Desazkundea

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Ekonomia kapitalistaren testuinguruan, desazkundearen ideia probokazioa da; izan ere, gaingaratutako herrialdeetako biztanleek materiaren eta energiaren kontsumoa murriztea egokia eta ezinbestekoa ere badela jotzen du. Aterki-kontzeptua da, gizarte-mugimenduen hainbat jardun ez ezik, ekonomia ekologikotik egindako ekarpenak ere biltzen baititu. Horrenbestez, gizarte-premiak mundu oso-osoan asetzea, eta gizarte-berdintasunean eta iraunkortasunean oinarrituta asetzea da desazkundearen helburua.

Ahalik eta etekin indibidual handiena ahalik eta denbora laburrenean eskuratzea da kapitalismoaren funtzionamenduaren oinarria. Ondorioz, baliabideen kontsumoak eta hondakinen ekoizpenak etengabe gora egin behar dute, ezinbestez. Ikus dezagun hori, benetako adibide bat erabiliz.

Santander Banketxeak milioi batzuk euro hartu dizkio maileguan Europako Banku Zentralari (EBZ) eta, ondoren, interes-tasa handiagoan eman dizkio maileguz Sacyr-Vallehermosori, Repsolen % 20 erosi ahal izateko. Sacyrrek inbertsioa errentagarri bihurtu eta Santanderren mailegua itzuli ahal izateko (eta Santanderrek, halaber, EBZri itzultzeko), Repsolek gora eta gora egin behar du, derrigorrez. Hau da, hazkunderik ez badago, kredituen espirala eraitsi eta sistema osoa gainbeheran etorriko da. Eta nola haziko da Repsol? Gasolina gehiago salduz, hau da, klima-aldaketa areagotuz; petrolio gehiago erauziz -bai eta Parke Nazionaletan eta erreserba indigenetan ere-; soldata-kostuak murriztuz; segurtasun-baldintzak gutxituz... Azken batean, aldirietako biztanleen eta naturaren bizkar.

Gauza bera esan daiteke finantza-ekonomiaren esparruari buruz; izan ere, ekoizpen-ekonomiaren inguruan egituratzen denez, azken batean, haren gainean erabiliko du erosteko gaitasuna.

Kapitalismoa, berez, planetaren muga fisikoekin bateraezina da. Horregatik, hainbat “sasi-irtenbide” garatu ditu, baliabide mugatuak dituen planetan etengabe haz daitekeela frogatu nahian. Horien artean dago ekoefizientzian oinarriturik ekonomia desmaterializatzeko promesa. Alabaina, goraka eta goraka doan kontsumoaren esparruan, efizientzia ezinbesteko baldintza da, baina ez baldintza nahikoa: aparailu eta prozesu asko dira geroz eta efizienteagoak, baina ekoizpenak gora egin duenez, materia- eta energia-kontsumoak ere gora egin du.

Desazkundea eta bizi-kalitatea

Herritarrak miseria gorrian bizi direnean, baliabide- eta energia-kontsumoaren hazkundea bizi-kalitatearen hazkundearekin lotzen da. Halere, muga batetik aurrera, lotura hori eten egiten da. Adibidez, urtean pertsona bakoitzeko petrolio tona baten pareko energia-kontsumotik gora eginez gero ere, horrek ez dakar bizi-kalitatearen beste adierazle batzuetan gora egitea, hala nola bizi-itxaropenean, haurren heriotza-tasan edo hezkuntza-tasan. Espainian, gutxi gorabehera, pertsona bakoitzak 3,6 tona petrolioren pareko energia kontsumitzen du.

Zifra hori har daiteke erreferentzia-puntutzat, “noraino murriztu behar da?" galderari erantzuteko. Jakina, badira kopuru txikiagoak, hala nola Can Masdeun, Bartzelonako aldirietan; han, bizi-kalitate bikaina dute, urtean pertsonako 0,20-0,40 tona bitarteko kontsumoa izan arren.

Desazkundea eta lana

Planetaren mugetara moldatu nahi badugu, nahitaez, ingurumen-krisira garamatzaten jarduera-sektoreak murriztu eta egokitu egin beharko ditugu. Aldiz, iraunkortasunerako bidean, enplegu berriak sortuko dira dagoeneko lanpostu asko sortzen dituzten sektoreetan, hala nola energia berriztagarrietan, birziklatzean edo garraio publikoan. Gainera, oinarrizko zerbitzuen sare publikoak gora egin behar du. Azkenik, energia-kontsumoa murriztuz gero, lan-intentsitate handiagoa eta, beraz, enplegu gehiago beharko dugu.

