OMAL

Paradisu fiskala

Astelehena 2013(e)ko otsailaren 4a

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Atzerriko inbertsioa erakartzen espezializatutako jurisdikzioa da “paradisu fiskala”. Bere helburua lortzeko, baliabide hauek erabiltzen ditu: banku-sekretua, ez-egoiliarrei zerga txikiak edo hutsak kobratzea, beste herrialdeen fiskoarekiko opakotasuna, bertan jarduera ekonomikorik ez exijitzea eta finantza-desarauketa. Lurraldeaz kanpoko finantza-zentro (offshore) eta jurisdikzio sekretu edo opako ere esaten zaie, legez kanpoko jardueretako dirua zuritzea eta, legezko negozioetatik etorri arren, jatorrizko lekuan zergarik ordaindu nahi ez duten fondoei babesa eskaintzea dutelako xede nagusi.

Paradisu fiskala, ongi ezagutu baina gaizki definitu den fenomenoa

Paradisu fiskalak hirurogeiko hamarkadan sortu ziren, “eurodolar” izenekoen merkatua garatu zenean —Estatu Batuetatik kanpo eta ez erreserba federalak ez beste ezein banku zentralek kontrolatu gabe zirkulatzen duten dolarrak dira eurodolarrak—. Paradisuak nazioarteko banku handiek kudeatzen dituzte, uharte txiki eta enklabe berezietatik, batez ere. Hirurogeita hamarreko hamarraldiaren bigarren erdian, horien jarduerak gora egin zuen ikaragarri, “petrodolarren” birziklapena zela eta. Orduan, Londreseko Cityra (hiriburu britainiarreko finantza-zentrora), Mantxako kanaleko uharteetara, Luxemburgera, Bahreinera, Singapurrera eta Karibera hedatu ziren. Alabaina, laurogeiko urteetan politika neoliberalek bultzatutako nazioarteko kapital-mugimenduak liberalizatu zirenean loratu zen, benetan, ezkutuko finantza-zirkuitu hori.

Ekonomiarik boteretsuenek eta horiek kontrolatzen dituzten nazioarteko erakundeek ezagutu eta jasan egiten zituzten. Baina, 1997an eta 1998an Asiaren hego-ekialdeak bizi izan zuen krisi finantzarioaren ondorioz, zalantzak sortzen hasi ziren, nazioarteko finantza-sistemaren egonkortasuna hausteko duten gaitasuna dela eta. Horrela, bada, ELGAk 1998an prestatutako txosten batean agertu ziren, lehen aldiz, paradisu fiskalak hautemateko zenbait irizpide: zerga txikiak edo hutsak, informazio-trukerik ez, gardentasunik ez eta benetako jarduera ekonomikorik ez. Definizioaren lehen lerro horiei jarraiki, ELGAk berrogeitik gora paradisu fiskalek osatutako zerrenda argitaratu zuen, 2000. urtean, eta eguneratuz joan zen. Hala eta guztiz ere, 2005erako paradisu fiskal guztiak suntsitu nahi zituen lehia fiskal kaltegarriari buruzko ELGAren proiektu hori hustu egin da, gerora.

2009ko apirilean Londresen egin zen G-20 gailurrak ekarri zuen goren unea. Banku-sekretuaren aroaren amaiera aldarrikatu zen bertan, eta, ELGAk egindako zerrenda berria oinarritzat harturik, paradisu fiskalak, zigor gogorren mehatxupean, desagertu egingo zirela esan zuten. Eragiketa mediatiko hutsean geratu zen dena. Zerrenda berrian, “kooperatzen ez duten jurisdikzioak” agertzen dira soilik, hots, beste herrialdeekin informaziorik trukatzen ez dutenak. Eta zerrenda beltz horretatik irteteko, nahikoa da informazioa trukatzeko aldebiko hamabi hitzarmen sinatzea, beste paradisu fiskal batzuekin, adibidez. Ondorioz, ELGAren paradisu fiskalen zerrenda beltz “ofizial”ean dagoeneko ez dago herrialderik; baten bat zerrenda grisean geratzen da, zurira pasatzeko zain.

