Lex mercatoria

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Zuzenbide Korporatibo Globalak edo lex mercatoria berriak multinazionalen boterea berrinterpretatu eta formalizatzen du, honako hauek erabiliz: nazioarteko usadio eta ohiturak, estatu bakoitzaren arauak, merkataritzako eta inbertsioetako kontratu, hitzarmen, itun eta arau aldeaniztun, eskualde-mailako eta aldebikoak, ARBITRAJE AUZITEGIen erabakiak eta Munduko Merkataritza Antolakundearen Gatazkak Konpontzeko Sistema (GKS).

ENPRESA TRANSNAZIONALAk eragile ekonomiko oso boteretsuak dira. Zuzenean nahiz zeharka, estatuetako eta nazioarteko arautegietan eragin handia dute, botere judizialaren irizpide eta oinarriak aintzat hartu gabe mundu osorako adosten diren hitzarmen formal eta informalen eta gatazkak konpontzeko bitarteko berezien bidez. Bestalde, legitimazio-irizpideak boterean oinarritzen direnez demokrazian baino gehiago, erabateko SEGURTASUN JURIDIKOA bermatzen diete. Zuzenbide Unibertsala beharrean, Zuzenbide Globala ari gara sortzen, eta pribatua da publikoa baino gehiago.

Nazioarteko ohiturak, usadioak eta printzipioak

Ekitatea, fede ona, merkataritza-erabilerak, bidegabeko aberastea, pacta sunt servanda, rebus sic stantibus... nazioarteko ohitura, usadio eta printzipioak dira, eta, informatzeko helburua badute ere, merkataritza-interesen dinamikaren menpe daude. Kontzeptu juridiko zehaztugabeak direla, hutsune ugari sortzen dituztela eta estatuen arteko harremanak arautzeko helburua dutela esaten da; baina, baita beste hau ere: negozio pribatuen arauketa juridikoa egiteko ez direla eraginkorrak. Gainera, botere-erlazioak hain dira nabarmenak ezen, printzipio unibertsalen izaera behin eta berriro interpretatzen den. Pacta sunt servanda (“hitzartutakoak behartu egiten du”) esapidea blindatu egiten dute enpresa transnazionalek. Rebus sic stantibus (“kontratuetan ezarritakoa horiek egiteko unean dauden inguruabarren menpe dago”) klausulak, berriz, desberdintasun-baldintzetan oinarrituz sinatutako itunen menpe jartzen dira.

Estatu nazionalen arauak

Estatu inperialen eta enpresa multinazionalen arteko lotura politiko-ekonomikoari eta nazioarteko erakunde finantzario eta komertzialen helburuekin bete-betean bat etortzeari (edo haien menpe jartzeari) esker, transnazionalen interesen aldeko politikak eta arauak ezartzen dira: enpresoi aireratzen laguntzeko eremu aproposak. Bestalde, nazioarteko erakundeen eta mendebaldeko estatuen politika neoliberalek botere faktikoa eman dute, eta printzipio neoliberalen menpeko arauak sustatu eta inposatu dituzte; PRIBATIZAZIOAk, desarauketak eta ongizate-estatua mehetzea multinazionalei lurreratzeko pista prestatzen dieten jardunbideak dira.

Kontratu transnazionala

ENPRESA TRANSNAZIONALek sinatutako kontratuak dira lex mercatoria delakoaren elementu nagusietako bat. Zeregin erabakigarria dute Korporazioen Zuzenbide Globaleko iturri-sisteman. Zuzenbide Pribatuaren eredu klasikoak estatu liberalaren oinarriei erantzuten die, termino juridikoetan. Hona hemen oinarriok: legearen aurrean alderdi kontratugileak berdinak dira, aldeen borondateak autonomia du, kontratua da ondasunak trukatzeko erakunde juridikoa eta estatua negozio juridikoen bermatzailea.

Deskribatutako printzipio horiek finkatzen dute Korporazioen Zuzenbide Globalaren oinarri den logika juridiko formala, kontratu transnazionala ardatz nagusitzat hartzen duena. Legearen aurrean alderdi kontratugileak berdinak izatea eta erabateko autonomia edukitzea dira kontratuon funts formalak. Inbertsioa hartuko duten estatuen arteko tentsioa da azpian dagoen gatazka, beren subiranotasuna eta interesak (ENPRESA TRANSNAZIONALenen aurrean) eta, beraz, beren inbertsioen egonkortasuna arretaz zaintzen baitituzte. Printzipioz, estatuek helburu hauek dituzte: inbertsio-kontratuak kasuan kasuko nazioaren arautegira egokitzea eta sor daitezkeen gatazkak bertako auzitegien esku uztea. Beste alde batetik, inbertsioak egonkortzeko, arriskuak orekatzeko eta nazioko etorkizuneko lege-aldaketen aurrean beren burua babesteko beharra aitzakiatzat harturik eta globalizazio neoliberalaren baitan, ENPRESA TRANSNAZIONALek arbitraje-sistema internazionaletara bideratu nahi dituzte sortzen diren gatazkak. Horrela, arau aplikagarria aldeek hitzartzen dutena eta, bestela, inbertsio-itun aldebikoak ezartzen duena izatea lortu nahi dute. Azaldutako gatazka hori erori egiten da kontratu-logika juridiko asimetrikoaren aurrean, eta inbertsioen ustezko egonkortasunak lerratu egiten ditu gehiengo sozialen eskubideak.

