Lan duina

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Lan duina «askatasunean, berdintasunean, segurtasunean eta giza duintasunean oinarritutako baldintzetan gizon-emakumeek egindako lan produktiboa» da, LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEAren arabera. Lan duinaren kontzeptuak lau helburu estrategiko inplizitu ditu: laneko eskubideak, enplegu-aukerak, gizarte-babesa eta elkarrizketa soziala. Helburu horiek beste xede orokorrago batzuk (gizarte-inklusioa, pobrezia erauztea, demokrazia sendotzea, garapen integrala eta norberaren errealizazioa) lortzen laguntzeko zeregina dute.

LANEk proposatu eta nazioarteko komunitateak onartutako kontzeptua da lan duinarena, eta nazioarteko lan-estandarrak beteko dituen lan-harremanaren ezaugarriak finkatzen ditu. Estandar horiek bete ezean, langilearen giza eskubideak urratu direla eta, hitz lauz, lan askerik ez dagoela esan nahi du. Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, eskakizun global aipagarrienetako bat da lan duinarena; irismen unibertsal eta zatiezineko helburua da, oinarrizko balio eta printzipioetan funtsatua. Lan duina izateak esan nahi du, gizon-emakumeek aukera dutela bidezko soldata bat, laneko segurtasuna eta gizarte-babesa eskaintzen dien ekoizpen-jarduera bat burutzeko. Jarduera horrek banako moduan garatzeko eta gizartean integratzeko aukera emango die, eta parte hartzeko zein elkartzeko eskubideak eta aukera- nahiz tratu-berdintasuna bermatuko ditu.

Globalizazio bidezko eta iraunkorra

Kapitala lanaren aurka jartzen duen eraso munduratzailearen eta horrek munduan sortu duen atzeraldiaren eraginez, egiturazko langabezia eta pobrezia areagotu egin dira mundu osoan. Hain zuzen ere, joera horri aurre egiteko planteatu da lan duina. Mundu globalean lan duinak nolakoa izan behar duen adierazi gura du kontzeptu horrek, alegia, oinarrizko lan-printzipio eta -eskubideak errespetatu behar dituela. Ezin da munduaren egonkortasun ekonomikoa bermatu, lan duina erabaki estrategikoen erdigunean kokatuko duen globalizazio bidezko eta iraunkorrik gabe. Horregatik, krisi ekonomiko eta finantzarioa enpleguaren krisi bilakatu duen eta, ondorioz, laneko urrakortasuna eta segurtasun-falta areagotu eta munduko pobrezia biziagotu duen testuinguruan, enpleguaren eta gizarte-jarduera globalen inguruko hirualdeko gizarte-elkarrizketa bat behar da, lan duina funtsezko gaia izan dadin nazioetako eta nazioarteko politiketan.

Nazioarteko Konfederazio Sindikalak, horren harira, Lan Duinaren aldeko Munduko Eguna sustatu zuen (2008ko urriaren 7an egin zen lehenengoz). Mundu globalizatuan lana eta horren inguruabarrak erregulatzeko arau unibertsalak erreklamatzea izan zen helburu nagusia. Globalizazioak, bidezkoa eta eskubidez hornitua izatekotan, nazioetako eta nazioarteko politikek enplegu bete eta emankorraren, denontzako lan duinaren eta pobrezia erauztearen alorretan ongi zehaztutako helburuak dituztela bermatu behar du.

Langabezia eta enplegu-kolokatasuna

Enpleguaren eta biztanleen arteko erlazioa da LANEk adituen hirualdeko bileran zehaztu zuen adierazle nagusietako bat. Batzarra 2008ko irailaren 8tik 10era bitartean egin zen Genevan, eta lan duinaren neurketa landu zuten.

Krisi ekonomikoa lan-munduan sartu da, eta ondorio suntsitzaileak ekarri ditu: lanpostu mordoa deuseztatu da eta enpleguan kolokatasun-egoera ugari sortu ditu. Gainera, lan-merkatua malgutzeko egiturazko erreformen bidez, errealitate hori larriagotu egin da, eta, ondorioz, lan-ezegonkortasuna areagotzeaz eta kaleratzea errazteaz gain, langileak MERKATUen gorabeheren menpe geratu dira.

