Politiken koherentzia

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Politikak garapenarekin bat etor daitezen, bi baldintza bete behar dira: gobernu-ekintzen urrats guztietan, diseinutik hasi eta ezarpeneraino, garapen-ikuspegia txertatzea eta eragile politiko anitzen politika publikoak balioestea. Lankidetzari buruzko 1998ko Espainiako Legearen arabera, «herri-administrazio bakoitzak bere eskumenen esparruan garapen-bideko herrialdeetan nolabaiteko eragina duen edozein politika abiaraziz gero, Legeak xedatutako printzipio eta helburuekin bat jardun beharko du».

Garapenarekiko koherentziaren abiapuntuan bi aitorpen aurkituko ditugu. Batetik, globalizazio-prozesuak gero eta konexio handiagoko egungo sistemak ezaugarri dituen interdependentziak eta konplexutasunak azaleratu ditu, estatuak dagoeneko ez baitira garapenaren berezko eskariei eta erronkei beren kasa aurre egiteko gai. Bestetik, gobernuen erronketan bada alderdi global bat: ondasun/txarkeria publiko globalen dikotomia. Aipatutako dikotomia konpontzeko planteamenduek, estatuen arteko lankidetza-esparruak kontuan hartzeaz gain, politika publikoak diseinatzeko, gauzatzeko eta balioesteko moduak arakatu eta islatu behar dituzte, garapen-ikuspegitik betiere. Bestela esanda, garapenak ezin du izan politika, lankidetza edo ekimen jakin isolatu baten emaitza, gobernu-erakundeek politika multzo batean hasieratik, plangintzatik bertatik, ezarritako garapen-ikuspegi komunaren lorpena baizik, politika horiek guztiak garapen-ikuspegiarekin bat etor daitezen.

Gaur egun, interdependentziak nagusi direla, aldebakarreko politikek ez dirudite globalizazioaren erronkak gainditzeko gai, motz geratzen direlako. Lankidetza-politika bera ere ez da benetako aldaketak ahalbidetzeko eta garapena sustatzeko gai, beste politika batzuekin uztartzen eta koordinatzen ez bada. Izan ere, emaileen zenbait politikak, nazioartekoak (hala nola, merkataritzaren, ekonomiaren eta segurtasunaren arlokoak) zein etxekoak (besteak beste, migrazio-fluxuak kontrolatzekoak edo berdintasunaren esparrukoak), lankidetza-politikak baino askoz ere eraginkorragoak dira garapen-prozesuetan laguntzeko edo esku hartzeko.

Politiken koherentziaren alderdiak

Politiken Koherentzia Garapenarekiko edo PKG kontzeptuak garapenean nolabaiteko eragina izan dezaketen politika guztiei ikuspegi integraletik heltzeko beharra adierazten du. Garapenari lotutako politika guztiak osotasunean jorratu behar dira, ikuspegi zatikatuak bertan behera utziz, ez direlako arazoak konpontzeko gai. Toki, estatu nahiz estatuz gaindiko eragile publiko guztiek gobernu-ekintzen osotasunean dagozkien erantzukizunak onartu behar dituzte, lankidetza-arloko ardurak beren gain hartzera mugatu gabe. PKG bermatzeko, nahitaezkoa da mundu mailan nolabaiteko esparrua edo ordezkaritza duten eragile publikoek interes nazionalak baino haratago begiratzea eta ekintza politikoetan ikuspegi kosmopolita txertatzea.