Munduko Merkataritza Antolakundea, Nazioarteko Moneta Fondoa eta Munduko Bankua

Munduko Merkataritza Antolakundearen (MMAren), Nazioarteko Moneta Fondoaren eta Munduko Bankuaren arauak, xedapenak, doikuntza-politikak eta mailegu baldintzatuak ere Korporazioen Zuzenbide Global berriaren muin gogorraren osagarri dira. Eredu globaleko erakunde nagusiak dira, eta arauak onesterakoan ez dute legitimotasun demokratikoz eta gardentasunez jokatzen. Erabakiak hartzeak, erabaki horien eduki arauemaileak, multilateralitatearen krisiak eta berdintasun-printzipioen berrinterpretazio aldebakarrekoak sendotu egiten dute horien botere juridikoa eta ahuldu gehiengo sozialen eskubideen SEGURTASUN JURIDIKOA. Ikuspegi materialetik, MMAko arauak eta Merkataritzako eta Inbertsioetako Eskualde-mailako eta Aldebiko Itunetakoak komunikazio-bitarteko bilakatzen dira, nazioarteko egitura juridiko-ekonomiko osoan. Zuzenbide Korporatibo berriak ondasunen, zerbitzuen eta inbertsioen fluxu askea bermatzen du, hala forman nola funtsean, edonolako hesiren eta arauren gainetik.

Bukatzeko, bada nabarmendu beharreko beste kontu bat: ENPRESA TRANSNAZIONALen eta estatu hartzaileen arteko gatazkak ustezko neutraltasun batez konpontzeko, MMAren Gatazkak Konpontzeko Sistema eta ARBITRAJE AUZITEGIAK daude —adibidez, Inbertsioen inguruko Desberdintasunak Konpontzeko Nazioarteko Zentroa (CIADI)—. Horien ebazpenen ondotik legegintzako aldaketak, merkataritza-zehapenak eta isunak etortzen dira, eta, zehapen eta isun horiek ez betetzeak laudoa bera betetzeak baino ondorio ekonomiko askoz larriagoak sor ditzake. Arlo juridikoan eraginkorrak diren zehazpenak dakartzate, beraz, epai horiek.

Lex mercatoria berria, transnazionalen aldekoa

Globalizazioak pluralismo juridiko berri bat finkatu du. Bertan, estatu periferikoak lex mercatoriaren esanetara daude, nazioarteko eremu juridikoan inoiz ezagutu ez zaion boterez berragertu baita. Zuzenbide hori gertuago dago arau pribatuetatik arau publikoetatik baino. Estatuko monopolio juridikoa galtzeak ez du ekarri Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea eta Lanaren Nazioarteko Zuzenbidea nagusitzea edo, besterik ez bada ere, parean jartzea; aitzitik, horiek Nazioarteko Zuzenbidearen ezaugarri ahuletara mugatu dira. Ez dira ENPRESA TRANSNAZIONALen botere politikoa eta ekonomikoa indargabetzeko gauza. Bestalde, transnazionalen GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOAk eta jokabide-kodeek Zuzenbidearen mugaldeetan kokatuta dagoen borondatearen eta aldebakartasunaren logikari erantzuten diote, eta, kasu honetan, ENPRESA TRANSNAZIONALen betebeharren adierazpen pribatuak dira.

Kontratu-logika juridiko asimetrikoa nazioarteko transakzio ekonomikoetan nagusitzen da. Kontratu formal aldebikoen eta itun aldeaniztun, eskualde-mailako eta aldebikoetan indar-erlazioak gailentzen dira. Horietan, funtsean korporazio transnazionalen interesak babesten dituzten klausuletara atxikitze hutsarekin taxutzen dira borondateak.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • FARIA, F. (2001): El Derecho en la economía globalizada, Trotta, Madrid.
  • FARIÑAS DULCE, M.J. (2005): Mercado sin ciudadanía. Las falacias de la globalización neoliberal, Biblioteca Nueva, Madrid.
  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (2009): Las empresas transnacionales frente a los derechos humanos. Historia de una asimetría normativa, Hegoa y OMAL, Bilbao.
  • SOUSA SANTOS, B. (1998): La globalización del Derecho. Los nuevos caminos de la regulación y la emancipación, Universidad Nacional de Colombia e Instituto Latinoamericano de Servicios Legales (ILSA), Bogotá.
  • TEITELBAUM, A. (2010): La armadura del capitalismo. El poder de las sociedades transnacionales en el mundo contemporáneo, Icaria, Barcelona.