Berrikuntza

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Azkenaldian enpresa-munduan gehien aipatu diren kontzeptuen artean dago, eta konpainia transnazionalek beren eragiketak beste herrialde, sektore eta merkatu batzuetara hedatzearren egin duten apustua justifikatzeko diskurtsoa berritu nahian negozio-eskolek eta think tanks korporatiboek egin duten lanaren ondorioz hedatu da, batez ere. Ideiak berez duen konnotazio positiboa gorabehera, benetan, “negozioen etika”ren erretorika korporazio handien errentagarritasunarekin eta emaitza-kontuekin osatzea ahalbidetzen duten proiektu guztiak sartzen dira berrikuntzaren aterkipean.

«Produktua sortu edo aldatzea eta merkatuan txertatzea». Ikus dezakegunez, Espainiako Errege Akademiaren Hiztegian berrikuntza hitzari ematen zaizkion bi esanahietako batek ukitu ekonomikoa eta enpresariala du. Ez dago Iberdrolako presidenteak, beste gauza batzuen artean, berrikuntzaz mintzatuz esaten duenetik oso urruti. «Berrikuntzaren kultura sustatzea izango da hurrengo urteetarako enpresa-erronka handia, hau da, etengabe ideia onak sortzea eta gizarteak eskatzen edo behar dituen produktu eta zerbitzu bihurtzea» esan zuen Ignacio Sáncherz-Galánek.

Horrela, bada, hainbat gaixotasun sendatzea ahalbidetu duten medikuntzako aurrerapenak eta hainbat esparrutako ikerketa zientifikoak edo efizientzia hobetzeko prozesu teknologikoak gogorarazteaz gain, berrikuntzaren ideiak bestelako esangura bat hartzen du, ENPRESA TRANSNAZIONALen diskurtsoan agertzen denean: ontzikiaren tamainara eta kontsumitzaileen erosahalmenera egokitutako salneurridun produktuak eskaintzea, kostuak aurreztearren banaketa-bitartekoak beste konpainia batzuekin partekatzea, beste korporazio batzuei kontratatutako zerbitzuen fakturak ordaintzeko beste modu batzuk erabiltzen hastea, orain artean merkaturatu ez diren jarduerak eta jakintzak zorroratzea… Azken finean, ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-mekanismoak hobeto aprobetxatzeko eta, hartara, berriz ere beraien irabaziak handitzeko metodo gehiago bilatzean dago gakoa. Eta multinazional handientzat hori are garrantzitsuagoa da, egun bizi dugun atzeraldi-egoeran.

Berrikuntza, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa (GEK) zehazteko modu bat

Crash globalaren ondorioz, transnazionalen GIZARTE ERANTZUKIZUN KOPORATIBOrako estrategien bilakaera azkartu egin da izugarri: konpainia horietan kostuak murrizten ari direlarik, GEKren errentagarritasuna eta epe laburrerako mozkinarekiko lotura erakutsi behar izan dute, “enpresa arduratsua”ren paradigma moda iragankor hutsean gera ez dadin. Ildo horretatik, Porterrek eta Kramerrek baieztatzen dutenez, korporazio multinazionalek onartua dute «GEK estrategia kostuak, murrizketak edo karitatezko ekintzak baino askoz ere gehiago izan daitekeela: aukerak, berrikuntza eta lehiatzeko abantailak ekar ditzakeela». Beste modu batean esanda, berrikuntzan dago, hain justu, “gizarte-erantzukizuna”ren eta beste merkatu batzuetako negozio- eta hedapen-aukeren arteko lotura. Halaxe dio Carolina Fundazioak berriki atera duen argitalpen batean: «Enpresaren ikuspegitik, merkatura zuzendutako prozesuei lotuta dago berrikuntza, eta produktibitatea eta lehiakortasuna areagotzeko bitarteko moduan erabiltzen da».

Transnazionalentzat, “GEK estrategikoa”k berebiziko garrantzia du une honetan, komunikazio- eta marketin-tekniketan oinarritutako defentsarako estrategia batekin batera: «GEKri ikuspegi estrategikoa ematea gero eta garrantzitsuagoa da, enpresen lehiakortasunari begira» eta «gainera, merkatu berriak garatzeko eta hazteko aukerak sortzeko bidea eman dezake», Europako Batzordeak esan duenez. Eta, horretarako, oso berria ere ez den zerbait egin behar da: sarrerak maximizatzearekin, gastuak murriztearekin, arriskuaren kudeaketarekin, bezeroak leialtzeko prozesuarekin eta negozio-zoko berrietara sartzearekin duen lotura estutzea.

«Oraintxe bertan hasten da GEKren une berri bat. Atzoko pentsamenduei eutsi diena merkatutik kanpo dago jada», adierazi zuen Alberto Andreu Telefónicako Ospe Korporatiboaren zuzendariak. Adibide ugari daude korporazioek eta horiek babesten dituzten gobernu-erakundeek berrikuntza nola ulertzen duten erakusteko: ospitale eta osasun-zentroetan, “koordainketa” eta halako mekanismoak; unibertsitateetan, makina bat katedra eta udako ikastarotan multinazionalak sartzea; zientzia-ikerkuntzan, enpresen eta administrazioen arteko lankidetzari esker jabetza intelektualeko eskubideen eta patenteen menpe dauden botikak garatzea; kooperazioaren munduan, “garapenerako ITUN PUBLIKO-PRIBATUA”k, zeren eta, sustatzaileen esanetan, «garapena helburutzat duen ezagupenen transferentziarako herri-administrazioarekin lankidetzan enpresaren bidea irekitzen duen SEKTORE PRIBATUAren ahalmenak ustiatzeko helburua baitute».

Ekintzaileak, merkatuko eragile berritzaileak

Bada mende bat J.A. Schumpeterrek hau esaten zuena, ekonomiaren garapenari buruzko bere teorian: ekonomia eta gizartea aldatu egiten dira, ekoizpen-eragileak beste modu batean konbinatzen direnean. Horrela, bada, ekonomialari austriarrak zioenez, berrikuntzak berebiziko garrantzia du ekonomiaren hazkundean, eta aldaketa hori ekintzaileek eragin behar dute, «beraien ausardiari eta irudimenari eskerrak beste batzuek sumatu ere egiten ez dituzten aukerez baliatzeko gaitasun aparta duten gizonek». Harrezkero, berrikuntzaren kontzeptuari buruz anitz idatzi eta eztabaidatu izan da, ekonomia-fakultateetan eta negozio-eskoletan, eta, ikusi dugunez, puri-purian dago berriro ere, azkenaldian korporazio handien irabazi-tasak erortzearen ondorioz, batik bat.

Halaber, ekintzailea terminoari ere behin eta berriro egin izan zaio erreferentzia; esate baterako, Future Trends Forumek duela gutxi ateratako txosten batean hauxe irakur dezakegu: «merkatuko hutsuneei berrikuntza eraldatzaile bezain jasangarriekin —finantzetan— erantzuten dieten eragileak dira gizarte-ekintzaileak, eta ezin hobeak dira gobernuari gizarte-arazo gogorrenei aurre egiten laguntzeko». Garapenaren ekonomia LANAREN NAZIOARTEKO BANAKETAren egungo errealitatera egokitzeko xedez, beren lan-eskubideak eta taldean antolatzeko moduak dituzten “langileak” “ekintzaile” gisa hartzen hasi beharko genuke. Pobreei «lana eman diezaiekegu, baina prestakuntzarik gabeko jendea izan ohi da, edo haien inguruan ez da lanik egoten. Beren enpresa sortzeko aukera baino ez diezaiekegu eman», dio BBVA Fundazioko Mikrofinantzen lehendakariak, lan-indarrari eta langileei balioa kentzen jarraitzeko. Oraingoan ere, merkatuak inposatutako premisak betetzea da kontua, alegia: arriskua bilatzea, berritzaileak izatea, agertzen diren aukerez baliatzea. Azken finean, hauxe da kontua: “izaera ekintzailea” duten pertsonak soilik direla sistema kapitalistan baliagarriak.

