Enpresen arteko lankidetza

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Azken hamarkadan zehaztuz joan den nazioarteko lankidetza-agenda gertakari erabakigarri batek baldintzatzen du gaur egun: garapen-estrategiak diseinatu eta abian jartzeko orduan korporazio handiak subjektu nagusi bilakatu dira. Testuinguru horretan, garapenerako agenda global berriak bultzatutako modalitate nagusietakoa bilakatu da enpresa-lankidetza, era nabarmenean; eta barnean hartzen ditu konpainia multinazionalen negozioak hedatzera bideratzen diren nazioarteko lankidetza-politika guztiak.

2011ko udaberrian, Espainiako lankidetzaren historian lehen aldiz, AECIDek «garapenerako enpresa-lankidetza» finantzatzeko lerro berezia abiatuko zela jakinarazi zuen: «Herriek aurrera egiteko ez dira nahikoa orain arte erabilitako garapenerako laguntza ofizialeko ohiko baliabide eta tresnak», zioen orduan lankidetza-agentzia espainiarrak. Eta bereziki enpresei eta enpresa-fundazioei bideratutako ekimena abian jartzea justifikatze aldera, «ekonomi hazkundea eta kapital pribatua pobrezia gutxitzeko eta egoera txarrenean daudenen bizi-baldintzak hobetzeko funtsezko alderdiak» direla azpimarratu zuen. Horrenbestez, azken garaiotan garapenerako agendak izan dituen egiturazko aldaketa sakonen prozesua berretsiz, aro berriari ekin zitzaion Espainiako lankidetzan: fase berri horretan, korporazio transnazional handiak “garapenerako agente” nagusietakoak bilakatu dira, pobrezia desagerrarazten lagunduko duen “hazkunde inklusiboa” lortzeko estrategien barruan.

Nazioarteko lankidetza-agendaren bilakaera

Mendeko lehen hamarkada aurrera joan ahala, nazioarteko erakunde nagusiek eta herrialde nagusietako lankidetza-agentziek bere egin dute “kapitalismo inklusiboaren” filosofia, hau da, enpresa multinazionalen, erakunde publikoen eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen arteko hiru aldeko harreman-eskema, eta horren bidez, behingoz, lankidetza PRIBATIZATZEKO prozesua burutu nahi da. Bill Gatesen arabera, «gobernuek, enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek merkatu-indarren irismena zabaltzeko batera lan egitea» da ikuspuntu horren oinarria.

Ildo horretan, «garapenerako munduko aliantza sustatzeko bidean» multinazionalak funtsezko bazkide direnaren pentsaera nagusitu da herrialdeetako eta nazioarteko garapen-erakundeen artean —horrela jasota dago Milurteko Adierazpenaren zortzigarren helburuan ere—. NAZIO BATUEN idazkari nagusiaren esanetan, «lehen, NBEn gehiengoak uste zuen SEKTORE PRIBATUA arazoaren osagaietako bat zela, baina gaur egun askok onartzen dute NBEk lan egin behar duela enpresak konponbidearen osagai izan daitezen, erronka globalen konplexutasunari aurre egin eta garapen-helburuak lortzeko». Hitz horiekin laburbildu du Ban Ki-moon-ek egoeraren bilakaera.

Hazkunde ekonomikoa garapenaren egituratzaile denaren ideia da azken hamarkadako garapenari buruzko goi-bileretan sendotuz joan den lankidetza-ereduaren ardatza, ELGAk, Munduko Bankuak eta Europar Batasunak finkatutako joerei jarraiki. Eta lankidetza-agenda globalaren bilakaera osoa bi kontutan islatzen da, funtsean. Batetik, lankidetzan lehentasunezko bihurtu dira ez-gatazkatsutzat jotzen diren jarduera-eremuak, hots, oinarrizko gizarte-beharrei lotuta daudenak: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, ura, saneamendua, gizarte-azpiegiturak; logika horretatik kanpo gelditu dira, besteak beste, giza eskubideak, jabekuntza edota intzidentzia eta salaketarekin lotutako proiektuak. Era berean, garrantzi handia eman zaio SEKTORE PRIBATUA “garapenerako motor” izateari, «hazkunde ekonomikoa pobrezia gutxitzeko» oinarria delakoan ekonomia- eta enpresa-ehuna sustatzeko. Dinamika hori, Fernandez Ortizek adierazi duenez, «sendotu egin da Milurteko Garapen Helburuek (MGH) garapenerako lankidetzan lortu duten nagusitasunaren bidez», eta ondorioz, batetik, pobrezia «errealitate historikotzat eta herrialde mailakotzat» jo da, eta bestetik, soilik oinarrizko gizarte-beharrekin lotuta dagoela uste da, hau da, MGHen ardatz diren horiekin.

Egoera horretan, lankidetza-agentzia nagusiek abian jarri dituzte piramidearen oinarriarekiko INKLUSIBOAK diren NEGOZIOAK, ALIANTZA PUBLIKO-PRIBATUAK, ekintzaileei bultzada emateko proiektuak eta BERRIKUNTZAN oinarritutako “merkatu-soluzioak”. Erakundeontzat, administrazio publikoen eta enpresa handien arteko harremanek hemendik aurrera izan behar dutenaren aplikazio praktikoa dira horiek guztiak. Horregatik, agentzia askok konpainien alde egiteko mekanismo eta programa bereziak sortu dituzte: ikus, adibide gisa, Estatu Batuetako agentziaren (USAID) Global Development Alliances programak; GTZ alemaniarraren DeveloPPP; Erresuma Batuko agentziak (DFID) bultzatutako Private Sector Department, eta Inclusive Business plataforma, Holandako agentziak (SNV) munduko enpresa-elkarte handienarekin batera eratu duena. Halaber, NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEEK eta erakunde multilateralek ere enpresen eta gobernuen arteko elkarketok sendotze aldera lan egiteko tresnak landu dituzte: NAZIO BATUEN Garapen Programarekin (NBGP), hain zuzen ere, hainbat neurri eta tresna abiarazi dira «pobreen aldeko enpresarien bultzada» sustatzeko.

Enpresa handiak Espainiako lankidetzan

Zentzu hertsian, ezin daiteke esan berria denik SEKTORE PRIBATUAREN partaidetza garapenerako lankidetzan. Duela hainbat hamarkada ari dira enpresa handiak lankidetza-politiketan eta -programetan parte hartzen, lizitazioen, azpikontraten, lotutako laguntzaren eta NAZIOARTEKOTZEA errazteko kredituen bidez. Espainiako lankidetzan, esaterako, ezaguna da aski kritikatua izan den Garapenerako Laguntza Fondoaren (FAD) kasua; duela hogeita hamar urte baino gehiago sortu zuten tresna hori, lankidetzarako fondo publikoen kontura konpainia multinazionalak nazioartean hedatzeko xedearekin, eta berriki eraberritu eta bi tresna berezitan zatitu dute: Industria eta Merkataritza ministerioaren esku dagoen Enpresa Nazioartekotzeko Funtsa, batetik, eta Garapena Sustatzeko Funtsa, Kanpo Arazoetarako ministerioaren ardurapean dagoena bestetik. Azken aldian enpresa horien negozioa hedatzera bideratutako bestelako mekanismoak eta tresnak bultzatzeko maila eta indarra berriak dira, zalantzarik gabe.