Horrek guztiak lanpostu gehiago ala gutxiago sortuko ditu? Egia esanda, ez dago argi. Nolanahi ere, hori ez da galderarik garrantzitsuena. Kontua da ea nola banatu behar dugun gizartean beharrezkoa den lana. Txosten batzuek adierazi dutenez, gaur egungo ekoizpen-sistemari eusteko lan gutxiago egin behar dugu. Hartara, gaur egun ere, lanaren banaketa egokia erabiliz, gure “lanaldia”, zaintza-lanak barne, nabarmen murriztuko litzateke. Gauzak horrela, sindikatuen ikuspegia aldatu eta beste gai batzuk lehenetsi beharko lituzkete: 35 orduko lan-astea, edo erretiro-adina aurreratzea, esate baterako.

Zertan gauzatu behar da desazkundea?

Ekonomia-arloaren tamaina murriztea ez da aukera; petrolioa eta mineralak agortuz doazela ikusita, eta klima-aldaketaren beraren ondorioz ere, horrela jokatu beharrean egongo gara, derrigorrez. Beraz, egokitzapen hori burutzeko, geroz eta eskasagoak diren baliabideak eskuratzeko borroka latzaren bidea erabil daiteke ala, guztiz bestela, berdintasun-irizpideetan oinarritutako banaketa kolektiboaren bidea erabil dezakegu.

Desazkundea maila pertsonalean eta komunitate-mailan egin daiteke, baina baita makro-mailan ere. Honako taula honek horren adibide batzuk emango dizkigu.

 

Baliabideen erabilera mugatzea
  • “Gaingaratutako” eskualdeetan kontsumoa murriztea, kontsumoan gora egin behar duten eskualde txirotuetakoenarekin parekatzeko.
  • Bizitza suntsitzen duten sektoreetako ekoizpena debekatzea.
  • Elementu berriztagarriek ekonomian duten parte-hartzea areagotzea, gaur egungo kontsumoa baino apalagoa ase beharko dutela kontuan hartuta.
  • Ondasunen erabilera erkidea bultzatzea, erabilera pribatuaren aurretik.
  • Ondareak kontsumitzeko abiadura, bizi-abiadura murriztea.
Banaketa-zirkuitu motzak lehenestea
  • Herritarrak berriz landa-mundura itzul daitezen bultzatzea.
  • Hirigintza trinkoa, hurbilekoa eta bioklimatikoa sustatzea.
  • Kontsumo-taldeak eta tokiko merkatuak sustatzea.
Diru-sorrera mugatzea
  • Dirua balio fisikoekin (adibidez, mineral estrategikoekin) edo populazio kopuruarekin lotzea.
  • Bankuek dirua sor dezaten debekatzea.
  • Gizarte-monetak sustatzea.
Ekonomia bidezkoago eta demokratikoago bihurtzea
  • Ekotasa finalista eta birbanatzaileen sistema abian jartzea.
  • Sektore estrategikoak, hala nola energiarena edo bankuak, GUZTION ONDARE bihurtzea.
  • Aberastasuna banatzeko neurriak nahiz erosteko ahalmena mugatzeko neurriak ezartzea, hala nola gehieneko errenta.
  • Kontsumorako pizgarriak murriztea.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • BARCENA, I.; LAGO, R. Y VILLALBA, U. (eds.) (2009): Energía y deuda ecológica. Transnacionales, cambio climático y alternativas, Icaria, Barcelona.
  • GONZÁLEZ REYES, L.; HERRERO, Y.; MADORRÁN, C. Y RIECHMANN, J. (2012): Qué hacemos frente a la crisis ecológico-social, Akal, Madrid.
  • LATOUCHE, S. (2008): La apuesta por el decrecimiento, Icaria, Barcelona.
  • NAREDO, J.M. (2006): Raíces económicas del deterioro ecológico y social, Siglo XXI, Madrid.
  • VV.AA. (2008): “Decrecimiento sostenible”, Ecología Política, nº 35.
  • VV.AA. (2009): Claves del ecologismo social, Libros en Acción, Madrid.