Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Lankidetza garapena > Gizarte Erantzukizun Korporatiboa

Gizarte Erantzukizun Korporatiboa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Gizarte Erantzukizun Korporatiboa enpresaren barruko jokabide-kode bat da, enpresetako langileei eta zuzendariei eta gainerako interes-taldeei zuzendutako balio etikoak eta ekintza arduratsuak biltzen dituzten arauen eta printzipioen multzoa. Ezaugarri hauek dituzte funtsean: borondatezkotasuna, aldebakarrekotasuna —enpresa bera da kodearen edukia eta kontrol-mekanismoak zehazten dituena—, beren burua erregulatzeko gaitasuna —kontrola kanpo-auditoria independenteen esku dago, eta, sarritan, enpresek eurek ordaintzen dituzte— eta zuzenbidez galdagarriak ez izatea.

Europako Batzordearen Liburu Berdearen —2001— arabera, hauxe da Gizarte Erantzukizun Korporatiboa (GEK): «enpresek beren merkataritza-eragiketetan eta solaskideekiko harremanetan gizarte- eta ingurumen-kezkak txertatzea, beren borondatez». Horrela, bada, definizio horrek dionez, enpresaren barruko hainbat jardunbide eta sistema biltzen ditu GEK-k. Helburu bikoitza dute: ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea eta enpresaren interes-taldeekin edo stakeholders deritzenekin —bezeroak, langileak, akziodunak eta konpainiaren jardueraren eraginpean dauden tokiko komunitateak— elkarrizketak izatea, haien eskaera eta interesei erantzun ahal izateko.

Nazioarteko erakundeak ez dira ados jartzen terminoaren eta haren aplikazioen inguruan. Hau da, GEKren hainbat kontzeptu zehaztu dira, zein bere arlotik —instituzioak, enpresak, gizartea, sindikatuak eta doktrina—. Definizio gehienetan, arautegiko borondatezko plus bat da GEK, enpresari herritarrekin eta ingurumenarekin konpromiso etiko bat harrarazten diona. Zergatik den plus bat? Berez, nazioko eta nazioarteko arautegiaren menpe dagoenez, beteta izango dituelako, nahiz eta kasu askotan horrela gertatu ez. Hortaz, GEK globalizazio kapitalistak aurrera egitearen ondorioz sortu den agertokian enpresak hartzen duen portaera berria dela esan dezakegu.

GEK, negozio handia multinazionalentzat

Laurogeiko hamarkadan, logika neoliberala mundu osoan hedatu zen, enpresa handiei mesede eginez. Aldi berean, konpainia multinazionalen jarduerekiko presioak, salaketak eta gizarte-protestak eta enpreson zigorgabetasuna areagotuz joan zen. Orduantxe etorri zen enpresa-munduaren erantzuna: korporazio-eredu berria aurkeztu zen, gizartearekiko konprometituagoa, demokrazia, partaidetza, gizarte-konpromisoa eta ingurumena sustatuko zituena. GEK garrantzia hartzen hasi zen orduan, eta hainbat erakundek, NAZIO BATUek (Global Compacten bidez) eta Europako Batasunak (Liburu Berdearen bidez) kasu, erakunde-babesa eman eta garatzen lagundu zioten. Horrenbestez, ENPRESA TRANSNAZIONALAk kontrolatzeko erreferentzia bakar bihurtu zen GEK, bestelako arautze eraginkor eta loteslerik sortzeko edozein ahalegini aurre egin baitzioten haiek. Estatu espainiarrean, adibidez, GEK ez da legeetan sartu; GEKren alorrean, estatu-kontseilu bat baino ez dago, eta aholkatzea eta kontsultei erantzutea du xede bakar.

Multinazionalentzat GEK estrategia oso errentagarria bihurtu zen, hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, PUBLIZITATErako eta “irudia garbitzeko” estrategia bat da, bezeroen eta kontsumitzaileen aurrean enpresa arduratsu gisa agertzen direnez, ospea berreskuratzeko aukera ematen diena. Horretarako, mozkinen zati bat marketinera bideratzen dute, GEK-k markaren balioa sustatzen eta bezeroak leialtzen laguntzen dielako. Oro har, gizarte-erakundeengandik salaketa gehien jaso dituzten enpresak dira GEK sustatzen diru gehien inbertitzen dutenak, adibidez: Repsol, Santander, Endesa, BBVA eta Gas Natural Fenosa. Kritikatuenak izaki, horiexek garatu dituzte, gehien, beren prestigioa hobetzeko GEK programak.