Batetik, lanaren kolokatasunaren, behin-behinekotasunaren eta ezegonkortasunaren ondorioz eta, bestetik, lanpostu-suntsiketa neurrigabearen eraginez, 2009ko ekainean Enplegurako Mundu Ituna sortu zuen LANEk, helburu honekin: «langabezia, pobrezia eta desberdintasuna eta enpresa mordoaren kolapsoa eragiten dituen krisi-egoera honetan, ekonomia suspertzera bideratutako nazioetako eta nazioarteko politikak langileak eta haien familiak babestera bideratzea».

Kolokako lan-baldintzak

Kolokako lan-baldintzak dituen lana urruti dago lan duinaren helburuetatik, eta desberdintasuna, segurtasun-eza eta ezegonkortasun ekonomikoa sortzen ditu langileengan, haien familiengan eta gizartean.

Lan-arloko legeetan egin diren aldaketen eraginez, herrialde askotako langileen eskubideak murriztu egin dira eta babesgabetasuna areagotu. Kolokako lan-formulak jarduera-sektore guztietara hedatu dira, lan duina eragozten duten jardunbide jakin batzuk erabiliz: kausarik gabeko aldi baterako kontratazioa, lan-bitartekaritza, obrak eta zerbitzuak beste enpresa batzuei AZPIKONTRATATZEA, norberaren konturako langile faltsuak kontratatzea, probaldi luzeegiak, lanaldi partzialeko lana, etxetiko lana eta abar. Egoera horrek, herrialde industrializatuetara hedatu delarik, miseriaren gorakada globala eragin du. Munduko 1.200 milioi langile baino gehiago pobrezia-atalasetik behera bizi dira. Krisialdi ekonomikoak larriagotu egin duen joera horrek gehiago jotzen ditu emakumeak, eta, ondorioz, sarrerak lortzeko ahalmena murriztu egin zaie nabarmen.

Gutxieneko soldata duina

Langileak pobrezia-atalasetik behera egoteak, ordainsariei buruzko datuak emateaz gain, gizarte-babesaren eta lan duinari lotutako elementu kualitatiborik ezaren edo horien eraginkortasun faltaren berri ere ematen du. Ez da oso ohikoa ORDAINSARI nahikoa edo duina ez duen langileak, beste eskubide edo berme batzuk izatea lanari atxikita.

Krisi ekonomiko eta finantzarioa dela eta, erdira murriztu da soldataren hazkunde globala. LANEk 2010ean soldatari buruz argitaratutako txostenean jaso zenez, Txina kanpo utzita, munduko soldata % 0,8 txikitu zen, batez beste, 2008an, eta % 0,7 2009an. Kopuru horien arabera, atzeraldia dramatikoa izan da, ez lana galdu duten milioika pertsonentzat bakarrik, baizik eta baita galdu ez dutenentzat ere, erosahalmena eta ongizate orokorra txikitu eta gizarte-eskubideak narriatu egin zaizkielako.

Negoziazio kolektiboa eta gizarte-elkarrizketa funtsezko tresnak dira lan duina lortzekotan. Negoziazio kolektiboaren estaldura handiena duten eta gutxieneko soldata finkatuta duten lekuetan, ORDAINSARIAK handiagoak eta parekoagoak izaten dira; kasu horietan, emakumeari egiten dio koltxoi horrek mesede gehien, gutxien ordaindutako lanetan nagusi izaten delako batez ere.

LANEren helburuei buruz Filadelfian egindako adierazpenak garbi gogorarazten du lana ez dela salgaia, eta lanari beherantz eragiten bazaio, ekonomiaren efizientziak ere behera egiten duela. Soldatak eta gizarte-estaldurak produktibitatean dituzten ondorio positiboak ikusita, hauxe esan dezakegu: prekarizazio-prozesuek ekonomiaren eta ekoizpenaren efizientzia-eza eragiten dutela.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • AHMED, I. (2003): “El trabajo decente y el desarrollo humano”, Revista Internacional del Trabajo, vol. 122, nº 2.
  • CASTEL, R. (1997): La metamorfosis de la cuestión social. Una crónica del salariado, Paidós, Barcelona.
  • OIT (2009): Tendencias mundiales del empleo. Enero de 2009, Departamento de Comunicación y Publicaciones de la OIT, Ginebra.
  • RUESGA, S.M. (2011): “¿Cómo priorizar y potenciar el trabajo decente?”, Temas para el debate, nº 1994.
  • SÁNCHEZ, A. (1999): Trabajo y desarrollo. Globalización de la economía e internacionalismo obrero, Fundació Pau i Solidaritat, Valencia.