbait mugimenduk, Uraren Mundu mailako Kontratuaren aldeko Elkarteak kasu, egindako lanari esker, nazioartea mobilizatu egin zen, eta, ondorioz, NAZIO BATUek eskubide unibertsaltzat onartu zuten ur-hornidura.

Berriki, eztabaida sortu da zerbitzu publikoak nola kudeatu eta arautu beharko liratekeen. Izan ere, gaur egun, herritarren interesak bi noranzkotan sakrifikatzen dira: batetik, kudeaketa publikoak jardueraren mozkina maximizatzeari ematen dio lehentasuna, eta, horren arabera, erakunde mailegu-hartzaileak itxuraldatu eta enpresa pribatu bihurtzen ditu; bestetik, estatuak konpainia pribatuen interesen esanetara daude, eta, premia biziko zerbitzuetan herritar gehienen ongizatea zaindu beharrean, liberalizatzeko eta pribatizatzeko politikak onesten dituzte, arin eta bizkor.

Kapitalismoa ez da gauza gizateriaren arazoak egoki kudeatzeko, egun munduak bizi duen krisi sistemikoak —ekonomikoa, soziala eta anbientala— erakusten duenez. Bestalde, zerbitzuak “denon interesa”ren izenean estatizatzeak ere ez ditu beti emaitza onak izan, ustelkeria politikoa ezkutatzearren kudeaketa ilunak eman baititu zenbaitzuetan. Hori dela eta, herritarren kontrol-mekanismoak beharko lirateke, gardentasuna, demokrazia eta partaidetza publikoa areagotzeko. Une jakin batzuetan, gainera, estatuak ere aurrez aurre jarri izan ditu “denon interes” hori eta gutxiengoen (HERRI INDIGENen eta migratzaileen) eskubideak eta ingurumenaren babesa. Horregatik, aukera berriak bilatu behar dira, hala Zuzenbidearen esparruan (alienazioa saihesteko) nahiz gizarte-arauketaren alorrean (elkarren onura bermatzeko, gizateriaren berdintasunean oinarrituz).

 


  • AMIN, S. et al. (2001): “L’eau, patrimoine commun de l’humanité”, Alternatives Sud, Cahiers trimestriels, vol. VIII (4), Centre Tricontinental Louvain-Le-Neuve, L’Harmattan, París.
  • DELGADO, G. (2005): Agua y seguridad nacional, Debate, México.
  • STIGLITZ, J. (2006): “Global public goods and global finance: Does global governance ensure that the global public interest is served?”, en TOUFFUT, J.P. (ed.), Advancing Public Goods, Edward Elgar Publishing, Cheltenham.
  • TAITHE, A. (2008): L’eau. Un bien? Un droit? Tensions et opportunités?, Unicomm, París.