Portada del sitio > Sala de prensa > En los medios > «Gerra garaian indarkeria jasan genuen, eta bake garaian ere indarkeria (...)

«Gerra garaian indarkeria jasan genuen, eta bake garaian ere indarkeria jasaten jarraitzen dugu»

Amaia Lekunberri (Argia, 2018ko irailaren 26a)

Miércoles 10 de octubre de 2018

JPEG - 22.7 KB

REAS Euskadi, Paz con Dignidad – OMAL eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatutako Trantsiziozko Alternatibak Herri-Ekonomi Baterantz nazioarteko ikastaroa martxan da. Ikastaro horren baitan etorri da gurera Francia Elena Márquez Mina lider afrokolonbiarra, ekintzailea, giza eskubideen defendatzailea eta 2018ko Goldman Ingurumen Sariaren irabazlea.

Bai Kolonbian zein mundu osoan hilketak eragiten dituen modelo ekonomikoaren kontrako erresistentzia borrokak ardatz, afrikarren ondorengoen komunitateak Kolonbian bizi duen egoera eta Kolonbiako bake testuingurua izan ditu hizpide Márquezek. Cauca departamentuko iparraldean kokatzen den Suarez udalerriko Yolonbó arbasoen lurraldean jaioa, lurrotan egiten den meatzaritza ilegalaren kontrako borrokaren buru da, eta borroka horregatik jasandako mehatxuak tarteko defendatzen dituen lurretatik alde egin behar izan zuen 2014an.

XVII. mendean beraien arbasoak Afrikatik Kolonbiara esklabo kondizioan eraman zituztenetik, afrokolonbiarrak Márquezek defendatzen dituen lurretan bizi izan dira. Urte guzti horietan artisau-meatzaritza eta nekazaritza izan dituzte bizibide, baina 80ko hamarkadaz geroztik Kolonbiako Gobernua “garapenaren izenean mega-proiektuak inplementatzen” dabilela salatu du Márquezek. “Gure eskubide eta lurretatik miseria, txirotasuna eta hondakinak sortu dituzte”, azaldu du ekintzaileak.

Márquezek dioenez, Kolonbiako Gobernuak bere herrialdea Mendebaldeari meatzaritza helburuekin saltzeari ekin zion momentuan, meatzaritza ilegala hedatzen hasi zen beraien lurretan. Kanpora begira Gobernuak meatzaritza ilegala gelditu behar zela esaten bazuen ere, izatez sustatu egin duela salatu du ekintzaileak. “Meatzaritza ilegala bultzatu eta baimendu egin du ustelkeria instituzionalak (…) jendea beraien lurretatik kanporatu eta meatzaritza justifikatzeko estrategia da”, azaldu du.

Indarkeriaren aurka erresistentzian sarri artikulatu dira Caucako bizilagunak, 2009an gertatutakoa horren adierazle. Urte horretan, borroka luze baten ondoren eta gatazka armatuaren testuinguruan, Kolonbiako Gobernuak enpresa transnazionalei eman zizkien afrokolonbiar komunitatearen lurrak eta bertako biztanleak “asmo txarreko aztoratzaile” izendatu zituen, azken hau delitua izanik. “Arbasoen lurren jabe izatetik gaizkile izatera igaro ginen”, dio Márquezek. Horren aurrean mobilizatu egin ziren, eta hainbat esku hartze juridiko tarteko, sententzia irabazi zuten. Gobernuak nazioarteko enpresei esleitutako meatzaritza tituluak bertan behera gelditu ziren, aurretiazko kontsulta eskubidea ez errespetatzeagatik. Momentu horretan borroka irabazi zutela uste izatera iritsi baziren ere, gatazkak jarraipena izan duela azaldu du Márquezek. Ordutik hona, meatzaritza ilegala hedatuz joan da, eta honi aurre egin beharrean ikusi dira. “Guri dagokigu meatzari ilegalei aurre egitea, eta hauek aktore armatuen babesa izaten dute sarri”, dio.

Meatzaritza ilegalaren aurkako borroka horren baitan, 2014an Arbasoen Lurraldeen eta Bizitzaren Zaintzarako Emakume Beltzek mobilizazioa egin zuten. Cauca iparraldetik Bogotaraino joan ziren oinez ia hilabete iraun zuen ibilaldian, meatzaritza ilegalak eragiten dituen kalteak ikusarazi eta Gobernuari afrokolonbiarren eskubideak bermatzea exijitzeko. Gobernuak bere horretan jarraitu du ordea, eta ondorioz komunitate afrokolonbiarra bizi baldintza duinak izatetik geroz eta urrutiago dago: meatzaritzaren ondorioz komunitateak ez dauka ez akuedukturik ez edateko urik, eta merkurio partikulaz jositako ura edaten ari dira. “Ez bagaituzte balaz hiltzen, pozoinduta hiltzen gaituzte”, salatu du Márquezek.

Bake testuingurua, segun eta norentzat

Gatazkak iraun bitartean, borroka armatua oso presente egon izan da Caucako departamentuan, eta ondorioz Kolonbiako Estatuaren partetik emandako giza eskubideen urraketak ere bai. Márquezek azaltzen duenez, hain zuzen ere indarkeria hori bizi izan dutelako, eremu horretako biztanleen gehiengoak bakearen alde bozkatu zuen. Halabaina, bake prozesuaren osteko garaiotan gerrillak eta talde paramilitarrak agertokitik at geratu baldin badira ere, “interes ekonomikoak eta enpresa transnazionalak zaintzen dituen estatuak” hortxe dirau, baita horrek eragiten duen indarkeria ere. “Gerra garaietan indarkeria jasatea tokatu zitzaigun, eta bake garaietan indarkeria pairatzen jarraitzen dugu”, azaldu du Márquezek, hainbat ekintzailek jasaten duten bortizkeria azpimarratuz indarkeria horren adierazle garbi bezala.

Somos Defensores erakunde Kolonbiarrak mahaigaineratutako datuen arabera, 2018ko lehen seihilekoan 77 lider sozial hil dituzte gutxienez Kolonbian, eta 2009 eta 2017 urteen artean aldiz 573. Datuon aurrean argi mintzatu da Márquez: “Indarkeriak hortxe jarraitzen du (…). Azken urteetan hiltzen ari diren liderrak gure komunitateetan inposatzen ari diren modelo ekonomiko hilgarriaren adierazle dira”. Egungo testuinguruan bakea denontzat gauza bera ez den seinale.

Egoera honen aurrean “komunitatea izaten jarraitu eta duintasunez bizitzea ahalbidetzen digun garapenaren ikuspegi baten aldeko apustua” egin dute afrokolonbiarrek. Izan ere, orain arteko garapenaren ikuspegiak, besteak beste, heriotza, giza eskubideen urraketa, indarrezko desplazamenduak eta bizitza duina izateko baldintzen galera ekarri dizkie. Beraiek argi daukate: “Gure lurretan lasai bizi nahi dugu, odola isurtzeaz nekatuta gaude”. Azpimarratu ohi denez, baina, Kolonbian bakea kontakizun instituzionala da oraindik.

 


(Argazkia: David Amado Pintor)

Ver en línea : Argia, 2018ko irailaren 26a.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB