Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Ekonomia > Nazioarteko finantza erakundeak

Nazioarteko finantza erakundeak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Munduko Bankua, Nazioarteko Moneta Fondoa eta Merkataritzaren Mundu Erakundea dira nazioarteko ekonomia-erakunde nagusiak. Lehen biak, Bretton Woodseko erakunde gisa ezagunak, nazioarteko moneta- eta finantza-harremanez arduratzen dira; hirugarrenak, berriz, nazioarteko merkataritzarako arauak finkatzen ditu.

Bretton Woodseko erakundeak

Nazioarteko Moneta Fondoa (NMF) eta Munduko Bankua (MB) 1944 sortu zituzten, Bretton Woodseko biltzarrean. NMFk nazioarteko moneta-sistema bat antolatu behar zuen eta herrialdeen arteko moneten artean kanbio-tasa finkoak ezarri, urrea eta Estatu Batuetako dolarra erreferentziatzat hartuta. Hori dela eta,1971n dolarra debaluatzearen ondorioz, gerraondoko nazioarteko moneta-ordena erori egin zen. Horrek oraindik orain indarrean dirauen kanbioen ezegonkortasuna ekarri zuen, eta erakundearen iraupena zalantzan jarri. Premia dohain bihurtuz, NMFk birmoldatu egin zuen bere finantza-jarduera: debaluazioak saihestearren epe laburrerako maileguak emateari utzi eta egiturazko doikuntza-politiken menpeko epe luzerako kredituak emateari ekin zion. Gainera, bere esku-hartzea Hegoaldeko ekonomietara bideratu zuen, eta, geroxeago, Ekialdekoetara, bloke sobietarra erori ondoren erakundearekin bat egiten zuten heinean. Hala ere, egungo krisiaren sakontasunak hautsi egin du joera hori, eta, hogeita hamar urte geroago, NMFk Europako hainbat herrialdetan sartu behar izan du.

MBk, bestalde, gerraondoko berreraikuntza eta Hegoaldearen garapena finantzatzeaz arduratu behar zuen. Lehena, baina, MBk barik, Estatu Batuek egin zuten azkenean, Marshall Planaren bidez. Orduz geroztik, garapenerako finantzaketa-iturri multilateral nagusia da. Hasieran, garraioko, komunikazioetako eta energiako azpiegituren proiektuetarako erabili zituen baliabideak, hazkunde ekonomikoaren oinarritzat hartzen zen inbertsio pribatu, tokiko eta atzerrikoa ahalbidetzeko. XX. mendeko hirurogeita hamarreko urteetatik aurrera, hazkundea ez zela nahikoa eta pobreziak bere horretan jarraitzen zuela ikusirik, oinarrizko premiak (elikadura, osasuna eta hezkuntza…) asetzera bideratutako proiektuak ere finantzatzeari ekin zion. Eta laurogeiko hamarkadaz geroztik, aurrekoa bertan behera utzi gabe, NMFrekin bat egin du, Hegoaldeko eta Ekialdeko ehun bat ekonomiatan egiturazko doikuntza-programak ezartzen, WASHINGTONEKO KONTSENTSUA deritzonaren baitan.

Bretton Woodseko erakundeen artean, Iparraldeko herrialdeak dira nagusi, boto-ahalmena herrialde bakoitzaren kuotaren —NMF— eta kapitalaren —MB— menpe baitago; erdia baino gehiago dira Iparraldekoak. 1975etik, G-7 taldea arduratu izan da kontrol-lan horretaz. Bertan, Estatu Batuek munduko ekonomiako beste bi protagonista handiekin, Europarekin eta Japoniarekin, partekatzen dute beren hegemonia. 2008an egungo krisia lehertu zenean, baina, G-20 taldearen esku utzi zen eginkizun hori. Iparraldeko potentziek ez ezik, garatzeko bidean dauden ekonomia batzuek (Txina buru dutela) ere hartzen dute parte, NMFn eta MBn boto-ahalmena zertxobait handitzearen ondorioz. Dena den, erabaki garrantzitsuenetarako % 85eko gehiengoa behar denez bi erakundeotan, Estatu Batuek beto-eskubidea dute, % 15etik gora botoren jabe delako.