Natalia Millán et al. egileen sailkapenaren arabera, politiken koherentziak lau alderdi hartzen ditu barne:

a) Koherentzia bertikala edo barne-koherentzia: «politika jakin baten balioak, konpromisoak, ekintzak eta sistemak uztartzea edo bateratzea». Diseinuaren, ezarpenaren eta balioespenaren urrats guztietan kasuan kasuko politikaren konpromisoak eta helburuak betetzea bermatzen du.

b) Koherentzia horizontala: gobernu-erakunde jakin baten politika publiko guztiak garapen-ikuspegi partekatuarekin bat etortzea, garapen-prozesuak bultzatzeko helburua aurreikusi eta babes dezaten. Beste egile batzuek “herrialdeen arteko” koherentzia edo whole of government deritzote.

c) Koherentzia tenporala: «edozein ekintza-esparrutan benetako emaitzak lortu ahal izateko, politika publikoetan epe luzerako bermatu beharreko ziurtasuna». PKGren aldeko politikek «epe luzerako konpromiso iraunkorra hartzen dute, unean uneko gobernuaren ziklo politikoa baino haratago begiratuz».

d) Dimentsio globala: «globalizazio-dinamikaren ondoriozko interdependentzia- eta intererlazio-prozesuak kontuan hartuz, herrialdeen arteko ekintza kolektiboak adostea komeniko litzateke, politiken koherentzia bete-betean ahalbidetzeko».

PKGren lau alderdiak ikuspegi analitikotik baliagarriak diren arren, hobekuntza-prozesuak abiarazteko ezinbestekoa da ekintza politikoetan laurak batera, elkar osatuz eta koordinaturik, jorratzea.

Aztergai dugun kontzeptua zehatzago islatzeko, Espainiako gobernuak bertako enpresen INTERNAZIONALIZAZIOA sustatzeko politiketan ezarritako PKGaz mintzatuko gara.

Espainiako enpresen INTERNAZIONALIZAZIOA eta PKG

Estatuko Merkataritza Idazkaritzak Enpresak Internazionalizatzeko Funtsaren (FIEM) 2012ko jarduera-ildo orientatzaileak onartu zituen, tresna horren finantzaketa-aukeren lehentasunak eta mugak finkatzeko asmoz. Hamalau orrialdetan baino gehiagotan geografia-xehetasunen, sektoreen, kanpoan esportatzen eta inbertitzen duten enpresen eta finantzaketa mota guztien inguruko jarraibideak eman arren, testu osoan ez dago esportazioen herrialde hartzaileetako garapenean edo biztanleriarengan eragin daitezkeen ondorioei buruzko aipamen bat bera ere. PKGren ikuspegia erabat zokoratu zuten.

Hizpide dugun dokumentuan, finantzaketa-eskaerak balioesteko irizpideak zehazten dira: besteak beste, estatuaren eta sektorearen interesa, finantzaketa eskuratuko lukeen enpresa espainiarraren esperientzia, “arraste-efektua”, proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta finantzarioa, onuradunaren kaudimena eta arrisku-mugak. Irizpide guztiek esportazioei lotutako adierazle interesgarriekin dute zerikusia: adibidez, estatuaren barne- eta kanpo-orekarekin eta enpresa espainiarrek kanpoan finkatzeko duten gaitasunarekin (hau da, eragiketaren bermearekin). Esportazioen edo inbertsioen herrialde hartzaileen garapenean eragin daitezkeen ondorioei buruzko aipamenik edo adierazlerik ez da jaso. Ildo horretan, «tamaina, hazkunde-potentziala eta INTERNAZIONALIZAZIO-estrategia gauzatzeko aukerak kontuan hartuta, enpresa espainiarren esportazioentzat» erakargarrienak izan daitezkeen herrialdeei lehentasuna emateko asmoa da testuko erreferentzia bakarra.

FIEM funtsaren finantzaketak eman eta gero, Espainiako esportazio eta inbertsioek herrialde hartzaileen garapen-adierazleetan izango duten eragina aztertzeko aukera ere ez da aurreikusten. Azkenik, ez da aztertu eta finkatu lan- eta ingurumen-eskubideei buruzko nazioarteko arauekin bat jokatzeko betebeharrik.

