ELGA eta LANE

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) eta Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) nazioarteko erakundeek ENPRESA TRANSNAZIONALei zuzendutako kanpoko kode multzo bat garatu dute, hirurogeita hamarreko urteetatik. Kode horiek ELGAren ENPRESA TRANSNAZIONALentzako gidalerroetan —1976an eman zitzaien lehen onespena— eta LANEren Enpresa multinazionalei eta politika sozialei buruzko printzipioen hiruko adierazpenean —1977an onetsi zen— mamitu ziren lehenengoz. Bi kodeok ez dute eraginkortasun handirik, izan ere, lehena borondatezkoa baita eta bigarrenak, hiru aldekoa izan arren (gobernuen, enpresen eta sindikatuen artekoa), ez du betearazteko mekanismo eraginkorrik.

ELGAren gidalerroak

ELGAk ENPRESA TRANSNAZIONALentzat emandako gidalerroak gobernuek multinazionalei zuzendutako gomendioak dira. Horietan, enpresa-jokaera arduratsua izateko eskatzen zaie, eta aplikagarri zaizkien legeei men egiteko. Enpresek ez dute gidalerro horiek nahitaez bete beharrik. Gonbita luzatzen zaie, beren jatorrizko herrialdean ez ezik, eragiketak egiten dituzten beste herrialde guztietan ere, horiek errespeta ditzaten.

Gidalerrook izenpetu dituzten herrialdeek Harremanetarako Puntu Nazionalak (HPNak) finkatu dituzte, horiek sustatu eta hedatu ahal izateko jarduerak bideratzearren. Bide batez, instantzia berezi bat eskaini nahi diete sindikatuei, gizarte-erakundeei eta ukitutako taldeei, gidalerro horiek errespetatzen ez dituzten enpresen aurka errekerimenduak non aurkeztu izan dezaten. Horrela, bada, HPNen zeregina ez da enpresa epaitzea, gidalerroen aplikazioaren inguruko errekerimenduok ebazteko bideak eskaintzea baizik. Horretarako, auzietan barik adostasunean oinarritutako bitartekoak jarriko ditu interesatuen eskura, adiskidetzea eta bitartekaritza adibidez, betiere aldeak ados egonez gero. Aldeak ados jarri ezean, HPNek jakinarazpen bat igortzen dute eta, dagokionean, gidalerroak aplikatzeari buruzko gomendioak ematen dituzte.

Gizarte zibileko hainbat sare eta erakunderen ustetan, gidalerro horiek ez dira baliagarriak. OECD-Watch eta “Enlazando Alternativas” Europa, Latinoamerika eta Karibeko Bialdeko Sarea dira horietako erakunde batzuk, eta, beste hauek, emandako arrazoiak.

Espainiaren kasuan, HPNa Ekonomia eta Lehiakortasun ministerioaren menpe dago, Atzerriko Inbertsioen arean. Hortaz, Espainiako enpresak kanpoan sustatzeaz arduratzen den gobernuko arlo bati atxikita dagoenez eta, ondorioz, objektibotasun urria duenez, tratu desberdin eta bidegabekoa emango die salaketak aurkezten dituzten alderdiei. Era berean, HPNek oso baliabide gutxi izan ohi dituzte. Arrazoia argia da: gobernuek ez dute haiei antolatzeko eta eragiteko gaitasuna emateko borondate politiko handirik. Horrenbestez, horiek salatzaileek ekarritako frogak berretsi ezin dituztenez, frogaren pisu osoa salaketa aurkeztu duen erakundeak —sindikatua, GGKEa edo beste gizarte-talde bat— hartu behar du bere gain, eta, bien bitartean, administrazioak neutraltasun faltsu eta konplizez jokatzen du. Lehen bi puntu horiek erabakigarriak dira Espainiako HPNan kasurik aurkeztu ez izana justifikatzeko.

Bestalde, HPNek salaketetatik kanpo uzten dituzte tartean inbertsio-loturarik ez duten kasuak, hau da, merkataritza-harreman soileko kasuak, eta alderdi hori oso zaila da bereizten, filialei, hornitzaileei eta azpikontratatzaileei buruz dihardugunean. Parean lege-prozedura bat egotea nahikoa da, kasua atzera botatzeko. Adierazpenak ilun samarrak, orokorrak eta funsgabeak izan ohi dira, eta ez dute argi ikusten uzten enpresaren jarduera gidalerroekin bat etorri den ala ez. HPNen ebazpen gehienetan ez da transnazionalek gidalerroak urratu dituztela aitortzen; egoera zehatz batzuk hobetzeko etorkizunerako jarraibideak biltzera mugatzen dira.