Bigarrenik, gizarte-mugimenduen eta herritarren kritikak eta gizarte-gatazka desaktibatzen laguntzen du. Bai eta aktibisten balizko BOIKOT-mehatxuei aurrea hartzen, komunitateen aldetiko gizarte-deslegitimizazioa saihesten eta bezeroen kexak gutxitzen ere. Horixe gertatzen da, adibide bat ematearren, erauzketa-enpresekin eta beren jarduerak eragindako komunitateetako gizarte-ekintzako proiektuekin, HERRI INDIGENen kasuan batez ere. Repsolek, esaterako, HERRI INDIGENei laguntzeko programak eta haiekin harremanak izateko protokoloak garatu ditu, urte gutxian.

Bestalde, lana kanpora ateratzearen eta AZPIKONTRATAZIOAren logikari eustea ahalbidetzen du: GEK-ko hainbat programak sektorerik ahulenei edo langabeei lanpostuak eskaintzen dizkiete azpikontratatutako enpresetan. Logika hori nola bideratzen den ikusteko, Gas Natural Fenosaren kasua dugu. Enpresa horrek badaezpadako baldintzetan azpikontratatzen ditu Kolonbiako auzo ahulenetako gazteak, eta haien esku uzten du eremu gatazkatsuenetako jarduera.

Bezeria handitzeko eta merkatuak hedatzeko aukera ere ematen die GEK-k multinazionalei, eta, beraz, Hegoaldeko herrialdeetan eskua sartzeko beste modu bat da. Eta, gainera, enpresen arteko lehiarako elementu bat ere bada, GEK erabiltzen duten enpresek abantaila izango baitute besteen aurrean.

Azkenik, enpresaren eta beste eragile batzuen —gobernuak, GKEak, komunitateak, sindikatuak…— elkarrekintzarako eredu bat ezarri nahi du multinazionalak GEKren bidez. Eta, ALIANTZA PUBLIKO-PRIBATUen bidez, ENPRESA TRANSNAZIONALAk nazioarteko lankidetzaren alorrean sartzen dira, “garapen-eragile” moduan har ditzaten eta gizarte-legitimotasuna irabaz dezaten.

GEK eta ESPAINIAKO MULTINAZIONALAK

Espainiako enpresa handi gehienek bere egin dute GEKren erretorika, eta Ibex-35aren barruko konpainien % 91k horren inguruko informazioa ematen dute. Hain zuzen, GEK-ko eta gizarte-ekintzako gastua nabarmen hazi da azken urteotan. Dena den, gizarte-erantzukizuna garrantzia hartuz badoa ere, transnazional espainiarrekiko konfiantza gero eta txikiagoa da. GEKn egiten dituzten inbertsio gehientsuenak Latinoamerikara bideratzen dituzte, beren jarduerek gehien kaltetu duten eta gehien kritikatu dituen eskualdeetako batera. Eta, GEK-ko proiektu batzuk aurrerapausotzat har badaitezke ere, transnazional espainiarrek Latinoamerikan eragiten dituzten kalteei lotutako salaketak ez dira bukatzen. Hortaz, garbi geratu da, GEK ez dela eraginkorra ingurumenarekiko eta gizartearekiko errespetua bermatzeko.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ARAQUE PADILLA, R.A. Y MONTERO SIMÓ, M.J. (2006): La responsabilidad social de la empresa a debate, Icaria, Barcelona.
  • FAUCHÈRE, B. (2006): “La Responsabilidad Social de las empresas y los códigos de conducta. ¿Nuevos retos o viejos debates?”, Lan Harremanak, nº 14, Universidad del País Vasco.
  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (2009): “La Responsabilidad Social Corporativa y las empresas transnacionales: de la ética de la empresa a las relaciones de poder”, Lan Harremanak, nº 19, Universidad del País Vasco.
  • HERNÁNDEZ, J. Y RAMIRO, P. (2009): El negocio de la responsabilidad: Crítica de la Responsabilidad Social Corporativa de las empresas transnacionales, Icaria, Barcelona.
  • OLCESE, A. (dir.) (2006): La Responsabilidad Social Corporativa. Una propuesta para un entorno empresarial más eficiente y socialmente comprometido, Fundación de Estudios Financieros.
  • RAMIRO, P. (2012): “Alianzas público-privadas para el desarrollo: RSC y relaciones ONGD-empresas”, Oñati Socio-Legal Series, vol. 2, nº 4.