PKGren ikuspegitik, toki-merkatuentzat, natura- eta ingurumen-baliabideentzat edo giza eskubideentzat kaltegarriak izan daitezkeen jarduerak mugatzeko irizpide bat bera ere ez ezarri izana bereziki larria da. Eta zor handiak dituzten edo hain aurreratuta ez dauden herrialdeei mailegu kontzesionalik ez emateko iradokizuna are larriagoa. Gainera, FIEM “Espainiako enpresak sustatzeko tresna denez”, ELGAren laguntza-gomendioak bete behar ditu. Beraz, FIEM funtsak bideragarritasunari, laguntza teknikoari, ingeniaritza-arloari eta aholkularitzari buruzko azterlanak soilik finantza ditzake. Dokumentuaren arabera, enpresa espainiarrek aipatutako eragiketak gauzatzeko dituzten finantzaketa-gabeziak konpontzeko, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (AECID) finantzaketa-tresna lotura gabeez baliatzeko aukera aipatzen du.

Ikusten denez, enpresa espainiarren INTERNAZIONALIZAZIOA sustatzeko politikak koherentzia bertikala bermatzeko lege-betebeharrari muzin egiten dio, diseinuetan eta gauzapenetan garapen-printzipioak txertatzeko aukerak zapuztuz. Gainera, beste politika eta tresna batzuk ere esportazioen interesen mende jartzea iradokitzen du. Oso hedatuta dagoen joera baten adibide garbia da, ezbairik gabe: politiken arteko koherentzia bilatzea, baina, garapen-printzipioetan oinarritu beharrean, talde baten (kasu honetan Espainiako enpresa esportatzaileen) interesei besterik ez erreparatzea.

Politiken koherentziaren ikuspegiak

Koherentzia-alderdi bat edo batzuk jorratzeko, hainbat hurbilketa egin ditzakegu, gobernantza-prozesuari eta garapen-kontzeptuari buruzko ikuspegiaren arabera. Hurrengo taulan, politikak garapenarekin bat etortzeko ikuspegiak, nazioarteko harremanei buruzko esparru teorikoa eta esparru horren gobernantza-aukerak jaso ditugu. Halaber, politiken koherentzia- eta inkoherentzia-adibide praktikoak ere eman ditugu, gobernantza-ikuspegien eta politiken koherentzien arabera politika pareen artean nolako loturak ezartzen diren azaltzeko. Taulan islatutako ikuspegien abiapuntuak politiken diseinuan eta gauzapenean parte hartu duten eragile publikoen azterketak izan arren, adibideak egungo garapen-egituran erantzukizunak dituzten bestelako eragileentzat ere baliagarriak dira, batik bat ENPRESA TRANSNAZIONALENTZAT.

Bestalde, politiken koherentzia-helburuak lehen edo bigarren ikuspegiaren garapenarekin eta bigarren edo hirugarren gobernantza-aukerarekin parekatzeko arrisku handia azpimarratu behar dugu. Hori eginez gero, politiken koherentziak berezko zentzua galduko luke; gainera, kasurik onenean, eraginkortasuna areagotzera mugatuko litzateke, eta, txarrenean, lankidetza-politika eta garapenari buruzko diskurtsoak beste interes batzuen mende dauden politiken esku jarriko lituzke. Ondorioz, eztabaidari ikuspegi eta alderdi egokitik heltzea ezinbestekoa da, mundu osoko gobernuek garapenarekin bat datozen politikak ezar ditzaten, bere gobernantza moduak garapenaren alderdian oinarrituz.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • BECK, U. (2005): La mirada cosmopolita o la guerra es la paz, Paidós, Barcelona.
  • MILLÁN, N.; SANTANDER, G.; AGUIRRE, P. Y GARRIDO, A. (2012): La coherencia de políticas para el desarrollo en España. Mecanismos, actores y procesos, Editorial 2015 y más, nº 2, Madrid.
  • SHORT, C. (1997): Eliminating world poverty: A challenge for the 21st century. White Paper on International Development, Secretary of State for International Development, Londres.