Finantza lankidetza

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Garapenerako lankidetzaren barruan hainbat kategoria daude, eta horietako bat finantza-lankidetza da. Finantza-baliabideak edo inbertsioak herrialde emailetik fondoen hartzaile den herrialdera transferitzea da finantza-lankidetzaren abiapuntua, betiere garapena helburu dela. Transferentzia hori zuzenean egin daiteke edo beste erakunde batzuen bitartez, eta emandakoa itzulgarria izan daiteke edo itzuli beharrik gabekoa. Gainontzeko lankidetza-mekanismoak, hau da, lankidetza teknikoa, elikadura-laguntza, ekintza humanitarioa eta garapenerako hezkuntza laguntza ez-finantzariotzat jotzen dira.

Espainian, Garapenerako Nazioarteko Lankidetza arautzen duen 23/1998 Legearen 11. artikuluan, horrela definitzen da ekonomia- eta finantza-lankidetza: «Herrialde onuradunen kapital fisikoa areagotzea xede duten inbertsio-proiektuetara eta sektore ekonomikoei laguntzeko egitasmoetara bideratutako ekarpenak […]; izaera ekonomikoa eta finantzarioa duten nazioarteko erakundeei bideratutako ekarpen ofizialak, zorra arindu edo barkatzeko aldebiko edo alde anitzeko finantza-hitzarmenak, dohaintzak, herrialde hartzaileek ordainketa-balantzak doitzeagatik dituzten koiuntura-zailtasunei aurre egin ahal izateko prestatutako maileguak edo laguntzak, eta emakida-terminoetan finkatutakoak […], eta baita ere dagoeneko abian diren ekipamendurako laguntza-fondoetara egindako zuzkidurak».

Finantza-lankidetzak hainbat tresna hartzen ditu, hala nola, aurrekontu-laguntza, zorra kitatzea, emakida-izaera duten maileguak ematea edota baliabideak bideratzea NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEETARA, alde anitzeko erakundeetara eta emaile anitzeko fondoetara. Lankidetza mota horretatik kanpo gelditzen dira GKE-ei bideratutako diru-laguntzak, nahiz eta sarritan herrialde hartzaileei egindako baliabide-transferentzia diren. Askotan nahastu egiten dira finantza-lankidetza eta laguntza itzulgarria, inbertsio edo kreditu modura egiten dena. Dena den, finantza-lankidetzaren zati handi bat itzuli beharrik gabekoa izan daiteke, hau da, dohaintza.

Azken urteetan, nazioartean eta baita gure estatuan ere, nabarmen egin dute gora finantza-lankidetza itzulgarrirako tresnek, Garapenerako Finantzaketa Erakundeen (GFE) eskutik, batez ere inbertso-fondoetarako ekarpen gisa. Gorakada horrekin batera gero eta garapenerako finantzaketa publiko gehiago bideratu da sektore pribatuak Hegoaldeko herrialdeetan egin dituen inbertsioak laguntzera. Ildo horretan, Hegoaldeko herrialdeetan diharduen irabazi-asmodun SEKTORE PRIBATUA sendotuz sustatu nahi da ekonomi hazkundea, eta asmo horrekin lotu ohi da finantza-lankidetza.

GFE-ek, aldebikoek edo aldeaniztunek, Garapenerako Laguntza Ofizialen (GLO) baliabideak kudeatu edo ez, inbertsio pribatua sustatu ohi dute hazkunde ekonomikoa eta garapena bultzatzeko helburuarekin, eta aldi berean, finantzen aldetik bideragarri izateri eusten diote epe luzera begira. Hau da, bateragarri egin nahi dituzte garapenean positiboki eragitea —hazkunde ekonomikoaren ikuspegitik— eta horretara bideratutako baliabideei finantza-etekina ateratzea. Gakoa da bi helburuok benetan bateragarriak ote diren, izan ere, garapenean positiboki eraginez gero errentagarritasuna apala edo hutsa izateko aukera asko baitaude.

Finantza-lankidetza Espainian

Espainiako lankidetzari erreparatuta, 2010era arte finantza-lankidetzarako bi mekanismo nagusi zeudela ikusiko dugu: Garapenerako Laguntza Fondoa (FAD) —bere baitan hainbat tresna hartzen zituena— eta Mikrokredituak Emateko Fondoa.

1976. urtetik 2010aren bukaerara arte FAD finantza-lankidetzarako bitarteko garrantzitsuena izateko prestatuta zegoen, eta bere baitan hartzen zuen tresna nagusia Hegoaldeko herrialdeentzako kreditu lotuak izan dira, hau da, emakida-baldintzetan ematen diren kredituak, baliabideak hein batean edo osorik enpresa espainiarrek eskainitako ondasunak eta zerbitzuak erostera bideratzeko baldintza ezartzen dutenak. Horrela, Espainiako estatuan egoitza duten multinazionalek irabazi oso esanguratsuak lortu dituzte FAD kredituekin: esaterako, 2000. urtetik aurrera, Unión Fenosa konpainia Nikaraguan sartzearekin batera, herrialde horri emandako FAD kredituen % 24,37 sektore elektrikoarekin lotutako proiektuetara bideratu dira.

Urteetan zehar FADek hainbat tresna baliatu ditu, eta kreditu lotuaren inguruko eragiketez gain laguntza humanitarioko eta larrialdietako ekintzak, NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEETARA bideratutako kuotak, harpidetzak eta kapital-ekarpenak jarri ditu abian, eta horiekin batera baita garapenerako alde anitzeko erakundeen programetara eta fondoetara bideratutako kuotak eta ekarpenak ere. Azken urteotan gutxituz joan dira “ohiko” tresna izan diren kredituetara eta kreditu-lerro lotuetara (FAD Nazioartekotzea) bideratutako baliabideak, eta gora egin du, berriz, alde anitzeko finantza-erakundeentzako ekarpenen balioak (FAD Lankidetza). Gainera, 2010ean, FAD azkentzeko eztabaidarekin eta Garapena Sustatzeko Funts berria (FONPRODE) abian jartzearekin batera, kategoria berria sortu zen, FAD finantzarioa, inbertsio-tresnak hartzen dituena, FONPRODEren gakoetako bat dena. Alde anitzeko edo aldebiko erakundeek sortutako inbertsio-fondoetarako ekarpenak dira, fondo pribatuetara ere bideratzen direnak, eta printzipioz garapenera bideratu behar dira. Baina badira adibideak betekizun hori zalantzan jartzen dutenak: adibidez, Espainiako lankidetzak 30 milioi euroko ekarpena egin dio Afrikako Nekazaritza Funtsari, eta hori Phatisa inbertsio-fondo pribatuak kudeatzen du, zeinaren inbertitzaileen artean Deal Card-Goldtree-ren proiektu bat dagoen, Sierra Leonan palma afrikarra landatu eta prozesatzea xede duena.

Bestalde, kanpoan oinarrizko gizarte-garapena sustatzeko proiektuetarako Mikrokredituak Emateko Fondoa Espainiako finantza-lankidetzaren bigarren zutabea izan zen 1998tik 2011ra. Ohiko finantza-sistema eskura ez duten ekonomiako eta gizarteko sektoreei edo sistema hori euren beharretarako baliagarri ez zaienei mikrofinantza-zerbitzuak eskaintzea eta laguntzea zen helburua. Mikrokredituak Emateko Fondoaren tresna nagusia da Hegoaldeko herrialdeetan tokiko edo estatuko mikrofinantza-erakundeei baliabideak ekartzea, maileguen eta laguntza teknikoaren bidez. FONPRODEk bereganatu du Fondo hori ere.

2006tik 2010era 9.622 milioi euro ordaindu ziren finantza-lankidetzako tresnen bidez: FAD kredituak, alde anitzeko erakundeetarako ekarpenak, zor-eragiketak edo Mikrokredituen Fondoa, besteak beste.

2011n FONPRODE berria abian jartzean egoera berria planteatu da Espainiako finantza-lankidetzaren esparruan. Diotenez, FONPRODEren bidez finantzatuko diren ekimenek «hazkunde eutsia, iraunkorra eta inklusiboa sustatzea» izango dute helburu, eta tresna nagusietako bat inbertsio-fondoetarako ekarpenak izango dira. Horrela, Espainiako finantza-lankidetzaren ardatz nagusi bilakatu da hazkunde ekonomikoa sustatzea, eta horretarako proposatzen duten gakoa da bateragarri egitea garapenean positiboki eragitea eta finantzatutako inbertsio-eragiketen errentagarritasuna.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CORPORACIÓN FINANCIERA INTERNACIONAL (2011): International Finance Institutions and Development Through the Private Sector. A joint report of 31 multilateral and bilateral development finance institutions, Banco Mundial, Washington.
  • DUBOIS, A. (2008): “Cooperación financiera”, en PÉREZ DE ARMIÑO, K. (dir.), Diccionario de acción humanitaria y cooperación al desarrollo, Icaria y Hegoa, 3ª edición, Barcelona.
  • EURODAD (2011): El giro de la financiación para el desarrollo hacia el sector privado: ¿eficaz para el desarrollo?, Informe de la Conferencia Internacional de Eurodad, Roma.
  • FRESNILLO, I. Y GÓMEZ-OLIVÉ, D. (2011): La cooperación financiera en España: ¿Hacia un nuevo paradigma de desarrollo?, Coordinadora de ONG para el Desarrollo-España y Plataforma 2015 y más, Madrid.
  • GOMEZ GIL, C.; GÓMEZ-OLIVÉ, D. Y TARAFA, G. (2008): La ilegitimidad de los créditos FAD: Treinta años de historia, Icaria, Barcelona.