Enpresen partaidetza urria da: oso korporazio gutxik erakutsi zuten HPNek eskainitako elkarrizketan parte hartzeko interesa. Bestalde, HPNek ez dute inolako presiorik sortzen. Beraz, gidalerroek ez dute transnazionalei arazorik txikiena ere sortzeko moduko mekanismorik. Gainera, herrialdeetako HPNek ez dituzte irizpide berberak erabiltzen, kasuak onartu eta baztertzeari eta gatazkak lantzeari dagokienez. Eta konfidentzialtasuna erreklamazio-prozeduraren atal guztietara hedatzen da: demandatutako enpresen izenak ez dira HPNen urteko txostenetan ere agertzen, eta, beraz, demandatutako konpainien interesak babestu egiten dira, argi eta garbi.

Hemen azaldutako gai horiez guztiez gain, bada nabarmendu beharreko beste kontu bat ere: HPNek sekula ez dute enpresa zehatzen edo zigortzen, eta are gutxiago ukitutako alderdiak erremediatzera edo lehengoratzera behartzen. Gauzak horrela, biktimak babesik gabe eta kaltea sortu duen enpresa zigorrik gabe geratzen dira.

LANEren hiruko adierazpena

LANEren hiruko adierazpenean hainbat printzipio daude ezarrita. Gobernuei, enpresariei, langileei eta ENPRESA TRANSNAZIONALei zuzendutako borondatezko gomendioak dira, nahiz eta, printzipioz, sindikatuekin eta enpresariekin lankidetzan gobernuek erabakitako tresnek sustatzen dituzten. Zergatik den hirukoa? LANEn gobernuetako ordezkariek eta enpresa- eta langile-erakundeek hartzen dutelako parte.

Adierazpenean, ENPRESA TRANSNAZIONALA garapen- eta aurrerapen-eragile moduan agertzen da, eta horrek sor ditzakeen eragin kaltegarriak ahalik eta gehien txikitzeko beharra hartzen du oinarritzat. Ildo horretatik, hainbat gai ukitzen ditu bere gomendioetan: enpleguaren sustapena, aukera- eta tratu-berdintasuna, laneko segurtasuna, prestakuntza, soldatak, laneko prestazio eta baldintzak, lanerako gutxieneko adina, segurtasuna eta higienea, laneko harremanak, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiboa.

Oinarrizko gomendio eta printzipio horietan, funtsezko definizio bat ahaztu da, ENPRESA TRANSNAZIONALen jarduerako erantzukizun-katea alegia, eta enpresa nagusiak bere filialekin, hornitzaileekin eta kontratistekin izan dezakeen erantzukizun oro suntsitu egin da. Halaber, beste alderdi garrantzitsu batzuk ere ez dira aipatu ere egiten: ENPRESA TRANSNAZIONALek inbertsioak egiten dituzten herrialdeetako baliabideen gainean nazioak duen subiranotasuna eta konpainia horien jardueren ingurumen-inpaktua.

Bukatzeko, funtsezko aplikazio-arazo bat du adierazpenak: hasteko, hiru jarraipen-sistema erabiltzen ditu bakarrik, hala nola, hiru zatiko inkesta, interpretazio-prozedura eta sustapen-jarduera, eta ez du urratzea egin duen enpresa zuzenean salatzeko aukera aintzat hartzen. Bestalde, borondatezkoa denez, ez da batere eraginkorra, eta nolabaiteko axolagabetasuna erakusten du zaintzari eta kontrolari dagokienez.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CARRIÓN, J. Y MARTÍNEZ, A. (2005): La Responsabilidad Social Corporativa. ¿Ética o est-ética?, Observatorio de la Deuda en la Globalización, Barcelona.
  • FEENEY, P. (2005): Five years on. A review of the OECD Guidelines and Nacional Contact Points, Right & Accountability in Development, OECD-Watch y SOMO, Amsterdam.
  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (2009): Las empresas transnacionales frente a los derechos humanos. Historia de una asimetría normativa, Hegoa y OMAL, Bilbao.
  • OCDE (1976): Líneas Directrices de la OCDE para las Empresas Multinacionales, revisadas por última vez en 2011.
  • OIT (2002): Guía para la Declaración Tripartita de Principios sobre las Empresas Multinacionales y la Política Social. Conocer y utilizar directrices universales para la Responsabilidad Social, Programa de Empresas Multinacionales, Ginebra.