Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Lan harremanak > Lanaren nazioarteko banaketa

Lanaren nazioarteko banaketa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Lanaren nazioarteko banaketak herrialde bakoitza mundu-ekonomian nola sartzen den azaltzen du, eta gai hauek ukitzen ditu: lehengaiak hornitzen dituzten herrialdeak zein diren, zeintzuek ekoizten dituzten industria-ondasun konplexuenak, nazioarteko inbertsioak eta merkataritza-fluxuak nola bideratzen diren, zein moneta onartzen diren ordainketa-tresna orokortzat…. Gai horien guztien erantzunak estatuen hierarkia zehazten du, eta ez ekonomian oinarritutako irizpideen arabera, baizik eta indar politiko eta militarren erlazioak kontuan hartuz.

Munduko balio-kateak

Globalizazioaren bereizgarrien artean, munduko balio-kateak sortzea dago. Kate horietan, elkartrukeak ez dira azken ondasunetara mugatzen; aitzitik, gero eta gehiago, bitarteko ondasunak (lehengaiak, energia, pieza eta osagarriak…) ere hartzen dituzten barne, eta, azken urteotan, zerbitzuak ere bai. Prozesu horretan, informazioaren teknologiek, batetik, eta Munduko Merkataritza Antolakundeak sustatutako arautegi liberalizatzaileak, bestetik, zeresana izan dute. Errealitate horren ondorioz, zalantzan jarri da merkataritza-adierazleek eta ZUZENEKO INBERTSIO ATZERRITARRAk globalizazioa neurtzeko tresna gisa duten erabilgarritasuna. Hori dela eta, ondasunen sarrera-irteeren taulak ari da ELGA sustatzen. Bitarteko ondasun horiek nazioarteko merkataritzaren erdia baino gehiago osatzen dute.

Mundu-merkataritzaren bi heren enpresa multinazionalen esku daude, eta horien erdia enpresa barruan gertatzen da, etxe nagusiaren eta filialen artean. Enpresa taldeen barruko truke horiek ez dira merkatu-logika baten ondorio; “transferentzia-prezio”etan egiten dira, abantaila bat dutelako: mozkinek zergapetze maila txikiena duten lurraldeetan kokatzea mozkinak. Multinazionalek, etengabeko berregituratze-prozesu gero eta biziagoan, irizpide hauek erabiltzen dituzte ekoizpen-segmentuak lekutzeko: laneskuaren kostuak eta kalifikazioa, azpiegituren erabilgarritasuna eta kalitatea, merkatuen gertutasuna… DESLOKALIZAZIOena modurik begi-bistakoena izan daiteke, baina ez garrantzitsuena nahitaez.

Ekoizpenaren eta lan-merkatuaren globalizazioa

Txinak eta Indiak gora egitearen eta Europaren Ekialdeko ekonomiak munduko merkatuan murgiltzearen ondorioz, laneskuaren eskaintza izugarri hazi da munduan. Horrela, munduko merkaturako ondasun eta zerbitzuen ekoizpenari lotutako lanpostuak ugaritu egin dira, nabarmen: aurreko mendeko laurogeiko hamarkadaren hasieran 1.000 milioi baziren, mende honen hasieran 2.000 milioi dira, eta kapitalaren eta lanaren arteko ratioa % 40 eta 45 bitartean murriztu da. BRICS herrialdeek (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) munduko ekonomian duten pisua oso bizkor ari da hazten: Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinak munduko BPGari egindako ekarpena 1990ekoa halako bi eta erdi handiagoa izan da 2010ean, hau da, % 7,5etik % 17,7ra pasatu da. Alderantziz, herrialde aurreratuek munduko produktu manufakturatuetako eragiketen erdia egin dute 2011n; hogei urte lehenago, % 70ekoa zen kopurua. Dena den, prozesu horren mugak erraz ikusteko modukoak dira, zeren eta, gaur egun munduko BPGa bi erditan banatzen bada ere (herrialde aurreratuenena bata eta gainerakoena bestea), lehenak munduko herritarren zazpirena hartzen du.

Birlokalizazioak

2008an abiatutako krisia luzatzen ari denez, Erdialdeko herrialdeen, Estatu Batuen eta Europaren desindustrializazioa nabarmentzen hasi da debateetan. Testuinguru horretan, insourcing terminoa —outsourcing edo AZPIKONTRATAZIOAren simetrikoa— agertu da, ekoizpenak estatu-nazioen lurraldeetara ekartzeko (itzultzeko) helburuarekin. Herrialde batzuetan, “birlokalizazio” esan zaie horiei, eta erdialdeko ekonomietan langabezia murriztea eta gainbehera moteltzea dute xede. Planteamendua irizpide geopolitikoetan oinarritu da, hau da, estatuen botereari eustean.

