OMAL

Ekofeminismoa

Astelehena 2013(e)ko otsailaren 4a

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Ekofeminismoa proposamen feministak eta ekologistak uztartzetik sortu da. Gizakia eta hari iraunarazten dion inguru naturala defendatzea helburutzat duten emakumeen hausnarketa filosofikoak eta borroka politikoak hartzen ditu barne, ordena patriarkalarekiko mendekotasuna ukatzeko jarrerak oinarri hartuta. Ordena kultural bat (patriarkatua) eta ordena ekonomiko bat (kapitalismoa) salatzen dituzte ekofeminismoek; kapitalismoak, izan ere, giza bizitza zaintzeko eginkizuna, gehienetan emakumeek betea, eta bizirauten laguntzen diguten naturako lanak ezkutatu, gutxietsi, bortxatu eta berenganatu egiten ditu.

Gure sistema ekonomikoak baliabideak (oihanak, ur garbia, ugaltze-lana…) doan bereganatu eta agortu egiten ditu. Natura eta giza bizitza (lurra eta lana) kapitala elikatzeko tresna soilak bihurtzen dira haren sarean. Korporazio transnazionalen mozkinak bi alderdi horiez jabetzean oinarritzen dira. Erredukzionismo ekonomiko horrek, enpresa handien kontuak elikatzeaz gain, ezkutatu egin du biziraupena lehenesten duen ekonomiak oinarritzat beharko lukeen funtsezko eragilea: bizitzaren zaintza.

Kapitalismoaren logika bizitzarenaren aurka dago. Lehenengoak kapitala metatzea du xede, edonolako gogoeta etiko oro bazter utzita; bigarrenak, ostera, ugaltzea eta bizirautea, oreka eta osasuna aintzat hartuz. Bi logikok aurrez aurre jartzen direnean, lehena ateratzen da garaile. Etxebizitzaren prezio jasanezinek, adingabeak edo gaixoak zaintzea eragozten duten lan-ordutegiek, bizitzarako oinarrizkoak diren botikak eskuratzea oztopatzen duten farmaziako patenteek… argi eta garbi erakusten dute, gure sistema ekonomikoak ez duela gaitasunik, ezta interesik ere, bizitza bizigarriak sortzeko.

Giza bizitza eta muga ekologikoak erdialdean

Lurrak eta emakumeen lanak muga bat dute: duintasuna eta bizitza. Ingurumen-krisia eta herritarren krisia muga horren pareko agerpenak dira. Ingurumen-krisia lur emankorraren, ur edangarriaren eta aire garbiaren urritasunean islatzen da. Zaintzaren krisialdia, berriz, sistema patriarkalak inposatutako sexuaren araberako lan-banaketa gorabehera —emakumeak ugalketa- eta zaintza-lanak doan egitera behartzen ditu— herritarren zaintza-behar gero eta handiagoei erantzun ezin zaienean sortzen da. Zaintzaren krisia, bere aldetik, enpresetako produktibitateari eusten dion lan-indarra berritzea eta gorputz-arimaz birsortzea ahalbidetzen duen arduren bidegabeko banaketa horren adierazpen bat da.

Ekofeminismoak eragileak alderantzikatzea planteatzen du: giza bizitza erdigunean kokatu eta produkzioa haren zerbitzura jartzea. Giza beharrek eta ekologia-mugek esango dute produkzio egoki eta jasangarriak eta egin eta banatu beharreko lanak zein diren. Ekologismoak ingurumenaren alorreko mugak aintzat hartzen dituen bezalaxe, feminismoak berdintasuna (errebindikazio zahar bezain betegabea) jotzen du edozein proposamen sozial eta ekonomikoren ezin ahaztuzko baldintzatzat.

Lurra defendatzeko mugimenduetan emakume ugari izan dira beti, baita orain ere. Emakumeen protagonismoa ezaguna da, besteak beste, mugimendu hauetan: Himalayako oihanak babesten dituen eta Vandana Shivak ezagutarazi duen Chipkon mugimenduan, Indiako Narmada ibaiko presen aurkako mugimenduan, Wangari Mathaik sustatutako Kenyako “gerriko berdea”n eta AEBko ingurumen-justiziaren jatorri den Love Canaleko hondakin toxikoen aurkako borrokan. Ezaguna da, halaber, herri-lurrak defendatzeko tokiko mugimenduetan, hiriko espazio publikoaren aldeko borroketan eta elikagaien osasungarritasunaren aldekoetan duen presentzia. Meatzaritzako, basogintzako eta azpiegituretako enpresa handiek sarritan izan dituzte aurrez aurre komunitate indigenak eta emakume taldeak. Emakume pobre askoren kasuan, ekologismoa ezinbesteko jardunbidea da, bizi ahal izateko lursail emankor eta garbi baten menpe daudenentzat.