Merkataritzaren Mundu Erakundea, merkataritza baino zerbait gehiago

Nazioarteko merkataritza-arauak ezartzeaz Merkataritzaren Mundu Erakundea (MME) arduratzen da. Zeregin hori 1995etik betetzen du, urte horretan ordezkatu baitzuen 1947tik abian zen GATT (Merkataritzari eta Aduanako Tarifei buruzko Akordio Nagusiaren ingelesezko siglak). Gaur egun, Merkataritzaren Mundu Erakundearen (MMEren) baitan dago, Zerbitzuen Merkataritzari buruzko Akordio Nagusiarekin (ZMANrekin) eta Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualaren Eskubideei buruzko Akordioarekin (MJIEArekin) batera.

MMEn, herrialdeek boto bana dute, baina erabakiak adostasunez hartu ohi dira. Halarik ere, demokrazia formalaren itxura horren atzean, MERKATUen tirania dago; herrialdearen erabakimena bere ahalmen ekonomikoaren araberakoa denez, Iparraldeko herrialdeek agintzen dute berez. Gainera, arauak ez betetzeagatik herrialde kideei zigorrak ezartzeko ahalmena duen munduko erakunde bakarra da. Gatazkak Konpontzeko Sistema erabiltzen du horretarako.

Printzipioz, GATTak nazioarteko salgaien merkataritza liberalizatzen du sortu zenetik; ZMANa, berriz, zerbitzuen merkataritza liberalizatzen ari da, pixkanaka-pixkanaka. Baina badira salbuespen aipagarri batzuk: nekazaritzaren protekzionismoa eta etengabeko lan-migrazioak ZMANren liberalizaziotik kentzea. Eta MJIEAk, jabetza intelektualaren eskubideak (patenteak, markak eta egile-eskubideak) liberalizatu eta zientziako eta teknologiako aurrerapenak gizateriaren zerbitzura jarri beharrean, areagotu egiten du horien babesa. Izan ere, potentzia ekonomiko nagusietako gobernuek, MMErekin batera, enpresa multinazionalen gurarietara egokitutako joko-arauak diseinatu dituzte, hau da, hedatzen ari diren sektore berrietan merkatuak irekitzea eta patentearen eta erregistratutako markaren inperioa mundu osoan ezartzea ahalbidetu dute.

Jakinaren gainean, Hegoaldeko gobernu ugarik MMEren negoziazioak geratzea eta zerbitzuak liberalizatzen jarraitzeko eta MMEren agintea arlo gehiagotara (inbertsiora, erosketa publikoetara edo lehiakortasun-politikara) hedatzeko saiakerak etetea lortu dute, gizarte-mugimenduen babesarekin. Alabaina, MMEren arauak bete egiten dira oraindik.

Proiektu neoliberalerako funtsezko hiru erakunde

Modalitate ezberdinez bada ere, hiru erakundeotan Iparraldeko herrialdeak dira nagusi. Hori erabakigarria da haien jardueren orientabidean: laurogeiko urteez geroztik, gogo-oinarri neoliberalek gidatu dituzte, Iparraldetik Hegoalderantz eta Ekialderantz hedatuz, merkatuko ekonomiaranzko bidean. Garapena sustatzeko, berez, merkatu askea dela errezetarik egokiena zabaldu dute NMFk eta MBk. Ondorioz, estatuak ekonomian duen esku-hartzea ahalik eta gehien murriztu behar da, enpresa pribatu handiek askatasunik handienarekin jarduteko aukera izan dezaten. Eta ideia hori ezartzeko, egiturazko doikuntza-programak erabiltzen dira. MMEk ezarritako joko-arauek, merkataritza gainditu eta enpresa multinazionalei interesatzen zaiena soilik liberalizatzeaz gain, mugak jartzen dizkiete Hegoaldeko ekonomiak garatzeko politikei. Hainbesteraino, ezen, azken urteotan geldi dagoen MMEren bide multilateraletik Iparraldeko gobernuek (multinazionalen interesen ordezkaritzan) ez badute nahi dutena lortzen, inbertsio-akordioen eta merkataritza askeko itunen bide aldebiko edo eskualdekotik inposatzen dute.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • FERNÁNDEZ DURÁN, R. (1993): La explosión del desorden. La metrópoli como espacio de la crisis global, Fundamentos, Madrid.
  • MILLET, D. Y TOUSSAINT, E. (2009): 60 Preguntas / 60 Respuestas sobre la deuda, el FMI y el Banco Mundial, Icaria e Intermón-Oxfam, Barcelona.
  • NACIONES UNIDAS (2010): World Economic and Social Survey-2010. Retooling Global Development.
  • PEET, R. (2004): La maldita trinidad. El Fondo Monetario Internacional, el Banco Mundial y la Organización Mundial del Comercio, Leatoli, Pamplona.