Horrenbestez, paradisu fiskalek indarrean jarraitzen dute. Hirurogeita hamarreko urteetan 25 zenbatu baziren ere, Tax Justice Network izeneko gobernuz kanpoko erakundeen koalizioak 72 jurisdikzio opako sailkatu ditu, 2011, finantzetako sekretismo-mailaren arabera. Hor ditugu, besteak beste: Suitza, Luxenburgo eta Austria, banku-sekretuagatik ezagunak; uharte eta enklabe ospetsu ugari, lurraldez kanpoko finantza-zentroak direlako, eta ELGAko beste kide batzuk. Beraz, Europar Batasuneko hamabi bat herrialde eta beste hainbat lurralde “satelite” nabarmendu egiten dira zerrendan. AEB ere agertzen da zerrendan, Nevadak, Delawarek eta Wyomingek, adibidez, isilpeko jabeak, helburua eta funtzionamendua duten inbertsio-fondoak edo lurraldez kanpoko enpresak sortzeko aukera ematen dute eta.

Horrek garbi uzten du zergatik ez dagoen horiek desagerrarazteko benetako borondate politikorik, G-20koa bezalako aldarrikapenak gorabehera. Garrantzi handiagoa ematen diote kapitalen joan-etorri askeari, finantza-krisien arrazoi nagusietako bat kontrolatzeari baino. Eta elusio fiskal itzela onartzen da, bezeroei lege- eta finantza-opakotasuna ematen uzten zaienean bankuei, abokatu-bulegoei eta kontabilitateko enpresei.

Zer ezkutatzen da paradisu fiskaletan?

Duten izaera dela eta, balioespenak baino ez daude, paradisu fiskaletan ezkutatzen den diru kantitateaz. Tax Justice Networken arabera, 2005ean 11,5 bilioi dolar inguru izango ziren. Erakunde horrek 2011n ateratako txostenean, Suitza, Kaiman uharteak eta Luxenburgo agertzen dira paradisu fiskal aktiboenen zerrendaburu. Hain zuzen ere, ELGAko herrialdeak eta haien agindupeko lurrak dira diru zikin gehien jasotzen dutenak: lurraldez kanpoko finantza-zerbitzuen mundu-merkatuaren % 84 osatzen dute. Erresuma Batua eta haren sateliteak (Kaiman uharteak, Bermudak, Maldivak, Nauru, Jersey eta Gibraltar) nabarmentzen dira. City of London barrutian dute egoitza, eta lurraldez kanpoko finantza-zerbitzuen herena inguru gauzatzen dute.

Paradisu fiskalei eskerrak, legez kanpoko jardueretako dirua garbitzen da, dirutza handiak babesten dira, bankuei eta inbertsio-fondoei jatorrizko herrialdeetan oraindik indarrean dauden finantza-araudiei ihes egiten uzten zaie eta enpresa multinazionalek zergak legez ordaintzea saihesten dute. Xede horrekin, multinazionalek barruko transferentzia-prezioak manipulatzen dituzte, eta, horrela, zerga txikienak dituzten tokietako filialen mozkinak erruz haztea lortzen dute. Transferentzia-prezioak salgaien eta zerbitzuen trukean ez ezik, jabetza intelektualaren eskubideen salerosketan ere erabiltzen dira. Etengabe hazten ari den Google enpresak, adibidez, 2010ean 3.100 milioi dolar aurreztu ditu, azken hiru urteetako zergetan, batez beste mozkinen % 2,4ko tasa ordaindu duelako Estatu Batuetatik kanpo. Hori lortzeko, Estatu Batuetatik kanpoko jarduera guztia Irlandan kokatu du, batetik, mozkinen gaineko zerga-tasa txikia (% 12,5ekoa) duelako eta, bestetik, mozkin gehienak Bermudetan dagoen filial batera transferitzea ahalbidetzen diolako. Hala da; prezio horiek ez ditu merkatuko eskaintzaren eta eskariaren jokoak finkatzen, enpresa nagusiak baizik, bi aldeetan jarduten baitu eta komeni zaion prezioa ezar baitezake. Eta, ELGAren arabera, munduko merkataritzaren % 60 enpresa-taldeen barruan gertatzen da, eta, beraz, transferentzia-prezioen menpe egon daiteke.

 


  • ESCARIO, J.L. (2011): Paraísos fiscales. Los agujeros negros de la economía globalizada, Libros de la Catarata y Fundación Alternativas, Madrid.
  • HDEZ. VIGUERAS, J. (2009): Al rescate de los paraísos fiscales: La cortina de humo del G-20, Icaria, Barcelona.
  • HDEZ. VIGUERAS, J. (2012): El casino que nos gobierna. Trampas y juegos financieros a lo claro, Clave intelectual, Madrid.
  • TAX JUSTICE NETWORK (2011): Financial Secrecy Index.