Ekofeminismoaren historia

Izena Françoise D’Eaubonnek sortu zuen, XX. mendeko hirurogeita hamarreko lehen urteetan. «Feminismoa edo heriotza» esloganarekin, feminismoak bizitzaren defentsan nahitaez duen zeregina laburtzen zuen. Mende horretako azken hamarraldietan, mendebaldeko pentsamenduaren hierarkiak (kultura-natura, gogoa-gorputza, gizona-emakumea…) eztabaidatu eta aurretik gaitzetsitako emakumea-natura dikotomiako terminoei balioa eman zien ekofeminismoak. Gizonak protagonista izan dituen kulturak gerra genozidak, lurraldeak suntsitu eta pozoitzea eta gobernu despotikoak eman ditu. Lehen ekofeministek teknozientziak emakumeen osasunean dituen ondorioak salatu zituzten, eta militarismoaren eta ingurumen-narriaduraren aurka egin zuten, kultura sexistaren agerpenak direlako. Petra Kelly da haien ordezkarietako bat.

Maskulinotasuna kritikatzen zuen lehen ekofeminismo haren ostean, batik bat Hegoaldetik proposatutako beste hainbat etorri ziren. Haien aburuz, emakumeak dira bizitzarekiko errespetuaren eramaile. Emakumeen eta herrialde indigenen pobrezia eragitea leporatzen diote mendebaldeko “garapen ezegokia”ri, haiek baitira natura suntsitzearen lehen biktimak. Horixe da, agian, ekofeminismorik ezagunena. Joera zabal horretan daude Vandana Shiva eta Ivone Guevara.

Jarrera horien esentzialismoa gaindituz, beste ekofeminismo konstruktibista batzuek —Bina Agarwal eta Val Plumwood— ingurumenarekiko elkarreraginean ikusten dute emakumeen kontzientzia ekologiko berezi horren jatorria. Lanaren bereizketa sexista eta boterearen eta jabetzaren banaketa dira emakumeak eta guztiok osatzen dugun inguru naturala menperatu dituztenak. Gure mendebaldeko kulturaren dikotomia erredukzionistak hautsi egin behar dira, errespetuan eta askatasunean oinarritutako bizikidetza eraikitzeko.

Feminismoa oso goiz konturatu bazen ere emakumea naturalizatzea patriarkatua legitimatzeko tresna zela, ekofeminismoaren ustetan, kontua ez da emakumea desnaturalizatzea, gizakumea “birnaturalizatzea” baizik, eta politika, harremanak, etxeko kontuak eta ekonomia bizitzaren baldintzetara, naturak eta emakumeek ondo baino hobeto ezagutzen duten bizitzaren baldintzetara, moldatzea. “Birnaturalizatze” hori “birkulturizatzea” ere bada aldi berean, eta andrazkoen eta gizonezkoen arteko ekomenpekotasuna agerian jartzen du. Kontua ez da femeninotzat barneratutakoa goraipatzea, emakumeak berriro ugalketaren esparruan giltzapetzea, haiei kulturarako sarbidea ukatzea edo, zereginik gabe baleude bezala, kapitalaren aurka borrokatzeko eta planetako bizitza berreskuratzeko lan eskergaren ardura ematea. Egin behar dena hauxe da: menderatze hori agerian uztea, sistemaren logika amorala salatzea, erantzukizunak aipatzea, gure ekonomia-sistemaren lehentasunak alderantzikatzea eta biziraupenerako beharrezkoak diren lanen ardura gizonen eta emakumeen artean banatzea.

 


  • CARRASCO, C.; BORDERÍAS, C. Y TORNS, T. (2011): El trabajo de cuidados. Historia, teoría y políticas, Libros de la Catarata, Madrid.
  • ECOLOGISTAS EN ACCIÓN (2008): Tejer la vida en verde y violeta. Vínculos entre ecologismo y feminismo, Cuadernos de Ecologistas en Acción, nº 13.
  • MIES, M. Y SHIVA, V. (1993): Ecofeminismo, Icaria, Barcelona.
  • PULEO, A. (2011): Ecofeminismo para otro mundo posible, Cátedra, Madrid.
  • VÁZQUEZ GARCÍA, V. Y VELÁZQUEZ GUTIÉRREZ, M. (2004): Miradas al futuro. Hacia la construcción de sociedades sustentables con equidad de género, Universidad Nacional Autónoma de México.
  • WARREN, K. (2004): Filosofías ecofeministas, Icaria, Barcelona.