Ondasun komunak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Ondasun komunak unibertsalak dira, hiritar guztien esku daude. Kudeaketa demokratikoa, erabilera iraunkorra eta jabetza kolektiboa dituzte ezaugarri. Beraz, ez dira pribatuak, ezta publikoak ere. Aipatutako bereizketa garrantzitsua da. Izan ere, jabetza pribatuaren arabera, gizabanako jakin batzuek gainerakoei baliabide jakin batzuk erabiltzen uzteko edo ez uzteko eskubidea dute; jabetza publikoetan, aldiz, gobernuak erabakitzen du ondasunak nork erabiliko dituen, eta kudeatu ere egiten ditu.

Ondasun komunei lotutako baliabide fisikoak (adibidez, ura) zein birtualak (esate baterako, ezagutzak) komunitateak kudeatzen ditu, demokratikoki adostutako arauekin bat. Komunitatea ere fisikoa edo birtuala izan daiteke. Beraz, kide guztiek kasuan kasuko baliabideak erabiltzeko edo lortzeko eskubidea dute. Ondasun komunak tokian tokiko biztanle guztiek eskuragarri eta erabilgarri izan behar dituzte. Nahitaezko baldintza da hori. Hitz teknikoagoak erabiliz, ezin dute bazterketarik edo lehiarik sorrarazi.

Adibidez, herri-basoak ondasun komunitariotzat jo ditzakegu, tokian tokiko biztanleen esku daudelako, baita etorkizuneko belaunaldien esku ere, erabilera egokia emanez gero. Haizea, hondartzetako hondarra, eguzki-izpiak eta, hitz batean, ingurumena ondasun komun unibertsalak dira. Ezagutza edo osasun-sistema ere ondasun komunak izan litezke.

Kudeaketa da gakoa

Ondasun komuna izatea ez da berezko ezaugarria, kudeaketa mota jakin batean oinarritutako baliabideei ematen baitzaie izendapen hori. Lehengo adibideari helduz, basoa berez ez da ondasun komuna; horretarako, «erabilera iraunkorra eta komunitarioa» eman behar zaio. Izan ere, basoak eta tankera bereko ondasunak narriatu, murriztu edo hondatu egin daitezke, jendea barra-barra eta edonola baldin badabil edo mozketa masiboak onartzen badira. Hezkuntzaren arloan, ikasgelen masifikazioa (bazterketarik ez) kaltegarria izan daiteke hezkuntzaren kalitatearentzat (lehia). Ezagutzari dagokionez, patenteak besterendutako ondasun komunen eredu garbiak dira.

Beraz, baliabideak eta zerbitzuak egoki kudeatzea nahitaezko baldintza da, ondasun komuntzat har daitezen. Aipatutako kudeaketak hainbat ardatz ditu, eta horietako batzuk jarraian azalduko ditugu.

Batetik, ondasun komunen eskuragarritasuna ziurtatu behar da, kudeatzen dituen komunitatearen zati batentzat behintzat. Inolako bazterketarik ez egiteko, prezioen araberako diskriminazioak saihestu behar dira, ondasunak doan eskainiz edo edonork ordaintzeko moduko prezioak ezarriz. Dena den, erabiltzeko eskubidea horren gainetik dago, denei baitagokie, mantentze- edo babes-kontuetan parte hartu ala ez.

Bestetik, baliabideen iraungarritasuna ziurtatu behar da. Zenbait kasutan, nahitaezkoa da erabilerak mugatzea naturari berroneratzen uzteko. Bestela, gure ingurunea egoki zaintzen ez badugu, egungo eta etorkizuneko biztanle askok ez dute ondasun horiez baliatzerik izango. Iraungarritasunari buruzko legeak ezarri eta betearazi egin behar dira. Arauek ez dute gure askatasuna murrizten; aitzitik, handitu egiten dute. Ondasun komunak iraunaraztea gizarte osoaren eta gizabanako bakoitzaren erantzukizuna da.

Era berean, ondasun komunen kudeaketak kolektiboa eta demokratikoa behar du izan. Talde-ondasunentzat kudeaketa pribatua egokiena dela aldarrikatzen duen ustea gezur biribila da, etekin indibidualen tasei edo biztanleria-portzentaje txikien onurari besterik ez baitie erreparatzen. Jakinekoa da negozioen kudeaketa pribatu egokia diru-iturri bikaina izan daitekeela jabeentzat, baina etekin indibidualak lortzeko grinaren ondorioz, munduko lurraldeen arteko desberdintasunak eta ingurumen-narriadura etengabe areagotu dira.