Boston Consulting Groupen txosten baten arabera, 2015etik aurrera onuragarriagoa izango da ondasunak, Txinan barik, Estatu Batuetan egitea, batetik, Txinako soldatek gora egingo dutelako (urtean % 18 batez beste, 2015era arte) —soldaten kostuak, berriz, gelditu egingo dira Estatu Batuetan— eta, bestetik, Asian ekoiztearen ondoriozko logistika-gainkostuengatik eta Estatu Batuetako produktibitatea hobetzeagatik. Arrazoi horiek Eurogunean ez dute eragin bera, euroari eman zaion balio handiegia eta lanaren produktibitatearen geraldia direla medio. Txostenak dioenez, zazpi industria-sektoreren % 10 eta % 30 bitartean birlokalizatzea gerta daiteke. Hain zuzen ere, multinazional handi batzuek (Ford-ek, NCRk eta Caterpillar-ek, besteak beste) birlokalizatuta dute, jada, beren ekoizpenaren zati bat. Ondorioz, kalkuluen arabera, 600.000 eta 1.000.000 lanpostu zuzen eta 1,8 eta 2,8 milioi zeharkako sortu dira Estatu Batuetan. Obamaren lehendakaritzak birlokalizazio-prozesua bultzatu du, eta, aurreikuspenen arabera, zergak txikitu egingo ditu, Estatu Batuetan inbertitzen duten enpresentzat.

Lanaren nazioarteko banaketa eta ENPRESA TRANSNAZIONALAK

ENPRESA TRANSNAZIONALEk funtsezko zeregina dute globalizazioan. Adibidez, Txinako merkatu-kuota orokorra handitu bada, atzerriko kapital-enpresei eta aldi baterako enpresa-elkarteei (joint-ventureei) esker gertatu da. Transnazionalentzat, etxeetako barne-eskariak gero eta garrantzi txikiagoa du, beraien salmenta eta mozkin gero eta gehiago mundu-merkatuaren menpe daudelako. Vicenç Navarrok gogorarazi duenez, 2001ean Estatu Batuetako 500 konpainia garrantzitsuenen sarreren % 32 atzerritik bazetozen ere, ehuneko hori % 48ra iritsi zen 2008an. Horrenbestez, herritarrek garrantzia galdu dute enpresa horientzat, haien erosahalmen eta, beraz, eskari gero eta txikiagoa garapen bidean dauden herrialdeetako “erdi mailako klase”tik datorrenak konpentsatu baitu, herrialde aurreratu gehienetako sarrerak blokeatuta dauden edo atzera egiten ari diren bitartean.

Lanaren egungo nazioarteko banaketaren alternatibak

Berotze globalaren aurka egiteko, ezinbestekoa da ekoizpen-lekuak eta kontsumokoak elkarrengana hurbiltzea, eta nazioarteko kateak haustea; izan ere, langileen eskubideak urratzeaz gain, energia mordoa kontsumitzen dute, ekoitzitako ondasunen elementuak milaka kilometrotara garraiatzeko. Automobilen kasua oso erakusgarria da: osagaiak hamabostetik gora herrialdetatik etor daitezke. Coutroten berbetan, «salgaien nazioarteko merkataritza gogotik murriztu beharra dago, eta jarduerak birlokalizatzeari bidea eman». Haren ustetan, merkataritza askea ez da iraunkorra ikuspegi batetik ere (ez sozialetik, ez ekologikotik ez demokraziarenetik), eta, beraz, «lankidetzan oinarritutako birlokalizazio-politika multilateral baten premia dago», enpresa multinazionalen lokalizazio-estrategiei aurre egin diezaion. Alabaina, berotegi-efektuko gasen ekoizpena dela eta produktuen kostuan ingurumen-kostua (salgaiek egiten duten distantziaren araberako tasa kilometriko bat) sartzeko proposamena eztabaidagarria da. Izan ere, “kostu” mota hori ezin da dirutan neurtu, eta, beraz, nazioarteko babes-arautze publikoen bidez konpondu behar da.

Herrialde aurreratu ugarik bizi dituzten desindustrializazio-prozesuen aurkako borrokak progresiboak izango badira, neoliberalismoaren osagaiak (kapitalaren eta finantza-erakundeen hegemonia, FINANTZIARIZAZIOA eta globalizazioa) zalantzan jarri behar dira. Bestela, Alemaniaren eta Estatu Batuen adibideek argi utzi dutenez, azken hamarraldietako herri-lorpenak deuseztatu egingo dituzte eta, zalantzarik gabe, ez dute enplegua suspertzen lagunduko.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • COE, D.T. (2007): “Globalisation and Labour Markets: Policy Issues Arising from the Emergence of China and India”, OECD Social, Employment and Migration Working Papers, nº 63.
  • COUTROT, T. (2010): Jalons vers un monde possible, Bord de l’Eau, París.
  • DUMÉNIL, G. Y LÉVY, D. (2012): “¿Qué esconde el entusiasmo por las relocalizaciones?”, Le Monde Diplomatique, nº 198.
  • HUSSON, M. (2012): “Le néo-liberalisme, stade suprême”, Actuel Marx, nº 51.
  • HUSSON, M. (2012): Le capitalisme en 10 leçons, La Découverte, París.