Espainiako lankidetzaren kasuan, AECID erakundeak SEKTORE PRIBATUAREKIKO elkarketak finantzatzeko hainbat bide aurreikusi ditu: ohiko tresnak —GGKE-entzako diru-laguntzak hitzarmenen eta proiektuen bidez; Estatuaren alde biko edo aldeaniztun diru-laguntzak—, “berritzaileagoak” direnak, hala nola, aipatutako ALIANTZA PUBLIKO-PRIBATUAK —horien artean agentzia espainiarrak, lau GGKEk eta BBVA, Telefónica eta PRISA korporazio handiek Perun aurrera eramaten ari direna—, edo FONPRODE delakoaren bidez FINANTZA-LANKIDETZA gauzatzeko aukera. Era berean, AECIDek Enpresa eta Garapen Unitatea sortu du, «enpresa sektorea garapen-agendan sartzeko» helburuarekin eta «informazioa trukatzeko eta lankidetzarako aukerak antzemateko sareak sortzeko enpresekin eta bestelako aktoreekin». Gainera, aipatu dugunez, enpresentzako deialdi berezia jarri da abian: onartu diren proiektuen artean dago, esate baterako, Repsol Fundazioak aurkeztu duena «Ekuadorreko Amazonian Repsol YPF Ecuador konpainiaren eragin-eremuko komunitateen ekimen ekonomikoak eta gizarte mailakoak sendotzeko», edota Energia sin Fronteras erakundeak —Gas Natural Fenosa, Endesa, Acciona, Cepsa edota Iberdrola energia-enpresek sortutako GKEa— NEGOZIO INKLUSIBOAK sustatzeko egin duena.

«Enpresen SEKTORE PRIBATUAK ekarpen handia egin dezake garapena sortzeko bidean», zioen AECIDek enpresa-lankidetza bultzatzeko erabakia argudiatzerako orduan. Haatik, fondo publikoekin BBVA, Repsol edota Telefónica multinazionalei laguntzea ez da agentzia espainiarrak aipatzen dituen «aberastasun iraunkor eta inklusiboa, enplegu duina eta ingurunea hobetzea» xedeen adierazgarri: azken hamarkadan hainbat ikerketetan eta txostenetan jaso denez, aipatutako enpresen eta beste batzuen negozioek tokian tokiko biztanleriarengan eta ingurumenean sorrarazten dituzten ondorio kaltegarriak askotan salatu izan dira. Eta, gainera, zentzukoa al da transnazionalen interes pribatuak fondo publikoekin diruz laguntzea? Koherentea al da giza eskubideen, ingurumenekoen, zibilen edo lanekoen kontra delitu larriak egiteaz akusatu dituzten konpainiak garapenerako politiken agenda ofizialak bideratzeaz arduratzea? Zer nolako garapena eta norena bultzatzen da horrela?

Etorkizuneko erronkak eta aukerak

Gizarte mailan zilegitasuna areagotzeko, negozioak ziurtatzeko eta lekuan bertako ezagutza hobea izateko, korporazio transnazionalek gizarte zibileko erakundeen beharra dute. Horregatik, lankidetzarako aurrekontu publikoak murriztu diren honetan, eta politikoki eragiteko gaitasuna galdu dutela kontuan hartuta, GGKE-ek eztabaida erabakigarria dute aurrean gaur egun: nolako harremanak izan behar dituzte enpresa handiekin? Jarrera argitu beharra dago: lankidetza, elkarrizketa, borroka? Garapenerako erakundeek galdera horiei emango dizkieten erantzunen araberakoa izango da sektorearen etorkizuna, izan ere, nazioarteko lankidetza ez baita inoiz lehengoa izango.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • FERNÁNDEZ ORTIZ DE ZÁRATE, G. (2011): “Cooperación y movimientos sociales: perspectivas poco favorables”, Pueblos, nº 49.
  • PNUD (2004): El impulso del empresariado. El potencial de las empresas al servicio de los pobres, Comisión sobre Sector Privado y Desarrollo, Naciones Unidas.
  • ROMERO, M. y RAMIRO, P. (2012): Pobreza 2.0. Empresas, estados y ONGD ante la privatización de la cooperación al desarrollo, Icaria, Barcelona.
  • TRICARICO, A. (2011): “Privatización de las finanzas europeas para el desarrollo: el rol del Banco Europeo de Inversiones”, en Las políticas globales importan, Anuario 2010 de la Plataforma 2015 y más.