Literatura neoliberalak “ondasun komunen zorigaitza” behin eta berriz azpimarratzen du. Kudeaketa kolektiboan kide bakoitza bere etekinak lortzen saiatzen omen da, eta azkenean baliabidea agortu egiten da. Ekintzek teoria hori okerrekoa dela erakusten digute: oro har, denen artean kudeatutako baliabideak (adibidez, indigenen lurraldeetakoak) pribatizatuek baino askoz ere luzaroago irauten dute, kudeaketa pribatuaren oinarrizko legea ahalik eta gehien irabaztea delako. Berez, kudeaketa komuna pribatua baino hobea da, alderdi anitzen ikuspegi konplexuak egoki uztartzeko eta epe luzerako plangintzak egiteko aukera ematen baitu. Gure ekonomia-esparruari lotutako hazkundeaz bestelako faktoreak ere kontuan hartzen dituen bakarra da, eta gizarte-kudeaketa demokratikoa ahalbidetzen duen bakarra. Kudeaketa demokratikoa ez da erraza, noski, adostasunak bilatu behar direlako eta eztabaidetan denei, teknikariei zein erabiltzaileei, eman behar zaielako parte hartzeko aukera. Eztabaida horietan, batzuetan, etorkizuneko belaunaldien iritziari buruzko aurreikuspenei ere erreparatzen zaie.

Azkenik, ondasun komunak ezin dira besterendu, merkatuan saldu edo pribatizatu. Erabilera-balioa dute, eta ez dute truke-balioa.

Ondasun komunez jabetzeko borroka

Hasieran, kapitalismoaren helburuetako bat ondasun komun jakin batzuk esku pribatuetan jartzea zen. Herri-lurrak hesitzeari eta ondasun pribatu bihurtzeari ekin zitzaion, besteak beste. Amerikaren kolonizazioan zehar, bertako natura-baliabideez jabetu ziren. Gobernuetako eliteek informazioa eta ezagutza kontrolatzeko egindako ahaleginak edo emakumeen zainketa-lanak ere ondasun komunez jabetzeko ekimenen adibideak dira. Baina joera hori ez da izan etengabea kapitalismoaren historian, hazkunde-tasei eusteko asmoaren arabera jokatu baitute.

Kapitalismoaren arabera, Estatuaren funtzioetako bat laneskuaren ugalketa sustatzea da. Gizarte-borroka ugariren ondorioz, ZERBITZU PUBLIKOAK sortu ziren. Ongizate-estatuko zerbitzu publikoek ondasun komunen ezaugarri batzuk zituzten, nahiko unibertsalak eta besterenezinak baitziren eta, zenbaitetan, kudeaketa iraunkorra ere ahalbidetzen baitzuten.

Kapitalismoaren historiaren funtsezko ardatzetako bat ondasunen kudeaketa izan da, ezbairik gabe. PRIBATIZAZIOAREN kontrako erresistentziari desjabetutako baliabideak berriro ondasun komun bihurtzeko ahaleginak gehitu zitzaizkion. Prozesu horrek indarrean dirau oraindik: egungo krisian, ondasun komunak eta publikoak PRIBATIZATZEARI eta merkantilizatzeari ekin dio kapitalak, bere etekin-tasari kosta ahala kosta eusteko.

Ezagutza, aitzitik, ondasun komun bihurtu da berriro, neurri batean. Ezagutzaren arloan, kudeaketa eta eraikuntza komunari lotutako esperientzia ugari abiarazi dira, hala nola, Wikipedia. Dena den, arlo horretan ere ondasunaren jabetza lortzeko eta kontrolatzeko borroka gogorra da benetan.

ZERBITZU PUBLIKOAK, batik bat hezkuntza eta osasuna, PRIBATIZATZEKO prozesuaren inguruan ika-mikak eta liskarrak sortu dira. Zerbitzu publikoak PRIBATIZATZEAZ gain, erabiltzeko aukera murrizten ari dira, gero eta biztanle gehiagorentzat eskuraezin bihurtuz.

Natura-baliabideak, gero eta urriagoak ingurumen-krisiaren ondorioz, PRIBATIZATZEKO prozesuari ere ekin zaio. Ura, lurra (akaparamendu-asmoekin bat) eta bioaniztasuna adibiderik ezagunenak dira. Natura-baliabideak pribatizatzeko lehen urratsa moneta-balioa finkatzea da, eta, gero, MERKATU berriak sortzea PRIBATIZAZIOAREKIN diru-irabaziak lortu ahal izateko. Horrelaxe jokatu da CO2-ren jaulkipen-eskubideekin.

Ondasun komunak, urriak eta kalteberak, nahitaezkoak dira gure biziraupenarentzat. Gizarte-justizia bermatzeko politiken ardatzak, botere-tresnak, gainerako izaki bizidunekiko erantzukizunaren adierazleak, gizarte-eboluzioaren funtsak... Ondasun komunek gizarte osoarenak behar dute izan, eta inola ere ez pribatuak. Ondasun komunetan oinarritutako ekonomia (bir)sortzeko beharra agerikoa da.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • FEDERICI, S. (2010): Calibán y la bruja. Mujeres, cuerpo y acumulación originaria, Traficantes de Sueños, Madrid.
  • HARVEY, D. (2004): El nuevo imperialismo, Akal, Madrid.
  • MADRILONIA (2012): Carta de los Comunes, Traficantes de Sueños, Madrid.
  • OSTROM, E. (1990): Governing the Commons: The Evolution of Institutions for Collective Action, Cambridge University Press.
  • SABÍN, F. (2012): “Los comunes como hipótesis política y práctica comunitaria”, Éxodo, nº 114.
  • SUBIRATS, J. (2011): Otra sociedad, ¿otra política?, Icaria, Barcelona.