Diplomazia ekonomikoa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Estatu bateko erakunde publikoek egoitza bertan duten enpresa multinazionalen kanpoko interesen zerbitzura egiten dituzten presio- eta bitartekaritza-ekintzen multzoari esaten zaio diplomazia ekonomikoa. Enpreson NAZIOARTEKOTZEA helburutzat harturik, aparatu diplomatikoa hedatzean eta botere publikoko agintari eta ordezkari gorenen esku-hartzean datza. Eta estatuak, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea gutxietsiz, kapital transnazionala hedatzen eta multinazionalen interesak babesten duen funtsezko eginkizunaren erakusle garbia da.

Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren arabera, diplomaziako misioak estatuek erabiltzen dituzte helburu hauekin: beste estatu batzuetan ordezkaritza gauzatzea, beren eta lurralde horretako enpresa nazionalen interesak babestea, gobernuarekin negoziatzea, estatu hartzaileko gertaeren eta inguruabarren berri izatea, adiskidetasunezko harremanak eta estatu akreditatzailearen eta estatu hartzailearen arteko harreman ekonomiko, kultural eta zientifikoak sustatzea.

Historikoki, interes ekonomikoak garrantzitsuak izan dira ekintza diplomatikoan, eta, kontu komertzialei lehentasuna eman bazaie ere, nazioarteko lankidetza politikoa, segurtasuna eta bakea dira landutako gai nagusiak. Hala ere, XX. mendearen amaieran, beren enpresa nazionalei atzerrian babesa emateko hasi ziren gobernuak eta estatuburuak esku-hartze diplomatikoak egiten, kontratuak, lizitazioak eta haien inbertsioetarako baldintza onuragarriak lortu nahian. Diplomazia ekonomikoa esaten zaio horri.

Globalizazio neoliberalaren baitan, nazioarteko merkatuetan enpresen interes ekonomikoak defendatzeko eragin politikoa erabiltzea estatuen kanpo-politikako eragile nagusia bihurtu zen. Zehaztapen bat egin beharra dago: sektore publikoa suntsitzen eta PRIBATIZATZEN ari zaigun une honetan, atzerrian defendatzen direnak ez dira konpainia nazionalak, enpesa pribatuak baizik, transnazional handiak bereziki. Enpresek, haien ordezkaritza-erakundeek eta gobernuak berak azaltzen dutenez, dena den, interes orokorrak, estatuaren interesak, defendatzea da diplomazia ekonomikoaren xedea. Diskurtso horri jarraiki, konpainia horien negozioek atzerrian oparotasuna lortuz gero, ekonomia nazionala hazi egin beharko litzateke, eta, ondorioz, baita ongizate orokorra ere. Hots, estatuaren baliabide politiko, ekonomiko eta militar guztiak transnazionalak hedatzera bideratzea zilegi izan dadin, interes publikoak, gehiengo sozialarenak, eta enpresen eta haien elitezko zuzendarien interesak parekatu eta nahastu egin dira.

Diplomazia ekonomikorako mekanismoak

Diplomazia ekonomikoa lankidetza estuan oinarritzen da, nazioarteko merkataritzan eskuduntzak dituzten gobernu-erakundeen eta atzerri-arazoez arduratzen direnen arteko lankidetzan, eta transnazionalentzako baldintza juridiko, politiko eta ekonomiko hobeak lortzearren hainbat mekanismo mobilizatzea lortzen dute. Diplomaziazko misioak dira batzuk: gobernu-erakundeek edo estatuburuek korporazio handien interesgune diren lurraldeetara egindako bidaia ofizialak. Korporaziootako zuzendariekin bilerak egin ostean egiten dira bidaiak, eta enpresa-ordezkaritza naroek ere hartzen dute parte. Ukitu komertzial hori ez dator bat diplomaziak berez beharko lukeen eginkizunarekin: interes publikoa zaintzearekin. Interes publikoa xedetzat duten diplomaziazko misioetan, agenda erakunde sozial eta sindikalekin adostu beharko litzateke, giza eskubideak zaindu eta defendatu beharko lirateke eta legelari adituek, talde feministek, kolektibo ekologistek eta abarrek joan beharko lukete.

Enpresen INTERNAZIONALIZAZIOA babesteko programa eta tresna bereziak ezartzea da diplomazia ekonomikoaren beste bide bat. Horien ondorio dira merkataritzako eta inbertsioko arau eta akordioak ezagutu eta erabiltzen dituzten kidego diplomatikoak. Puntu honetan, gobernuetako agintariek bidaia humanitarioen izendapenarekin herrialde pobretuetara egiten dituzten bidaia batzuk aipatu behar dira. Maiz, garapenerako laguntza ofizialak (GLOak) jasoko dituzten lurralde horietan multinazionalentzako merkataritza-hitzarmenak eta abantailazko baldintzak negoziatzen dira fokuen atzean.