Bizkitartean, biztanle gehienok laneko funtsezko eskubideak galtzen ari gara, etengabe: enpleguaren kantitatea eta kalitatea galduz doa, laneko harremanak indibidualizatzen ari dira, jokabide-kodeek garrantzi handiagoa dute hitzarmenek baino, negoziazio kolektiboa deuseztatzen ari dira… Aldi berean, nagusi den enpresa-ereduan, merkatuko arauei men egiteaz gain, barruko antolamenduan balio neoliberalak txertatzen dira, eta, ondorioz, ohiko bihurtzen dira atomizazioa, lehiakortasuna, beti lanerako prest egotea eta uneoro probak egin beharra. Testuinguru horretan, talde-proiektuaren, elkartasunaren eta elkarri laguntzearen ordez, norbanakoaren lehiakortasuna nagusitzen da; eztabaidak eta gatazkak aurrea hartzen diote erantzukidetasunari; sindikatuen eta gizarte-erakundeen ordez borondatezko ongintzazko elkarteak edo, zuzenean, enpresa-proiektuak eratzen dira.

Gainera, “gizarte-ekintzaileak” «kostu txikiko ereduak, gizarte-sare indartsuak eta bezero eta erabiltzaile izan daitezkeenak hobeto ezagutzeko eta ulertzeko» bitartekoa ere badira. Horixe dio Bill Draytonek, Ashokaren, ekintzaileak sustatzen diharduen munduko erakunde handienaren, fundatzaileak. 2011n, Asturiasko Printzearen sari bat jaso zuen, nazioarteko lankidetzarena alegia, «gizarte-ekintzailearen terminoa erabiltzeagatik, enpresariaren metodo pragmatikoak, emaitzetara bideratutakoak, gizarte-erreformatzaile baten helburuekin uztartzen dituztenak izendatzeko». Ashokaren Espainiako zuzendariak argiago azaldu du hori, piramidearen oinarriko negozioez mintzatzean: «Enpresa horiek merkatu-aukera ikaragarria dute, eta jakin badakite. Baina ezezagunak dira, eta ez dakite horietara nola iritsi. Gizarte-ekintzaileek biztanle multzo horrekin egiten dute lan, eta multinazionalak haiengana gerturatzea eta horien interesak babestea dute zeregin».

Korporazio transnazionalentzat ezeztaezina da, beraz, “beren buruaren enpresari” horiek berritzeko, merkatuak zabaltzeko, lan-indarrari balioa kentzeko eta lan-baldintzak kaskartzeko duten baliagarritasuna. Adibide bat emateagatik, horregatik jarri du BBVAk Momentum Project deritzona martxan, bankuak, Ashokak eta ESADE negozio-eskolak ekintzaileen sorrera sustatzeko sinatu duten ituna.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ANDREU PINILLOS, A. (2009): “RSC 2.0. Una herramienta de competitividad para el futuro”, Telos, nº 79, abril-junio.
  • BOTELLA, C., FERNÁNDEZ, J.A. Y SUÁREZ, I. (2011): Innovación y cooperación al desarrollo: Tendencias de colaboración público-privada, DT nº 47, Fundación Carolina-CeALCI.
  • COMISIÓN EUROPEA (2011): “A renewed EU strategy 2011-14 for Corporate Social Responsibility”, COM(2011) 681 final, Bruselas.
  • FUTURE TRENDS FORUM (2009): Innovación social. Reinventando el desarrollo sostenible, Fundación de la Innovación Bankinter.
  • PORTER, M.E. Y KRAMER, M.R. (2006): “Strategy and Society: The Link Between Competitive Advantage and Corporate Social Responsibility”, Harvard Business Review, diciembre.