Eskubide kolektiboen urraketak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Eskubide kolektiboak urratzeaz ari garenean, herriek talde-identitaterako duten eskubideen multzoa urratzeaz mintzo gara. Halaber, eskubide kolektiboak tradizio liberalaren eskubide indibidualetatik bereizten ditugu. Eskubide kolektiboen artean autodeterminazio-eskubideari eman zitzaion garrantzirik handiena, Lehen Mundu Gerraren amaierako testuinguruan zehazki errebindikatu zutenetik. Aurrerago, XX. mendearen bigarren erditik, Hegoaldeko herrialdeek sistematikoki salatu dituzte garapenerako, subiranotasunerako eta HERRI INDIGENEN gaineko eskubideen urraketa, eta ondorioz, giza eskubideen nazioarteko agendaren barruan eskubide horiek guztiak lehentasun bilakatu dira.

Zuzenbidearen eremuan nagusi den tradizio liberalak norbanakoaren eskubideetara mugatu zituen giza eskubideak historia modernoaren zatirik handienean. Eskubide kolektiboei hasieran muzin egin zien, eta gerora, bigarren mailako eskubidetzat jo zituen. Haatik, hainbat eragileren –estatuak, multinazionalak, etab.— urraketa anitzen aurrean herriek euren eskubide kolektiboen alde egin duten borrokari esker, gero eta garrantzi handiagoa hartu dute.

XX. mendean zehar, hainbat tresna juridiko onartu dira eskubide kolektiboen urraketak geldiarazteko asmoarekin. Herrien autodeterminaziorako eskubidea Lehen Mundu Gerrari amaiera emateko Wilsonen 14 puntuen artean aipatu zen, eta ondoren, 1945eko NAZIO BATUEN Gutunak propio jaso zuen. Garapenerako eskubidea gero eta garrantzitsuago egin zen joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, eta 1986an, NBEren batzar nagusiak garapenerako eskubideari buruzko adierazpena onartu zuen. HERRI INDIGENEN eskubideen nazioarteko onarpena askoz berriagoa da, izan ere, NAZIO BATUEK ez zuten horiek babesteko adierazpenik onartu 2007ra arte.

HERRI INDIGENEN eskubideei eta garapenerako eta subiranotasunerako eskubideari begiratuta, nazioartean urraketa gehien egin dituztenak Iparraldeko estatuak eta euren enpresa multinazionalak izan dira, Hegoaldeko gobernuek eta korporazioek horretan izan duten ardura ahaztu gabe. Transnazionalak eragile gero eta garrantzitsuagoak bilakatu dira eskubide kolektiboak urratzeari dagokionez, egungo kapitalismo korporatiboaren esparruan duten nagusitasuna medio. Industria-firma handiak, merkataritzakoak, farmazeutikoak eta petrolioaren sektorekoak, besteak beste, jarduten duten herrialdeetan giza eskubideak urratzeaz akusatzen dituzte behin eta berriro.

Transnazionalak eta eskubide kolektiboak

Enpresa multinazionalek etengabe urratu dute nazio-subiranotasunaren eskubidea, batez ere Hegoaldeko herrialdeetan, non estatuak ahulagoak diren. Kasu batzuetan periferia kapitalistetako herrialdeen BPGa gainditzen duten negozio-zifrak dituzten enpresek euren botere ekonomikoa erabili dute pobretutako herrialdeetako gobernuen agenda politikoan eragiteko eta baita erabakitzeko ere. Euren jatorrizko estatuetako botere politikoen laguntzarekin, errazago egin zaie Hegoaldeko herrialdeen nazio-subiranotasunean eskua sartzea eta subiranotasun mailak hondatzea.

Botere exekutiboekin lotura zuzena izanik, aduana-kontuetan, zergetan eta abar exijentziak planteatu eta onurak eskatzen dituzten korporazio transnazionalen kasuak zenbatezinak dira. Batzuetan, ministerio estrategikoetan zuzeneko ordezkariak izatea lortzen dute, hala nola, Ekonomiakoan, Ogasunekoan, Merkataritzakoan, Industriakoan edota Defentsakoan. Aldi berean, tokian tokiko gobernuek enpresen interesen alde egin dezaten presioa egiteko orduan pisu handia dute enbaxadek. Zenbait kasutan, nazio-subiranotasunaren urraketa estatu-kolpeak babesteraino iritsi da, 2002an Venezuelan gertatu zen moduan, petrolioaren sektoreko multinazionalen interesak defendatzearren.