Kapital transnazional espainiarraren hedapena

Atzerrian Espainiako merkataritza-interesak defendatzeko, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak merkataritza-bulegoen eta negozio-zentroen sare handi bat du, bai eta Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutua (ICEX) ere. 2010az geroztik, gainera, Enpresa Internazionalizatzeko Fondoa (FIEM) ere badu. Estatuaren egitura horri, halaber, autonomia-erkidegoetako merkataritza-bulegoak eta enpresa INTERNAZIONALIZATZEko planak ere erantsi behar zaizkio. Horien jarduna laguntza fiskaletan, aholkularitzan eta beste ekimen batzuetan islatzen da. Aitzitik, ez dago enpresen INTERNAZIONALIZAZIOAren ondorioz erakunde sozial eta sindikalek jarritako salaketak lantzeko bulegorik. Are gehiago, baliabide horiei guztiei, gobernu zentralak, autonomikoek eta estatuburuek erabilitako diplomazia ekonomikoa gehitu behar zaie. Izan ere, jarduera diplomatiko trinkoa gauzatzen dute, transnazionalei lurralde estrategikoetan sartzen eta ahalik eta mozkinik handiena lortzen laguntzeko. Espainiaren kasuan, koroak funtsezko zeregina bete du Espainiaren iraganeko interes kolonialak hedatzen, eta, gaur egun ere, oraindik pisu estrategikoa du halako misioetan, Latinoamerikan batez ere.

Egun bizi dugun krisi-egoeran, boterean dauden gobernuek tinko eutsi diote zeregin horri, are gehiago, estatu-politika gisa finkatuz joan da, atzeralditik irteteko giltza delakoan. 2011ko martxoan, Diputatuen Kongresuak ez-legezko proposamen bat onetsi zuen. Bertan, diplomazia ekonomikoa sustatzera bideratutako «ekintzak autonomia-erkidegoekin koordinatuz gara ditzala eskatzen zaio gobernuari». Horretarako, hainbat neurri proposatzen dira, besteak beste: «lankidetza publiko-pribatua bultzatzea» eta erakundeen laguntza areagotzea «enpresak INTERNAZIONALIZATZEn laguntzeko eta Espainiak interes berezia duen eremu geografikoetan espainiarren interesak defendatzeko». Erakundeak bat etorri dira jardun-ildo horretan, eta Alderdi Popularraren egungo gobernuak ere eutsi egin dio, enbaxada eta kontsulatuetan ekonomian oinarrituz agintzeari lehentasuna emanez. Jardunbide hori 2012ko ekainean mamitu zen, Brasilera egindako diplomaziazko misioan. Atzerri Arazoetako ministroarekin batera, erregea eta Espainiako transnazionaletako —Iberdrola, Repsol, Santander, BBVA, Telefónica…— hogei zuzendari joan ziren.

Horrela, bada, erakunde publikoek enpresen interesen zerbitzura jartzen dituzte, beraien tresna eta indar guztiak. Kasurik esanguratsu eta berriena 2012ko apirilean Argentinako gobernuak Repsoli YPFren jabetza kentzeko prozesuan gertatu zen. Hala gobernuko ministerioek nola estatuburuak asko presionatu zuten, eta eskura zituzten bitarteko guztiak erabili zituzten, enpresa horren interesak babesteko, nahiz eta haren “espainiartasuna” eztabaidagarria izan, hainbat arrazoi direla medio: enpresa pribatu horren kapital sozialaren erdia baino gehiago atzerriko inbertitzaileen esku egotea, PARADISU FISKALetan dituen filialen bidez zergak ordaintzeari ihes egitea eta egoitza duen herrialdean dedukzio fiskal ugariren onura jasotzen duela. Eta Repsolek ere Boliviako instantzia diplomatiko espainiar gorengoen laguntza jaso du, herrialde andetarrean izan dituen auzi guzti-guztietan.

Bukatzeko esan beharra dago, egun bizi dugun atzeraldi-egoeran, lankidetza-politikak atzerriko enpresa-interesetarako erabiltzera bideratu direla publikoki, nahiz eta beste sasoi batzuetan iritzi publikoari ezkutatzen ahalegindu. Gaur egun, erakundeek ez dute ezkutatzen, gobernuburuak bidaia berean bi helburu betetzen dituela: finantzatzen dituen nazioarteko lankidetza-proiektuak bisitatzea eta, aldi berean, beraien inbertsio eta produktuentzat leku baten bila dabiltzan hamarka enpresarirekin batera negozio-misio batean parte hartzea. Joera hori estatuaren 2013rako aurrekontu orokorretan islatu da: Atzerri Arazoetako Ministerioak lankidetzari eskainitako kopurua % 74 murriztu da 2011tik; atzerri-arazoetarakoa (hau da, Espainiak atzerrian duen presentzia eta ordezkaritza sustatzeko helburua duena), berriz, % 52 hazi da epe berean.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CONGRESO DE LOS DIPUTADOS (2012): “Comparecencia del ministro de Asuntos Exteriores y de Cooperación”, Diario de sesiones del Congreso de los Diputados, nº 42, 22 de febrero.
  • MINISTERIO DE ASUNTOS EXTERIORES Y COOPERACIÓN (2011): “Diplomacia económica como estrategia en las relaciones internacionales”, Miradas al exterior, nº 17.
  • NACIONES UNIDAS (1961): Convención de Viena sobre relaciones diplomáticas, 18 de abril.