Korporazio handien aldetik Hegoaldeko herrien eta herrialdeen garapenerako eskubidea urratzea egiturazko errealitate bilakatu da, erdialdeko herrialdeen ekonomi botereguneek diseinatutako mendekotasun-estrategiaren barruan. Iparraldearen garapena Hegoaldearen “azpigarapenean” oinarrituta dagoelako premisaren arabera jarduten dute multinazionalek, eta irabazi esanguratsuak lortzen dituzte horrela.

LANAREN NAZIOARTEKO ZATIKETAK ekonomia eta mundu kapitalistaren ardatz nagusia izaten jarraitzen du, eta Iparraldeko estatuek eta korporazioek Hegoaldekoen garapena galarazteko duten helburu estrategikoaren adierazle esanguratsuenetako bat izango da, seguruenik. Ildo horretan, ageriko datua da transnazional askok lehengaiak erauztera bideratzen dituztela ekonomia periferikoak, horien industri garapena geldiarazteko. Latinoamerikako kasua horren adibide argia da, izan ere, kanpoko firmek oinarrizko eredu esportatzaileari —mineralak, hidrokarburoak, etab.— eustearen alde egiten baitute, modu horretan eskualdearen garapena eragozteko. Ildo bereko beste adibide bat Bolivian ari diren petrolio sektoreko transnazionalena da. Biztanle gehienentzat gasaren eta petrolioaren hornidurarik eza egoera kroniko bilakatu den bitartean, Repsol eta Petrobras enpresek, kasu, Brasilera eta Argentinara esportatzen dute hidrokarburoen produkzio ia osoa.

HERRI INDIGENEN eskubideak etengabe urratu dituzte duela bost mende baino lehenagotik; jatorrizko herriek okupazioa, genozidioa eta menderapena pairatu baitituzte potentzia europarren eta euren enpresa taldeen aldetik. Halere, salaketek ez dute nazioarteko oihartzunik izan duela urte gutxira arte —XX. mendearen amaierara arte—. Urraketok hiru multzotan sailka daitezke: herriaren antolaketa politikoaren aurkako urraketak (autogobernua, indigenen justizia), lurraldetasunaren aurkakoak (natur baliabideak, jabetza, kontsulta) eta kultur nortasunaren kontrakoak (hezkuntza-sistema, hizkuntza, arbasoen medikuntza, etab.). Abya Yalan bizi diren jatorrizko herriek pairatu dituzten urraketen adibide ugari daude: haien lurrez jabetzea eta energia-proiektuen eraikuntzak —petrolioa erauzteko sailak, zentral hidroelektrikoak…— eragindako desplazamenduak, transnazionalek finantzatutako talde armatuen mehatxuak Kolonbian, Mexikon, etab. Espainiako transnazionalak ere izan dira tartean, besteak beste, Repsol, Endesa edota Gas Natural Fenosa.

Aipatutako eskubide kolektiboak urratzea hedatuta dagoen arren eta egoera larria bada ere, erakunde judizialen erantzuna oso ahula da, bai estatuan eta bai nazioartean ere. Horregatik, azken urteotan hainbat herri-ekimen sortu dira multinazionalak sinbolikoki epaitzeko, horien artean HERRIEN AUZITEGI IRAUNKORRA.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • GÓMEZ ISA, F. (2008): “Derecho al desarrollo”, en PÉREZ DE ARMIÑO, K. (DIR.), Diccionario de acción humanitaria y cooperación al desarrollo, Icaria y Hegoa, Bilbao.
  • IBIS (2012): Derechos colectivos, IBISUR, La Paz.
  • NACIONES UNIDAS (1997): Informe final sobre la cuestión de la impunidad de los autores de violaciones de los derechos humanos (derechos económicos, sociales y culturales), Subcomisión de Derechos Humanos de la ONU.
  • RELATORÍA SOBRE DERECHOS DE LOS PUEBLOS INDÍGENAS (2011): Derechos de los pueblos indígenas, Comisión Interamericana de Derechos Humanos, OEA, Washington.
  • UHARTE, L.M. (2012): Las multinacionales en el siglo XXI: impactos múltiples. El caso de Iberdrola en México y en Brasil, Editorial 2015 y más, nº 4.